Rock Springseko sarraskia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Rock Springseko sarraskia
Irudia
Motasarraski
Data1885eko irailaren 2a
KokalekuRock Springs (Wyoming)
Pertsona zaurituak15
1886ko Harper's Weekly-ko zenbaki batean argitaratutako sarraskiaren marrazkia.

Rock Springseko sarraskia, Rock Springseko gatazkak bezala ere ezagutua, 1885eko irailaren 2an eman ziren Rock Springs hirian, Wyoming, Estatu Batuak. Gatazkak meatzari immigrante txinatarrak eta meatzari zuriak izan zituen protagonista. Gatazkak arrazen arteko tentsioen ondorio izan ziren; izan ere, Union Pacific Coal Departmentek gutxiago ordaintzen zien txinatarrei zuriei baino. Politika horren ondorioz, txinatar gehiago kontratatzen zituzten zuriak baino eta zuriak haserretu egin ziren. Gatazkak amaitu ostean, 28 txinatar hil ziren eta 15 zauritu ziren, eta 75 etxe txinatar erre ziren, 150.000 dolarreko galerak eraginez.[1][2][3]

Zuri eta txinatarren arteko tentsioa inoiz baino altuagoa zen XIX. mendearen amaieran. Rock Springseko sarraskia, herrialdeak bizi izan zuen xenofobia izugarriaren hainbat urteen fruitua izan zen. 1882ko Txina Baztertzeko Aktak Txinako inmigrazioa blokeatu zuen 10 urtetan zehar. Immigrante txinatar gehienak tren sektorean bilatzen zuten lehenengo lana, baina geroago ikatz-meategietan amaitzen zuten lanean, Union Pacific-enak zirenak. Txinako inmigrazioa hazten joan zen bezala, haienganako gorrotoa ere hazten joan zen. Knights of Labor taldeak, txinatarrak enplegatzeren aurka zegoen talderik indartsuena, kapitulu bat egin zuten Rock Springsen 1833an eta sarraskiaren egileen gehiengoa talde honen parte ziren. Hala ere, inoiz ez zen egin konexiorik gatazka eta talde honen artean.

Txinatarrak babesteko irailaren 5ean bidalitako tropa federalak.

Sarraskiaren ondorio bezala, tropa federalak jarri zituzten Rock Springsen, meatzari txinatarrak babesteko. ​

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatik Estatu Batuetarako immigrazioa ez zen uniformea garai hartan. J.R. Tucker politikariak, 1884ko The North American Review egunkariko artikulu batean, esan zuen 100.000 immigrante txinatarren gehiengoa Estatu Batuen mendebaldean bizi zirela (Kalifornia, Nevada, Oregon eta Washington[4]). Txinako Estatu Batuetako Ministroak, George Sewardek, zenbaki antzekoak idatzi zituen bost urte lehenago Scribner's Magazine aldizkarian.[5]

Wyomingen langile txinatarrek lortzen zituzten lehen enpleguak tren industrian ziren eta Union Pacific-entzat lan egiten zuten mantenimenduaren arduradun bezala. Laster, txinatarrak mozkin bihurtu ziren Union Pacific-entzat eta trenbideetan zein meategietan lanean hasi ziren.[6] Wyomingeko langile gehienak Sweetwaterreko eskualdean lanean bukatzen zuten eta Txinatarren gehiengoa gizonezkoa zen. Inmigranteen kontrako arrazismoa oso zabalduta zegoen, eta gainera, ia ongi ikusia zegoen. Aipatutako artikuluan, J.R Tuckerrek "arraza asiatikoa, atzerritarra bere odol, ohitura eta zibilizazioagatik" bezala deskribatzen ditu.[4]

1874-75ean, grebak ikatz-industriari eragin ziotenean, Union Pacific-eko Ikatz Sailak langile txinatarrak kontratatu zituen Wyoming hegoaldeko meategi guztietan lan egin zezaten. Aldaketa honen ondorioz, biztanleria txinatarra zonalde batean kontzentratzea eragin zuen. Azkenerako, nazionalitate txinatarrak beste edozein nazionalitate gainditzen zuen.

1870eko hamarkadan zehar, Sweetwater eta Wyomingo txinatar kopurua etengabe hazi zen; 9.118tik 20.789 pertsona izatera igaro zen. 1880 aldera, immigrante gehienak Rock Springsen bizi ziren.

Nahiz eta langile txinatar gehienak meategietan lan egin, Rock Springsekoek meatzaritzarekin lotura ez zeukaten beste lanen bat zeukaten. Horrez gain, hirian jada apaiz, sukaldari, mediku eta bizargin txinatar bat zeuden.

Kausak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazkak, aurrejuzgu arrazisten eta Union Pacific-ekiko gorrotoaren nahasketa baten ondorioak izan ziren. 1882an, Txina Baztertzeko Aktak, 10 urtez blokeatu zuen langile txinatar gehiago Estatu Batuetara iristea. Sarraskiaren aurreko urteetan, langile txinatarren inportazioa "esklabotza baino sistema okerragoa" bezala ikusten zen. Rock Springseko meatzari zuriak, Kornualles, Irlanda, Suedia eta Galesetik zetozenak gehienbat, txinatarrak gutxiago kobratzen zutenez, beraiek ere gutxiago kobratzea eragiten zutela pentsatzen zuten.[7][8][9][10]

XIX. mendean ohikoak ziren kanpaleku txinatarrak.

Rock Springseko txinatarrak beraienganako gorrotoaz jabetuta zeuden, baina ez zuten konturik hartu, ez baitzen gatazka arrazialik egongo zen aztarnarik ikusten.[3] 1875. urtera arte, zuriek egiten zuten lan meategi haietan, baina urte hartan greba bat egon zenez, eskirol txinatarrengatik ordezkatu zituzten greba hasi eta bi astetara.[2] Konpainiak jarduera meatzariak 50 zuri eta 150 txinatarrekin jarraitu zituen. Geroz eta txinatar gehiago iritsi, gorrotoa handiagoa egiten zen.[2] Sarraskiaren garaian, gutxi gorabehera, 150 meatzari zuri eta 331 meatzari txinatar zeuden.[2]

Sarraskia baino 2 urte lehenago, gizon zuriko udaletxe bat ezarri zen Rock Springsen. 1883 aldera, Knights of Laborrek kapitulu bat antolatu zuten Rock Springsen.[11] Talde hau zen inmigrazio txinatarraren aurka zegoen talde nagusia; 1882an, Knightsak Txina Baztertzeko Akta[1] aprobatzeko lan egin zuten. Ez dira probak aurkitu talde hau sarraskiaren atzean egon zela esateko. 1885eko abuztuan, txinatarren kanporatzea bultzatzeko orriak inprimatu zituzten eta irailaren 1eko gauean, sarraskia baino lehen, meatzari zuriek inmigrazioaren gaia jorratzeko bilera bat egin zuten. Horrez gain, gaizki ikusten zituzten langileen aurkako mehatxuak bidali zituztela ere esaten da.[11]

Sarraskia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kronologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1885ko irailaren 2an, goizeko 7etan, hamar gizon zuri, meatzari uniformea soinean zutela, Rock Springs meategietako 6. ikatz putzura iritsi ziren. Langile txinatarrei esan zieten, ez zeukatela eskubiderik meategiko sektore onenean lan egiteko, meatzariei tonen arabera ordaintzen zitzaienez, tokia garrantzitsua zelako.[3] Borroka bat hasi zen eta bi txinatar zaurituta geratu ziren; haietako bat geroago hilko zen, zaurien ondorioz. Meatzari zuriak, gehienak Knighst taldekoak zirenak, oinez alde egin zuten meategitik. Borrokaren ondorioz, zuri talde asko bildu ziren ondoko herrietan, suzko armak zituztela eta Rock Springserantz abiatu ziren, trenbidea jarraituz. Goizeko hamarrak aldera, Knights of Laborren aretoko kanpaiak jo zuen eta eraikinaren barnean zeuden langileak taldeetara batu ziren, jada tamaina handia zuena. Union Pacific-eko ofizial batek, inguruko taberna eta dendak ixteko agindua eman zuen.[1]

Denda eta tabernak ixtean, gutxi gorabehera 150 gizon, Winchester errifleak zituztelarik, Rock Springseko auzo txinatarrerantz abiatu ziren. Bi taldetan banatu ziren eta zonaldean sartu ziren bi zubi desberdinetatik; talderik handiena trenbideko zubitik sartu eta talde txikiagotan banatu zen; talderik txikiena egurrezko zubitik sartu zen.

Talderik txikienak dispertsatu eta mendixkatik igo ziren 3. ikatz putzurantz. Talde hauetako bat 3. putzuko txabolan kokatu zen eta beste bat ponpaketa zonan. Talde bat, txinatarrei alde egiteko ordu bat zeukatela esateaz arduratu zen. Ordu erdi beranduago, ponpaketa zonan zegoen taldeak lehen tiroak bota zituen, meategiko txabolan zeuden taldeak jarraituta. Gauzak horrela, gizon armatuak auzo txinatarrean barrena jarraitu zuten. Talderik txikiena, zubia zaintzen zuena, bi talde txikiagotan banatu zen eta auzoa inguratu zuten eta besteek zubia zaintzen jarraitu zuten, txinatarrek ihes egin ez zezaten.

Meatzari zuriak gero eta barrurago joan hala, txinatar gero eta gehiago jabetzen ziren gertatzen ari zirenaz eta gertatutako erailketaz. Berria zabaldu zenean, txinatarrak ihes egiten saiatu ziren. Norabide guztietan egiten zuten korrika eta batzuk ihes egitea lortu zuten.

Eguerdiko hiru eta erdietarako, sarraskia goren unera iritsi zen. Rock Springseko emakume talde bat egurrezko zubian bildu zen, manifestatzaileak adoretzeko. Bi emakumek, tiro ere egin zieten txinatarrei. Iluntzen ari zela, txinatarrak mendian aurkitu zuten babesa. Lauetatik bederatziak bitartean, manifestatzaileak txinatarren etxeen aurka egin zuten tiro, hauek erre ere egin zituzten ondoren. Guztira 79 etxe erre zituzten, diru kantitate altuaz estimatu diren oinazeak eraginez.

Txinatar batzuk Bitter errekatik gertu hil ziren, ihes egiten saiatzen ari zirela eta beste batzuk trenbideko zubitik gertu. Manifestatzaileak hainbat gorputz jaurti zituzten sutan zeuden etxe eta txaboletara. Beste immigrante batzuk, beraien etxeetan ezkutatu zirenez, erreta hil ziren. Korrika egin ezin zutenek, gaixoekin batera, erreak izan ziren baita ere. Gorputz batzuen erdia soilik erreta egotearen arrazoia, lurrean zulo bat egiten saiatu zirela da, baina suak harrapatu zituen bide erdian.

Rock Springseko erasoak biolentziaz beteak egon ziren, arrazismo basatia erakusten zutenak; herrialdea "harrituta" geratu zen. Bizirik erreak izateaz aparte, txinatar batzuk labankatuak, mutilatuak, sopleteekin erreak, dekapitatuak, zatikatuak eta zintzilikatuak izan ziren. Meatzari txinatar bati, zakila eta barrabilak moztu eta "ehiza trofeoagatik" topa egin zuten gertuko taberna batean. Gertakariak arraza-terrorismo bezala katalogatu zituzten.

28 heriotza konfirmatu zituzten, 15 zauriturekin batera.[3][6] Baina iturri batzuen arabera, 40-50 izan ziren hildakoak, batzuk ihesi egin zuten arren, herritik ez oso urrun hil baitziren.[12][13][14]

Hildakoen izenak[15][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mutilatutako gorputza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leo Sun Tsung, 51: bere txabolan aurkitu zuten hainbat zaurirekin, aurpegian bala zauria barne.
  • Leo Kow Boot, 24: meategi artean aurkitu zuten lepoan bala zauri batekin.
  • Yii See Yen, 36: Bitter errekatik gertu aurkitu zuten lokian bala zauria zuela.
  • Leo Dye Bah, 56: zubitik gertu aurkitu zuten bularrean bala zauria zuela.

Erretako gorputzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Choo Bah Quot, 23: txabola batean aurkitu zuten, partzialki erreta.
  • Sia Bun Ning, 37: burua, lepoa eta sorbaldak bakarrik aurkitu ziren txabola batean, gainerakoa erre egin zen.
  • Leo Lung Hong, 45: bularra aurkitu zuten, gainerakoa erre egin zen.
  • Leo Chih Ming, 49: burua eta bularra, gainerakoa erre egin zen.
  • Liang Tsun Bong, 42: bularra aurkitu zuten txabola batean, gainerakoa erre egin zen.
  • Hsu Ah Cheong, 32: buru-hezurra agertu zen bere txabolan, bestelako atalik ez.
  • Lor Han Lung, 32: ezkerreko oina aurkitu zuten txabola batetik gertu.
  • Hoo Ah Nii, 43: bere buruaren erdia eta bizkarrezurra aurkitu zituzten txabolan.
  • Leo Tse Wing, 39: hanketako hezurrak aurkitu zituzten txabola batean.

Hezur atal txikiak edota inongo zatirik ez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Leo Jew Foo, 35
  • Leo Tim Kwong, 31
  • Hung Qwan Chuen, 42
  • Tom He Yew, 34
  • Mar Tse Choy
  • Leo Lung Siang
  • Yip Ah Marn
  • Leo Lung Hon
  • Leo Lung Hor
  • Leo Ah Tsun
  • Leang Ding
  • Leo Hoy Yat
  • Yuen Chin Sing
  • Hsu Ah Tseng
  • Chun Quan Sing

Ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berehalako ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hurrengo egunetan, bizirik geratzen ziren Rock Springseko immigranteek ihes egin zuten eta Union Pacific-eko trenek jaso zituzten.[16] Irailaren 5erako, ia bizirik atera ziren guztiak Evanston, Wyomingera eraman zituzten, Rock Springsetik 100 kilometrotara.[16] Behin han zeudela, heriotz-mehatxuak jaso zituzten, Evanstonen ere txinatarrenganako gorrotoa indartsua baitzen.[11][17]

Sarraskia igaro eta berehala, txinatarren itzulerari buruzko zurrumurruak zabaldu ziren. Irailaren 3an, Rock Springs Independent egunkariak zurrumurruak baieztatzen zituen artikulu bat argitaratu zuen; izan ere, hainbat txinatar beraien baliozko gauzak berreskuratzera itzuli baitziren. Egunkari hark, sarraskia defendatu zuen, Estatu Batuetako mendebaldeko beste hainbat egunkarik bezala. Hala ere, Wyomingeko egunkarien gehiengoak ekintzak txarto hartu zituen, baina meatzari zurien kausa onartuz beti ere.

Francis E. Warren, Wyomingeko gobernadoreak, Rock Springs bisitatu zuen irailaren 3an, sarraskiaren hurrengo egunean, ebaluazio pertsonal bat egiteko. Bidai haren ondoren, Evanston bisitatu zuen, non Estatu Batuetako presidenteari, Grover Clevelandi, hainbat telegrama bidali zizkion, tropa federalak eskatzeko. Rock Springsen gatazkak jada amaituta zeuden, baina egoera tentsioz beteta zegoen oraindik. Irailaren 5ean, armadako bi konpainia iritsi ziren; Anderson koronelaren agindupean zegoena Evanstonen ezarri zen eta Chipman koronelaren aginduetara zegoena Rock Springsen. Alexander McDowell McCok koronelak 6 konpainia gehiago Rock Springsera bidaltzeko agindua jaso zuen.

Irailaren 9an, aste bat igaro ondoren, ailegatu ziren 6 konpainia hoiek. Haietatik lauk txinatarrei Rock Springsera itzultzen lagundu zieten. Meategi konpainiak gorputz batzuk bakarrik jaso zituen, beraz han topatu zuen eszena ez zen oso atsegina izan. Gorputzak erreta, deskonposatzen hasita, animaliek janda... aurkitu zituzten.

Rock Springseko egoera irailaren 15ean lasaitu zen, Warrenek tropa federalak joatea eskatu zuenean; hala ere, meategiak itxita mantendu ziren denboraldi batez. Irailaren 30ean, meatzari zuri batzuk, Knights of Laborrekoak gehienak, greba bat hasi zuten txinatarren aurka protestatzeko. Zuri hauek ez ziren beraien lanpostuetara itzuli, konpainiak txinatarrak enplegatzen jarraitzen zuelako. Rock Springs lasaitzen joan zen poliki-poliki; urriaren 5ean larrialdietako tropak kendu ziren, bi konpainia izan ezik.

Greba honek ez zuen arrakastarik izan eta meatzariak hilabete gutxi barru itzuli ziren lanera. Knights of Labor erakundeak greba defendatzeari uko egin zion, ez baitzuen biolentzia ontzat jotzen zuen erakunde bezala etiketatua izan nahi. Union Pacific-ek meategiak berriro ireki zituenean, sarraskian parte hartu zuten 45 meatzariak kaleratu zituzten.

Atxiloketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rock Springseko gertaeren ondoren, 16 gizon Green Riverreko kartzelan sartu zituzten grand jury batek karguak aurkezteari uko egin zion arte.[2] Honen esanetara "Asko ikertu dugu egun hartan emandako gertakariei buruz... Testigu asko dauden arren, inork ezin izan du zuri batek egindako inongo ekintza kriminali buruz ezer esan".[3]

Atxilotutako gizonak askatuak izan ziren hilabete bat beranduago, 1885eko urriaren 7an. Askatuak izan zirenean, "ehunka gizon, emakume eta haurrek egin zieten ongietorria, txaloaldi handi bat jaso zuten" The New York Times egunkariaren arabera.[18] Inor ez zen gertakariengatik kondenatua izan.

Erantzun diplomatiko eta politikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazken ondoren, gobernu nazionalak txinatarrei indemnizazio bat emateari uko egin zion.[19] Txinan, Guangdong-eko gobernadoreak iradoki zuen, Txinan zeuden estatubatuarrak mendeku objektu izan litezkeela. Charles Harvey Txinako diplomatiko estatubatuarrak eta beste erakunde diplomatiko batzuk informatu zuten Hong Kong eta Guanzhouen anti-estatubatuar iritzia handitu egin zela hilketaren ondoren. Ordezkari estatubatuarrek beraien herrialdea eta Txinaren arteko merkataritza-harremanak arriskuan zeudela ohartarazi zuten. Horrez gain, merkatari britainiarrak eta Txinako egunkariak "Amerikako nekazari txinatarrei zutitzeko" esaten ari zitzaiela ere azpimarratu zuten. Honen ondorioz, gobernu estatubatuarrak zerbait ordaindu beharko liekeela iradoki zuen Estatuko Idazkari zen Thomas Bayardek. Gobernuak hondatutako etxebizitzak ordainduko zituela onartu zuen, baina ez sarraskiaren biktimengatik. 1886ko otsailaren 18ko eskutitz batean, Bayardek esan zuen "txinatarren aurkako biolentzia hauen kulturara moldatzeko erresistentziagatik eta gainerako immigranteek ere txinatarrak gorrotatzen zituztelako gertatu zela". Azkenean 147.748 dolar ordaindu zituzten. Hala ere, diru hau konpentsazio monetario gisa ikusten da eta ez sarraskiaren erruaren onarpen legal bat bezala.[14]

Erreakzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Terence Powderly, Knights of Laborreko liderra, egunkari batera gutuna bidali zuena.

Sarraskiaren ondoren, prentsa eta politika alorreko pertsonek beraien iritziak eman zituzten. New York Times-ek herria kondenatu zuen bere egunkarian.[20] Wyomingeko egunkariek, Cheyenne Tribune-k adibidez, meatzari zuriekiko enpatia erakutsi zuten. Boomerang-ek sarraskia tamalgarria izan zela zioen, baina biolentzia justifikatzen zuten unean uneko faktoreak ere bazeudela zioen.

Egunkariez gain, txinatarrenganako diskriminazio eta estereotipoak beste argitarapen batzuetan nabarmen geratu ziren. Panfleto erlijioso batzuk, Baptist Missionary Magazine bezalakoak, "barbaro" bezala deskribatzen zituen txinatarrak. The Chautauquan: A Weekly Newsmagazine asiarrak ahul eta defendatzeko ezgaiak bezala etiketatu zituen, "txinatar langile bat erailtzea emakume bat edo haur bat hiltzea bezalakoa daː defendatu ezin direnen eskubideak bortxatzea" gehitu zuen.

Knights of Laborreko liderra zen Terence Powderlyk, gutun bat idatzi zion W.W. Ston kazetariari hau esanezː "ez da beharrezkoa txinatarren aurka egoteko arrazoiei buruz hitz egitea (beraien ohitura, erlijioa, praktikak...). Powderlyk esan zuen inmigrazioaren "arazoaren" errua Txina Baztertzeko Aktaren porrota izan zela, legeak ahulak zirela. Honi gehitu zion Kongresuak legeak aldatu beharko zituela Txinako inmigrazioa erregulatzeko eta horrelako gatazkak ekiditeko.

1885eko abenduan, Grover Cleveland presidenteak bere erreakzioa erakutsi zuen txosten batean. Bertan, Txinarekin harreman ona mantendu nahi zutela azpimarratu zuen eta gatazkaren arrazoia aurrejuzgu arrazistak zirela garbi utzi nahi izan zuen.

Sarraskiaren ondorengo gertaerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarraskiak txinatarren aurkako eraso gehiago eragin zituen, Washingtongo zonaldean gehienbat. Newcastletik gertu, gizon zuri talde batek 36 meatzari txinatarren txabolak erre zituzten. Puget Soundeko eskualdean, biolentzia handiaz jazarri zituzten. Gorroto bolada Oregon estatura zabaldu zen. Bertan, ehunka meatzari txinatar kanporatu zituzten.

Garrantzia eta testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rock Springseko sarraskia behatu dutenek eta gaur egungo historiagileek, XIX. mendeko txinatarren aurkako gorrotoa erakusten duen gertakaririk handiena dela diote, Estatu Batuetan. Gatazkak asko agertu ziren medioetan, bereziki The National Police Gazette eta The New York Timesen. Estatu Batuetako mendebaldean gertatutako eraso guztien artean, hura izan zen garrantzi eta atentzio gehiena jaso zuena.

Gaur egun, ia historiagile guztiek diote gatazkaren oinarrizko faktoreak aurrejuzgu arrazistak zirela. Hala ere, Craig Storti kazetariak 1990ean argitaratu zuen saiakeran, faktore ekonomikoei garrantzi handiagoa ematen die. Bere liburu Incident at Bitter Creek: The Rock Springs Massacre-k kritika negatibo asko jaso zituen. Egia da faktore ekonomikoek zerikusia izan zutela, baina faktore arrazistak pisu handiagoa izan zutela nabarmena da. Stortiren liburuak "generalizazio" bezala deskribatu zuen txinatarrenganako diskrimnazioa, ondorioz, ez zela eragile garrantzitsua izan zioen. Horrez gain, Txinakoek kultura estatubatuarrera amoldatzeari uko egin ziotelaren ideia oraindik ere pertsona batzuk onartzen dute.

Gaur egun, Rock Springsek 20.000 biztanle ditu. Herri zaharra hiri bihurtu da. Auzo Txinatar zaharra, sarraskian erre egin zena, eskola bat bihurtu da orain. Orokorrean, sarraskia gertatu zen tokiak inguratuak eta hiriaren hazkundeagatik xurgatuak izan dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c Camp Pilot Butte, National Register of Historic Places.
  2. a b c d e (Ingelesez) Larson, T. A.. (1990-08-01). History of Wyoming (Second Edition). U of Nebraska Press ISBN 0803279361. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  3. a b c d e (Ingelesez) Daniels, Roger. (1988). Asian America: Chinese and Japanese in the United States Since 1850. University of Washington Press ISBN 9780295970189. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  4. a b Tucker, J. R.. (1884-02-01). Race Progress in the United States. The North American Review (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  5. (Ingelesez) George Frederick Seward. (1881). Chinese Immigration, in Its Social and Economical Aspects. C. Scribner's sons (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  6. a b «Center for the Study of the Pacific Northwest» www.washington.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  7. (Ingelesez) Saxton, Alexander. (2003). The Rise and Fall of the White Republic: Class Politics and Mass Culture in Nineteenth-century America. Verso ISBN 9781859844670. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  8. «The Knights of Labor on the Chinese Situation» quod.lib.umich.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  9. (Ingelesez) «The Rock Springs Massacre.» The New York Times 1885-09-27 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  10. (Ingelesez) «The Chinese Must Leave.; Cheyenne Workingmen Give Warning to the Celestials.» The New York Times 1885-09-29 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  11. a b c «"To This We Dissented": The Rock Springs Riot» historymatters.gmu.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  12. The Rock Springs Massacre. 2006-08-31 (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  13. M., Lyman, Stanford. (2001). Roads to dystopia : sociological essays on the postmodern condition. University of Arkansas Press ISBN 1557287112. PMC 46685605..
  14. a b (Ingelesez) results, search. (2001-08-27). The Diplomacy of Involvement: American Economic Expansion across the Pacific, 1784-1900. (First edition. argitaraldia) University of Missouri ISBN 9780826213150. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  15. «"To This We Dissented": The Rock Springs Riot» historymatters.gmu.edu (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  16. a b (Ingelesez) results, search. (1975-06-23). The Indispensable Enemy: Labor and the Anti-Chinese Movement in California. (First Paperback Edition edition. argitaraldia) University of California Press ISBN 9780520029057. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  17. (Ingelesez) The Indispensable Enemy. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  18. (Ingelesez) «Trouble Feared in Oregon.; the Anti-Chinese Sentiment Threatening a Riot.» The New York Times 1886-02-12 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  19. (Ingelesez) results, search. (2000-04-17). The Sextants of Beijing: Global Currents in Chinese History. W. W. Norton & Company ISBN 9780393320510. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).
  20. (Ingelesez) «Mob Law in Wyoming.» The New York Times 1885-09-19 ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2018-05-29).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]