Rodas

Koordenatuak: 36°10′N 27°55′E / 36.17°N 27.92°E / 36.17; 27.92
Wikipedia, Entziklopedia askea
Rodas

Maltako Ordenaren gaztelua
Bertako izenaΡόδος
Geografia
Kokapena Grezia
UhartediaDodekanesoko uhartedia
Azalera1.398 km²
Punturik garaienaAtaviros mendia
Politika
HerrialdeaGrezia
PeriferiaHegoaldeko Egeoa
HiriburuaRodas
Gizartea
Biztanleria117.007
Dentsitatea84 bizt/km²


Rodas[1][2][3] (grezieraz Ρóδος) Greziako uhartea da, Dodekanesoko uhartediko uharterik handiena. Uhartediaren hego-ekialdean dago, Turkiatik 15 km zabal den itsasarte batek bereizten du. 1.407,9 km2 ditu, eta 107.007 biztanle zituen 2001ean. Uhartearen hiriburuak ere Rodas du izena, eta, era berean, Dodekanesoko prefekturaren hiriburua ere bada. Nekazaritza (laboreak, kotoia, tabakoa, mahatsa), arrantza (esponjak) eta —batez ere— turismoa dira ekonomia jarduera nagusiak. Rodasen zegoen Antzinaroko Zazpi Mirarietako bat zegoen, Rodasko Kolosoa: estatua erraldoia zen, eta, tradizioak dioenez, lurrikara baten ondorioz suntsitu zen.

Rodas, satelite artifizial batetik ikusita.

Geografia eta kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rodas ipar-ekialdetik hego-mendebalderanzko norabidean hedatzen da, Turkiako hegoaldeko kostaldearen parean, antzinako Karia eskualdearen parean, eskualde horretatik 15 kilometroko zabalera duen kanal batek banatzen duelarik. 79,7 km luze da, eta 39 km zabal Monolithos eta Lindos lurmuturren artean. Uharteak 1.398 kilometro karratu ditu. Atenastik 490 kilometrora dago.

Jarraikakoa ez den mendikate batek uhartea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du. Mendirik garaiena, Ataviros (1.215 m), mendebaldeko zatian dago. Rodasek ez du ur korronte handirik, iturriak besterik ez du, eta udan gehienak lehor egoten dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lindosko akropolia.

Aurretik Grezia kontinentala konkistatua zuten doriar herriek inbaditu zuten Rodas. K.a. VI eta V. mendeetan, Atenasko hiriaren aliatuak ziren Rodaskoak, K.a. 412. urtean Espartako hiriarekin bat egin zuten arte. K.a. V. mendean hiri berri bat hasi ziren eraikitzen uhartearen iparraldeko muturrean, Mediterraneoko merkataritzagunerik handienetakoa bihurtuko zena. K.a. IV. mendearen hasieran Koloso deritzan brontzezko estatua eraikitzen hasi ziren Rodasko biztanleak, Antzinaroko autoreen arabera munduko zazpi gauza miragarrietako bat zena.

K.a. 227. urtean hiria erabat suntsitu zuen lurrikara bortitz batek. Geroago Erromaren aliatua izan zen, eta Zesarri lagundu zion, baina Kasio erromatar jeneralak hiriari eraso eta gainbehera etorri zen hiriko ekonomia.

Bizantziar Inperioaren mende zegoenean bi aldiz konkistatu zuten musulmanek. Veneziaren babespean izan zen ondoren, baina San Joan Jerusalemgo zaldunek hartu zuten, eta turkiarrei aurre egiteko gotorleku bihurtu zuten. Turkiarrek behin eta berriz eraso zuten; San Joan Jerusalemgo zaldunak, geroago Maltako Ordenakoak izango zirenak, uhartetik egotzi zituzten (1523). Geroztik turkiarren mende egon zen, 1912an Italiaren esku geratu zen arte. Dodekanesoko uhartediko hiriburu egin zuten Rodas, eta Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean Greziaren mende geratu zen uhartedi osoa bezala.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]