Hau nabarmendutako artikulu izateko hautagaia da. Egin klik hemen bozketan parte hartzeko.

Rudyard Kipling

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Rudyard Kipling
Kipling nd.jpg
Bizitza
Jaiotza Mumbai1865eko abenduaren  30a
Herrialdea  Erresuma Batua
Britaina Handia eta Irlandako Erresuma Batua
Talde etnikoa Ingelesa
Heriotza Londres1936ko urtarrilaren  18a (70 urte)
Hobiratze lekua Westminster abadia
Golders Green Crematorium Itzuli
Heriotza modua : ultzera
Familia
Aita John Lockwood Kipling
Ama Alice Kipling
Ezkontidea(k) Caroline Starr Balestier Itzuli  (1892 -
Seme-alabak
Hezkuntza
Heziketa United Services College Itzuli
Hizkuntzak ingelesa
Jarduerak
Jarduerak idazlea, poeta, eleberrigilea, gerra-berriemailea, haur literaturaren idazlea, autobiografialaria, gidoilaria, kazetaria, zientzia-fikzio idazlea, hymnwriterra Itzuli eta autorea
Lan nabarmenak Oihaneko liburua
Kim Itzuli
If— Itzuli
The Second Jungle Book Itzuli
Jasotako sariak
Nominazioak
Influentziak Robert Louis Stevenson
Kidetza Arteen eta Zientzien Ameriketako Estatu Batuetako Akademia
Royal Society of Literature Itzuli
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa anglikanismoa
IMDb nm0456017
Kipling signature cropped.jpg

Joseph Rudyard Kipling (Mumbai, India, 1865eko abenduaren 30aLondres, Britania Handia, 1936ko urtarrilaren 18a) Indian jaiotako idazle britainiarra izan zen.[1]

Kontakizunak, eleberriak, poesia eta haur literatura idatzi zituen. Bere lanik esanguratsuenak ondorengo hauek dira: Oihaneko liburua, 1894an argitaratua (jatorrizko izenburua: The Jungle book), Kim (1901) espioitza eleberria eta Errege izatekoa zen gizona (The Man Who Would Be King) istorio laburra. Rudyard Kipling eta bere familia Indian, Ipar Amerikan eta Britainia Handian bizi izan ziren. India, bere jaioterria, maite zuen bereziki; bere jaioterria, eta hango jendea, paisaia eta ohiturak agertzen dira bere idazlanetan.

1907an Literaturako Nobel saria jaso zuen.

Haurtzaroa (1865-1882)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rudyard Kipling, Alice Kipling eta John Lockwood Kiplingen semea izan zen. Ama emakume bizia zen;[2] aita britainiar armadako ofiziala, eskultore aditua eta ontzigilea. Aitak eskultura arkitektonikoa irakatsi zuen[3] Bombayko Jejeebhoy Arte eta Industria Eskola sortu berrian.[2] Aitak eta amak Staffordshireko Rudyard Laken, Ingalaterran, ezagutu zuten elkar, eta handik bi urtera, 1865 urte hasieran, Indiara bidaiatu zuten. Rudyard jaio zen lekuak zutik dirau, Sir J.J. Institute of Applied Arteko campusean dago, eta gaur egun dekanoaren egoitza da.[4]

Londresen hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiplingek sei urte zituela, bera eta bere arreba txikia, Trix, Lorne Lodge izeneko etxe sozial batera bidali zituen aitak hurrengo sei urteetan Ingalaterran haz zitezen. Etxea Southsean (Portsmouth) zegoen, Holloway kapitaina eta bere emaztearen ardurapean. Gurasoak gertu ez zituenez, bakarrik eta abandonatua sentitu zen[3]; haurtzaro tristea izan zuen. Oroitzapen horiek Something of myself autobiografian azaldu zituen; bere heriotza eta gero argitaratu zen,1937an.

Rudyard eta Trix neba-arrebek, halere, Ingalaterran senitarteko batzuk zeuzkaten: Gabonetako hilabeteak beren izeba Georgiana eta haren senar Edward Burne-Jones artistarekin ematen zituzten, Fulhamen (Londres) "The Grange" etxean. Behin honela esan zuen Kiplingek gabon haietaz mintzo zela: "benetan sinesten dut salbatu ninduen paradisu bat" deitzen zion. 1877ko udaberrian Alicia Kipling, ama, Indiatik itzuli eta haurrak Lorne Lodgetik atera zituen.[5]

1878an United Service Collegen sartu zen, Devonshireko eskolan, diru askorik gabeko ofizialen seme-alabak hezteko espreski sortua. Garai hartan, Florence Garrard ezagutu zuen eta harekin maitemindu zen. The Light that Failed (1891) Kiplingen lehen eleberriko Maisie pertsonaia Florencen oinarritu zuen.[6]

Indiara itzulera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasturtea amaitzear zegoela, Oxfordeko Unibertsitatean ikasteko beka lortzeko gaitasun akademikoak falta zituelakoan zegoen[7] eta gainera gurasoek ez zuten ikasketak ordaintzeko nahiko ahalmen, beraz, bere aitak Lahoren (Pakistan) lana bilatu zion. Mayo College of Arteko zuzendaria[8] eta Lahore Museoko eduki arduraduna izan zen, Civil and Military Gazette izeneko egunkari txiki batean editore laguntzaile bezala ere aritu zen. Indiara 1882ko irailean abitu eta Mumbaira urrian iritsi zen.[9]

Gazte urteak (1882-1914)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiplingen India

Lahoreko Civil and Military Gazette egunkarian lanean (Kiplingek "Nire lehen maitalea eta benetako maitasuna" deitu zuena[5]) astean sei egunetan agertzen zen, Gabonetan eta Pazkoan izan ezik. Kiplingek gogor egin zuen lan Stephen Wheeler editorearentzat, baina bere idazteko beharra geldiezina zen. 1886an Departmental Ditties bere lehen bertso bilduma argitaratu zuen. Urte hartan, editorea aldatu zuten eta Kay Robinson editore berriak sortzeko askatasun handiagoa eman zion. Orduan hasi zen Kipling ipuin laburrak egunkarian argitaratzen.[10]

1883ko udan, Kiplingek Simla bisitatu zuen (gaur egun Shimla), Britainiar Indiaren udako hiriburua. Harrezkeroztik, Kipling familiak urtero bisitatu zuen Simla, eta John Lockwood Kiplingi bertako elizan fresko bat margotzeko eskatu zioten. Bestalde, Rudyardek Simla bisitatzen jarraitu zuen urtero, 1885 eta 1888 urteen artean, idazleak gustoko zuen hiri bat zen: Gacetterako idatzitako ipuin asko Simlan bertan kokatu zituen.[10]

1886ko azaroaren eta 1887ko ekainaren artean 39 bat istorio argitaratu ziren Gacettean. Istorioen kopuru garrantzitsu bat Tales of the Hills, Kiplingen lehen prosazko bilduman kaleratu zen, Kalkutan argitaratua 1888ko urtarrilean, 22 urte bete eta handik hilabetera. 1887ko azaroan, egunkari senidetu baina garrantzitsuago batera bidali zuten: The Pioneer, Allahabaden, Agra eta Oudh Probintzia Batuetan.[11][12]

Produkzio handia izaten jarraitu zuen Kiplingek: hurrengo urtean, sei ipuin bilduma argitaratu zituen: Soldiers Three, The Story of the Gadsbys, In Black and White, Under the Deodars, The Phantom Rickshaw eta Wee Willie Winkie, 41 istorio guztira.[9] Horrez gain, Rajputana mendebaldeko The Pioneer korrespontsal gisa, zirriborro asko idatzi zituen, geroago Letters of Marquen bilduak eta From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel lanean argitaratuak.[10]

Kipling 1889ko hasieran, The Pioneerek libre utzi zuen, gatazka baten ostean. Garai hartan, Kiplingek bere etorkizunari buruz geroz eta gehiago pentsatzen zuen, bere sei liburuen eskubideak saldu zituen 200 £-tan eta Plain Tales 50£-tan; gainera, The Pioneerek sei hilabeteko soldata ordaindu zion.[5] Diru hori Londresera itzultzeko erabiltzea erabaki zuen, britainiar inperioaren unibertso literarioaren erdia.

Londresera itzuli[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1889ko martxoaren 9an, Kiplingek India utzi zuen, lehenik San Frantziskora bidaiatuz Yangon, Singapur, Hong Kong eta Japonia bidez. Japoniarrek harrituta utzi zuten, eta japoniarrak "jende atsegin eta ohitura onekoak" zirela idazten zuen.[13] Aurrerago, Kiplingek O-Toyo izeneko geisha batez maitemindu zela idatzi zuen.[13]

Kiplingek Estatu Batuetan barrena bidaiatu zuen, The Pioneer egunkarirako artikuluak idatzi zituen, batzuk, geroago From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel argitalpenean kaleratuak.[14]

Rudyard Kipling (zutik) bere aita John Lockwood Kiplingekin (eserita), 1890 inguru

Ameriketako bere bidaia San Frantziskon hasi zuen, eta gero Portland (Oregon) iparraldera joan zen, Seattle, Washingtonen ere egon zen; jarraian Kanadara bidaiatu zuen, Victoria eta Vancouver bisitatuz, Estatu Batuetara itzuli eta Yellowstone Parke Nazionala bisitatu zuen; Salt Lake Cityra jaitsi zen, ondoren ekialdera, Omaha (Nebraska) eta Chicagora (Illinois); ondoren, denbora pixka batez Indian Villagen egon zen, Monongahela ibaian; azkenik Elmirara joan zen, New Yorken, eta Mark Twain ezagutu zuen.[14] Atlantikoa zeharkatuz Liverpoolera itzuli zen 1889ko urrian. Londresko literatur munduan debuta egin zuen berehala, txaloaldi ugari jasoz.[15]

Londreseko hainbat aldizkaritan argitaratu zituen bere istorioak. Bizitzeko tokia ere aurkitu zuen Villiers Streeten, Charing Crossetik gertu (eraikina Kipling Etxea izendatu zuten ondoren).[16]

Hurrengo bi urteetan, The Light that Failed eleberria argitaratu zuen, krisialdi bat izan zuen nerbioengatik eta The Naulahka [oh 1] eleberrian berarekin batera parte hartu zuen Wolcott Balestier idazle eta argitalpen agente amerikarra ezagutu zuen. 1891. urtean, bere medikuen aholkuz, Kiplingek beste itsas bidaia bat abiarazi zuen Hegoafrika, Australia, Zeelanda Berria eta Indiara. Hala eta guztiz ere, bere proiektuak eten zituen Gabonak bere familiarekin Indian igarotzeko, baina Balestier bere lagunaren heriotzaren berri izan zuenean, Londresera berehala itzultzea erabaki zuen. Itzuli aurretik, urtebete lehenago ezagutu eta tarteka amodio erlazioa izan zuen Wolcotten arreba zenari, Caroline Starr Balestier "Carrie"-ri (1862-1939) elkarrekin ezkontzeko proposatu zion telegrama bat bidalita. Bitartean, Londresen, 1891. urtean, Indiako Britainiarren inguruko ipuin bilduma argitaratu zen, Life's Handicap.[17]

Estatu Batuetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiplingen Amerika. 1892-1896, 1899

1892ko urtarrilaren 18an, 26 urte zituela, Rudyardk 29 urteko Carrie Balestierekin (Wolcott lagunaren arreba) ezkondu zen Londresen. Ezkonberriek eztei bidaia Estatu Batuetan eta Japonian planifikatu zuten.[2] Hala ere, bikotea Yokohamara iritsi zenean, The New Oriental Banking Corporation bere banketxeak porrot egin zuela jakin zuen. Beren galera onartuz, AEBetara itzuli ziren eta Brattleboro inguruko baserri txiki bat alokatu zuten hilean hamar dolarren truke, Carrie haurdun zegoela.[5]

Etxetxo honetan, Bliss house izendatu zutena (zorion etxea), Josephine, bikotearen lehen alaba, 1892ko abenduaren 29an jaio zen; hilabete berdinean amaren urtebetetzea 31ean eta Kiplingena 30ean ziren. Etxe honetan ere, Oihaneko liburuak argia ikusi zuen.[5]

Josephine jaiotakoan etxola txiki geratu zitzaien, eta bikoteak hamar akre erosi zituen Connecticut ibaiaren gainaldeko mendi-hegal harritsu batean, bertanetxea eraikitzeko. Kiplingek Naulakha deitu zion etxe hari, Wolcotten eta haren izeneko eleberrian parte hartu zuenaren omenez, eta oraingoan izena ondo idatzi zen.[2]

Vermonteko isolamenduan, 4 urteren buruan, Oihaneko liburuak idazteaz gain, ipuin bildumak ere idatzi zituen, besteak beste: The Day's Work, Intrepid Captains (1897) izeneko nobela eta poesia asko, The Seves Seas barne. Barrack-Room Ballads poesia bilduma 1892an argitaratu zen eta Mandalay eta Gunga Din poemak ditu. Oihaneko liburua idazten gozatu zuen, biak idazkera imaginarioaren maisulanak, bai eta haurrek bere lanari buruz bidalitako posta-trukearekin ere.[2]

Naulakha etxean Kiplingen idazmahaia

Naulakhan idazketa bizitza noizean behin bisitariek eteten zuten: adibidez, bere aitak 1893an erretiroa hartu zuenean semeari bisita egin zion; beste noizbait, Arthur Conan Doyle idazle britainiarrak bere golf makilak ekarri, eta bi eguneko golf ikastaro bat eman zion Kiplingi.[18][19]

1896ko otsailean, Elsie Kipling jaio zen, bikotearen bigarren alaba. Une honetan, hainbat biograforen arabera, beren bikote harremana ez zegoen bere onenean.[20] Nahiz eta beti elkarri leialak izaten jarraitu, rol finkatuetan erori zirela dirudi.[2]

Kipling familiak Vermonteko bizitza maite zuen, eta han bizi izaten jarraituko zuten, bi gertakizunengatik izan ez balitz: munduko politika batetik, familiako desadostasuna bestetik. Alde batetik, Erresuma Batua eta Venezuela arteko liskar batek Estatu Batuen parte-hartzea ekarri zuen. Ondorengo tirabirek AEBen eta Erresuma Handiaren arteko krisialdia eta gerra susmoak ekarri zituen, larritasuna sortuz AEBetan[2]. Horrek Kipling urduritu eta bertatik joatea erabaki zuen.[2] Horrez gain, Beatty Balestieren (Carrieren anaia mozkor eta kaudimengabea) borroka juridikoa hasi zen, Kiplingek Beattyri egindako lursaila erosketan irregulartasunak salatuz. Epaitegietan amaitu zen auzia eta Kiplingi eman zioten arrazoia. 1896ko maiatzean, Beattyk, mozkortuta, fisikoki mehatxatu zuen Kipling kalean.[2] Gatazkak Beattyren atxiloketa ekarri zuen, baina Kiplingen pribatutasuna dagoeneko erabat suntsitua izan zen, beraz, leku hori uztea erabaki zuen. 1896ko uztailean, bere ondasunak jaso eta Estatu Batuak utzi zituen.[21]

Erresuma Batua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingalaterrara itzulita, urte hartako irailean, Torquay hirian jarri zen bizitzen, Devon kostaldean. Ordurako ospetsua zen, eta bere iritzi politikoa adierazten zuen idazlanetan. Bi poemetan ere lan egiten hasi zen: Recessional 1897an, eta White Man's Charge (1899), argitaratzean polemika handia sortu zuena; inperialismoaren eta britainiar inperioaren aldeko propagandatzat hartu baitziren.[2]

Oihaneko liburua, 1984

Garairik emankorrena izan zen, Torquayn egon zen bitartean, eskola garaiko esperientziak kontatzen zituen ipuin bilduma bat ere idatzi zuen, Stalky and Co. izenburua jarri ziona. Bere familiaren arabera, Kiplingek Stalky eta Co.-ren istorioak ozen irakurtzea atsegin zuen eta berak gogoz barre egiten zuen bere txisteekin.[2]

1897an, Kipling Torquayytik Rottingdeanera (East Sussex) aldatu zen eta John Kipling jaio zen, bere lehen semea.[22] 1898. urtearen hasieran, bera eta bere familia Hegoafrikara joan ziren neguko oporrak igarotzera. Inperioaren Poeta izenez ezaguna, Lurmuturreko Koloniako politikari indartsuenetako batzuk atseginez hartu zuten, besteak beste, Cecil Rhodes, Sir Alfred Milner eta Leander Starr Jameson barne. Aldi berean, Kiplingek haien adiskidetasuna landu zuen eta gizon horiengan eta haien politikengan zuen miresmena handitu zen. Ingalaterrara bueltan, Kiplingek Boer Gerretan britainiar kausaren aldeko poesia idatzi zuen, eta Hegoafrikara egindako hurrengo bisitan, 1900. urtearen hasieran, The Friend egunkariaren sorreran parte hartu zuen, Bloemfontein zeuden tropa militar britainiarentzat.[23]

Kipling and Britannia Sir Max Beerbohmek (1904) egina

Britainia Handiko Itsas Armadari aurre egiteko flota eraikitzeko Tirpitz Planari britaniarrek zein erantzun eman behar zuten inguruko eztabaidan parte hartu zuen 1898an hainbat artikulu idatziz, A Fleet in Being izenpean bilduak izan zirenak. Estatu Batuetara bisita batean 1899an, Kipling eta bere alaba Josephine pneumoniaz kutsatu ziren eta 1989ko martxoaren 6an Josephine hil zen.[24]

Idazle ibilbidearen gorena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere alabaren heriotzaren ondoren, Kiplingek Little Just Stories for Little Children izango zenerako materiala biltzen jarri zuen gogoa. Irudimenezko alegiak eta ipuinak sortu zituen Kiplingek, maite zituen animaliak protagonista direla. Bertsoak eta marrazkiak ere berak egin zituen[1][25] eta lan hori 1902an argitaratu zen, Kim argitaratu zen hurrengo urtean.[26] Kim eleberria bere lanik onena bezala hartu da; lan horretan, Indiako jendeari, kulturari eta hainbat erlijioei erretratu zehatza egiten dielako.[27]

Bateman's etxea

1900. urtean Kipling samindu zuen Wilhelm II.a alemaniar enperadoreak eman zuen Hunoen Hitzaldiarekin (Hunnenrede): Txinara bidalitako Alemaniako tropek Boxerren matxinada zapuzteko "Hunoak" bezala portatzeko eta presoak ez hartzeko eskatuz.[2]1902an, The Rowers poeman, Kiplingek Kaiserra eraso zuen britainiarrentzat mehatxatua zela esanez eta "Huno" hitza lehenbiziko aldiz alemaniarren aurkako hitz gutxiesgarri gisa erabili zuen, Wilhelmen hitzak eta Alemaniako tropek Txinan egindako ekintzak erabiliz, alemaniarrak barbaro hutsak bezala irudikatzeko. Le Figaro egunkari frantsesarekin egindako elkarrizketa batean, Kiplingek Alemania mehatxutzat jo zuen, eta aliantza anglo-frantziar bat eskatu zuen gelditzeko.[2]

1902an, Kiplingek Bateman's etxea erosi zuen, 1634. urtean eraikitako etxea, Burwash herrian, East Sussex, Ingalaterran. Bateman's Kiplingen etxea izan zen 1902tik 1936ra arte, hil zen arte.[28]

XX. mendearen lehen hamarkadan Kipling ospearen gorenean zegoen. 1906an, "Land of our Birth, We Pledge to Thee" izeneko abestia idatzi zuen.

Fikzio espekulatiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kiplingek fikzio espekulatibo ipuin ugari idatzi zituen: besteak beste, Dream of Army, garaiko Ingalaterrako jaraunspenezko burokrazia baino eraginkorragoa eta arduratsuagoa izango zen armada erakutsi nahi zuena, eta bi zientzia fikziozko istorio, Night with the Night Mail (1905) eta As Easy As AB C (1912). Bi horiek, XXI. mendean, Kipling's Aerial Board of Control universeean kokatu ziren. Aurrerago eman zen zientzia fikzio gogorra bezala irakurtzen ziren[29] eta XX. mendeko Robert Heinlein zientzia fikzio idazlearen ezaugarri bihurtu zen literatur teknika sartu zuen, zeharkako azalpena, alegia.[26] Teknika hori Kiplingek Indian jaso zuen, eta bere irakurle ingelesek indiar gizartea ulertzeko zuten arazoa konpontzeko erabili zuen Oihaneko liburua idaztean.

Nobel Saria eta gehiago[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1907an Literaturako Nobel saria jaso zuen[1], Charles Omanek[30] Oxfordeko Unibertsitateko irakasleak izendatua.[31] Sariaren aipuak honako hau esan zuen: "Mundu mailan ospea duen egile honen sorkuntzaren bereizgarri diren behaketa gaitasuna, irudimenaren originaltasuna, ideien kemena eta narraziorako talentu nabarmena kontuan hartuta". Nobel sariak 1901ean ezarri ziren eta Kipling ingelesezko lehen hartzailea izan zen. Stockholmeko sari banaketan, 1907ko abenduaren 10ean, Carl David af Wirsén, Suediako Akademiako Idazkari Iraunkorrak, Kipling eta hiru mendetako ingeles literatura goraipatu zituen.[32]

Lorpen hau eta gero, bi poemario eta istorio bilduma argitaratu zituen: Puck of Pook's Hill (1906), eta Rewards and Fairies (1910). Bigarrenak If- poema biltzen du. 1995eko BBCren iritzi inkesta batean Erresuma Batuko poema gogokoena bezala bozkatu zuten. Autokontrolari eta estoizismoari buruzko erretolika hau, dudarik gabe, Kiplingen poema ospetsuena da.[33]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kipling hain ospetsu zen, ezen bere iritzi politikoak jendearengan eragina zuela. Bere lagun Max Aitkenek 1911ko Kanadako hauteskundeetan kontserbadoreen izenean esku hartzea eskatu zion. 1911ko irailaren 7an, Montreal Daily Star egunkariak Kiplingek Estatu Batuekin elkarrekikotasun-hitzarmenaren aurkako idatzia argitaratu zuen, hurrengo asteetan ingeles hizkuntzako egunkari guztietan errepikatu zena; honek, Kanadako iritzi publikoa aldatzen lagundu zuela uste da, elkarrekikotasuna sinatu zuen gobernu liberalaren kontra jarriz.[34]

Ulsterreko ituna, 1912

Kipling Irlandaren autonomiaren kontra zegoen. Lagun bati idatzi zion gutun batean idatzi zuen Irlanda ez zela nazio bat, ingelesak 1169. urtean Irlandari iritsi arte, irlandarrak basatiak zirela eta "poema goibelak idazten" zituzten bitartean elkar hiltzen zutela esan zuen. Bere ikuspuntutik, Erresuma Batuko agindupean bakarrik egin zuen aurrera Irlandak.[2]

Kiplingek Ulster poema 1912an idatzi zuen, bere politika unionistaren isla. Kipling sarritan irlandar unionistak aipatzen ditu "gure alderdia" bezala. Kiplingek ez zuen gustuko ezta ulertzen irlandar nazionalismoa; beretzat, Home Ruleak HH Asquith lehen ministro liberalaren gobernuari traizio egiten zion, Irlanda Erdi Aroan murgildu eta gehiengo katoliko irlandarrak protestanteak zapuztuko zituelakoan.[2]

Kipling Boltxebismoaren aurkari latz bat izan zen, bere lagun Henry Rider Haggardekin partekatzen zuen posizioa. Biak, Kiplingen Londresera 1889an iritsi zenean elkartu ziren, neurri handi batean, beren iritzi partekatuen indarraz, eta lagunak izaten jarraitu zuten bizitza osoan.

Framazoneria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Masonic Illustrated aldizkari ingelesaren arabera, Kipling 1885 inguruan Framazon bihurtu zen, ohiko 21 urteko gutxieneko adina baino lehen.[35] Lahoren, Hope and Perseverance Lodge 782.ean hasi zen.[36] Kiplingek bere esperientzia masonikoa hain maitea zuen, ezen bere idealak The Mother Lodge poema famatuan islatu zituela, eta anaitasuna eta bere sinboloak erabili zituen The Man Who Would Be King eleberrian.[37]

Lehen Mundu Gerra (1914-1918)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irlandar Guardia 1917an

Lehen Mundu Gerra hasieran, beste idazle askoren antzera, Kiplingek liburuxkak eta olerkiak idatzi zituen, Alemaniak okupatu ostean, Belgika berrezartzeko Erresuma Batuaren gerra helburuak goraipatuz, eta britainiarrek ongiaren kausa defendatzen zutela publikoki esanez. 1914ko irailean, britainiar gobernuak Kiplingi propaganda idazteko eskatu zion eta, honek berehala onartu zuen eskaintza.[38] Kiplingen liburuxkak eta ipuinak oso ospetsuak izan ziren gerra garaian britainiarren artean; gai nagusiak gizon heroikoentzat leku egokia zen britainiar armada goraipatzea, belgikarren kontrako alemaniarren ankerkeria eta Alemaniak hasitako gerra ikaragarri batek zapuzten zituen emakumeen istorioak ziren, bizirik irauten eta garaipena lortzen, sufrimenduaren arren.[38]

Alemaniarekiko antipatia sutsua izateaz gain, pribatuki Kipling oso kritikoa izan zen britainiar armadaren gerran borrokatzeko moduarekin, 1914ko urriaren hasieran Alemania jada garaitua izan behar zela salatuz eta britainiar armadan zerbait gaizki egon behar zuela esanez. Kiplingek, 1914ko udazkenean Britainiar Espedizioko Indarrek jasandako galera larriekin harrituta, gerra aurreko britainiar politikari belaunaldi osoari leporatu zion errua, Boer gerrako lezioak ez zituztela ikasi argudiatuz. Ondorioz, beren porrota milaka soldadu britainiarrek beren bizitzaz ari ziren ordaintzen Frantzian eta Belgikan.[2]

John Kiplingen heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Kipling

Kiplingen semea 1915ko irailean Looseko guduan hil zen, Lehen Mundu Gerran, 18 urte zituela. Johnek Royal Navyan nahi zuen sartu baina ikusmen urriagatik baztertua izan zen. Gerora, soldaduzka armadako ofizial gisa egiten saiatu zen baina, arrazoi berdinagatik, baztertua izan zen berriz ere. Bere aita, Rudyard, britainiar armadako komandante nagusi eta Irlardar Guardiaren koronela zen Lord Robertsen laguna zen eta, Rudyarden eskariz, John Irlardar Guardian onartu zuten.[38]

John Kipling Loosera bidali zuten bataila hasi eta bi egunetara errefortzu kontingente batean. Azkenekoz, lokatzetan itsututa eta estropezuka ikusi zuten, zaurituta zegoela. Bere heriotza 1915eko irailaren 27an izan zen eta gorpua Santa Maria A.D.S. Hilerrian (Haisnes) dago ehorzirik.[39]

Johnen heriotza Kiplingen 1916ko My Boy Jack poemarekin lotu izan da, batez ere My Boy Jack antzezlana eta ondorengo telebistarako egokitzapenarekin, Rudyard Kipling: A Remembrance Tale dokumentalarekin batera. Hala eta guztiz ere, Jutlandiako guduari buruzko istorio baten harira argitaratu zen poema hasieran eta itsasoan gertatutako heriotza bat aipatzen duela dirudi; aipatutako "Jack" hori "Jack itsasgizon" generikoa izan daiteke.[40] Kipling familian, Jack txakurraren izena zen eta John Kipling, berriz, beti John zen, My Boy Jacken protagonista John Kipling izatea zertxobait eztabaidagarri bihurtuz. Hala ere, egia da Kipling semearen heriotzak emozionalki suntsituta utzi zuela. Esaten denez, semearen heriotzaren mina arintzeko Kiplingek Jane Austenen eleberriak ozenki irakurtzen zizkien bere emazteari eta alabari.[41] Gerra garaian, liburuxka bat argitaratu zuen, The Fringes of the Fleet,[42] gerrako hainbat itsas gairi buruzko olerki eta saiakeraz osatua.

Kipling Maurice Hammoneau izeneko frantziar soldadu baten lagun egin zen, Lehen Mundu Gerran bizia salbatu zuenak, Kim liburuaren kopia bat bularreko ezkerreko poltsikoan zuela, bala gelditu zenean. Hammoneauk esker onez, Kiplingi liburua eskeini zion (bala oraindik sartuta zuela) eta baita bere Croix de Guerre. Elkarri idazten zioten eta Hammoneauk semea izan zuenean Kiplingek liburua eta domina itzuli zizkion.[43][oh 2]

Gerra ondoren (1918-1936)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ypresen (Belgika) dagoen Oroitzapenaren Harria, Kiplingen esaldiarekin

Neurri batean Johnen heriotzaren ondorioz, Kipling Sir Fabian Wareen Imperial War Graves Commission (gaur egun Commonwealth War Graves Commission) elkartean sartu zen. Elkarte hori lorategi antza duten britainiarren hilobien arduraduna zen, egun, antzinako Mendebaldeko Frontean zehar daudenak eta britainiar inperioko tropak lurperatuta dauden mundu osoko gainerako lekuetan aurki daitekezkeenak.

Proiektuari egindako bere ekarpenik esanguratsuenak gerrako hilerri handietan Oroitzapenaren Harrietan aurkitzen den "Their Name Liveth For Evermore" (Haien izenak betirako biziko dira) Bibliako esaldia (Sirakena, 44.14, KJV) aukeratzea izan zen bat[3], eta bestea, "Known unto God" (Jainkoarengandik ezaguna) soldadu ezezagunen hilarrietarako esaldiaren iradokizuna. Halaber, "The Glorious Dead" inskripzioa aukeratu zuen Whitehallen, Londresen, zenotafioan jartzeko. Horrez gain, bere semearen erregimentuaren, Irlandako Guardiaren historiari buruzko bi bolumenetako lana idatzi zuen: 1923an argitaratu zen eta historia erregimentalaren adibiderik onenetakoa da.[44]

Kiplingen istorio labur eta hunkigarriak The Gardener, gerrako hilerrietara bisitak irudikatzen ditu eta The King's Pilgrimage (1922) poemak Jurgi V.a Erregeak eginiko bidaia deskribatzen du, Imperial War Graves Commission elkartea eraikitzen ari zen hilerri eta monumentu oroigarriei bisita biltzen duena. Automobilen ospea handituz ari zela, Kipling britainiar prentsako motorgaineko korrespontsal bihurtu zen eta Ingalaterran eta atzerrian zehar egindako bidaiei buruz gogotsu idatzi zuen, nahiz eta normalean txoferrak gidatzen zuen.

Gerra ondoren, Kipling Hamalau Puntuak eta Nazioen Ligarekin eszeptikoa zen, baina itxaropen handia izan zuen Estatu Batuek isolamendua alde batera utziko zutela eta gerraosteko mundua anglo-frantses-amerikar aliantza batek bere gain hartuko zuela. Kiplingek espero zuen Estatu Batuek Nazioen Ligaren Armeniarekiko mandatu bat bere gain hartuko zutela isolazionismoa saihesteko modurik onena izango zelakoan, eta miresten zuen Theodore Roosevelt berriro ere presidente bihurtuko zela. Kipling Roosevelten heriotzaz atsekabetu zen 1919an, bere lagun estatubatuarra mundu politikaren "jokoan" Estatu Batuak mantentzeko gai zen politikari bakarra zela sinestuta.[2]

Kipling St.Andrews Unibertsitateko errektore, 1923an.

Kipling komunismoaren aurkakoa zen, 1917an boltxebikeen aginte lortzeari buruz idatziz munduaren seirenak "zibilizaziotik at egin zuela" esan zuen.[45]

1920an, Kiplingek Liberty League[46] sortu zuen Haggard eta Lord Sydenhamekin, beste batzuen artean. Iraupen urriko proiektu honek ideia liberal klasikoak sustatzea zuen helburu, azken denboraldian Britainia Handian joera komunisten boterearen gorakadari aurre egiteko, edo Kiplingen hitzetan, "boltxebismoaren areagotzeari aurre egiteko".[47] [2] Frankofonoa zenez Frantzia eta Britainia Handiaren arteko elkarte batean zuen bakea lortzearen esperantza. Versaillesko Ituna Alemaniaren alde berrikustearen aurkakoa zen eta honela adierazi zuen.[2]


Kiplingek zenbait poemetan[48] ingenierien lana aipatua zuenez, Torontoko Unibertsitateko herri-lan Ingeniaritzako irakasle zen Herbert E. T. Haultainek ingeniaritza ikasleei gradua emateko ekitaldirako laguntza eskatu zion. Kiplingek gogotsu erantzun eta berehala prestatu zuen "The Ritual of the Calling of an Engineer". XXI. mendean, oraindik ere, Kanadako ingenieritza graduatuek burdinezko eraztuna daramate ekitaldian, gizartearekiko duten betebeharra gogorarazteko.[49][50] 1922an ere, Kipling St Andrews Unibertsitateko errektore izendatu zuten, hiru urtez eman zituelarik postu honetan.

Kiplingen liburuetan azaltzen zen lotodun elefantea esbastikarekin eta, aurrerago argitaratzen zen bezala, gabe.

Rudyardek argitaratutako liburuen azalean esbastika baten irudia azaltzen zen, loto lore bat tronpan zuen elefante batekin batera, Indiar kulturak Kiplingengan zuen eraginaren adierazle. Zorte ona ematen zuen eguzkiaren Indiar sinboloan oinarritzen zen esbastika eta, aldi berean, sanskritoz "zorte oneko" esan nahi du.[51]

Naziak boterera iritsi eta esbastika bere egin zutenean, Kiplingek bere liburuak apaingarri gisa ez erabiltzeko agindu zuen.[51] 1935eko maiatzaren 6an Royal Society of St George elkarteari "An Undefended Island" hitzaldia eskeini zion, Alemania naziak Britaniar Inperioarentzat suposatzen zuten arriskuari buruz ohartarazten.[52]

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kipling hobiratua dagoen Westmister Abadiako Poeten Txokoa

Kiplingek 1930eko hamarkadaren hasierara arte idazten jarraitu zuen, baina erritmo motelagoz eta arrakasta gutxiagorekin. 1936ko urtarrilaren 12ko gauean, heste meaharrean odoljario bat jasan zuen. Ebakuntza egin zuen, baina aste bete pasa baino lehen hil zen, 1936ko urtarrilaren 18an, 70 urte zituela duodenoko ultzera peptiko baten ondorioz.[19] Bera hil aurretik iragarri zuen aldizkari batek bere heriotza, eta honela idatzi zien: "Hil naizela irakurri dut, ez ahaztu nire harpidetza zerrendatik ezabatzea". [53]

Kipling erraustua izan zen eta Westminster Abadiako Poeten Txokoan (Poets' Corner) hobiratu zuten, Charles Dickens eta Thomas Hardyren hilobien ondoan.[54][1]


Hilondokoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rudyard Kipling idazle oparoa izan zen. Guztira 5 eleberri, 250 istorio labur baino gehiago eta 800 bat olerki idatzi zituen. Haietako batzuk zerrendatzen dira ondoren.

Eleberriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • The Light that Failed (1891)
  • The Naulahka: A Story of West and East (1892)
  • Kapitain ausartak (Captains Courageous, 1896)
  • Kim (1901)

Liburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontrakorik jarri ezean, istorio laburrez osatutako liburuak dira

  • Plain Tales from the Hills (1888)
  • Soldiers Three (1888)
  • Mine Own People (1891)
  • Many Inventions (1893)
  • Oihaneko liburua (The Jungle Book, 1894)
  • The Second Jungle Book (1895)
  • The Seven Seas (1896), poesia
  • The Day's Work (1898)
  • Stalky & Co. (1899)
  • From Sea to Sea and Other Sketches, Letters of Travel (1899), ez fikzioa
  • The Five Nations (1903), poesia
  • Horrelaxe / Ipuinak hain zuzen / Hala izan zen: (Kipling-en ipuinak) (Just So Stories for Little Children, 1902)
  • Puck of Pook's Hill (1906)
  • The Fringes of the Fleet (1915), ez fikzioa
  • Land and Sea Tales for Scouts and Guides (1923)
  • The Irish Guards in the Great War (1923), ez fikzioa
  • Tales of India (The Windermere Series, Rand McNally, 1935)
  • Something of Myself (1937), autobiografia

Euskaratuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. izenburuak akatsa du, berez, Naulakha izan beharko luke, literalki "Bederatzi lakh rupia"
  2. Bien arteko gutunak Library of Congressek dauzka gordeak. Badu ere Hammoneauren bizitza salbatu zuen bala zulodun Kim liburua.
  3. Oihaneko liburua testu osoaren itzulpenaz gain hainbat moldaketa argitaratu dira euskaraz, zerrenda honetan bakarra adierazten da adibide gisa.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d   Kipling, Rudyard Horrelaxe Gero-Mensajero . orrialdea ISBN 84-271-2525-9 .
  2. a b c d e f g h i j k l m n o p q r s (Ingelesez)  Gilmour, David The Long Recessional: The Imperial Life of Rudyard Kipling Farrar, Straus, and Giroux, New York .
  3. a b c (Gaztelaniaz)  Patrick, ed., Julian 501 grandes escritores Grijalbo 240. orrialdea ISBN 978-84-253-4382-7 .
  4.   Sir JJ College Of Architecture, Mumbai - Campus 2011-07-28 https://web.archive.org/web/20110728025442/http://www.sirjjarchitecture.org/v2/index.php?option=com_content&task=view&id=21&Itemid=30. Noiz kontsultatua: 2018-04-13 .
  5. a b c d e   Something of Myself - Rudyard Kipling, Book, etext 2014-02-23 https://web.archive.org/web/20140223004314/http://ghostwolf.dyndns.org/words/authors/K/KiplingRudyard/prose/SomethingOfMyself/index.html. Noiz kontsultatua: 2018-04-20 .
  6. (Ingelesez)  Prichard, Mari, Carpenter, Humphrey Oxford Companion to Children's Literature Oxford University Press . orrialdea ISBN 0192115820. .
  7.   «Uberan - Euskal Idazleen Elkartea - Rudyard Kiplingen "Errege izatekoa zen gizona" euskarara» uberan.eus http://uberan.eus/?kaia/item/rudyard-kiplingen-errege-izatekoa-zen-gizona-euskarara. Noiz kontsultatua: 2018-10-09 .
  8. (Ingelesez)  «NCA Lahore» www.nca.edu.pk http://www.nca.edu.pk/. Noiz kontsultatua: 2018-04-20 .
  9. a b   «Kipling, Rudyard - Euskara - Eusko Jaurlaritza - Euskadi.eus» www.euskara.euskadi.eus http://www.euskara.euskadi.eus/r59-738/eu/contenidos/termino/_c03472/eu_k_1595/k1595.html. Noiz kontsultatua: 2018-10-09 .
  10. a b c (Ingelesez)  Rutherford, Andrew Introduction to the Oxford World's Classics edition of "Plain Tales from the Hills", by Rudyard Kipling Oxford University Press ISBN 0-19-281652-7 .
  11. (Ingelesez)  «Rudyard Kipling's Allahabad bungalow in shambles» https://www.hindustantimes.com/ 2008-06-09 https://www.hindustantimes.com/books/rudyard-kipling-s-allahabad-bungalow-in-shambles/story-G8UBldeWIE6FckXVrEX8jP.html. Noiz kontsultatua: 2018-04-20 .
  12. (Ingelesez)  «Hill drawing room at Belvedere House, Allahabad, India, of which Rudyard Kipling wrote "Nor shuddered when cheroot in hand I stumped your dainty drawing-room"» The Library of Congress https://www.loc.gov/item/2005696003/. Noiz kontsultatua: 2018-04-20 .
  13. a b (Ingelesez)  Scott, David Kipling, the Orient, and Orientals: "Orientalism" Reoriented?" Journal of World History .
  14. a b (Ingelesez)  Pinney, Thomas (editor) Letters of Rudyard Kipling, volume 1 Macmillan & Co., London and NY .
  15. (Ingelesez)  Rutherford, Andrew General Preface to the Editions of Rudyard Kipling, in "Puck of Pook's Hill and Rewards and Fairies", by Rudyard Kipling Oxford University Press ISBN 0-19-282575-5 .
  16. (Ingelesez)  Kipling, Rudyard Kipling: a selection of his stories and poems, Volume 2 Doubleday 349. orrialdea .
  17. (Ingelesez)  Coates, John D. The Day's Work: Kipling and the Idea of Sacrifice Fairleigh University Press 130. orrialdea ISBN 083863754X. .
  18.   Salgado, Carlos, Álvarez, Silvia (2009ko azaroa), ««Ocurrió en noviembre»», Golf Digest (Aldizkaria) (Espainia: Unidad Editorial) 140 .
  19. a b (Ingelesez)  Ricketts, Harry Rudyard Kipling: A life Carroll and Graf Publishers Inc., New York ISBN 0-7867-0711-9 .
  20. (Ingelesez)  Nicholson, Adam Carrie Kipling 1862–1939 : The Hated Wife Faber & Faber, London ISBN 0-571-20835-5 .
  21. (Ingelesez)  Carrington, C.E. (Charles Edmund) Rudyard Kipling: His Life and Work Macmillan & Co. .
  22.   «Kipling's Sussex - 2» www.kiplingsociety.co.uk http://www.kiplingsociety.co.uk/rg_sussex2.htm. Noiz kontsultatua: 2018-05-22 .
  23.   H-Net Discussion Networks - The Friend newspaper, Orange Free State, South Africa 2014-02-22 https://web.archive.org/web/20140222132453/http://h-net.msu.edu/cgi-bin/logbrowse.pl?trx=vx&list=h-afresearch&month=0612&week=b&msg=rGSqyFg7ajBdQWonA2aDgg&user=&pw. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  24. (Ingelesez)  «Josephine Kipling dead», The New York Times, 1899-03-07, https://timesmachine.nytimes.com/timesmachine/1899/03/07/102574050.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  25.   «Argitalpenak - Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus http://www.galtzagorri.eus/euskara/argitalpenak/horrelaxe?p=143&a=0&g=0&i=&t=Izenburua. Noiz kontsultatua: 2018-10-09 .
  26. a b   Writers History - Kipling Rudyard 2015-04-25 https://web.archive.org/web/20150425042047/http://writershistory.com/index.php?option=com_content&task=view&id=95&Itemid=41. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  27. (Ingelesez)  Jenny Stringer, Margaret Drabble Kim. "The Concise Oxford Companion to English Literature" lanean Oxford University Press .
  28. (Ingelesez)  «Bateman's» National Trust https://www.nationaltrust.org.uk/batemans. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  29. (Ingelesez)  Bennett, Arnold Books and Persons Being Comments on a Past Epoch 1908–1911 London: Chatto & Wind .
  30. (Ingelesez)  Jones, Emma (2004) The Literary Companion Pavilion Books ISBN 9781861057983 https://books.google.es/books?id=WELwa9Sds-EC&pg=PA25&redir_esc=y&hl=en. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  31.   «Nomination Database» www.nobelprize.org https://www.nobelprize.org/nomination/archive/show.php?id=2474. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  32.   «Nobelprize.org» www.nobelprize.org https://www.nobelprize.org/nobel_prizes/literature/laureates/1907/press.html. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  33. (Ingelesez)  Jones, Emma (2004) The Literary Companion Pavilion Books ISBN 9781861057983 https://books.google.es/books?id=WELwa9Sds-EC&pg=PA25&redir_esc=y&hl=en. Noiz kontsultatua: 2018-05-29 .
  34. (Ingelesez)  Dutil, Patrice, MacKenzie, David Canada 1911: The Decisive Election that Shaped the Country Toronto: Dundurn 211. orrialdea ISBN 1554889472 .
  35. (Ingelesez)  Mackey, Albert G. Encyclopedia of Freemasonry, Vol. 1 Chicago: The Masonic History Co. .
  36. (Ingelesez)  «Casualty» www.cwgc.org https://www.cwgc.org/find-war-dead/casualty/3078953/kipling,-john/. Noiz kontsultatua: 2018-06-13 .
  37. (Ingelesez)  Allan, Geoffrey S., R.W. Bro., Official Visit to Meridian Lodge No. 687, http://www.hamiltondistrictcmasons.org/upload/lecture_file111.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-05-31 .
  38. a b c (Ingelesez)  Bilsing, Tracey (2015-04-02) "The Process of Manufacture of Rudyard Kipling's Private Propaganda" (PDF). War Literature and the Arts. Archived from the original on 2 April 2015 https://web.archive.org/web/20150402195831/http://www.wlajournal.com/12_1/Bilsing.pdf. Noiz kontsultatua: 2018-05-31 .
  39. (Ingelesez)  «Casualty» www.cwgc.org https://www.cwgc.org/find-war-dead/casualty/3078953/kipling,-john/. Noiz kontsultatua: 2018-06-13 .
  40.   «My Boy Jack - notes» www.kiplingsociety.co.uk http://www.kiplingsociety.co.uk/rg_jack1.htm. Noiz kontsultatua: 2018-06-15 .
  41. "The Many Lovers of Miss Jane Austen", BBC2 broadcast, 9 pm 23 December 2011
  42. (Ingelesez)  Kipling, Rudyard The Fringes of the Fleet Macmillan & Co. .
  43. (Ingelesez)  How "Kim" saved the life of a French soldier : a remarkable series of autograph letters of Rudyard Kipling, with the soldier's Croix de Guerre, 1918-1933, https://catalog.loc.gov/vwebv/search?searchCode=LCCN&searchArg=2007566938&searchType=1&permalink=y. Noiz kontsultatua: 2018-06-15 .
  44. (Ingelesez)  Kipling, Rudyard The Irish Guards in the Great War. 2 vols London .
  45.   Hodgson, Katherine (1998ko Urria), «The Poetry of Rudyard Kipling in Soviet Russia», The Modern Language Review 93 (4), https://www.jstor.org/stable/3736277?seq=1#page_scan_tab_contents .
  46. (Ingelesez)  «The Liberty League—a campaign against Bolshevism | Jot101» jot101.com http://jot101.com/2015/11/the-liberty-league-campaign-agains/. Noiz kontsultatua: 2018-09-28 .
  47. (Ingelesez)  Dinan, William, Miller, David A Century of Spin Pluto Press ISBN 978-0-7453-2688-7 .
  48. (Ingelesez)  Kipling, Rudyard The Definitive edition of Rudyard Kipling's verse Hodder & Stoughton. .
  49. (Ingelesez)  «The Iron Ring» www.ironring.ca http://www.ironring.ca/. Noiz kontsultatua: 2018-09-28 .
  50. (Ingelesez)  «Background | The Iron Ring» www.ironring.ca http://www.ironring.ca/background.php/. Noiz kontsultatua: 2018-09-28 .
  51. a b (Ingelesez)  Smith, Michael, Kipling and the swastika, http://www.kiplingsociety.co.uk/facts_swastik.htm. Noiz kontsultatua: 2018/09/28 .
  52. (Ingelesez)  Kipling, Rudyard War Stories and Poems Oxford Paperbacks . orrialdea .
  53. (Ingelesez)  Chernega, Carol (2011-07) A Dream House: Exploring the Literary Homes of England Dog Ear Publishing ISBN 9781457502460 https://books.google.es/books?id=77YpJytZXhUC&pg=PA90&redir_esc=y#v=onepage&q&f=false. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  54. (Ingelesez)  «Rudyard Kipling | Westminster Abbey» Westminster Abbey https://www.westminster-abbey.org/abbey-commemorations/commemorations/rudyard-kipling/. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  55. (Ingelesez)  nyeswebdesign.com «Rudyard Township - Rudyard, Michigan» www.rudyardtownship.org http://www.rudyardtownship.org/officials.html. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  56. (Ingelesez)  «Kipling (Delta County, Michigan): Community Profile» RoadsideThoughts https://roadsidethoughts.com/mi/kipling-xx-delta-profile.htm. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  57. (Ingelesez)  «Town of Kipling » About the Town» townofkipling.ca https://townofkipling.ca/visitors/about-the-town/. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  58. (Ingelesez)  «Planetary Names: Crater, craters: Kipling on Mercury» planetarynames.wr.usgs.gov https://planetarynames.wr.usgs.gov/Feature/14646. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  59. (Ingelesez)  «Crocodile is named after Kipling» BBC News 2012-03-20 https://www.bbc.com/news/uk-england-dorset-17446330. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  60. (Ingelesez)  Flood, Alison (2013-02-25) «50 unseen Rudyard Kipling poems discovered» the Guardian http://www.theguardian.com/books/2013/feb/25/rudyard-kipling-poems-discovered. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  61.   «University of Sussex Library Special Collections: Kipling Archive» www.sussex.ac.uk http://www.sussex.ac.uk/library/speccoll/collection_introductions/kipling.html. Noiz kontsultatua: 2018-10-03 .
  62.   «Iruzkinak», Behinola (Donostia) (34), 2016ko abendua, ISSN 2814/1999 Na 2814/1999, http://www.galtzagorri.eus/euskara/galtzaberri/gogoetarako-gaiak-behinola-aldizkariaren-34-zenbakian .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rudyard Kipling Aldatu lotura Wikidatan

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]