Run–DMC
| Run–DMC | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jarduerak | |
Parte-hartzailea
| |
| Jasotako sariak | ikusi
|
| Genero artistikoa | East Coast hip-hop (en) rap rock (en) hardcore hip-hop (en) |
| Diskoetxea | Arista Records Profile Records (en) Bertelsmann Music Group |
| rundmc.com | |
Run–DMC estatubatuar hip-hop talde bat da, New Yorkeko Queens barrutiko Hollis auzokoa. 1980ko hamarkadan sortu zen, eta hardcore raparen talde aitzindaria izan zen. 2002tik geldirik daude, Jam Master Jayren heriotza dela eta. Urteetan zehar rapari bilakaera ekarri zion taldea izan zen. Saritutako lehen rap taldea izan zen, MTVra igaro zen lehena eta, batez ere, 1980ko hamarkadako ezinbesteko taldetzat jotzen duen publiko zabalaren aurrean izena eta izana lortu zuen lehena.
2007an, Run–DMC "inoizko rap talderik onena" kategorian izendatu zuen MTVk, eta "inoizko hip-hop talderik onena" VH1ek. Kaleko janzkera moda ere plazaratu zuen eta belaunaldi oso batengan eragina izan zuen, bere janzkera kodeei esker.[1][2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hastapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldeko hiru kideak, Queenseko (New York) Hollis-ekoak, guztiak ere klase ertaineko familietakoak dira. Runen anaia (egiazko izen-deiturez, Joseph Simmons) Russell Simons Def Jam diskoetxearen sortzailekidea da: eskolan zebilela, Russell zaharrak ospea lortu zuen New Yorken showak antolatuz, manager bihurtu aurretik. Russellek bere lehen diskoetxea Harlemen eraiki zuenean ezagutu zuen Kurtis Blow. Anaia nagusia eta Kurt ondo moldatzen zirela ikusita, Joe haien atzetik joan zen eta Kurtis Blowren DJa bihurtu zen; artean, Run ezizena hartu zuen "running at the mouth" ("ahora lasterka") adierazi nahian. Aldi berean, Runek zuzeneko emanaldiak auzoko lagunekin partekatu zituen, besteak beste, Darryl McDaniels ingeniari baten eta erizain baten semearekin. Joek Darryl behartu zuen Holliseko klub batean berarekin show bat egitera. Une horretan, Joek mikrofonoa emam eta zera esan zion: «Aurrera, rapeatu ordubete!». Darrylek zeregin hori bete egin zuen, eta Joerekin elkartu. Bi lagunak unibertsitatean sartu ziren: Run, LaGuardia Community College-n (zientziak ikasi zituen), eta DMC, St. John's University-n. Bertan, Jason Mizell, ezizenez DJ Jam Master Jay, ezagutu zuten eta harekin hirukotea osatu.
1983an, Profile diskoetxe independentean, It's Like That lehen singlea grabatu zuten. Maxibiniloa atera zenean, bertako B-boyek hainbeste txalotu zutenez, non ereserki bihurtu zen herrialdean zehar. B aldea, Sucker MC's, garai hartarako ezohiko beataz eta errima-eredu aurreratuaz, hip-hoparen zale askok historiako lehen rap hardcoretzat jo zuten. Horren ondorioz, hurrengo urtean izen bereko lehen diskoa kaleratu zuten. Russell Simmonsek Def Jam osatu zuen Rick Rubin ekoizlearekin. Fresh Fest lehen rap bira estatubatuarra egin zuten, taldea kontratatuz, baita Newcleus, Whodini eta UTFO ere. Run–DMCko kideek, kapela beltzak, jeans beltzak eta Adidas zuri-beltzak jantzita, zirrara handia eragin zuten, eta raparen berri lehen aldiz izan zuten gazteen gogoa markatu. Rock Box eta King of Rock singleak MTVn eman ziren eta Run–DMC berehala bihurtu zen historian mugarri izan zen lehen rap taldeetako bat.
Ospearen aitortza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bigarren diskoa, King of Rock, 1985ean kaleratu zuten: bost hilabeteren buruan urrezko diskoa ziurtatuta, You Talk too Much edo Can You Rock It Like This bezalako arrakastak ditu. Hamasei urte besterik ez zituen LL Cool J izeneko gonbidatu misteriotsu batek idatzitako hitzak biltzen zituen. Gero eta arrakasta handiagoaren ondorioz, taldeak Bob Geldofen Live Aid kontzertuan parte hartu zuen. Horretan lagundu zuen lehen rap taldea izan zen, baita arraza segregazioaren aurkako artistek (Artists United Against Apartheid) konposatutako Sun City kantarekin ere.
1986an, Krush Groove filmean agertu ziren, Beastie Boys taldearekin batera. Horrek ekarritako publizitate txarrak ez zien hirugarren disko Raising Hell grabatzea eragotzi. Billboard 200en hirugarren postuan sailkatu zen, hiru milioi kopia gaindituta: garai hartan hobekien saldu zen albuma izan zen eta, batez ere, platinozko diskoaren ziurtagiria lortu zuen lehen rap albuma, My Adidas singleak edota Walk This Way ospetsua biltzen dituena, Aerosmithen originalaren bertsio ausarta. Azken horrek talde haren berrabiatzen lagundu zuen. Izenburu horrek Red Hot Chili Peppers bezalako taldeen estiloa inspiratu zuen. 1988an, frantses telebistako Envoyé spécial saioan egindako elkarrizketa batean, Michael Jacksonekin kanta bat grabatu behar zutela jakin zen: Bubbles haren tximinoarekin ezagutu zutela kontatu zuten, baina garai hartan biran zebiltzan eta ez zuten "pop izarrarekin titulu bat grabatzeko lana hartu nahi", "berdin zitzaiolako".[3]
AEBetan zehar egindako bira batek izar mailara bultzatu zituen baina, paradoxikoki, bortizkeria kontrolaezina eragin zuen. Horrela, Los Angelesko bi banda famatuak, Crips eta Bloods, aurrez aurre jarri zituen gatazka bat gertatu zen ikuskizunaren erdian. Berrogei lagun inguru zaurituta gertatu ziren Long Beach Arenako kontzertu batean hasitako tiroketan. Gertakari hori komunikabideetako azaletan agertu zen eta taldearen barruan istilu ugari sortu. Run–DMCri aurpegiratzen zaio, rapari orokorrean bezalaxe, bortizkeriara bultzatzea, hip-hop komunitate osoa gero eta gehiago edo gutxiago zikindu duen ospea.
Aldaketa eta gainbehera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1988an orobat, taldearen bigarren filma, Tougher Than Leather, zinema aretoetan estreinatu zen, izen bereko diskoa euskarri hartuta. Hala ere, taldearen ospeak behera egin zuen, hip-hop publikoak politikoki konprometituagoak hobesten baitzituen, hala nola Public Enemy. 1990ean, Run–DMCk bosgarren diskoa argitaratu zuen, Back From Hell, baina etsipen handia izan zen haientzat: krisialdian sartu ziren, DMC alkoholismoan erori eta Run bortxaketaz oker akusatu.
Hiru kideek atzean utzi zituzten gorabehera txar horiek guztiak, erlijiora jo (Joseph Simmons artzain pentekosteista bihurtu zen), eta itzulera biribila egin zuten 1993an, Down with the King urrezko diskoaren ziurtagiriarekin. Disko horrek, neurri batean Pete Rockek ekoitzia eta CL Smooth debuta egitera gonbidatuta, bazterrak astindu zituen: The New York Timesi zera adierazi zioten: "hip-hopa irautekoa denez, Run–DMCk mugimenduari jarraitzen dio". Beraz, arrakastaz berpiztu ziren. Urte horretan, gainera, Judgment Night filmeko soinu bandan parte hartu zuen, Living Colour rock fusio taldearekin.
Ia zortzi urteko pausaldi luze baten ostean, taldekideak 2001ean elkartu ziren, Crown Royal izeneko disko guztiz berria eskaintzeko: bestelako taldea da, helduagoa, aurreko diskoetan jorratu ohi zituzten gaiak baino inpaktu txikiagokoez hitz egiten duena. DMCri buruzko zurrumurru bat zabaldu zen. Litekeena da taldea uztea, baina Runek ukatu egin du The Source aldizkarian. Method Man, Ol' Dirty Bastard, Fat Joe, Sugar Ray, Kid Rock eta Everlasten parte hartzeak biltzen ditu disko hark.
2002ko urriaren 30ean, Jam Master Jay tiroz hil zuten Queenseko grabazio estudio batean, 37 urte zituela: hilarazitako rap ezagunen panteoian sartu zen. Izar ugari joan ziren hiletara eta dohaintza ugari egin zitzaizkion haren familiari. Tragedia horrek taldearen heriotza ekarri zuen, bide batez, beren hogeiurterako disko bat grabatu nahi baitzuen. 2002ko azaroaren 6an, Joseph Run Simmonsek prentsaurreko batean iragarri zuen irtenbide bakarra ikusten ziola taldeari, horretan geratzea: "Hirurekin hasi ginen, eta Run–DMCren ondareak identitate hori beti hirukote moduan islatzea nahi dugu".[4]
Gerorakoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eminemek aitortu du taldeak asko inspiratu zuela, hari esker jarri zela rapean, eta Marshall Mathers Eminem bihurtu zela. Izan ere, 2009ko apirilean Clevelandeko Rock and Roll Hall of Famera igo ziren. Halaber, Jam Master Jay ezaguna da Curtis Jackson 50 Cent bihurtu zuelako ospetsu: den bezalakoa bihurtu arte gidatu eta moldatu zuen.
Publizitate-kontratua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Taldekideak Adidas kirol enpresa ezagunarekin miloi bat dolarreko kontratua egin duten lehenak dira, kirolariak izan gabe. Denbora guztian daramatzaten kirol-zapatei ereserki bat ere egin zieten My Adidas kanta arrakastatsuaz.
Adidas Superstar 80's × Run DMC bat 2011ko azaroaren[5] 11n estreinatu zen, My Adidas kantaren 25 urteak zirela eta.
Agerraldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Telebistaz
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Sneakers: The Cult of Shoes dokumentalean, aholkulariak dira eta beren kideek deskribatzen dituzte (Ikus bideoa [artxiboa] 8. minutuko 25. segundotik aurrera).
- Everybody Hates Chris telesailean, Chrisen talderik gogokoena Run-DMC da. Lehen denboraldiko lehen atalean, 12. segundoan, Chris Darryl McDaniels bezala jantzita ageri da, eta gero, 2 minutu eta 10 segundo inguruan, hondoko musika It's Like That da. Beste atal batean (13. atala, 2. denboraldia), bere idoloak imitatzen ditu Rock Box kantatuz eta haien poster bat dauka gelan zintzilik. Halaber, 3. denboraldiko 16. atalean, Everybody Hates Undertakers izenekoan, Chrisek sarrerak ditu Run-DMC kontzertuan ikusteko, eta horixe da, bide batez, atalaren bilbe nagusia. Chrisek 4. denboraldiko 8. atalean dio bere talderik gogokoena Run-DMC dela. Halaber, 4. denboraldiko 13. atalean, Chrisek J. Simmons izena daraman nortasun agiri faltsua egin du, Rev' Run-i omenaldi gisa. Eta ezohikoa den bezala, atal horren amaieran hondoko ahotsak ez du Everybody Hates Chris esaten, Everybody Hates Gene baizik (Chrisek bere nortasun agirian Gene izena jarria zuen). Azkenik, telesailaren azkenaurreko atalean (21. atala, 4. denboraldia), You Talk Too Much arrakastatsua jotzen da. Beraz, ikus daiteke AEBko herri kulturan, eta bereziki New Yorkekoan, izen hori arrakastaren eta aberastasunaren sinboloa dela.
- American Dad! telesaileko atal batean, Roger estralurtarrak Jay Master Jayren elastiko bat nahi du, mesede baten truke.
- Skins-en 4. denboraldiko lehen atalean, gaueko klubaren jabeak bulegoan Run-DMC elastiko bat markoztatuta dauka.
Zineman
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Die Hard filmean, lehen musika (7. minutuan, gutxi gorabehera) Christmas in Hollis da.
- Asterix aux Jeux Olympiques filmean, amaierako musika It's Like My Bodyrox-en remix bat da.
- Ghostbusters II filmak (1989an estreinatua) duen musika gaia taldeak ekoitzi eta grabatu zuen.
- 1987ko The Lost Boys izeneko teen movie filmean (jatorrizko bandan ez da ageri).
- Trainspotting 2n
- Ted Demmeren Who's the Man? filmean (1993an estreinatua) ageri dira.
Musikan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jay-Z eta Alicia Keys-en Empire State of Mind-en Jay-Zk honela dio: Catch me in the kitchen like a Simmons whipping pastry ("Harrapa nazazu sukaldean, pastelak jotzen ari den Simmons bat bezala"). Joseph Simmonsen alaba Vanessa eta Angela dira: Pastry Footwear beren zapata-marka merkaturatu zuten, beren pastel gogokoenetan inspiratuta, eta hortik dator sukaldaritzarekiko lotura. Eta, bide batez, omenaldi txiki bat New Yorkeko rap talde aitzindarietako bati.
- French Montana, Wale eta Meek Mill-en Actin' Upen, azken horrek kantatzen du: "Neure negozioa zuzentzen dudalako, Edgerrinek bezala edo, are hobeto, Revek bezala". Hortaz, ulertzen da diru asko irabazten dutela adierazten dutela Edgerrin Jamesek bezala (futbol amerikarreko jokalaria, 1999an Rookie of the year izendatua), edo, hobeto esanda, Rev' Runek bezala (Joseph Simmons).
Iragarkietan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Adidasen All'house party di Adidas Originals iragarkian ageri dira, beste artista eta kirolari batzuekin batera (David Beckham, Katy Perry, Estelle, Kevin Garnett, Young Jeezy, Missy Elliot, Jin Au-Yeung, Method Man, Redman[6][7]).
- It's Like That 2011ko Fantarako iragarki batean ageri da.
Bideojokoetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1999: King of Rock, Thrasher: Skate and Destroy-en.
- 1999: Don't Stop, NBA Live 2000en.
- 2001: It's Tricky, SSX Trickyn.
- 2002: Rock Box, Grand Theft Auto: Vice Cityn.
- 2006: It's Like That eta My Adidas, Grand Theft Auto: Vice City Storiesen.
- 2008: Sucker MC's, Saints Row 2n.
- 2008: Rock Box, Shaun White SnowBoadingen
- 2015: It's Tricky, <i>WWE2K16</i>n.
Diskografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estudioko albumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1984: Run–DMC
- 1985: King of Rock"
- 1986: Raising Hell
- 1988: Tougher Than Leather
- 1990: Back from Hell
- 1993: Down with the King
- 2001: Crown Royal
Bildumak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1991: Together Forever: Greatest Hits 1983-1991
- 2002: Greatest Hits
- 2003: Ultimate Run–DMC
Zuzeneko albuma
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 2007: Live at Montreux 2001
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ MTV News: The Greatest Hip-Hop Groups of All Time. MTV 2006ko martxoaren 9a..
- ↑ VH1: 50 Greatest Hip Hop Artists. Rock On The Net..
- ↑ Envoyé spécial : groupe rap Run DMC. INA..
- ↑ Jam Master Jay, Run-DMC DJ, Killed In Shooting. MTV.
- ↑ Confirmation de la Adidas Originals Superstar 80 × Run DMC pour le 11 novembre. Sneakers-actus.fr.
- ↑ Publicité Adidas version longue. YouTube.
- ↑ Publicité Adidas version courte. YouTube.
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (en) Bill Adler, Tougher Than Leather: The Authorized Biography of Run-DMC, New American Library, 1987, 208 or. (ISBN 0-9656535-6-0)
- (Ingelesez) Brown, Terrell, Reverend Run (Run-DMC), Mason Crest Publishers, 2008.
- (Ingelesez) McDaniels, Darryl (with Haring, Bruce), King of Rock: Respect, Responsibility, and My Life with Run-DMC, Thomas Dunne Books/St. Martin’s Press, 2001.
- (Ingelesez) Reverend Run, The (with Taylor, Curtis L.), It's Like That: A Spiritual Memoir, St. Martin’s Press, 2000.
- (Ingelesez) Ro, Ronin, Raising Hell: The Reign, Ruin, and Redemption of Run-DMC and Jam Master Jay, Amistad, 2005.
- (en) David E. Thigpen, Jam Master Jay: The Heart of Hip-Hop, Pocket Books, 2003, 185 or. (ISBN 0-7434-7694-8, online irakurgarri)