Edukira joan

Séverine Sigrist

Wikipedia, Entziklopedia askea
Séverine Sigrist

(2008)
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakSéverine Marie-Claude Nicole Guettier
JaiotzaTours1973ko ekainaren 16a (52 urte)
Herrialdea Frantzia
Hezkuntza
HeziketaTourseko Unibertsitatea 1993) : biokimika
Estrasburgoko Unibertsitatea : master, doktoretza
Doktorego ikaslea(k)Anaïs Schaschkow (en) Itzuli
Hizkuntzakfrantsesa
Jarduerak
Jarduerakbiologo zelularra, neurozientzialaria eta biokimikaria
Jasotako sariak

Twitter: sigristseverine Edit the value on Wikidata

Séverine Sigrist (Tours, Frantzia, 1973ko ekainaren 16a) Frantziako biologo zelularra eta neurozientzialaria da, eta diabetesaren tratamenduan oinarritzen dira haren ikerketa-ardatz nagusiak.[1] Bere mugarri profesionala pankrea bioartifiziala sortzea da.[2][3]

1993an biokimikan lizentziatu zen Tourseko François Rabelais Unibertsitatean. 1993tik 1996ra Farmazia eta Bioteknologia masterra egin zuen Estrasburgoko Unibertsitatean. Azkenik, 1996tik 1999ra biologia zelularrari eta neurozientziari buruzko doktoretza egin zuen masterra egin zuen unibertsitate berean.[2][3][4]

Karrera zientifikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere ibilbide zientifikoa Centre Européen d'Étude du Diabète-n (CEED) hasi zuen 2000. urtean, 1. motako diabetesa duten pazienteentzat pankreako Langerhansen irlen transplanteari buruzko ikerketa baten arduradun gisa. 2005ean, laborategiko buru izendatu zuten, eta ikerketa berriak hasi zituen gaixotasun horren prebentziorako eta tratamendurako. Ikerketa-proiektuen jarraipena egiteaz arduratu zen, kolaboratzaileak bilatuz, nazioarteko aldizkarietan artikuluak editatuz eta argitaratuz. Aldi berean, unibertsitateko irakaskuntzan ere aritu zen.[1][3]

2014an, Séverine Biovalley Franceko presidente bihurtu zen. Osasungintzan diharduten enpresetan berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzen dituen elkartea da.[3][5]

Séverine 50 argitalpen zientifiko baino gehiagoren egilea da eta hainbat patente ere baditu.[3][5]

Ibilbide profesionala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Molekula biologikoak jariatzen dituzten zelulak eduki ditzaketen gailu medikoak ikertzen, garatzen eta ustiatzen dituen Defymed enpresaren sortzailea eta lehendakaria da.[2][6]

Defymedek garatutako gailu medikoak proba aurrekliniko aurreratuen fasean daude gaur egun (2024).[6]

Pankrea bioartifiziala (BAP)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1 motako diabetes mellitus tratatzeko intsulina jariatzen duten zelulak kapsulatzen dituen gailu mediko bat da.[7]

Gailu hau mintz biobateragarri baina ez-biodegradagarriz osatutako poltsa lau zirkular bat da, glukosa eta intsulina mintz horietatik igarotzea ahalbidetzen duena. Ezin dira beste molekula batzuk igaro, hala nola immunitate-sistemako molekulak; beraz, mintz horiek iragazkortasun selektiboa dute. Mintzak immunobabesleak izateak (ez dute antigorputzik pasatzen uzten) terapia zelularreko pazienteei immunoezabatzaileak emateko beharra saihesten du.[7]

Pankrea bioartifizialaren atalen eskema eta funtzionamendua

Gailua larruazalpeko injekzio-ataka batzuek osatzen dute, eta sarrera- eta irteera-sistema bat osatzen dute. Ataka horiek kateter malgu batzuei lotuta daude, mintz erdiiragazkorren poltsa lauarekin konektatzen dituztenak. Injekzio-ataken bidez intsulina jariatzen duten zelulak eman daitezke, eta kateter malguetatik mintz erdiiragazkorren poltsara iritsiko dira.[7][8]

Gailu hori hutsik instalatzen da, inguruan baskularizazioa eta orbaintzea ahalbidetzeko, eta, horrela, injekzioa egitean hipoxia zelularra saihesteko. Hau da, gailua biltzeko odol-hodiak izatea komeni da, horiek oxigenoa eman diezaieten barruan dauden zelulei. Baskularizatu ondoren, sarrera/irteerako sistemak zelulak erraz sartzeko eta ondoren ordezteko aukera ematen du, gailu osoa berreskuratu behar izan gabe, haien balio-bizitza luzatuz eta kirurgia errepikatuak saihestuz.[7][8]

Beraz, gailu horrek intsulina jariatzen duten zelulen sarbide mugagabea ematen du, zelulak ordezteko eta zelula amak injektatzeko aukeragatik. Horrela, giza dohaintzekiko mendekotasuna saihesten da.[7]

Gainera, gailu hau beste helburu batzuetarako ere erabil daiteke, adibidez, A hemofilia tratatzeko. Intsulina jariatzen duten zelulak kapsulatu beharrean, VIII. koagulazio-faktorea jariatzen duten zelulak kapsulatu daitezke. Horrela, bada, pankrea bioartifizial bat izatetik funtzio ugari dituen organo bioartifizial bat izatera igaroko litzateke gailu mediko hori, eta hainbat patologiari egokituko litzaioke.[7]

Intsulina emateko gailua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Intsulina fisiologikoki emateko gailu medikoa da. Aparatu horrek bat-batean intsulina ematen du larruazalpeko peritoneo-injekzio baten bidez. Pankrea bioartifizialak bezala, mintz biobateragarri baina ez-biodegradagarri batek osatzen du, eta iragazkortasun selektiboa intsulinak bakarrik du.[3][9][10]

Gailu hori patologia eta tratamendu gehiagotara molda daiteke; izan ere, intsulinaz gain, farmakoak edo beste molekula batzuk injekta ditzake.[3][9]

2022ko urtarrilean, Defymedek fase klinikoetako saiakuntzarekin hasteko onespena jaso zuen. Lehenengo fase klinikoaren helburua paziente diabetikoei intsulina fisiologikoa ematearen onura baliozkotzea, eta gailu berri horren arriskuak, segurtasuna eta tolerantzia ebaluatzea izan zen. Lehenengo fase honek 18 hilabete inguru iraungo duela aurreikusten da. Zehazki, azterlan hau 1 motako diabetesa duten pazienteentzat pentsatuta dago, intsulina larruazalpetik behar bezala hartzen ez dutenentzat eta odoleko glukosa-mailetan aldaketa handiak jasaten dituztenentzat.[3][9][10]

Ikerketa zientifikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketa guztiak gorabehera, gaur egun oraindik ez dira ezagutzen 1 motako diabetesaren arrazoi zehatzak. Hala ere, Séverinek 3 faktore planteatzen ditu: faktore genetikoa, autoimmunitatea eta ingurune-faktoreak, hala nola elikadura eta estresa. Elikaduraren faktoreari dagokionez, gaur egun kantitate- eta kalitate-eskalako arazoa dela adierazi du. Gaur egungo fruta eta barazki askok lehengoak baino antioxidatzaile gutxiago dituzte, eta, ondorioz, pankreako beta zelulek (intsulinaren jariatzaileak) estres oxidatiboan eragin handiagoa dute. Horri elikagaietan pestizidak erabiltzea gehitu beharko genioke.[3][11]

Ondorioz, Séverineren ikerketa askok antioxidatzaileetan oinarritzen dira.[11]

Antioxidatzaileek diabetesean duten eragin babeslea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diabetesak areagotu egiten du konplikazio mikrobaskularrak izateko arriskua (adib. nefropatia diabetikoa) eta makrobaskularrak (adib. miokardiopatia diabetikoa). Odol-fluxu murriztuak neuropatiak eta erretinopatiak ere eragin ditzake. Hantura ere prozesu garrantzitsua da gaixotasun honetan konplikazioak garatzeko, hipergluzemiak hanturaren aldeko proteinen mailak handitzen dituelako eta hantura lokala eta sistemikoa eragiten duelako.[12]

Egoneko bizimoduak gehiegizko elikadurarekin eta elikagai prozesatu eta azukredunekin diabetesa izateko arriskua areagotzen du, baita beste faktore batzuk ere, hala nola tabakismoa, alkoholismoa eta erradikal oxidatzaileak areagotzen dituzten izpi ultramoreak, konplikazio kardiobaskularrak areagotuz.[12]

Dieta mediterraneoak (fruta, barazki, zereal, oliba-olio eta ardo ugari) ahalmen antioxidatzailea handitzen duela, hantura gutxitzen duela eta intsulinarekiko sentikortasuna hobetzen duela, besteak beste, frogatu zen. Hala, dieta mediterraneoak 2. motako diabetesaren eta erretinopatia diabetikoaren intzidentzia murrizten du. Gainera, ikerketa gehienek antioxidatzaileetan aberatsak diren produktu naturalen onurak aipatzen dituzte, odol-hodiak oxidazio-estresetik, homeostasi baskularraren galeratik eta konplikazio diabetikoetatik babesten dituztenak. Beraz, azterketek erakusten dute antioxidatzaileek ROS gehiegi ekoizteari aurrea hartzeko edo aurre egiteko duten gaitasuna. Hori garrantzitsua da, ROS mailak baitira eraldatutako intsulinaren sentikortasunaren determinatzaile nagusiak.[12]

Pankrea bioartifizial aurre-baskularizatuaren segurtasuna eta funtzioa arratoi alogeniko eredu batean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Defymedeko pankrea bioartifiziala baino lehen, beste enpresa batzuetako zelulak kapsulatzeko hainbat gailu zeuden, baina haietako bat ere ez zen merkatura iritsi, azterketak bideraezin bihurtzen zituen arazoengatik. Horrela, Séverinek eta bere taldeak glukosarekiko, intsulinarekiko, oxigenoarekiko eta mantenugaiekiko iragazkortasun handiarekin mintz biobateragarriak izango zituen gailu bideragarri bat lortzeko lan egin zuten, IgG gaitzespenarekin.[8]

Gainera, momentuan dauden beste gailuak ez bezala, gailu hau hutsik ezartzen da, gailuaren inguruko baskularizazioa ahalbidetzeko eta zelulen hipoxia saihesteko. 6 asteren ondoren, intsulina jariatzen duten zelulak injektatzen dira injekzio-portuetatik.[8]

Séverinek eta bere taldeak in vitro eta in vivo azterketak egiten dituzte gailuaren diseinuari eta iragazkortasunari, biointegrazioari, arratoi diabetikoengan duten funtzioari eta immunizazioari buruz. Gailu funtzionala dutela frogatzen dute, etorkizuneko saiakuntza klinikoekin aldera daitezkeen baldintzetan, eta horren segurtasuna eta biobateragarritasuna frogatzen dute.[8]

Sariak eta aintzatespenak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2014an, Irène-Joliot-Curie Saria jaso zuen, "Emakume ekintzailearen ibilbidea" kategorian, egoitza Estrasburgon (Frantzia) duen Centre européen d’étude du diabète (CEED) zentroan egindako ikerketa-jarduera osoagatik.[1]

Urtea Saria Kategoria Emaitza
2010 Enpresa berritzaileak sortzen laguntzeko lehiaketa nazionala Larrialdia Irabazlea[1]
2011 Enpresa berritzaileak sortzen laguntzeko lehiaketa nazionala Sorrera eta garapena Irabazlea[1]
2012 Women’s Gold Award Berrikuntzaren urrezko emakumea Irabazlea[13]
2013 Ohorezko legioko dama Irabazlea[14]
2014 Irène-Joliot-Curie saria Emakume ekintzailearen ibilbidea Irabazlea[2][15]
2018 Woman innovator in EU Finalista

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e (Frantsesez) «SIGRIST Séverine | Centre Européen d’Etude du Diabète» Centre Européen d’Etude du Diabète (kontsulta data: 2025-06-22).
  2. a b c d (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2017-06-16). «Séverine Sigrist, bióloga celular» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2025-06-22).
  3. a b c d e f g h i (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2022-05-11). «Séverine Sigrist, creadora del páncreas bioartificial» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2025-06-22).
  4. «Severine Sigrist». F6S.
  5. a b (Ingelesez) DEFY - iNanoBIT project partner | iNanoBIT. 2017-10-25 (kontsulta data: 2025-06-22).
  6. a b ««Defymed | Advanced therapies inspired for you»» directdexchange.com (Defymed (en fr-FR).) (kontsulta data: 2025-06-22).
  7. a b c d e f «Defymed veut cibler d'autres pathologies chroniques avec Mailpan. .
  8. a b c d e (Ingelesez) Magisson, Jordan; Sassi, Aladin; Xhema, Daela; Kobalyan, Aram; Gianello, Pierre; Mourer, Brice; Tran, Nguyen; Burcez, Charles-Thibault et al.. (2020-01-01). «Safety and function of a new pre-vascularized bioartificial pancreas in an allogeneic rat model» Journal of Tissue Engineering 11: 2041731420924818.  doi:10.1177/2041731420924818. ISSN 2041-7314. PMID 32523669. PMC 7257875. (kontsulta data: 2025-06-22).
  9. a b c (Ingelesez) M.Sc, Sarah Hand. (2017-07-13). «Defymed to Develop an Implantable Device for Insulin Delivery and Improved Diabetes Management» Xtalks (kontsulta data: 2025-06-24).
  10. a b (Ingelesez) Defymed. «Defymed receives approval to start its pilot clinical study with ExOlin®: the promise of a physiological treatment for diabetic patients» www.prnewswire.com (kontsulta data: 2025-06-24).
  11. a b (Frantsesez) Lanfrey, Léopoldine. (2009-01-08). «Origine et prévention du diabète de type 1» Futura (kontsulta data: 2025-06-24).
  12. a b c Dal, Stéphanie; Sigrist, Séverine. (2016). «The Protective Effect of Antioxidants Consumption on Diabetes and Vascular Complications». Diseases (en inglés) 4 (3): 24. ISSN 2079-9721. doi:10.3390/diseases4030024.
  13. (Frantsesez) Le palmarès des 20e Femmes en Or 2012 - Courchevel. 2012-12-17 (kontsulta data: 2025-06-24).
  14. (Frantsesez) «Décret du 31 décembre 2021 portant promotion et nomination dans l'ordre national de la Légion d'honneur - Légifrance» www.legifrance.gouv.fr (kontsulta data: 2025-06-24).
  15. (Frantsesez) «13ème édition du prix Irène Joliot-Curie : le docteur Séverine Sigrist lauréate | Centre européen d’étude du Diabète» Centre européen d’étude du Diabète (kontsulta data: 2025-06-24).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]