Sabinar emakumeen bahiketa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search


Sabinar emakumeen bahiketa-ren kopia bat, Florentziako Piazza della Signorian dagoena, Giambologna flandiarrarena.

Sabinar emakumeen bahiketa gertaera mitologiko bat da, erromatarrek sabinar tribuaren emakumeei eginiko bahiketa kontatzen duena.

Kondaira[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kondairaren arabera, Erromaren lehenengo aroetan biztanle gehienbak gizonezkoak ziren. Arazo honi aurre egiteko, Romulok, Erromaren fundatzaileak, kirol proba batzuk antolatu zituen Neptuno jainkoaren omenez. Inguruetako herrialdeetako biztanleak ere gonbidatu zituen. Sabiniako biztanleek emakumeak eta umeak ere eraman zituzten Erromara.

Jokoak hasi zirenean, erromatar gizonezko bakoitzak emakume bat bahitu zuen. Ondoren, gizonezkoak hiritik kanporatu zituzten eta bahitutako emakumeak lasaitzen saiatu ziren, haiekin ezkondu nahi zutela esanez, eta harro sentitu beharko zutela esplikatuz, Erroma jainkoek aukeratutako hiria baitzen. Emakume sabinarrek baldintza bat jarri zuten ezkontzeko: etxean, beraiek aginduko zuten gizonen gainetik, eta bakarrik josteaz arduratuko zirela, beste etxeko lanak alde batera utzita. Gizon sabinarrak, haserre traizio bikoitz harengatik (alde batetik, erromatarrek eginiko bahiketagatik, eta, bestetik, sabinar emakumeek erromatarrekin ezkontzeko prest egoteagatik), Erromari eraso zioten, Kapitolinoa inguratuz. Inguru hartara sartzeko, Tarpeia izeneko emakume sabinar baten laguntza izan zuten, zeinak sarrera erraztu baitzien besoetan zeramatenaren truke, hau da, besoko batzuen truke. Gizonezkoek tratua ontzat hartu zuten, baina besokoak eman beharrean, beraien ezkutuak eman zizkioten, eta Tarpeia haien azpian hil egin zen, zanpatuta. Hilketa hori gertatu zen lekuak Tarpeiaren Harroka izena hartu zuen. Bertatik, traidoreak amildegian behera botatzen ziren antzinako denboretan.

Erromatar eta sabinarren arteko azken borrokaldian, emakume sabinarrak bi taldeen artean jarri ziren, eta borrokan ez jarraitzeko eskatu zieten batzuei eta besteei, zeren eta, erromatarrek irabaziz gero, beraien guraso eta nebak galduko baitzituzten, eta sabinar gizonek irabaziz gero, berriz, beraien semeak eta senarrak galduko zituzten. Azkenean, bankete oparo bat ospatu zuten, errekontziliazioa ospatzeko. Sabiniako erregeak, Tito Taziok, Erromakoarekin batera, Romulorekin batera alegia, diarkia bat sortu zuen, Titoren heriotza egunera arte iraun zuena.

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sabinar emakumeen bahiketa Aldatu lotura Wikidatan