Saladin I.a

Wikipedia(e)tik
Saladin» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Saladin I.a
Salah ad-Din Yusuf ibn Ayyub
Saladin I.a

Egipto eta Siriako sultana
1174 – 1193ko martxoaren 4a
Aurrekoa kargu berria
Ondorengoa Al-Aziz Uthman (Egipto)
Al-Afdal (Siria)

Jaiotza 1137
Tikrit, Abbastar Kaliferria
Heriotza 1193ko martxoaren 4a
Damasko, Aiubtar Sultanerria
Ezkontidea(k) Ismat ad-Din Khatun
Erlijioa sunismoa

Saladin I.a[1] edo An-Nasir Salah ad-Din Yusuf ibn Ayyub (arabieraz: صلاح الدين يوسف بن أيوب‎, Ṣalāḥ ad-Dīn Yūsuf ibn Ayyūb, «Yusub, Ayuben semea»; kurdueraz: سەلاحەدینی ئەییووبی, Selahedînê Eyûbî; Tikrit, 1137 - Damasko, 1193ko martxoaren 4a), Egiptoko sultan ayyubiarra izan zen 1171-1193 urteetan, eta Siriakoa 1174-1193 urteetan. Historiako islamdar agintaririk handienetarikoa izan zen.

Islamaren defendatzailea, bereziki sunismoarena, Ekialde Hurbila batu zuen politikaren eta erlijioaren aldetik, kristauei aurre eginez eta Abbastar Kaliferriko kultu ofizialetik urrun zeuden edozein doktrina amaiaraziz. Bereziki ezaguna da Lurralde Santuak gurutzatuei kentzeagatik eta Jerusalem musulmanei itzultzeagatik. Gertaera hura kolpe latza izan zen Mendebaldearentzat, eta beste gurutzada bat antolatu zen, Rikardo I.a Ingalaterrakoa buru zela.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Familia kurdu ahaltsu bateko semea zen, eta aita Siriako iparraldeko gobernari turkiarraren zerbitzuan jarri zen. Saladin, beraz, Alepo, Baalbek eta Damaskon hazi zen eta hiri horietan egin zituen erlijio ikasketak. Egiptora abiatutako hiru espedizio militarretan parte hartu zuen lurraldea gurutzatuen esku gera ez zedin, Palestina haien mende baitzegoen jada. 1169. urtean Egiptoko bisir izendatu zuten, eta 1174. urtean, Siriako emirra hil zenean, musulmanen mendeko Siriaz jabetu zen. Hurrengo hamabi urteetan Siria, Mesopotamia, Palestina eta Egiptoko indar musulmanak batzen saiatu zen.

1187. urtean Saladinen gudarosteek gurutzatuenak garaitu zituzten Hatinen (Tiberiadestik gertu), Palestinako iparraldean, eta hiru hilabeteren buruan ia Jerusalemgo Erresuma guztia zegoen Saladinen mende. 1187. urteko urrian, 88 urtez kristauen mende egon ondoren, Jerusalemgo hiri santua hartu zuten Saladinen gizonek.

Musulmanek Jerusalem hartu zuteneko albistea Europara heldu zenean, Hirugarren Gurutzada antolatu zen eta Europako hiru errege abiatu ziren, nor bere gudarostearen buru zela, hiri santura Saladino garaitzeko asmoz. 1192. urtean Rikardo Lehoi Bihotzak, Saladinen areriorik handienak, Europarako bidea hartu zuenean, gerra irabazitzat jo zuen Saladinek eta Damaskora erretiratu zen betiko.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Saladin I.a Aldatu lotura Wikidatan