Salazar jauregia
Salazar jauregia | |
---|---|
Kokapena | |
Arkitektura | |
Salazar jauregia Erriberabeitiako Manzanos herrian dagoen jauregia da.
2002ko ekainaren 25ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baserri-jauregi barroko hau XVII. mendekoa da. Entokatu gabeko harrizko hormak ditu tamaina handiko junturekin; apaindura gutxi ditu eta harlanduzko lana baoen inguruan, ertzeetan eta inpostetan. Sarrera nagusia erdiko zutabe baten gainean dagoen bi arkutako atari edo portalea da, lehen harrera egiteko gunea. Oin angeluzuzeneko eraikina da, hiru isurialdeko estalkia du, teila arabiarrezkoa. Bi solairu ditu: behekoa eta lehena.
Fatxada nagusia ekialdeari begira, Narros Markesaren parkearen aurrean dago, San Joan Bataiatzailearen elizaren ondoan; horregatik azpimarragarria da, alde horretatik nabarmenagoa baita. Beheko solairuan, eskuinaldera zertxobait mugituta, bi arku eskartzano beheratutako portale bat dago; erdian hareharrizko zutabe sendo bat du eta muturretan bi pilastra. Horiek idulki molduradunak dituzte. Bi arkuen dobelek beheko aldea dute fatxadaren hormataletik irtenda. Hareharrizko inposta horizontalak daude eta forjaketaren lerroak markatzen dituzte, bai beheko eta lehen solairuaren artean zein erlaitzaren parean. Inposta bi arku eskartzanoetara iristen denean bukatzen da. Portalearen ezkerraldean jatorrizkoak ez diren bi leiho daude eta eskuinaldean jatorrizko leiho bakarra; azken hori txikiagoa da beste biak baino, eta irtengunea du inguruaren harlanduzko lanean. Lehen solairuan, ardatz bana eratzen, hiru bao dinteldu daude, balkoi beherekoak. Erdiko ardatzaren balkoia atariaren zutabeari dagokio bertikalean, eta albokoak beheko solairuko leihoei; gaur egun, ezkerreko leihoaren ordez bi leiho daude, kolore desberdineko harriz inguratuta. Belarri-itxurako plakek markoetako inguruak nabarmentzen dituzte. Atariaren ezkerreko pilastraren bertikalaren gainean, lehen solairuan, armarri eder bat dago; eta behetik hori eta goitik molduradun erlaitzez bukatuta dago. Armarria kuarteldua da eta lehen eta hirugarren kuarteletan Salazartarren eta Montoiatarren armak agertzen dira, hurrenez hurren. Bigarren kuartelean lis lore-formako gurutze huts bat dago, apezpikuen dignitate-kapeluaz eta kordoiez inguratuta. Laugarren kuartelean bi pertz gringoldu daude, bertikalean jarrita, San Andresen zortzi gurutzez orlatuta. Armak kasket batez eta lanbrekinez tinbratuta daude.
Hegoaldeko fatxadak gainjarritako egurrezko bi atari ditu ezaugarri. Atariek fatxadaren bi heren betetzen dituen etxe-egutera osatzen dute. Egitura egurrezkoa da, eta solairu bakoitzeko sei bao dinteldu ditu: bost aurrealdean eta seigarrena alboan, fatxada nagusiaren maila berean. Lehen solairuaren euskarriak altuagoak dira eta sabaiaren habeak eta estalkiaren zuburuak hartzen dituzte. Hiru dira arkupearen azpian dagoen horman irekitako hutsarteak: bi leiho eta ukuiluen sarbide den atea. Bi balkoi-hutsartetatik sar daiteke eguterara etxe-barrutik. Fatxadaren hirugarren tartea, ezkerrekoa, hormatal harresitua da eta leiho bakarra du lehen solairuan. Leiho horrek markoa nabarmendua du leihozangoetan eta leihoburuan, eta leiho-hegiak moldurak ditu. Beheko solairuan, ukuilua argitzeko, bi hutsarte txarenbeldu txiki daude. Hutsarte horiek inposta horizontala dute leihoburu gisa, eta ezkerrekoak bere itxura etzana galdu du, tamaina handitzeko obraren ondorioz.
Atzeko fatxada mendebaldeari begira eta bide sekundario baten gainean dago, eta harresitua da gehienbat. Jatorrizko beheko solairuak ez zuen hutsarterik, baina gaur egun bi leiho ditu: egurra kargatzeko tokiak. Lehen solairuak bost bao ditu. Txikiena hormatuta dago. Alboko leihoek inguruak nabarmenduta dituzte euren lau alboetan, guztiz erdikoak ez diren baoak, berriz, balkoi behereak dira. Iparraldeko fatxada harrizko horma da, eta ezin da kanpotik bereizi aurrealde osoan zehar eraikinak dituen eranskinengatik. Hormak hainbat hutsarte ditu jauregi-etxea eranskinekin elkartzeko.
Portaleak oin angeluzuzena du, eta sabaia, egurrezko habexkez egina, altuera txikiko pilastra baten gainean dagoen gatzariak eta portaleko zutabeak osatutako bi tarteen artean dago. Aurrealdean etxearen sarbide nagusia dago; sarbidea dinteldua da. Horren markoak irtengune laua du eta ateko albateak burdinazko iltze-multzo bat. Neurri txikiagoko ate bat portaleko eskuinaldeko horman dagoen gelaren sarbidea da.
Beheko solairua oin angeluzuzeneko erdiko atondo edo ezkaratz zabal baten inguruan antolatzen da. Bertara, portaletik sartzen da. Ezkaratzean eskailera-gune nagusia dago. Eskailera bi tartekoa da eta eskailburua du, exentua da eta eskuairan antolatuta dago. Mailak eta baranda harrizkoak dira. Portalearenaren luzapena den gatzariak atondoa korritzen du. Gatzaria toskanar zutabe baten gainean dago eskaileren ondoan, eta zutabe-erdi baten gainean atondoaren eta portalearen arteko horman. Bi euskarri horiek armarria dute: Salazartarren izarrak. Ataria zenbait gelatarako da: ezkerraldean, sukaldea eta egongela; eskuinaldean, bainu-gelak eta biltegia; eta mendebalde osoa betetzen, ukuilua. Lehen solairuak gela nobleak eta egongela ditu fatxada nagusiari begira. Sukalde zaharra hegoaldeko alboan dago, eta irteera du etxe-eguterara. Zeramika zaharreko zoladurak marrazki desberdinak egiten dituzte gelen arabera. Hormak adreiluzko uztaiak dira eta egurrezko gapirioen arteko tarteak kare-mortairuz beteta daude.
Irudiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Calderondar, Salazatar eta Saltzedotarren dorretxea.
- Salazar dorrea.
- Salazartarren jauregia (Haro).
- Salazartarren jauregia (Muskiz).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |