Salomon Uharteak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Salomon Uharteak
Solomon Islands
Bandera Armarria
Goiburua: To Lead is to Serve
(Gidatzea zerbitzatzea da)
Ereserkia: God Save Our Solomon Islands
Errege ereserkiaGod Save the Queen
Hiriburua
eta hiri handiena
Honiara
Hizkuntza ofiziala(k) ingelesa
Herritarra salomondar[1]
Gobernua Monarkia konstituzionala
 -  Erregina Elisabet II.a
 -  Gobernadorea Frank Kabui
 -  Lehen ministroa Rick Houenipwela
Independentzia
 -  Erresuma Batutik 1978ko uztailaren 7a 
Azalera
 -  Guztira 28,400 km2 (139.)
 -  Ura (%) 3,2
Biztanleria
 -  20162016[2] zenbatespena 599.419 (162.)
 -  Dentsitatea 18,1 bizt./km2 (200.)
Dirua Salomondar dolar (SBD)
Ordu-eremua (UTC+11)
Aurrezenbakia 677
Internet domeinua sb

Salomon Uharteak[1] (ingelesez: Solomon Islands) Ozeaniako uharte-estatu burujabea da, Melanesiako 990 uhartez baino gehiagoz osatua, Papua Ginea Berriaren ekialdean eta Vanuaturen ipar-mendebaldean dagoena. Salomon uhartediko uharte guztiak hartzen ditu, Bougainville eta Buka izan ezik. 28.400 kilometro koadroko eremua dauka, eta 599.419 biztanle zituen 2016an.[2]

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Melanesian dago. Iparraldean Papua Ginea Berria eta Nauru ditu; ekialdean, Tuvalu; hego-ekialdean, Fiji; hegoaldean, Vanuatu; hego-mendebaldean, Australia; eta mendebaldean, Papua Ginea Berria.

Erliebea eta hidrografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salomon Uharteak ipar-mendebaldetik hego-ekialderako norabidean aurrez aurre jarritako bi uharte-ilara edo kate dira: Vella Lavella, Kolombangara, Georgia Berria eta Guadalcanal hegoaldean, eta Choiseul, Santa Isabel eta Malaita iparraldean. Bi ilarek bat egiten dute hego-ekialdean, San Cristobal uhartean. Uharte nagusi horiez gainera, beste uharte txiki eta atoloi asko daude.

Sumendi jatorriko uharte menditsuak dira gehienak. Mendi garaiena Guadalcanal uharteko Popomanaseu da: 2.330 metro. Sumendiak ere daude, horietako batzuk aktiboak. Batzuetan lurrikarak izaten dira. Uharte handienetan ur emari lasterreko ibai txikiak daude.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salomon Uharteek klima bero hezea dute, urtean zehar ia gorabeherarik ez duena: 27 °C eta 3.000 mm euri. Haize-erauntsiak izaten dira. Klima mota hori dela-eta, basoak lurraldearen %90 hartzen du. Ustiatutako basoak hazkunde bizkorreko zuhaitzez landatzen dira.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai koloniala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salomon Uharteetako gerlariak 1895ean.

1568an iritsi zen lehen europarra, Alvaro Mendaña de Neira, Espainiako erregeren zerbitzura ari zen esploratzailea. Erreketan urrea aurkitu zuelarik, izen bibliko bat ezarri zien huharteei: urre meategiak zituen Salomonen irlak.[3] Espainiarrak ez ziren uharteetan finkatu; laster galdu zuten uharteekiko interesa, uste zituzten aberastasunak aurkitu ez zituztelarik. Geroago, herbehereetar, frantses eta britainiar esploratzaileak joan ziren. Lehenik misiolari katolikoak joan ziren eta, geroago, misiolari anglikanoak. 1870 ingurutik XX. mendearen hasiera arte, blackbirder-ek uharteko jatorriko biztanleak lanera behartu zituzten Fiji eta beste uharte batzuetako lursailetan. 1886an, alemaniarrek eta britainiarrek hitzarmen bat izenpetu zuten, eta iparraldeko uharteak Alemaniaren babespean geratu ziren eta hegoaldeko uharteak Britainia Handiarenean.

Estatubatuar marineak 1942ko Guadalcanalgo Kanpainan.

1899an, Alemaniak Britainia Handiaren babesean utzi zituen iparraldeko uharteak, Bougainville eta Buka izan ezik, hari Mendebaldeko Samoa uharteak utzi izanaren ordainez. Lehen Mundu Gerran, Australiako gudarosteek gainerako uharteak hartu zituzten. 1942an, Bigarren Mundu Gerran, japoniarrek hartu zituzten Salomon uharteak, eta Ozeano Bareko gudu latzenetako batzuk, Guadalcanalgo gudua esate baterako, izan ziren inguruko uharte eta itsasoetan. Protektoratuko hiriburua, Tulagi, suntsitua geratu zen. Gerra amaitu ondoren, hiriburu berri bat eraiki zen Guadalcanal uhartearen iparraldean: Honaira. Handik aurrera, pixkanaka, uharteei gero eta autonomia zabalagoa eman zitzaien, eta 1978an burujabetza osoa erdietsi zuten.

Salomon Uharteak independenteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Burujabetasuna lortu zuenez gero, lehen ministroen aldaketa etengabea izan da Salomoneko ezaugarri nagusietako bat; izan ere, hiru urte inguru iraun izan dute beren karguan, eta politikako harremanak gorabehera pertsonaletan oinarrituak dira, alderdi politikoen arteko gorabeheretan baino areago. 1981ean, Peter Kenilorea lehen ministroaren kontrako zentsura mozioa sartu ondoren, Salomon Mamaloni izendatu zuten gobernuburu. Mamalonik arma nuklearrak garraiatzen zituzten edo energia nuklearrez zebiltzan itsasontzi edo hegazkinak herrialdean sartzeko debekua ezarri zuen. 1986-1989 bitartean Ezekiel Alebua egon zen agintean, baina 1989an berriro ere Mamalonik hartu zuen kargua. Bigarren agintaldian, Estatu Batuetako konpainia batek hondakin nuklearretarako biltegi gisa Salomoneko eremua erabiltzeari ezetza eman zion. 1994an, Francis Billy Hilly izendatu zuten lehen ministro, baina urrian legebiltzarrak kargutik eraitsi zuen, eta Mamalonik hartu zuen berriz kargua. 1997an, Bartholomew Ulufa'alu aukeratu zuten lehen ministro; ekonomia eta finantzen alorra eraberritzeko eta arrazionalizatzeko neurriak hartu zituen, eta helburu horiek izan ziren bere politikaren ardatzak. Nazioarteko politikari dagokionez, 1992an, istiluak izan ziren Salomonen eta Papua Ginea Berriaren artean, Bougainvillek Papua Ginea Berriarengandiko burujabetasuna aldarrikatu zuela-eta. Bestalde, garrantzi handiko zeregina bete zuten Salomon Uharteek Ozeano Barearen hegoaldeko politikan eta, azkenik, babesa eman zioten Kaledonia Berriaren burujabetasunaren aldeko mugimenduari.

Etnien arteko gatazka (1998–2003)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007ko tsunamiak eragindako kalteak.

1980ko hamarkadan, Guadalcanalera lekualdatu ziren beste uharteetako jende asko, jaiotze tasa sendoa eta aldi berean ekonomia oso atzeratua dituen Malaitako biztanleak batik bat. Baina 1990eko hamarkadan mundu osoan lehengaien prezioek behera egin zutenean, liskarrak sortu ziren. Guadalcanalgo biztanleek kanpora bidali nahi izan zituzten gainerako herritarrak, batzuk hil eta askoren ondasunak kixkaliz. Ondorengo istiluetan bi milizia gorpuztu ziren: Isatabu Freedom Movement, Guadalcanal uharteko jatorrizko herritarren haserrea biltzen zuena, eta Malaita Eagles Force, besteek hildako herritarren mendekua eta bortxaz etxea eta ondasunak utzi behar izan zituzten 20.000 herritarren itzultzeko eskubidearen alde ari zena.[3]

2000an, Malaita Eagles Force-ko kideek lehen ministroa bahitu aurrena eta agintetik bota zuten gero. 2000ko urrian sinatu zuten bi miliziek eta Honiarako gobernu zentralak bake akordioa, baina hori paperetik egia izatera iristerik ez zen lortu.[3] 2003an, zikloi batek uharteak erraustu zituen. Urte berean, gobernatzaile jeneralak laguntza deia egin zion nazioarteko komunitateari estatuaren agintea berrezartzeko. 2.200 polizia eta militar iritsi ziren gehienbat Australia eta Zeelanda Berritik, baita Ozeano Bareko 20 nazio desberdinetatik. Helpem Fren izenez ezagutzen da operazio hau. 2007an, tsunami batek 20 hildako, ehunka zauritu eta kalte handiak eragin zituen.

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salomon uharteek monarkia konstituzionala osatzen dute, Commonwealth erakundearen barruan. Estatuburua, beraz, Britainia Handiko errege edo erregina da, eta gobernadore batek betetzen ditu haren ordezkoak. Aginpide betearazlea lehen ministroaren esku dago, eta lau urtez behin aukeratzen da kargu hori, legegintza ahalmenak dituen legebiltzarreko 38 kideren botoen bidez.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Administrazioari dagokionez, herrialdea bederatzi probintziaz eta hiri nagusi batez osatua dago. Hona hemen egungo probintziak:

Zbk. Probintzia Hiriburua Azalera
(km²)
Biztanleria
1999ko errolda
Biztanleriaren
dentsitatea (2009)
Biztanleria
2009ko errolda
1 Flag of Central Province Solomon Islands.png Erdialdeko probintzia Tulagi 615 21.577 42,4 26.051
2 Flag of Choiseul.png Choiseulgo probintzia Taro Island 3.837 20.008 6,9 26.371
3 Flag of Guadalcanal.png Guadalcanalgo probintzia1 Honiara 5.336 60.275 17,5 93.613
4 Flag of Isabel Province Solomon Islands.png Isabelgo probintzia Buala 4.136 20.421 6,3 26.158
5 Flag Makira and Ulawa.png Makira-Ulawako probintzia Kirakira 3.188 31.006 12,7 40.419
6 Flag of Malaiita.png Malaitako probintzia Auki 4.225 122.620 32,6 137.596
7 Flag of Rennell and Bellona Province.svg Rennell eta Bellonako probintzia Tigoa 671 2.377 4,5 3.041
8 Temotu province flag.svg Temotuko probintzia Lata 895 18.912 23,9 21.362
9 Flag of Western Province Solomon Islands.png Mendebaldeko probintzia Gizo 5.475 62.739 14,0 76.649
- Flag of Honiara.svg Hiriburu-lurraldea Honiara 22 49.107 2.936,8 64.609
  Salomon Uharteak Honiara 28.400 409.042 14,7 515.870

Oharra: 1 Honiara Hiriburuaren lurraldea izan ezik.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biztanleria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuo herriko haurrak, Fenualoa.

2016an 599.419 biztanle zituen.[2] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak %34,6 dira, 15-24 urte bitartekoak %20, 25-54 urte bitartekoak %36,5, 55-64 urte bitartekoak %4,6 eta 65 urtetik gorakoak %4,3. Bizi itxaropena 75,6 urtekoa da; 72,9 urtekoa gizonezkoena eta 78,3 urtekoa emakumezkoena (2017ko zenbatespenak). 3,16 haur emakumeko da ugalkortasun-tasa osoa.[4]

Banaketa etnikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uharteetako biztanle gehienak, %95,[4] melanesiarrak dira. Polinesiarrak gutxiengoa dira, %3, eta uharte nagusietatik urrun dauden atoloietan bizi dira.

Hizkuntzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza ofiziala ingelesa da, baina biztanleen %1-2k bakarrik erabiltzen du; biztanle gehienek ingelesa oinarri duen pidgina erabiltzen dute, eta beste 80 melanesiar hizkuntza eta dialekto baino gehiago ere mintzatzen dira.[3]

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlijio nagusiak protestantea, %77,5 (%34 anglikanoak) eta katolikoa, %19,2, dira, baina bietan agertzen dira bertako erlijioen ezaugarriak eta eragina.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honiara hiriburua da hiri bakarra; Ginzo, Auki eta Kira Kira dira beste herri aipagarriak.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Honiarako merkatu nagusia, 2013.

Salomon herrialde txikia da, azpigaratua. Bertako biztanle gehienak nekazaritzatik, arrantzatik eta basoak ustiatzetik bizi dira. Esportaziorako lantzen dira kokondoa, olio-palmondoa eta kakao arbola, baina bizibidea ateratzeko batata, taroa, ñamea, arroza, bananak eta barazkiak lantzen dituzte. Arrantzari dagokionez, atun txikia da gehiena harrapatzen dena, baina aipagarria da Salomonek bere eskumenean duen itsas eremuan arrantza egiteko Ozeano Bareko potentziei, eta batez ere Japoniari, baimenak saltzetik ateratzen den dirua. Industria jarduera nagusia zuraren lanketa da, eta zura da, hain zuzen ere, gehien esportatzen den gaietako bat. Lurpeko aberastasun handiak daude, batez ere beruna, zinka, nikela eta urrea, baina ez dira behar bezala ustiatzen.

Galera handiak izan ziren Asiako hego-ekialdeko krisiaren eraginez , eta ekonomiak %10eko beherakada izan zuen 1998an (bertako diruaren balioa %20 murriztu zen). Gobernuak neurri gogorrak hartu behar izan zituen egoera kontrolatzeko, zerbitzu publikoen gastua eta beste gastu batzuk murrizteko. Dena dela, gobernuak defizita du, eta arazoak sortzen ari dira basoen soiltzearen eraginez. Atzerriko jabeen esku daude, bestalde, bertako ekoizpen eta finantzagune nagusiak. Biztanleko barne produktu gordina oso txikia da, 2.100 dolar ingurukoa 2017an.[4]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Salomon Uharteak Aldatu lotura Wikidatan