Salvador Allenderen gobernua

Wikipedia, Entziklopedia askea

Salvador Allenderen gobernua 1970ean hasi zen eta 1973an amaitu zen, estatu kolpe baten ostean.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1973ko irailaren 11n, Augusto Pinochetek estatu kolpea jo zuen Txilen eta, baieztatu denez, Salvador Allendek bere buruaz beste egin zuen. Horrenbestez, 16 urteko diktadura iluna hasi zen Hego Amerikako herrialde hartan, eta Salvador Allendek hiru urte lehenago hautesontzietan irabazitako agintaldia amaitu[1].

Agintaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salvador Allende gobernura iristea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Salvador Allende eta bere gabinetea 1970ean.

Bide luzea egin zuen politikan Salvador Allende Gossens (1908-1973) zirujauak Txileko presidentziara iritsi baino lehen. 1929an sartu zen politikan, Avance taldearen eskutik. Lau urte geroago, Txileko Alderdi Sozialistaren sortzaileetako bat izan zen. 1939an Osasun ministro izendatu zuten Aguirre Cerdáren gobernuan, 1943an Alderdi Sozialistako idazkari nagusi, eta 1966an senatuko presidente. Lautan izan zen Txileko presidente izateko hautagai, 1952an, 1958an, 1964an eta 1970ean. Lehen ahaleginean bozken % 5,44 besterik ez zuen lortu; bigarrenean nabarmen egin zuen gora, % 28,91 eskuratuta; eta hirugarrenean inoizko emaitzarik onena lortu zuen, %38,92; baina Eduardo Frei eskuineko hautagaiarentzat izan ziren botoen % 55 baino gehiago[1].

Jorge Alessandri aurkaria zen 1970eko irailaren 4ko hauteskundeak irabazteko faborito nagusia, inkesta guztien arabera. Dirudienez, hautagai kontserbadorearen garaipenaz ziur, AEBetako Gobernuak ez zuen ahalegin handirik egin Allenderen aurkako kanpainan (ITT enpresaren bidez 250.000 dolar inguru iritsi omen zitzaizkion Alessandriri). Beste iturri batzuen arabera, AEBetatik bidaliko laguntzak zazpi zifra zituen. Hala izan bazen, ez zen nahikoa izan Alessandriren ahuleziak estaltzeko eta hauteskundeak Allendek irabazi zituen (% 36,6), atzetik, gertu, Alessandri zuela (% 34,9)[1].

Washingtonen erantzuna berehalakoa izan zen. Richard Nixonen aginduz, CIAk bi plan prestatu zituen Allende presidente izan ez zedin. Track One planak kongresuak Alessandri aukeratu zezan zuen helburu. Track Two planak, ezegonkortasun politikoa sorrarazita, hauteskundeen emaitzak bertan behera geratuko zirela aurreikusten zuen. Bi planek porrot egin zuten, urriaren 24an kongresuak Allende izendatu zuen presidente eta azaroaren 4an hartu zuen kargua[1].

Lehen neurrien arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unidad Popular alderdiaren gobernu berriak berehala abiarazi zuen ekonomiako sektore giltzarrien nazionalizazioa. Txileko baliabide nagusiak atzerriko enpresen esku zeuden nagusiki, eta gobernuaren neurriek baliabide horien etekinak ihes ez egitea eragingo zuten. Horrez gain, Freik abiatutako nekazaritza erreforma bizkortu eta sakondu zuen Allendek, sistema latifundista deuseztatuz. Gobernuaren lehen urtean Txileren BPGk % 8 egin zuen gora, kanpainan agindutako hitza beteta gainera: kontsumo produktuen prezioa izoztu zuten eta langileen soldatak igo zituzten. Paperezko dirua jaulkita lortu zuten hori, eta gobernuko ekonomialariak arrazoi zuten: billeteak jaulkitzeak ez zuen inflazioa puztuko, epe laburrean behintzat. 1968tik 1972ra gutxieneko soldata hirukoiztu egin zen (El Mercurio egunkari eskuindarrak 1989ko irailean argitaratu zuenez)[1].

Ekonomia alde batera utzita, eremu sozialean ere hobekuntzak nabariak izan ziren. Osasun arloan, mediku kopuruak % 6,6 egin zuen gora Allenderen agintaldian; erizain kopuruak % 17,8; eta odontologoenak, % 31,5. 1972an, osasun gastuek aurrekontuaren % 3,5 hartu zuten (hurrengo urtean hasi zen diktaduran batez besteko gastua % 0,6koa izan zen). Hezkuntzan, 6 eta 14 urteko eskolaratzea % 94ra iritsi zen. Liburuak, eskolako materiala eta gosaria doan banatzen zitzaizkiien oinarrizko hezkuntzako haur guztiei, eta baliabide gutxien zuten ikasleentzat bazkaria ere doakoa zen. Haur bakoitzari egunero litro erdi esne banatzeko neurria berehala jarri zuen indarrean UPren gobernuak, eta barne ekoizpena nahikoa ez eta esnea inportatu behar izan zutenean ere doako banaketa atxiki zuten. Bestalde, alarguntza pentsioa hildakoaren erretiro sariaren % 50ekoa zen 1970 arte, eta % 100era igo zuen gobernu sozialistak. Etxebizitzarena arazo larria zen Txilen. Allenderen agintaldia hastean, 480.000 etxe behar ziren herrialdean, eta 1971ko maiatzeko lurrikarak defizita 520.000raino igo zuen. Freiren agintaldian, urteko 39.000 etxebizitza eraiki ziren; Pinocheten diktaduran aldiz, 30.000. Eta UPren gobernuak arazoa konpontzea lortu ez arren, kopurua 52.000ra igotzea lortu zen[1].

Oparoaldiaren arrakalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Allenderen aldeko martxa.

Laborantzaren erreformak arazoak eragin zituen Txileko nekazaritza industria indartsuan. Lurrak nekazarien esku utzi zituzten, baina lurjabe berriek ekoizpen prozesuaren zati bat baino ez zuten kontrolatzen eta ez zuten nahiko baliabiderik eta denborarik izan sistema berrira egokitzeko[1].

Gainera, dirua neurrigabe jaulkitzearen ondorioak nozitzen hasi zen ekonomia: inflazioa % 225era iritsi zen 1972an, eta % 606ko markara 1973an[1].

Prezio sistema librea debekatuta, prezioak gobernuak ezartzen zituen. Ekonomiak hazteari utzi zionean oinarrizko kontsumo produktuen urritasuna iritsi zen eta, horrekin batera, prezio ofizialak biderkatzen zituen merkatu beltza izugarri hazi zen. Belarmino Elgueta Txileko Alderdi Sozialistako diputatu ohiaren arabera, “zalantzarik gabe, UPren zuzendaritza politiko eta administratiboak akatsak egin zituen proiektua gauzatzerakoan. Baina akats horiek ez dute oinarrizko proiektuaren baliagarritasuna ukatzen, eta ez dituzte ordu arte lortutako emaitza positiboak indargabetzen”[1].

Etsaiak etxean eta kanpoan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Akatsak akats eta Txileko ezkerraren zatiketak zatiketa –komunistek amaieraraino babestu zuten Allenderen gobernua, baina sozialisten artean geroz eta ozenago entzuten ziren harekiko desadostasunak–, UPren oztoporik handiena aurkari politikoak ziren. Agintaldia gutxiengo garbian hasi zen. 1973an parlamentua aukeratzeko hauteskundeetan, UPk 1970eko emaitzak hobetzea lortu zuen (% 43,5). Oposizioak botoen bi heren behar zituen Allende kargugabetzeko. Eta lortu ez arren, Allendek gutxiengoan gobernatzen jarraitu zuen eta oposiziora hurbiltzeko ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Gainera, hasieratik, Txileko goi eta erdi mailako gizarte taldeek kalera eraman zuten Allenderen neurriek eragindako ezinegona, eta ondorioz, Txileko gizartearen polarizazioa areagotu egin zen. Ekonomia kaltetu zuen baita ere oposizioak sustatutako boikotak: enpresak ixten zituzten, hainbat sektoretan lanuzteak bultzatu, oinarrizko produktuak suntsitzen edo ezkutatzen zituzten hornitze arazoak areagotzeko...[1]

Allenderen erreformen aurretik, Txileko ekonomia sektore etekintsuenak enpresa atzerritarren esku zeuden gehienbat (eta atzerritarrak diogunean, nagusiki estatubatuarrak esan nahi dugu). 1970eko irailaren 15ean Richard Nixonek gerora ezaguna egingo zen esaldia bota zion CIAko zuzendari Richard Helmsi: “Txileko ekonomia garrasika utziko dugu”. Eta ahalegindu egin ziren: kreditu lerroak eten zituzten, Txilek AEBetan zituen kontuak blokeatu zituzten, finantza erakundeak estutu zituzten Txilen inbertitu ez zezaten... Christian Delois historialari frantziarraren arabera, Txilek 1972an jaso behar zituen 270 milioi dolarretatik 32 besterik ez zituen eskuratu, AEBen blokeoa medio[1].

AEBetako Gobernua Allendek kargua hartu baino lehen ere hasi zen sozialistak boterea lor zezan eragozteko ahaleginean, hiru urte eman zituen Txileko oinarri ekonomikoa leherrarazten eta duela 40 urteko estatu kolpean ere zuzeneko parte-hartzea izan zuen –lehenago argi ez bazegoen, 2010ean CIAk desklasifikatutako 20.000 dokumentuek zalantza izpirik ez dute uzten–[1].

Neurri ekonomiko esanguratsuenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hona hemen UPren gobernuak 1970. urte amaieratik Pinocheten estatu kolpera bitartean hartutako neurri ekonomiko nagusiak, kongresuan gehiengoa zuen oposizioa gaindituz batzuetan, aurkari politikoen babesaz besteetan[1].

  • Txileko historiako nekazaritza erreformarik sakonena burutu zen. Latifundio sistema ezabatu eta, guztira, 5.294.750 hektarea nekazarien artean banatu zituzten.
Salvador Allende kobrearen nazionalizazioari hasiera ematen zion dokumentua sinatzen
  • 1971n kobrearen nazionalizazioa onartu zuen Kongresuak, 1966an Eduardo Freiren gobernuak abiatutako prozesua gauzatuz.
  • Oposizioaren babes osoa izan zuen neurriak eta, ondorioz, Txileko esportazio baliabide nagusia Estatuaren esku geratu zen (lehen, kobre hobi gehienak enpresa estatubatuarren esku zeuden).
  • Urte berean, gatzua minerala nazionalizatzeko prozesua burutu zen, Soquimich enpresa esku publikoetara pasa zenean.
  • Bethlehem Iron Mines enpresa nazionalizatuta, Estatuak burdina eta ikatz ekoizpenaren ardura hartu zuen.
  • Banku pribatuen nazionalizazio prozesua abiatu zen. 1971 eta 1972. urteetan Txileko banku pribatuen erdia, gutxi gorabehera, kudeatzen hasi zen Estatua.
  • Telefono konpainia nazionalizatu zuten, ordurarte ITT (International Telephon and Telegraph) enpresa estatubatuarraren eskutan zegoena.
  • Estatu enpresak sortu zituzten produktuen merkaturatzea eta banaketa bermatzeko: Enavi, Eca, Dinac, Dinatex, Dirinco... Lehen, sektorea atzerriko enpresek monopolizatzen zuten: Williamson Balfour, Ducan Fox eta Codina.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h i j k l m Nagore Irazustabarrena, «Allenderen 1.000 egunak», Argia, 2013-09-15, CC-BY-SA lizentzia

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]