Samuel Taylor Coleridge

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Samuel Taylor Coleridge, 1795ean

Samuel Taylor Coleridge (Ottery Saint Mary, Devonshire, 1772 - Londres, 1834) ingeles kritikari, filosofo eta olerkaria izan zen. Cambridgen egin zituen ikasketak, Jesus Collegen, baina ez zuen graduazioa lortu. Gaztetan, erlijioan, unitarista izan zen (Hirutasun Santua ukatzen duen eta Jainkoa izaki bakarra dela dioen dotrina protestantea, Ingalaterran garai hartan aski indartsua), materialista filosofian, eta erradikala politikan (geroago, anglikanoa eta kontserbadorea izatera iritsiko zen). 1790ean, eritasun larri baten ondoren, opioa erretzen hasi zen; uzteko ahaleginak egin arren, bizitza osoan jarraituko zuen opioa hartzen, eta arazo larriak ekarri zizkion atxikitasun horrek. Bizimodu nahasia egin zuen beti, zorrez beterik, ezin diru-iturri segururik aurkitu. 1830 urte inguruan, gero eta kritika hobeak jasotzen hasi zen; aldi berean, bere garaiko kritikari hoberentzat jotzen zuten Coleridge bera.

1796an argitara eman zuen poema-bilduma, Poems on various subjects (Hainbat gairi buruzko poemak), eta 1798an, William Wordsworthekin batera, idatzi zituen Lyrical Ballads (bereziki, The Rime of the Ancient Mariner eta The Nightingale) balada Ingalaterrako erromantizismoaren aitzindaritzat hartzen dira. Alemaniako erromantikoen ildo beretik abiaturik (Kant eta Schelling alemaniar idazleen lanak ezagutarazi zituen Ingalaterran), Plotinoren eta neoplatonikoen gaiak biltzen zituen filosofia mistiko batera lerratu zen, Aids to reflection, (1825, Gogoetarako lagungarriak). Horrez gainera, ospe handia izan zuen literatura-kritikari gisa eta berebiziko bultzada eman zion genero hari Shakespeareri buruzko hitzaldiak eta Biographia Litteraria (1817, erromantizismoaren oinarriak azaltzen dituen obra) lanen bitartez.

Coleridgeren ikuspuntutik, literaturaren osagai garrantzitsuena berak irudimen gisa deskribatu zuen emozioaren eta pentsamenduaren batasuna da. Bereziki azpimarratu zuen poesiak duen ahalmena unibertsaltasuna eta partikulartasuna lotzeko, gauzen alderdi objektiboa eta subjektiboa, orokorra eta indibiduala.


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Samuel Taylor Coleridge Aldatu lotura Wikidatan