San Gregorio Ostiakoaren basilika
| San Gregorio Ostiakoaren basilika | |
|---|---|
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Sorlada |
| Koordenatuak | 42°36′40″N 2°12′59″W / 42.611048°N 2.216468°W |
![]() | |
| Historia eta erabilera | |
| Irekiera | XIII. mendea |
| Erlijioa | katolizismoa |
| Elizbarrutia | Iruñea eta Tuterako artxidiozesia |
| Izena | Gregorio Ostiakoa |
| Arkitektura | |
| Estiloa | arkitektura barrokoa |
| Ondarea | |
San Gregorio Ostiakoaren basilika tenplu kristaua da, Nafarroa Garaiko Sorlada herriko Piñalba gainean dagoena. Bertan Gregorio Ostiakoaren erlikiak gordetzen dira. Nafarroako barrokoko eraikin garrantzitsua da, dekorazio handikoa eta sarrera monumentala duena.
1044an Logroñon hil zen Ostiako kardinal santuaren hilobia XIII. mendean aurkitu zutenean erromes leku bihurtuz joan zen erromaniko aurreko antzinako ermitaren ordezkoa da. Eraikina laurogei urteko lanaren emaitza da, rokoko itxurakoa, 1694 eta 1771 bitartean eraikia. Ataria, dorrea, eta buru formako erlikia-ontzia dira elementurik garrantzitsuenak[1].
Gaur egun herri txiki bateko eliza bat bada ere, XVI. eta XVIII. mendeen artean Nafarroako zentro sozial eta erlijiosorik garrantzitsuenetako bat izan zen; izan ere, santuak landak eta uztak zaintzen zituen, bere burutik pasatako ur bedeinkatuaren bidez. Espainiako gune askotatik ere erromesaldiak egiten ziren ur hori jaso eta lurrak bedeinkatzeko. Nafarroako herri askotan Gregorio Ostiakoaren omenezko jaiak ospatu izan dira, uztak salbatzea eskertzeko[2].
Eraikina
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizioaren arabera, hil ondoren, asteme baten gainean ezarri zuten Gregorio Ostiakoaren gorpua, eta abere horrek eraman zuen Logroñotik Sorladako Piñalba gainera. Hala ere, bi mendez santuaren memoria galdu zen. XIII. mendean, Iruñeko Petri Semenoitz Gazolazkoa eta Baionako Antso Axkokoa apezpikuek argi batzuk ikusi zituzten zeruan, mirari gisa izendatu zituztenak, eta gorpua aurkitu zuten. Hori dela eta, bertan eliza bat eraikitzea erabaki zen[3].
Kanpoaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo eliza erromanikoa izango zen, baina XVII. mendearen eta hurrengo mende osoan zehar eraberritu zen, gaur egun ikusten dugun itxura hartzeraino[3].
Ataria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eliz atari nagusia hegoaldekoa da, eta egin zuen Bizente Lopez Friasek, Nafarroako hainbat elizatan egin zituen igeltsuzko apainketa-lanak medio, ospea hartu zuen Lizarrako arkitektoak berak. Gertu dagoen Vianako Andre Madriaren elizan inspiratu zen, bi mende lehenagoko eliz atari ikusgarrian. Haren ereduaren arabera, exedra erako ataria du eta esfera-laurdenean amaitua. Hormaren ahurtasuna, hegal handiz elkartutako eta azpil eran zabaldutako bi solairutako erretaula dela ulertu zuen, zeinetan Vianako euskarri klasikoak, bere kiribiletan bildutako lore‑uztaiak dituzten zortzi zutabe salomondarrez ordezkatu ziren: beheko solairuaren alde bakoitzean hiruna, mentsula sendoetako frisoetan ezarriak, eta beste biak zaindari santuaren irudiaren horma-hobia uztaitzen dutela. Bertan daude Petriren eta Pauloren eskulturak[4]. Txartelak, armarriak eta irudiak betetzen dituzte barruti guztiak, landare gaiak nonahi direla[5].
Dorrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Dorreak, atariaren ondoren eraikia izan behar du, 1718 inguruan, Joan Larrearen eta Lucas de Menaren ardurapean[3]. Hargin-lan bikaineko erakina da, barroko neurritsu erakoa, txikiagotuz doan oinplano gainean hiru gorputzez osatua, eta, hiru ordena klasikoen arabera, angeluetan diseinaturiko pilastrak itsatsiak dituena[5].
Ostatua eta guruztokia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ate nagusiaren aurrean ostatu bat eraiki zen XVIII. mendearen hasieran. Erreforma asko jasan ditu geroztik. Aurrean osatzen den plazaren mendebaldean guruztoki txiki bat dago. Bertan aldare txiki bat dago, santuaren burua jartzeko lekua zuena kanpoan bedeinkazioak egiten zirenean. Kanpandorrea bezala, 1718 inguruan eraiki zen. [6]
Barnealdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Harlanduzko eraikina da, gurutze latindar formako oinplanokoa. Lau ataleko habeartea eta gurutzadura trebolatua ditu, besoak eta abside erdizirkularra barnealdean eta poligonalak kanpoaldean. Habeartean, oinaldean goi-korua duela, ordena konposatuko pilastrak daude, kanoi erdiko gangaz estalia. Gurutzadura, berriz, esfera-laurdeneko kupulaz estalitako hiru exedren bidez egituratzen da, petxina eta danbor oktogonalaren gaineko kupula bati bide ematen diotenak, kanpoaldera adreiluzko gorputz bat bihurtuz[7]. Burualdea eta gurutzea, Anaia Jose San Juan de la Cruz zeritzanaren trazari jarraikiz eraiki zen, egitura hirugingildun eman zion esfera-laurdenekoekin, multzo osoa, danbor airoso baten gainean kupula oktagonal eder batez erdiratu eta koroaturik[5]. Obra hauek 1758 eta 1764 artean egin ziren, eta Nafarroako ikusgarrienen artean daude; harginak Miguel eta Juan Jose Albeniz izan ziren eta igeltseroa Juan Jose Murga[3].
Danborrak leihate handiak ditu, argia sartzeko aukera ematen dutenak, elizako nabearen ilunpe handienarekin kontrastean. Absidetik, eta erretaula nagusiaren alboetan dauden bi ateetatik, ganbaratxora pasatzen da. Ganbaratxoa oinplano angeluzuzenekoa da, eta petxinen gaineko kupula eliptikoa eta ordena konposatuko pilastren bidez artikulatutako hormak ditu. Sakristia, habeartearen iparraldeko besoaz eta gurutzaduraz osatutako angeluan kokatua, soiltasun handiko espazio angeluzuzena da, ilargixkak dituen kanoi erdiko gangaz estalia[7].
Barnealdearen lehen dekorazioan igeltsozko apaindurak egin zituzten Juan Antonio Jimemezek eta Juan Angel Nagusiak, baina gaur egun bobeda neoklasikoak horiek estaltzen ditu[3]. 1831ean fresko neoklasikoak egin ziren jatorrizkoen gainetik. Honela, elizaren barnean barrokoak, rokokoak eta neoklasizismoak badute lekua[3]. Bobedan apostoluak, ebanjelariak, Elizaren Aitak eta doktoreak daude. Hainbat santuren artean, San Zernin, San Fermin eta San Nikolas ere ikus daitezke[8].
Artelanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erretaulak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurutzaduran, halaber, Silvestre Soriak 1769an egindako eta Santiago Zuazok data berean urreztatutako hiru erretaulaz osatutako multzo garrantzitsu bat dago. Erretaula nagusia konplexuagoa da alboetakoekiko, eta ganbaratxora sartzeko ate bana du. Santua, erretaula honen buru da, eta bertan gordetzen da buruaren erlikia. Santo Domingo de la Calzada eta San Juan de Ortega, alboetan, San Joakim eta San Isidro Nekazaria daude, guztiak Roberto Michel eskultoreak 1768an eginak[9].
Pulpituak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gurutzadurako ostikoetan Miguel Barrera iruindarrak 1777an egindako burdinazko pulpituak daude; tornabarrak, berriz, Sebastián Sáez de Larramendik eta haren urreztatuak Santos de Torresi eginak dira, eta habeartean San Gregorioren bizitzari buruzko XIX. mendeko zazpi mihise daude.
Gregorio Ostiakoaren burua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
San Gregorio Ostiakoaren buruaren erlikia-ontziak eredu antropomorfoari erantzuten dio, busto formakoa. Lizarrako Jose Ventura zilargileak landu zuen 1727 eta 1728 artean, eta lan horrengatik 1.081 erreal ordaindu zitzaizkion 1729an. Aurpegi errealista bat irudikatzen du, zimurrekin eta bizarrarekin[10]. Lehenago existitzen zen beste buru baten ordezkoa da, jada 1511n aipatzen baita[11][12].
Buruak zulo bana ditu goialdean eta lepoaren behealdean, bedeinkatu beharreko ura bertatik igaro ahal izateko. Barruan gordetzen diren erlikien artean, barailaren hezur bat, saihets-hezur bat eta bizkarrezurraren zati bat aipatu behar dira, kutxatilatik zetozenak, 1773an Joakin Larrainzar Lizarrako Puyko Andre Mariaren basilikako abade eta prioreak jarriak. San Gregorioren bustoa, solemnitate handiarekin, kutxatilaren goialdeari lotzen zaio[10].
Kutxatila hori 1601 eta gero egin zen, Mateo de Burgos Iruñeko apezpikuak urte horretako azaroaren 7an eskatu baitzuen Gregorioren hezurrak gordetzeko kutxatila bat egitea. Uste da Martin eta Agustin Agorretakoa zilargileen lana dela, eta 1610eko maiatzaren 9an entregatu zutela. Lau hanka dituen laukizuzen bat da, egituraz platereskoa. Erlikarioak hainbat irudi ditu bere inguruan[13].
Buruari lotutako ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Buruak gurtza handia izan zuen XVIII. mende inguruan. Nafarroako herri askotan XVI. mendetik aurrera jaiak antolatu dira buruaren omenez, tartean Iruñean edo Erriberako Corellan. 1756an Fernando VI.a Espainiakoak eskatu zuen buruak bidaia bat egin zezala, landareek pairatzen zuten izurritea gelditzeko. Urte horretan Valentzia, Orihuela, Murtzia, Andaluzia eta Extremaduran zehar bidaia egin zuen[2][11]. Hortik dator "San Gregorioren burua baino gehiago ibiltzen da" esamoldea[2]. Mende horretan, Ebro ibarreko 30 hirik botoa ezarrita zuten Gregorioren urak erabiltzeko, Logroñotik Tortosaraino[11].
Ura urtean bitan ateratzen zen: martxoaren 12an eta maiatzaren 9an, biak Gregorio izeneko santuak zituzten egunak. Zilarrezko onil batekin ura sartzen zen goitik eta, buru osoa betetzen zenean, beheko zulotik jaurtitzen zen zilarrezko beste ontzi batera. Azuelon eta Obanosen ohitura bera zegoen, baina San Jurgi eta San Gilenen buruekin.[11] Ur hori gordetzen zen, urtean zehar banatzeko, eta berarekin batera egiazkotasun-ziurtagiri bat jaulkitzen zen, eroslearen izenarekin, ordaindutakoaren xehetasunarekin eta elizako arduradunaren sinadurarekin[11].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Rivas Carmona, Jesus. «San Gregorio Ostiense» El Arte en Navarra: 26..
- 1 2 3 Gran Enciclopedia de Navarra | SAN GREGORIO OSTIENSE. (kontsulta data: 2021-07-21).
- 1 2 3 4 5 6 (Gaztelaniaz) «Basílica» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Portada» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- 1 2 3 Apaolaza, Juan. Euskal artearen historia (III): Barrokotik XIX. mendera/Barroko apaina — Wikiteka. (kontsulta data: 2021-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Hospedería y humilladero» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- 1 2 (Gaztelaniaz) «Planta» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Interior» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- ↑ «Retablos y exorno de la iglesia - Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro - Universidad de Navarra» www.unav.edu (kontsulta data: 2021-07-21).
- 1 2 (Gaztelaniaz) «Relicario de la cabeza de San Gregorio» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
- 1 2 3 4 5 Landa, Juan José Barragán. (1978). «Las plagas del campo español y la devoción a San Gregorio Ostiense» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 10 (29): 273–298. ISSN 0590-1871. (kontsulta data: 2021-07-21).
- ↑ Mainar, J. F. C. (2000). La tradición medieval en los bustos relicarios zaragozanos al filo de 1500: Las esculturas de plata de San Gregorio Ostiense y Santa Isabel de Bretaña. Aragón en la Edad Media, (16), 215-236.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Arqueta de San Gregorio» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2021-07-21).
