San Joan ante Portam Latinam (aztarnategia)
San Joan ante Portam Latinam (aztarnategia) | |
---|---|
![]() | |
Kokapena | |
Herrialdea | ![]() |
Probintzia | ![]() |
Herria | Guardia |
Koordenatuak | 42°32′46″N 2°33′26″W / 42.5461°N 2.5573°W |
![]() | |
San Joan ante Portam Latinam (SJAPL gisa laburtuta) Neolito garaiko ehorztoki kolektiboa da, Guardian dagoena, Araban.[1][2][3] Bertan 300 gorpu baino gehiago ehortzi ziren, K. a. 3365-3035 urteen artean[4], haietako asko bortxaz erailak.
Tamaina txikiko harpe naturala izan zen, hilobi kolektibo gisa erabilia, interes berezikoa Euskal Herriko historiaurrean[5]. Batetik, ehorzketa egiteko aukeratu zen lekua ez da ezohikoa, baina bai hain ondo kontserbatu izana, ehorzketa egin eta denbora gutxira, harpeko hutsunea estaltzen zuen harria puskatu, erori eta ehorztokia zigilatu baitzuen[6]; bestetik, bertan aurkitutako hildakoen kopurua oso handia da: 300 pertsona baino gehiago. Hala ere, arreta gehien eman dute gorpuen hondarretan aurkitu diren gezi-punta zauriek eta bestelako indarkeria-seinaleek: gorpuetako batzuek suharrizko gezi bat sartuta daukate, Euskal Herrian eta Europan berezi egiten duena[7].
San Joan ante Porta Latinam Neolito Berantiarrean Europa osoan dokumentatutako bortizkeriazko gertakari handiena da[8]. Litekeena da presio demografiko handiko garaia izatea, eta kultura desberdinetako taldeen arteko lehia eta gatazka sortu izana. Garai hartan, inguruko beste leku batzuetan ere aurkitu dira bortizkeria-zantzuak (geziak, traumatismoak garezurrean, hausturak…); horrek iradokitzen du talde etsaien arteko bortizkeria antolatuta zegoela. Bestalde, hezurretan nabariak dira desnutrizioaren seinaleak. Beraz, egoera hark eragindako ondorio sozialak beste inon baino zabalagoak eta sakonagoak izan bide ziren Guardiako aztarnategi horren inguruan[9].
Toponimia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarnategiaren izena Elizarekin eta nekazaritzarekin lotuta dago, mahastiekin, hain zuzen ere, antzina, gune horretan San Joan ante Portam Latinam izeneko kofradia batek mahastiak izan baitzituen[10]. Gaur egun ere, mahastien gunea da.
Kokapena eta testuinguru arkeologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aztarnategia herriko hego-ekialdean dago, Guardiako herrigunetik 2 km ingurura, Carralogroño aintziratik hurbil[7]. Arabako Errioxan, Ebro ibaiaren ezkerraldean dauden Historiaurreko aztarnategi ugarien testuinguruan kokatu behar da (San Martín, La Hoya, Los Husos, Peña Larga...).[10] Antzinako forma zein zen ez dakigu, gaineko arrokak erori zirelako eta zati batzuk ondorengo giza ustiapenarekin mugitu eta apurtu zirelako. Gainera, ez dakigu zein zen sarreraren eta ehorzketa lekuaren arteko distantzia[11]. Hala ere, bertako polenarekin egindako ikerketak dio ehorzketa K.a. 3334-3043 artean izan zela eta babeslekuko sabaia K.a. 2900 eta 2500 artean erori zela[12]. Erradiometria bidez egindako ikerketak ere antzeko datak ematen ditu, K.a. 3338 eta 3095 arteko ehorzketa eskaintzen duelako[1].
Orain dela 5.000 urte, inguru horretan zeuden hainbat trikuharrik eta babeslekuk giza okupazioaren datuak ematen dizkigute. Babeslekuen artean Los Husos eta Peña Larga daude, biak Kripanetik iparraldera. Los Husosen Neolitotik Antzinako Erromatar garaia arteko okupazioa egon zen, eta 1960ko hamarkadaren amaieran induskatu zuen Juan María Apellanizek[1]. Peña Largan Neolitotik Brontze Arorako okupazioa egon zen[13]. Trikuharrien artean daude San Martin trikuharria, Alto de la Huesera, Sorginaren Txabola, El Encinal eta Los Llanos. Jada Nafarroa Garaiko lurretan dago Longarreko hipogeoa, pixka bat urrunago, baina bertan ere sukarrizko gezien zauriak dituzten lau gorpu aurkitu ziren, K.a. 2360an datatuta[1].
Gizakia jada hasi zen ingurunea eraldatzen, zerealak pixkanaka sartzen, eta dagoeneko hariztien ordez artadiak zeuden, klima epelagoaren lekuko[14].
Aurkikuntza eta indusketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1985eko apirilean aurkitu zen; nekazari eremuko bide bat zabaltzeko obra batzuetan,[2] hondeamakina batek bideko motan lurra kentzean, "burezur eta hezur pila bat" bistaratu zituen. Guardia Zibilari abisua eman zitzaion. Aurkikuntzaren berria Lorenzo Ugarte guardiarrarengana iritsi zen: Ugartek 1960ko hamarkadan leku berean agertutako burezur gehiagoren berri bazuen, eta hori zela eta, orduan Arabako Foru Aldundiko kultura zuzendari Armando Llanosi haren berri eman zion. Bertaratu zirenean, aztarnategia arriskuan zegoela ikusi zen; beraz, premiazko indusketa prozedura abiatu zen, José Ignacio Vegasen zuzendaritzapean.[10]
1985eko apirilaren 28an, lehen indusketa egin zen, premiazkoa, bideko obrek segitu behar zutelako eta, dagoeneko, hondeamakinek hainbat hezur lekuz aldatu zituztelako[15]. Hurrengo egunean bertan agertu zen lehen burezur zulatua, eta apirilaren 30ean, gezi-punta bat zuen aldakako hezur bat[16]. Hezur kopuru handia zela eta, Aranzadiko adituei deitu zitzaien, eta maiatzaren 1etik aurrera Angel Armendariz, Pako Etxeberria, Lourdes Herrasti, Eduardo Peman eta Fran Zumalabe ere indusketa lanetan jarri ziren[17]. Lehen larrialdiko indusketa hori abuztuan amaitu zen[18].
Bigarren indusketa 1990 eta 1991 artean egin zen. Horretarako, hezurren gainean zegoen tamaina handiko arroka bat zatitu zen, leherketa bidez, eta ondoren arroka kentzeko prozesuari ekin zitzaion[19]. Berehala agertu ziren giza hezur gehiago, baita gezi zatiak eta gizakiek erabilitako apaingarriak, eta txakur baten hezurrak ere[20]. 1991n egin zen bigarren eta azken indusketa, bertan ezer ere ez uzteko modukoa. Lekua gogoratzen duen pareta bat utzi zen, hilarri bat balitz moduan [21][10].
Haitzuloaren forma zehatza zein zen ezin da jakin, indusmakinek zati bat suntsitu zutelako; baina gorpuen egoera ona dela kausa, uste da artifizialki estali zela, animalia haragijaleengandik eta higadura meteorologikotik babesteko.
Aztarnak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Giza hezurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitutako giza hezurren kopurua izugarri handia da. Gutxienez 338 banako aurkitu ziren, horietatik 137 heldu eta beste 201ak ez-heldu, burezurretan oinarrituta. Sexua jakitea posible zenean % 70 arrak ziren, 153 nerabe eta helduetatik, 107[22]. Gorpuak metatuta zeuden, ordenarik edo ehorzketan ohikoak izan zitezkeen posizioetan jarri gabe. Neolitoko garai horretan ehorzketa errituak aldatzen ari ziren, eta aldakortasun handian zegoen[23]. Hezur guztiak identifikatzea zaila zen, gorpuek zortzi geruza arte hartzen zituztelako, bata bestaren gainean, arroka handia erori zelako gainean, eta alboetan hondeamakinek hainbat hezur apurtu edo mugitu zituztelako.[22] Ez dago argi ere zergatik hezurren artean burezurrak nabarmen gehiago dauden, baina ez dirudi zerbait errituala izan zenik, edo gorpuak haragijaleek zatitu zituztenik[8][24]. Bestalde, buruko traumak dituztenen artean, 53 sendatuta daude eta bat sendatu gabekoa da, eta gezien inpaktua jaso zutenen artean zortzik ere sendatuta dauzkate[22].
Zauri guztien artean, gehienak indarrez egindako hezurren hausturak eta traumatismoak dira: horiek harrizko mazaz, aitzur eta aizkorez, makil edo hezur luzeez, edo harri bat burura botata egin ziren agian. Gainera, beste hamaika kasutan, elementu zorrotzen batez egindako traumatismoak dira, sendatutako hiru gezi punta barne. Lau trepanazio ere badira, horietako hiru sendatu zirenak[8]. Aurkitutako 338 pertsonetatik 71k buruko zauriak dituzte (% 21 inguru). Horietatik, hamahiruk sendatu gabeko traumatismoak dituzte, beste bederatzik sendatutakoak, eta badaude hiru sendatuak dituztenak, eta gero sendatu gabekoak. Zauritutako zazpitan posible izan da kolpeen sekuentzia jakitea, lehenengo aldeetan kolpea jasota eta, ondoren, aurreko aldean[8]. Buruan zaurituen artean, 42 nerabe (12-19 urte artean) edo heldu ar ziren; bederatzi ziurrenik emakumeak dira; eta beste bederatzi nerabe, lau ume eta zazpi haur daude sexu ezezagunekoak[8]. Gorputzeko hezurrak hautsita dauzkatenak ere badira, horietatik 29 sendatu zirenak. Zauri gehienak hezur luzeetan dira, baina badira eskapulak, ornoak edo saihetsak[8] ere. Haietako gehienak hasieran egin zen ikerketan ere identifikatu ziren[22]. Beso hautsi batzuek adierazten dute buruan kolpe bat jaso baino lehen eskuaz babesten saiatu zirela[8]. Beste hamaika beso gezien ondorioz hautsita zeuden[22]. Datu guztiak elkartuta, 338 gizabanakoetatik gutxienez 78k dute ekintza bortitz bati lotutako traumatismo bat, eta nabarmena da arren artean (% 44,9), baina umeak ere ez daude salbu (aurkitu diren 131 umeetatik % 8,4)[8].
|
San Joan ante Portam Latinameko SAJPL.123 burezurrak gezi bat barruan sartuta dauka: lepotik sartu zitzaion, ezkerretik eskumara eta ia horizontalki. Hala ere, sendatu egin zen, eta geziaren inguruan hezurra sortu zitzaion. Geziarekin bizi izan zen, hil arte. Hala ere, gazte hildako gizon baten kasua da[3]. Gaur egun, Arabako Arkeologia Museoan ikusgai dago. |
Animaliak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Mikrofauna gutxi badago ere[25], animalia handiagoen arrastoak badaude[26]. Txakur txiki bat aurkitu zen, Suitzako neolitoan deskribatutakoak bezalakoa[27], gaur egungo spitz txakur baten antzekoa. Burua soilik aurkitu zen, eta ez gorputzeko beste hezurrak; gainera, badirudi hezur batzuk kaltetuta daudela, eta horregatik adituek uste dute txakurrari burua moztu ziotela[7][28]. Zaldi baten hezurrak daude, eta gutxienez zazpi basurderen letaginak, ziurrenik apaintzeko erabiliak; ahuntz baten bi hatz, orein baten letagina eta zezen baten hortz bat ere badaude, hordiek ere apaingarritzat moldatuta.[29] Untxi eta erbien hezurrak ere badaude, baina lehenengoak baliteke zulo bat egitearen ondorioz bertan egotea[30].
Industria litikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Beste ehorzketa batzuetan ez bezala, San Joango kasuan ez dago ehorzketarako material zehatzik, ez baita talde-lurperatze planifikatua[31]. Aurkitutako industria litikoaren artean, 61 gezi punta daude[32]. Beste pieza batzuk ere aurkitu dira, hiru karrakailu, zulakaitz bat[33] eta bi aizkora[34]. Hezurrez egindako tresna batzuez gain, zeramikazko zazpi pieza ere aurkitu dira[34]. Animaliei buruzko atalean aipatu bezala, hezurrez egindako apaingarri ugari daude, eta oso ohikoak dira basurdeen letaginekin egindako zintzilikarioak[35], baina beste elementu batzuk ere badaude, harri bereziekin zein lignitoarekin egindakoak bezala[36]. Basurdeen letaginak elkarrekin jartzen zirela uste dute adituek, lepo osoa estaltzen zuen babes moduko bat eratuz[37].
-
Aizkora eta karrakailu bat.
-
Gezi puntak.
-
Lepoko bat.
-
Lepokoetan erabiltzeko harriak eta dekorazioak.
Interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2023an Aranzadiko, Oxfordeko, Aix-Marsellako eta Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek osatutako lantaldeak beste ikerketa bat egin zuen gizabanakoen hezurretan ezaugarri fisiologikoak sakonki ikertzeko[8]. Azterketa horrek ikusi du, 338 banakoetatik ia laurdenak (% 23,1) traumatismoren bat duela (65 banakok sendatu gabeak, eta 89k, sendatuta), eta gehienak mutil gazteak edo gizon helduak zirela. Sarraski bat egon bazen, orduan hildakoen demografia populazio orokorrarekin bat etorriko zela proposatu dute ikertzaileek, Europako beste leku batzuetan ikusi den bezala[38]. Era berean, ezin da jakin pertsona guztiak aldi berean hil ote ziren, tarte batez egondako gatazka batean baino gehiagotan, edo batzuk naturaz hil ziren tarte horretan. Erradiokarbono bidez egindako ikerketak ezin du hain zehaztasun handiz ebatzi lurperatze garaia, baina baliteke aurretik aipatu diren bi motatakoak egotea, eta ez izatea dena gudu bakar batean gertatu[4], baizik eta hilabeteak edo urteak iraun zituen etengabeko talka baten ondorioz[8].
Gatazkan hildakoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]— Lourdes Herrasti Erlogorri[39]Hor ikusten da batek saihetsen artean gezi bat daukala. Beste batzuek suharriak dituzte barruan. Batek bizkarrezurrean dauka sartuta suharri-punta; horrela hil zuten. Bizkarrezur-muina txikitu zion, eta, beraz, une horretan bertan hil zen. Beste batzuek bizirik jarraitu zuten gezi-punta barruan zutela. Hori bitxia da. Batek dauka besoan, kubituaren eta erradioaren artean sartuta. Beste hark, lepoan.
Bertako hezur hautsiek, sendatutako hausturek, eta gezi punta kopuruak gatazka luze bat irudikatzen dutela proposatu dute[8]. Kontuan hartu behar da gezien bidez egindako gatazka batean, soilik herenak uzten duela markaren bat hezurretan[40]. Hezurretan markarik uzten ez duten zauriengatik hildakoak hausturekin hildakoak baino gehiago izan litezke. Horrela, Europa osoan erregistratutako Neolitoko gezien bidez hildakoen kopururik handiena biltzen du SJAPLko aztarnategiak[8]. Sendatu gabeko zaurien bidez hildako gehienak gizonezkoak eta gazteak direnez, sarraskia baino, agian guda izan zela proposatu dute, eta gizon gazteek parte hartu zutela modu aktiboan[8], beste gerra askotan gertatzen den bezala[41]. Sarraski bat izan balitz, demografia askoz orekatuagoa izango litzateke, populazio orokorrarekin bat[42].
Urrunetik jasotako geziez gain, banako asko, batez ere arrak, kolpe zuzenen ondorioz erori ziren. Aurrez aurreko kolpekako guda batean kolpe gehienak ezkerreko aldean jasotzen dira, jende gehienak eskumarekin kolpatzen duelako. Baina buruko traumatismo asko atzetik emanda daude, eta ezker zein eskuin ikusten dira; beraz, baliteke ihes egiten ari ziren edo jada lurrean zeuden pertsonak izatea, agian jada gezi bat jasota. Horrelako kolpeek ere ohikoagoak ematen dute gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino[8]. Nerabeen kopuru handiak gatazka luze bat adieraz lezake: bertan heldu asko galdu ziren, eta oraindik prestatu gabeko nerabe eta gazte askok gatazkan parte hartu zuten, prestakuntza txikiagoarekin, eta arriskuak hartzeko joera handiagoarekin. Garai horretako gatazketan ohikoagoa da helduak aurkitzea gorpuen artean[43][44][45].
Baina SJAPLeko aztarnategian umeak eta emakumeak ere aurkitu dira zaurituen artean, Europan Neolitoan beste leku batzuetan ikusi den bezala[46]. Emakumeen eta neska gazteen arrastoak gutxiago dira, eta gutxi dira zaurien ondorioz hildakoak, askok sendatutako hausturak baitituzte. Ez dago argi zergatik, baina Aranzadiko kideek egindako ikerketan proposatu dute agian zauri horiek ere talde barneko bortizkeriaren, emakumeen aurkako bortizkeriaren, umeen aurkako zigorren eta defentsaren ondorioz izan zirela[8]. Gatazka handietan ere ohikoa zen umeak eta emakumeak bahitzea, esklabo bihurtzeko edo sexu-erasoak eragiteko, baina kasu horretan adin guztietako hezurrak aurkitu direnez, uste da ez zela halakorik gertatu, hau da, ez dira emakume hezurrak falta, baizik eta gizon hezur gehiago daude[8].
Elikadura eskasa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hezurretako batzuk beste uneren batean lurperatu zirela uste dute adituek[4], eta beraz, beharbada talde batek zerabilen lurperatzeko lekua izan zen. Talde baten bizilekutik urrutiko beste leku batera lurperatzeko garraiatzea ez da oso ohikoa izaten, teknikoki konplexua delako. Horregatik uste dute lekuaren defentsa egiten hil zirela, eta defentsa arrakastatsua izan zela, hildakoak lurperatzeko jende nahiko geratu baitzen[8]. Hildako asko, bereziki umeak eta zaharragoak direnak, guduaren ostean gosez hil ziren agian, ez baita arraroa gatazka batean elikagaiak ere erretzea edo lapurtzea, ganadua barne, gertuko La Hoyan ikusi den bezala[47]. Hezurretako askok hiperostosi poritikoa dute, elikagai faltari lotutakoa, oso altua, oro har, garai horretan aurkitzen denarekin alderatuta[48]. Elikadura eskasari lotutako beste gaixotasun batzuen aztarnak daude, bereziki umeengan, eskorbutoa eta errakitismoa kasu, gertuko Alto de la Huesera trikuharrian ikusten den bezala[49].
Gatazkaren arrazoia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gatazkaren arrazoia ez da argia, dauden frogekin oso zaila delako jatorria azaltzea. Maiz esan da garai horretan gertatu ziren hilobiratze ohituren aldaketek kultura berrien iritsiera adieraz zezakeela. Kobazulo eta harpeak erabiltzen zituzten eta monumentu megalitikoak egiten zituzten taldeak egon litezke[50]. Baina ehorzketa errituen aldaketak ez du esan nahi, derrigor, kultura desberdinak daudenik: kultura baten barruan egondako gatazka baten isla izan liteke[51]. Gezi-puntek ez dute argitzen bi talde oso desberdin zeudenik, moten aniztasuna oso handia delako. Bestetik, esmalteetan[50] eta DNAn egindako probetan[52] ez da antzeman urruneko talderen baten etorrera. Horrela, Aranzadiko taldeak proposatu du beharbada talde baten hazkuntzari lotutako barne-gatazkak izan zirela, urrunetik etorritako beste talde baten aurkako borroka baino[8].
Kontserbazioa eta gizarteratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Indusketaren eta ikerketen emaitzak hainbat aldizkari zientifikotan eta dibulgaziozkotan argitaratu dira; 2023ko gorpuen ikerketa, nazioarte mailako Nature aldizkarian[8]. Aztarnategia bera, gaur hustua, seinaleztatuta dago[7], eta berreskuratutako hezur eta piezak Arabako Arkeologia Museoan, Bibat museoan, gordetzen dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d Vegas Aramburu, José Ignacio, ed. (2007). San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991. Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ a b «San Juan Ante Portam Latinam: Enterramiento colectivo del Neolítico final. Laguardia (Álava)» www.euskonews.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-20).
- ↑ a b c (Ingelesez) Schulting, Rick J.; Fibiger, Linda. (2012-04-19). Sticks, Stones, and Broken Bones: Neolithic Violence in a European Perspective. Oxford University Press ISBN 978-0-19-161248-0. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ a b c (Ingelesez) Fernández‐Crespo, Teresa; Schulting, Rick J.; Ordoño, Javier; Duering, Andreas; Etxeberria, Francisco; Herrasti, Lourdes; Armendariz, Ángel; Vegas, José I. et al.. (2018-07). «New radiocarbon dating and demographic insights into San Juan ante Portam Latinam, a possible Late Neolithic war grave in North‐Central Iberia» American Journal of Physical Anthropology 166 (3): 760–771. doi: . ISSN 0002-9483. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ «San Joan Ante Portam Latinam: duela 5.000 urteko Araba gerrak txikitua» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-13).
- ↑ Rodríguez Lejarza, Ander. (2017). Gradu Amaierako Lana: Método y técnica de análisis para el estudio de San Juan ante Portam Latinam. Euskal Herriko Unibertsitatea, 19 or..
- ↑ a b c d «Yacimiento de San Juan Ante Portam Latinam» www.laguardiaparticipa.eus (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t (Ingelesez) Fernández-Crespo, Teresa; Ordoño, Javier; Etxeberria, Francisco; Herrasti, Lourdes; Armendariz, Ángel; Vegas, José I.; Schulting, Rick J.. (2023-11-02). «Large-scale violence in Late Neolithic Western Europe based on expanded skeletal evidence from San Juan ante Portam Latinam» Scientific Reports 13 (1): 17103. doi: . ISSN 2045-2322. (Noiz kontsultatua: 2023-11-07).
- ↑ Ana, Galarraga Aiestaran. (2023-11-02). «San Juan ante Portam Latinam, Neolito berantiarreko indarkeria handiaren lekuko» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Etxeberria Gabilondo, Francisco; Fernández, Soledad; Zumalabe, Francisco Javier; Aramburu, José Ignacio Vegas; Erlogorri, Lourdes Herrasti; Gutiérrez, Angel Armendáriz. (1999). «La sepultura colectiva de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava)» Saguntum Extra 2 (0): 439–445. ISSN ISSN-e: 2254-0512 2253-7295 ISSN-e: 2254-0512. (Noiz kontsultatua: 2022-11-01).
- ↑ Iriarte, María José. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. «El medio vegetal del osario prehistórico de San Juan Ante Portam Latinam. (Laguardia, Alava)» San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991 (Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera) 12 ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Iriarte 2007, 72 orr. .
- ↑ Fernández Eraso, Javier. (2007). «La secuencia del Neolítico en La Rioja Alavesa desde su origen hasta las primeras edades del metal» Veleia: Revista de prehistoria, historia antigua, arqueología y filología clásicas (24): 669–688. ISSN 0213-2095. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Iriarte 2007, 74 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 31 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 32-33 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 33 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 34 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 36-37 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 39 orr. .
- ↑ Vegas Aramburu 2007, 45 orr. .
- ↑ a b c d e Etxeberria, Francisco; Herrasti, Lourdes. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. «Los restos humanos del enterramiento de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava)» San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991 (Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera) 12 ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ (Ingelesez) Fernández-Crespo, Teresa; Schulting, Rick J.. (2017-09-27). Halcrow, Siân E ed. «Living different lives: Early social differentiation identified through linking mortuary and isotopic variability in Late Neolithic/ Early Chalcolithic north-central Spain» PLOS ONE 12 (9): e0177881. doi: . ISSN 1932-6203. PMID 28953890. PMC PMC5643145. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ de la Rua, Concepción. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. La inhumación colectiva de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava): aspectos paleodemográficos y su contribución a la interpretación del ritual funerario. Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Pemán, Eduardo. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. «Micromamíferos» San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991 (Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera) 12: 89. ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Altuna, J; Mariezkurrena, K. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. «Restos de macromamíferos de SJAPL» San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991 (Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera) 12: 91-97. ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Rütimeyer, L.; Rütimeyer, L.. (1861). Die Fauna der Pfahlbauten der Schweiz. Schweighauser (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Altuna & Mariezkurrena 2007, 92 orr. .
- ↑ Altuna & Mariezkurrena 2007, 93 orr. .
- ↑ Altuna & Mariezkurrena 2007, 94-95 orr. .
- ↑ Armendariz, Angel. (2007). Vegas Aramburu, José Ignacio ed. «Inventario y comentario de los objetos» San Juan ante Portam Latinam: una inhumación colectiva prehistórica en el valle medio del Ebro: memoria de las excavaciones arqueológicas, 1985, 1990 y 1991 (Diputación Foral de Alava, Departamento de Cultura y Euskera) 12 ISBN 978-84-7821-669-7. PMC 429426946. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Armendariz 2007, 107-115 orr. .
- ↑ Armendariz 2007, 107-116 orr. .
- ↑ a b Armendariz 2007, 122 orr. .
- ↑ Armendariz 2007, 124 orr. .
- ↑ Armendariz 2007, 126 orr. .
- ↑ Armendariz 2007, 140 orr. .
- ↑ (Ingelesez) Meyer, Christian; Kürbis, Olaf; Dresely, Veit; Alt, Kurt W.. (2018). Dolfini, Andrea ed. «Patterns of Collective Violence in the Early Neolithic of Central Europe» Prehistoric Warfare and Violence: Quantitative and Qualitative Approaches (Springer International Publishing): 21–38. doi: . ISBN 978-3-319-78828-9. (Noiz kontsultatua: 2025-01-15).
- ↑ Ana, Galarraga Aiestaran. (2023-03-01). «“Oroimena emakumezkoena da”» Elhuyar aldizkaria (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Milner, George R.. (2005-01). «Nineteenth-Century Arrow Wounds and Perceptions of Prehistoric Warfare» American Antiquity 70 (1): 144–156. doi: . ISSN 0002-7316. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Divale, William Tulio; Harris, Marvin. (1976-09). «Population, Warfare, and the Male Supremacist Complex» American Anthropologist 78 (3): 521–538. doi: . ISSN 0002-7294. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Meyer, Christian; Kürbis, Olaf; Dresely, Veit; Alt, Kurt W.. (2018). Dolfini, Andrea ed. «Patterns of Collective Violence in the Early Neolithic of Central Europe» Prehistoric Warfare and Violence (Springer International Publishing): 21–38. doi: . ISBN 978-3-319-78827-2. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ Janković, Ivor; Balen, Jacqueline; Ahern, James C. M.; Premužić, Zrinka; Čavka, Mislav; Potrebica, Hrvoje; Novak, Mario. (2017-07-01). «Prehistoric massacre revealed. Perimortem cranial trauma from Potočani, Croatia» Anthropologischer Anzeiger 74 (2): 131–141. doi: . ISSN 0003-5548. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Madden, G.D.; Karsten, J.K.; Ledogar, S.H.; Schmidt, R.; Sokhatsky, M.P.. (2018-01). «Violence at Verteba Cave , Ukraine : New insights into the Late Neolithic intergroup conflict» International Journal of Osteoarchaeology 28 (1): 44–53. doi: . ISSN 1047-482X. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Jantzen, Detlef; Brinker, Ute; Orschiedt, Jörg; Heinemeier, Jan; Piek, Jürgen; Hauenstein, Karlheinz; Krüger, Joachim; Lidke, Gundula et al.. (2011-06). «A Bronze Age battlefield? Weapons and trauma in the Tollense Valley, north-eastern Germany» Antiquity 85 (328): 417–433. doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ Fibiger, Linda; Ahlström, Torbjörn; Meyer, Christian; Smith, Martin. (2023-01-24). «Conflict, violence, and warfare among early farmers in Northwestern Europe» Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America 120 (4): e2209481119. doi: . ISSN 1091-6490. PMID 36649427. PMC 9942812. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Fernández-Crespo, Teresa; Ordoño, Javier; Llanos, Armando; Schulting, Rick J.. (2020-10). «Make a desert and call it peace: massacre at the Iberian Iron Age village of La Hoya» Antiquity 94 (377): 1245–1262. doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ Silva, Ana Maria. (2003). «Portuguese Populations of Late Neolithic and Chalcolithic Periods Exhumed from Collective Burials: An Overview» Anthropologie (1962-) 41 (1/2): 55–64. ISSN 0323-1119. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Fernández-Crespo, T.; Czermak, A.; Lee-Thorp, J. A.; Schulting, R. J.. (2018). «Infant and childhood diet at the passage tomb of Alto de la Huesera (north-central Iberia) from bone collagen and sequential dentine isotope composition» International Journal of Osteoarchaeology 28 (5): 542–551. doi: . ISSN 1099-1212. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ a b (Ingelesez) Fernández-Crespo, T.; Snoeck, C.; Ordoño, J.; de Winter, N. J.; Czermak, A.; Mattielli, N.; Lee-Thorp, J. A.; Schulting, R. J.. (2020-01-24). «Multi-isotope evidence for the emergence of cultural alterity in Late Neolithic Europe» Science Advances 6 (4) doi: . ISSN 2375-2548. PMID 32010785. PMC PMC6976287. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ (Ingelesez) Müller-Scheeßel, Nils; Hukeľová, Zuzana; Meadows, John; Cheben, Ivan; Müller, Johannes; Furholt, Martin. (2021-02). «New burial rites at the end of the Linearbandkeramik in south-west Slovakia» Antiquity 95 (379): 65–84. doi: . ISSN 0003-598X. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
- ↑ Olalde, Iñigo; Mallick, Swapan; Patterson, Nick; Rohland, Nadin; Villalba-Mouco, Vanessa; Silva, Marina; Dulias, Katharina; Edwards, Ceiridwen J. et al.. (2019-03-01). «The genomic history of the Iberian Peninsula over the past 8000 years» Science 363: 1230–1234. doi: . ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2025-01-16).
Bibliografia osagarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Fernández-Crespo, T.; Schulting, R.J.; Ordoño, J.; Duering, A.; Etxeberria, F., Herrasti; L., Armendariz, A.; Vegas, J.I. eta Bronk Ramsey, C., (2018). "New radiocarbon dating and demographic insights into San Juan ante Portam Latinam, a possible Late Neolithic war grave in North-Central Iberia". American journal of physical anthropology, 166, 760–771.
- Fernández-Crespo, Teresa (2007). "Final neolithic multiple burials in the upper Ebro Valley: the case of san juan ante Portam Latinam (Basque Country, Spain)". EAA Summer School eBook, 1, 55–63.
- Etxeberria, F., Herrasti, L., (2007). "Los restos humanos del enterramiento de San Juan ante Portam Latinam (Laguardia, Álava): Caracterización de la muestra, tafonomía y paleopatología". In: Vegas, J.I. (Arg.), San Juan ante Portam Latinam. Una inhumación colectiva prehistórica en el Valle Medio del Ebro. Memoria de las excavaciones arqueológicas 1985, 1990 y 1991. José Miguel de Barandiarán fundazioa eta Arabako Foru Aldundia, Gasteiz, 159–274 or. ISBN: 9788478216697.
- Vegas Aramburu, José Ignacio (2000). "San Juan Ante Portam Latinam: Enterramiento colectivo del Neolítico final. Laguardia (Álava)". Euskonews & Media, 78. (2000 / 5 / 12-19)
- Etxeberria, F., Vegas, J.I., (1988). "¿Agresividad social o guerra? durante el Neo-eneolítico en la cuenca media del Valle del Ebro, a propósito de San Juan Ante Portam Latinam (Rioja alavesa)", Munibe (Antropologia-Arkeologia), 6, 105–112.
- De la Rúa, C., Baraybar, J.P., Cuende, M., Manzano, C., (1995). "La sepultura colectiva de San Juan Ante Portam Latinam (Laguardia, Álava): Contribución de la antropología a la interpretación del ritual funerario". Rubricatum: revista del Museu de Gavà, I (1 Congrés del Neolític a la Península Iberica): 585-589. Gava (Barcelona)