San Joan baseliza (Bernedo)

Koordenatuak: 42°42′23″N 2°33′36″W / 42.70642°N 2.56006°W / 42.70642; -2.56006
Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 16:39, 17 urtarrila 2016
San Joan
Kultura ondasuna
Baseliza
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaBernedo, Ondarroa eta Mendata
Koordenatuak42°42′23″N 2°33′36″W / 42.70642°N 2.56006°W / 42.70642; -2.56006
Map
Historia eta erabilera
Irekiera1226 (egutegi gregorianoa)
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0005100
51

San Joan Bernedoko ermita erromanikoa da, Markiz herrian kokatuta.

2003ko, ekainaren 17an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Ezaugarriak

Herritik oso gertu eta ipar-ekialderantz, Arluzearako bidean, Gazteluko haitza dago, lurretik sortzen direla diruditen harri-kate zurien artean. Inguru horretan haitzulo eta zulo artifizial ugari daude.

Gazteluko haitzaren ondoan, ermita erromaniko baten irudia ageri da: San Joan ermita, Arabako monumenturik ederrenetariko bat. Portadaren hegoaldean dagoen fatxadako inskripzioak ematen digu ermitaren eraikitze-dataren berri. Plaka horren arabera, ermita 1226. urtean eraiki zen.

Ermitaren aurrean, sarbiderako plataforma bat dago eta gurutze batzuk jarri dira bertan. Garai batean, gurutzeak herriaren eta ermitaren arteko bidean zehar zeuden banatuta.

Eraikinaren kanpoaldean ondo definitutako hiru atal antzematen dira. Atal nagusia harlanduz egina da kanpoaldetik, solairu laukizuzena du, bi isurialdeko teilatua, eta portada, hegoaldeko fatxadaren erdian.

Ekialdeko burualdean, absidea dago (aurrekoa baino baxuagoa); zirkuluerdi-formakoa da eta teilatu konikoa du. Bien artean, altueran zein zabaleran txikiagoa den zati bat dago: presbiterioaren luzapena da. Absideari atxikita, bi zutabe-erdi daude eta teilatu-hegaleraino iristen dira. Erlaitzak ez du apaingarririk eta teilatu-hodixkak oso xumeak dira. Erdi bidean, inposta xakeztatu bat dago eta hegoaldeko hormaren portadaraino iristen da.

Portada zertxobait zorroztutako arkua da eta harroin gakodunak dituzten hiru zutabe pareren gainean altxatzen da. Kapitelak akanto-orriz apainduta daude eta giza aurpegiak dituzte hostaila artean. Hiru arkibolta ditu baketoi lodiz bananduak, eta horiek zenbait apaingarri dituzte: batak akanto-orriak, besteak bihurritutako zurtoinak, eta, azkenak, uztartutako txirikordak eta obaloak. Portadaren teilatuak erlaitz xakeztatua du eta teilatu-hodixka lauak.

Hegoaldeko leihoak portadaren eta presbiterioaren ondoan daude, eta akantozko kapitelak dituzte hiru zutabe pare exenturen gainean. Leihoak baketoidun arkiboltak dituzten erdi-puntuko arkuz osatuta daude. Aurrealdeko leihoaren erdiko arkibolta akanto-orriz apainduta dago. Absideko leihoak, oso antzekoa bada ere, bi zutabe pare ditu soilik.

Mendebaldean, berriz, bi leiho daude eta ezaugarri hauek dituzte: oso altuak dira, oso txaranbelduak, eta baketoietan oinarritzen dira. Baketoiek apaindutako inposta luze bat dute kapitel moduan, eta inposta lorez, giza buruz eta animaliaz apainduta dago.

Barrualdean, nabe nagusia kanoi-gangaz estalita dago. Gangek hiru zati zorroztu dituzte. Burualdeko arku torala bi zutabe-erditan bermatzen da. Absideko ganga erlaitz lau batetik abiatzen da, eta bide erdian, beste bat dago xakeztatua.

Kanpotik ikusten diren leihoez gain, erdi-puntuko arku bikiak dituzten bi nitxo daude presbiterioko alde bakoitzean.

Egun, elizaren barruko harria agerian dago, eta, ziur asko, Arabako Foru Aldundiak 1958an egin zuen zaharberritzearen emaitza izango da.

Erreferentziak

Kanpo loturak

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa