San Kristobal gotorlekuko ihesa

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
San Kristobal gotorlekuaren sarrerako korridorea.

San Kristobal gotorlekuko ihesa 1938ko maiatzaren 22an Ezkabarteko Ezkaba mendiaren gainean zegoen espetxetik 795 presok egindako ihesaldia izan zen. Kopurua kontuan hartuta, mundu osoko inoizko ihesaldi handienetarikoa da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1938an San Kristobal gotorlekuak 2.487 preso zituen, gehienak sindikalista eta errepublikazaleak zirenak. Espetxearen egoera latza zen oso: jipoiak, gosea eta zorriak nonahi zebilen. Hori zela eta 1937ko urtarrilaren 1etik 1945eko uztailaren 6an presondegia itxi zuten arte, 305 preso hil ziren.

Ihesaldia hogeita hamar presok zorrotz antolatu zuten. Operazioa afarian hasi zen, orduan zaindariak sakabanatuta zeudelako. Taldeka banatu eta zenbait zaindariei armak kendu ondoren, guardia konpainia afaria egiten ari zen lekura joan ziren. Aurka egin zioten guardia bat barra batekin jo eta hil zuten. Laster, garitetan zeuden soldaduak ere errenditu ziren. Ordu erdi bat baino ez zuten behar presoek gotorlekua bereganatzeko eta, handik, kanpoaldera atera ziren.

Iruñetik bueltan zebilen soldadu batek egoeraz konturatu eta hirira jaitsi zen alarma jotzeko. Gainera 1937ko apirilean Salamancako gertaeraren ondorioz preso zegoen Ángel Alcázar de Velasco falangistak ere mendia jaitsi zuen abisatzeko asmotan.

Militarren kamioiak, islagailu handiak zeramatzatela, gotorlekura ailegatu zirenean, preso batzuek ihes egiteko asmoak alde batera utzi zituzten. Beraz, goizeko ordu bi eta erdietan egindako zenbaketan 1.692 preso zeuden. Hau da 795 presok ihes egin zuten, ihes egiteko planik gabe, gaizki jantziak, elikatu gabe, armarik gabe eta arrapaladan zihoazela. Berehala hasi ziren presoak harrapatzeko lanak eta ia erresistentziarik gabe harrapatu edo hil zuten. Maiatzaren 23an 259, 24an 445 eta hurrengo egunetan gutxiago harrapatu zituzten[1]. Azkena, hiru hilabete beranduago, abuztuaren 14an harrapatu zuten, hainbeste denbora mendian bakarrik pasa ondoren "Tarzan" ezizena jaso zuena.

795 iheslarietatik 585 harrapatu, hiru muga zeharkatu eta 187 erail zituzten, identifikatu gabeko 24 hildako izanik[2]. Hau da, litekeena da beste lauk ihes egitea nahiz eta harrapatzeko ikerketa sakonak egin. Gehienak Ezkabarten, mendiaren iparraldeko aldean, baita Olaibar eta Baztanen ere, eta Antsoainen, mendiaren iparraldeko aldean, erail zituzten. Guztira, 211 iheslari erail zituzten. Harrapatutakoen 16 buruzagitzat jo eta epaitu zituzten, bata Iruñeko zoroetxean sartu eta 14k heriotza-zigorrak jaso zituzten. Urte hartako irailaren 8an Iruñeko Ziudadelaren atzean dagoen Vuelta del Castillon fusilatu zutenak hauek dira:

  • Gerardo Aguado Gómez
  • Teodoro Aguado Gómez
  • Bautista Álvarez Blanco
  • Calixto Carbonero Nieto
  • Antonio Casas Mateo
  • Daniel Elortza Ormaetxea
  • Antonio Escudero Alconero
  • Ricardo Fernández Cabal
  • Francisco Herrero Casado
  • Francisco Hervas Salome
  • Primitivo Miguel Frechilla
  • Miguel Nieto Gallego
  • Rafael Pérez García
  • Baltasar Rabanillo Rodríguez.

Ondorengo eginbideetan Ángel Alcázar de Velasco salatzaile falangistak zigorraren murrizketa jaso zuen, baita beste 60 preso ere. Espetxearen zuzendaria zen Alfonso de Rojas kargutik kendu zuten.

Hona hemen mendian hildakoen kopurua jaioterriaren arabera:

Gotorlekuaren aurrealdean dagoen armarri frankista.
Zbk. Jaioterria
26 Pontevedra
21 Valladolid
17 Segovia
14 A Coruña
13 León
9 Salamanca
8 Nafarroa
7 Burgos
6 Cáceres
5 Ourense
5 Bizkaia
4 Araba
4 Asturias
4 Kantabria
4 Lugo
3 Errioxa
3 Gipuzkoa
3 Jaén
Zbk. Jaioterria
3 Palencia
2 Bartzelona
2 Ciudad Real
2 Huelva
2 Madrid
2 Portugal
2 Toledo
2 Valentzia
2 Zamora
2 Zaragoza
1 Alacant
1 Ávila
1 Badajoz
1 Cádiz
1 Cuenca
1 Granada
1 Murtzia
1 Soria

Omenaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezkaba mendian iheslarien omenezko oroitarria.

1988an, ihesaldiaren 50. urteurrena zela eta, askatasuna eta Errepublikaren alde eroritako iheslarien omenezko oroitarria eraiki zuten Ezkaba mendian. Oroitarria hirutan eraso zuten, azkena 2009ko abuztuan ultraeskuindar kideek mazo-kolpeez hautsia.[3]. Alderdi guztiek ekintza gaitzeste zuten Nafarroako Alderdi Popularrak izan ezik[4].

Iñaki Alforjak 2006an ihesaldiari buruzko Ezkaba izeneko dokumentala estreinatu zuen[5]. lehen Felix Sierrarekin batera Fuerte de San Cristobal - La gran fuga de las cárceles franquistas (Pamiela, 2005) liburua argitaratua zuen.

2009ko maiatzatik aurrera 205 hildakoen omenez Ezkaba mendiaren inguruko zenbait hilerritan 12 plaka jarri dituzte. Aitzoainen dagoenak hamar, Antsoainenak 20 izen, Añezkarrenak 15; Artikarenak 17, Ballariainenak 12, Berriobeitirenak 14, Berriogoitirenak 13, Berriozarrenak 47, Elkarterenak 17, Larragetarenak 12, Lotzarenak 15 eta Oteitzarenak 13 presoen izenak dituzte[6]. Batzuk erasoak ere jasan dituzte, tartean Artika edo Aitzoainen daudenak[3][4].

Barricada rock taldeak "La tierra está sorda" bere diskoan ihesaldiari buruzko "22 de mayo" izeneko abestia moldatu zuen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]