Edukira joan

San Martin eliza (Alkiza)

Koordenatuak: 43°10′22″N 2°06′31″W / 43.1729163°N 2.1087044°W / 43.1729163; -2.1087044
Wikipedia, Entziklopedia askea
San Martin eliza (Alkiza)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaAlkiza
Koordenatuak43°10′22″N 2°06′31″W / 43.1729163°N 2.1087044°W / 43.1729163; -2.1087044
Map
Historia eta erabilera
Izenaren jatorriaMartin Tourskoa
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaDonostiako elizbarrutia

San Martin eliza Alkizan (Gipuzkoan) dagoen eliza da, estilo gotikokoa eta XVI. mendearen bigarren zatian itxura hori hartu zuena. Data zehatza ez da ezagutzen. San Martin Toursekoaren zaintzapean dago.

Hasierako eraikinak ez zuen dorrerik, hura XVII. mendean eraiki baitzen. Elizaren dorrea eta sakristia 1688 eta 1700 bitartean eraiki ziren. Maria Asunción Arrazolak hauxe dio:[1]

« (Gaztelaniaz) [...] las obras que se hicieron en Alquiza a finales del siglo XVI se redujeron a prefeccionar la fábrica ya existente, de caracter gótico: mejor dicho, a remozar la iglesia [...] »

San Martin elizaren lehen erretaula Azpeitiko Joanes Antxeta eskulturagile handiaren obratzat jo izan dute batzuk. Alabaina, Sorabillako Joanes Arbeizakoa izan zen egilea[2]. Dena dela, dokumentatuta dago Antxeta Alkizara deitu zutela erretaulaz aritzeko, berak aholkulari-lanak baino ez zituela egin da indarrean dagoen hipotesi nagusia[3].

Nabea eta erretaula nagusia

Garai horretakoa da elizako sagrarioa Anbrosio Bengoetxeak, herriko semeak, egindakoa. Egun Donostiako Elizbarrutiko Museoan dago hara errestaurazioa egitera eraman zelako 1980ko hamarkadaren hasieran. Alkizako erretore Jose Aldasorok eta aipatutako Museoko zuzendari zen Edorta Kortadik errestauratu ondoren Alkizara itzuliko zela hitzartu bazuten ere, hori ez da gauzatu.

Orain elizan dagoen erretaula Migel Irazustarena da, Madrilen bizi zen eskultore alkizarrarena. 1724an hartu zuen enkargua eta herriko lehen alkate izendatu zutenerako bukatuta zuen lan hori. Migelen lehengusua Joan Irazusta erretorearen garaian, 1755-1772 bitartean, hobekuntza adierazgarri batzuk egin ziren elizan: koruko arkua, elizaren zorua berria eta zimitorioa eraiki ziren eta dorrean erlojua jarri zen. Erloju hori 1841ean eta 1932an berritu zen.

Elizako organoa 1928koa da. Aurrealdean idatzi bat du:

« LEGARA-TAR PRUDENTXIK ORDAINDUA 1928. »

XX. mendearen hondarrean, 1998 eta 2000 urteen artean, eraberritze sakona izan zuen San Martin elizak. Europar Batasuneko funtsak jaso ziren lana partez finantzazeko.

'

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) Arrazola, Maria Asunción. (1988). Renacimiento en Guipúzcoa, Arquitectura, 1. lib. Gipuzkoako Foru Aldundia, 73-74 or..
  2. Arrazola, Maria Asunción. (1988)., 170-171 or..
  3. (Gaztelaniaz) Canon Aznar, Jose. (1943). El escultor Juan de Ancheta. Imprenta Provincial de Pamplona, 62 or..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]