San Pedro eliza (Zumaia)
| San Pedro eliza (Zumaia) | |
|---|---|
| Kultura ondasuna | |
| Kokapena | |
| Herrialdea | |
| Probintzia | |
| Udalerria | Zumaia |
| Koordenatuak | 43°17′50″N 2°15′24″W / 43.29727°N 2.25665°W |
![]() | |
| Historia eta erabilera | |
| Eraikuntza | XIII. mendea |
| Izenaren jatorria | Petri |
| Erlijioa | katolizismoa |
| Arkitektura | |
| Estiloa | arkitektura gotikoa pizkundetar arkitektura |
| Ondarea | |
| BIC | RI-51-0005137 |
| 3 | |
San Pedro eliza Zumaiako parrokia nagusia da, XV. eta XVI. mendeetan eraikitakoa San Petriren omenez. Gotorleku itxura du, 34 metro garai den dorrearekin. Habearte bakarrekoa da, oinplano laukizuzenekoa (30 metro luze eta 14,7 metro zabal)[1]). Zumaiako Alde Zaharrean dago, Agirre etxearen parean.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eliza gotorleku itxurako eraikuntza sendoa da, muino baten gainean kokatua.
Muino txiki honen kokapen bikainak eta bertatik ikusta zitekeen Urolako paduren ikusmira paregabeak erakarrita, Orreagako Ospitaleko Ordenako monje agustindar batzuek Andre Mariaren izena izango zuen monasterio bat eratzea erabaki zuten, eta gune horren inguruan joan zen sortzen pixkanaka Zumaia herria, hiribildua 1347an fundatu aurretik. Oso litekeena da historiako uneren batean elizak izena aldatu eta Andre Mariarena utzita, itsasoarekin lotura handiagoa zuen santu batena aukeratu izana (Petri apostolu arrantzalea), eta horregatik izatea gaur egun San Pedro eliza. Nolanahi ere 1347an herria fundatu ondoren eraiki zen funtsean orain ezagutzen den eraikina.[2]
Kanpoaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estilo gotikoan eraikia, nabe bakarrekoa, dorre karratua mendebaldean du eta bertan dago eliz atari nagusia. Eraikina toba harri arinez egina dago.
Elizan dorrea nabarmentzen da, defentsa dorre gotorra, 34 metro garai. Prisma baten itxurakoa da eta lauki baten antzeko oinarria du. Dorreak, beheko zatian, oso irekiune gutxi ditu, eta mainelen bidez bereizitako leiho gutxi batzuk besterik ez ditu goiko zatian apaingarri. Bost zatitan banatua dago lau inposten bidez, eta piztiak eta mustroak ditu gargola gisa eta paramentuen hausgarri.
Elizak arkitektura zistertarrari dagozkion ezaugarriak ditu, ordena hark XIII. mendean inguruotan izan zuen itzalaren eraginez: elementuen soiltasuna, apaindurarik eza, zuntoi arkurik eza, horma bular nabarmenak (eraikin erromanikoetan bezala), eta, ganga gorenei eutsiz, hormari atxikitako zutabeak (zutabeok, gainera, ez dira lurretik bertatik abiatzen, goraxeago jarritako mentsuletan oinarri hartuta baizik).[3]
Barrualdea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egituraz habearte bakarra du eta kaperak albo banatan, gurutzaduraren parean, antzinagoko bi horma bularren artean. Espazio zabala du nabe bakar horrek: 30 metroko luzera, 14.7 metro zabal. Habearteak, lau zatitan banatua, zortzi aldetako abside oktogonala du burualdean.
Gurutze gangetan nabarmen ageri dira nerbioak eta -arkuen erdi-erdian- giltzarri harearrizkoak zintzilik. Gangaren arku edo nerbioak kapitel itxurako irtenune batzuek eutsitako lotune gisako batean elkartzen dira hormatik gertu, abiaburuan, hormari atxikitako zutabe gisa jarraitzeko handik behera. Zutabe guztiak ez dira, ordea, lurreraino iristen: lehen habearteko lauak eta abside poligonaleko burualdeko lauak, adibidez. Bai arkuen abiaburuko lotuneak bai hormari atxikitako zutabeak hareharrizkoak dira denak.
Sarreraren gainean XVI. mendean eraikitako korua dago, Zumaiako Agirre familiaren enkarguz egina, barandan dauden bi inskripzioek azpimarratzen duten bezala.
Ondasun nabarmenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Garai gotikoko ondasun bikainak gorde dira elizan. Horien artean, Martinez de Mendaroren botozko taula, egikera flandestarreko margolana, herriko seme eta militar izan zen Mendaro marinelaren enkarguz egina. 15. mendeko margolana da eta garai bertsukoa da (mende haren amaierakoa) madonna gotiko bat, flandestarra hau ere estiloz.[4]
Flandesen jatorria izan zuen erretaula flandestar bat ere izan zen elizan, zeinaren bi zati edo eszena bakarrik kontserbatu diren, Gurutzetik Eraistearen eta Zigorraldiaren taillak[5]. 21. mendean erretaula nagusiaren albo banatan daude jarrita bi eszena horiek.
-
16. mendeko koruan, Agirre familiaren inskripzioak.
-
Madonna gotikoa, 15. mende amaierakoa.
-
Zigorraldiaren tailla, erretaula flandestar batetik geratu den zatietako bat.
-
Gurutzetik Eraistearen tailla, beste zatia.
-
Martinez de Mendaroren botozko taula flandestarra.
Erretaula nagusia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erretaula nagusia erromanista da, Joanes Antxeta eta Martin Arbizu mihiztatzaileak 1574-1577 bitartean egindako lana. Gipuzkoan kontserbatzen da Antxeta eskultore handiaren obra bakarra bere osotasunean eta dokumentatua. Eskultore hori Euskal Herriko eskultura erromanistaren adierazle gorena izan zen, eta penintsulan artista nabarmena.
Laukiz osatutako erretaula da, hiru kaletan antolatuta dago, predela bat, bi gorputz eta burua ditu, XVIII. mendean erantsi zitzaion predela edo behe zerrenda batek goragotzen duelarik.

Urria da apainduratan; ordena gainjarriko zutabeak dituzten lauki angeluzuzenetan antolatuta dago; elkarrekin lotuta dauden apaindura geometriko urriekin apainduta ditu frisoak; eta lehen gorputzeko alboetan dituen frontoiak alderantzizko kurba bidez ebakita dauzka. Predelako erdiko kalean sagrarioa dago, erretaula baino geroagokoa dena eta Martin Ostizak egina; sagrarioa edikulu bat da, zutabez osaturiko tenplutxo bat, frontoi triangeluarra eta buruan kupula bat dituena. Alboko kaleetan erliebeak daude medailoi handi eta panel angeluzuzenetan kokatuta, hegaletan, berriz, pinturak estanpatan jasoak agertzen dira. Lehen gorputzeko laukien alboan dauden zutabeak doriarra dira, alboko nitxoek buruan frontoi nahasia daukate eta erdiko hormakonka handiak frontoi zuzen bat, azken horrek (frontoiak) bigarren gorputzaren zokaloa hartzen duelarik. Bigarren gorputz horretako biko zutabeak korintiarrak dira; hormakonka nagusiak antolamendu serlianoa aurkezten du puntu erdian, eta horrek, ondoan dituen biko zutabeekin lanketa bana osatzen du. Buruan, frontoi bat eta aleatoiak ditu, bertan irudiak biluzik agertzen dira. Bigarren gorputzeko zutabeetan mukuluzko eskulturak daude, bestalde, hormakonka gainean dagoen kartelan San Petriren giltzak agertzen dira eta frontoian kalbarioari buruzko lanketak.
Jatorrizko erretaulan nabari den espresatzeko ahalmen itzela bere egilearen maila artistikoaren adierazle da. Predelan Azken afaria eta Oinen garbiketa daude irudikatuta, irudi horietan teknika eta pertsonaien psikologia adierazteko ahalmena dira azpimarragarri. Sagrarioaren alboetan, marko biribilduetan, San Marko eta San Mateoren irudiak agertzen dira, horrela, osatua gelditzen da predelako errepertorio ikonografikoa. Lehen gorputzean, erdian, San Petri agertzen da eserita, eta alboetan haren bizitzako bi gertaera, Bokazioarena eta Aingeruak kateetatik askatu zuenekoa. Bigarren gorputzean, puntu erdiko markoan ipinita Jasokundea ageri da, eta Deikundea eta Andre Mariaren jaiotza albo banatan. Buruaren gainean, San Joan Bataiatzailea, San Antonio, Karitatea eta San Paulo apostoluen irudiez gain, Kalbarioko taldea agertzen da. XVIII. mendeko predela ere erliebez jantzita agertzen da, bertan, Jaunaren atxilotzea eta Baratzeko otoitzaldia irudikatzen dira.
Kaperetako triptikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1504. urtean elizak Zumaiako familia aberats biri esleitu zizkion bi kapera elizan, ezkerrekoa, San Antonen kapera, Sasiola familiak eskuratu zuen. Eskuineko erretaula, San Barnaberen kaperakoa, Juan Martinez Elorriaga armadorearen familiak hartu zuen eta Elorriaga erretaula ere esaten zaio horregatik.[6] Elorriaga erretaulan erdiko margolanean Kristoren gurutziltzatzea dago adierazia eta honen oinetan Elorriaga familiakoak otoitz egiten, San Pedro, San Bernabe eta Santa Katalinaren babespean[7]. Alboetan Kristoren Pasioa ageri da: Baratzeko otoitza, Kalbariorako igoera, Pietatea eta Berpizkundea ikusten dira. Ateak ixterakoan, Anuntziazioa edo Deikundea azaltzen da.
San Antonen erretaula parrokiako ezker kaperan kokatzen da, San Antonen kapera edo Sasiola familiaren kapera izenekin ezagun denean.[4] Erretaula hau Gotikotik Pizkunderako pasabidearen paradigmatzat hartzen da, egitura nahiz kontzeptuari dagokienean, arlo bietan estilo batetik besterako iraganbidea argiro erakutsiz. Gainera Euskal Herri guztiko triptikoen artean tipologia osatuenetakoa dauka, era askotako pintura eta eskulturak bateratzen ditu, eta ateen barnekaldeko pinturetan du bere adierazgarririk baliotsuena.
Babes-ateak dauzkan XVI. mendearen hasierako triptikoa da. Erdiko kalean bi gorputz ditu eta hiru albokoetan; erretaularen ateetan, aurretik nahiz atzetik, pinturak ikus daitezke bi zerrendatan.
Erretaulak ezaugarri hispaniar-flandriarrak eta pizkundetarrak uztartzen ditu, bere mazoneriaren elementu gotikoetan garbi asko nabaritzen den moduan: adibidez, kutxak kokatzen dituzten pilareak eta buruan dituzten filigranazko errezeltxoak; eta kutsu pizkundetarrekoak, berriz, erdiko kalearen albo banatan dauden zutabeak, "candelieri" erara dekoratuak.
Programa ikonografikoa Pasioarena da funtsean, santu titularraren irudiarekin erdiko kalearen barreneko gorputzean eta aurrealdeko oholean; alboko kaleetan beste debozio batzuen zenbait errepresentazio, hala nola, San Kristobal eta Santiagoren bizitzako eszena bat; eta jaiotza eta adorazioari buruzko gaiak, hauek ere atean. Programa honek estilo aldetik gotiko kutsua ez ezik, Pizkundearen eragin garbia ere badauka, gehienetan joera espresionistarekin, beren kalitate aparterengatik ateen barruko aldetiko oholak nabarmentzen direlarik.
Polikromia ere erretaularen garaikoa da eta altzari guztian nabari den forma-bikoiztasuna azaltzen du, ezaugarri gotikoak pizkundetarrak konbinatuz.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ Zumaiako Udala, zumaia.net
- ↑ https://kostaldea.eu/wp-content/uploads/pdf/donejakue-bidea/kostaldea-informazio-orokorra-donejakue-bidea-getaria-zumaia.pdf
- ↑ Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco. «San Pedro Eliza. Ondarea. Euskal Ondare Kulturalaren Informazio Sistemaren hasiera orria» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-07-12).
- ↑ a b «Zumaia - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (kontsulta data: 2025-07-14).
- ↑ Muñiz Petralanda, Jesús. (2008). «La problemática de la determinación de la procedencia de los retablos "flamencos". Consideraciones en torno al relieve de la Lamentación de la Parroquia de San Saturnino de Pamplona» Cuadernos de la Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (3): 545–562. ISSN 1989-4880. (kontsulta data: 2025-07-04).
- ↑ (Gaztelaniaz) ROMATET, J. L.. (2010-10-24). «El tríptico de la capilla de San Bernabé ha sido catalogado como Monumento» El Diario Vasco (kontsulta data: 2025-09-05).
- ↑ Zumaiako Udala Alboko kaperak
