Edukira joan

San Tomasen kristauak

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Tomasen gurutzea (Mar Thoma Silva), San Tomasen kristauen identitatearen ikurra.
San Tomasen ikonoa.

San Tomasen kristauak, nasrani ere deituak, Indiako Kerala estatuko kristau komunitateko kideak dira. Tradizionalki, I. mendeko Tomas apostoluaren ebanjelizatze jarduerara jotzen dute beren jatorria, eta, beraz, munduko kristau komunitate zaharrenetakotzat hartzen dira.[1][2]

Gaur egungo San Tomasen kristauen hainbat adarren tradizioak Jesusen 12 jarraitzaileetako bat zen San Tomas Muzirisko (gaur egungo Kodungallur, Kerala) antzinako portura 52. urtean iritsi zela aipatzen du. Tradizio honen arabera, Tomas apostoluak brahman kastako 32 familia kristautasunera konbertitu zituen eta Ezharappallikal (Zazpi Eliza eta Erdi) bezala ezagutzen diren komunitateak sortu zituen: Kodungallur, Kollam, Niranam, Nilackal (Chayal), Kokkamangalam, Kottakkayal (Paravoor), Palayoor (Chattukulangara) eta Thiruvithamkode (eliza erdia).[3][4][5]

Apostoluak Indian egindako bidaiari buruzko iturririk zaharrenak Tomasen Eginak du izena. Ziurrenik III. mendearen hasieran idatzi zen, ustez Edesan.[6][7][8] Testu horren 17. kapituluak Tomasek Indiako iparraldean Gondofares erregeari egindako bisita deskribatzen du. 1872an aurkitu zen Gondofares benetan existitu zela, eta 21 eta 47 urteen artean errege izan zela. Egileak Indiari buruzko datu historiko fidagarriak erabili izan ditzake; hala ere, horrek ez du apostoluaren ustezko bidaiaren historikotasunaren frogarik osatzen. Beste iturri historiko bat Thomma Parvam (euskaraz: «Tomasen abestia») da.[9][10]

IV. mendeko hainbat idazlek ere aipatzen dute Tomasek Indian egindako bidaia, besteak beste, Anbrosio Milangoak, Gregorio Nazianzokoak, Jeronimo Estridongoak eta Efraim Siriakoak. Eusebio Zesareakoak idatzi zuen bere irakasle Pantenok Indiako kristau komunitate bat bisitatu zuela bigarren mendearen amaieran.[11][12]

Ez dago Tomas apostoluaren garaiko iturririk Indiara joan zela frogatzen duenik, baina garai hartako judu batek bidaia hori egitea posible zen. Malabar kostako Kochi portu-hirian jada bizi ziren juduak ordurako.[13][11][14]

Historikoki, San Tomasen kristau komunitatea Ekialdeko Elizaren parte zen, eta eliza hori Pertsian zentratuta zegoen. IV. mendearen hasieratik, Ekialdeko Elizako Patriarkak Indiako komunitateei kleroa, testu sakratuak eta azpiegitura eliztarrak bidaltzen zizkien. VIII. menderako, Indiako Eliza Probintzia antolatu zen, apezpikuek eta artzadiakono hereditario batek zuzendutakoa.[12]

XVI. mendean, San Tomasen kristau komunitatea zatitu egin zen katolikoen eta Malankarako Elizaren artean.[15] San Tomasen kristauen zati katolikoa Egoitza Santuarekin bat eginda dago. Honen barruan daude Siro-malabar Eliza Katolikoa eta Siro-malankar Eliza Katolikoa.[16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Fahlbusch, Erwin. (2008). The Encyclopedia of Christianity. 5 Wm. B. Eerdmans Publishing, 285 or. ISBN 978-0-8028-2417-2. (kontsulta data: 2025-11-01).
  2. (Ingelesez) Slapak, Orpa. (2003). The Jews of India: A Story of Three Communities. Jerusalem: The Israel Museum, 27 or. ISBN 965-278-179-7. (kontsulta data: 2025-11-01).
  3. (Ingelesez) Arampulickal, James. (1994). The pastoral care of the Syro-Malabar Catholic migrants. Oriental Institute of Religious Studies, India Publications, 40 or..
  4. (Latinez) «Orientalia christiana periodica: Commentaril de re orientali ...» Pontificium Institutum Orientalium Studiorum 17-18: 233. 1951.
  5. (Ingelesez) Hastings, Adrian. (2000). A World History of Christianity. Wm. B. Eerdmans, 149 or. ISBN 978-0-8028-4875-8..
  6. (Ingelesez) Frykenberg, Eric. (2008). Christianity in India: from Beginnings to the Present. Oxford University Press, 99 or. ISBN 0-19-826377-5..
  7. (Ingelesez) Bornkamm, G. (1965). «The Acts of Thomas» in Hennecke, E. New Testament Apocrypha. 2 London: Lutterworth.
  8. (Ingelesez) Klijn, Albertus Frederik Johannes. (2003). The Acts of Thomas: Introduction, Text, and Commentary. BRILL, 15 or. ISBN 90-04-12937-5. (kontsulta data: 2025-11-01).
  9. (Ingelesez) Frykenberg, Robert Eric. (2008). Christianity in India: from Beginnings to the Present. Oxford University Press, 92 or. ISBN 0-19-826377-5. (kontsulta data: 2025-11-01).
  10. (Ingelesez) Menachery, G., ed. «The Song of Thomas Ramban» The Indian Church History Classics. I Ollur: The Nazranies (argitaratze data: 1998) ISBN 81-87133-05-8..
  11. a b (Ingelesez) Christianity in India: from Beginnings to the Present. Oxford University Press, 103 or. ISBN 0-19-826377-5. (kontsulta data: 2025-11-01).
  12. a b (Ingelesez) Baum, Wilhelm; Winkler, Dietmar W. (2003). The Church of the East: A Concise History. Routledge, 52 or. ISBN 0-415-29770-2. (kontsulta data: 2025-11-01).
  13. (Ingelesez) Puthiakunnel, Thomas. (1973). «Jewish colonies of India paved the way for St. Thomas» in Menachery, George. The Saint Thomas Christian Encyclopedia of India. II Trichur.
  14. (Ingelesez) Bayly, Susan. Saints, Goddesses and Kings in South Indian Society. Cambridge University Press (argitaratze data: 2004-04-22) ISBN 978-0-521-89103-5..
  15. (Ingelesez) Frykenberg, Robert Eric. (2008). Christianity in India: from Beginnings to the Present. Oxford University Press, 127-134 or. ISBN 0-19-826377-5..
  16. (Ingelesez) Brock, Sebastian P. (2011). «Thomas Christians» in Brock, Sebastian P.; Butts, Aaron M.; Kiraz, George A. eta beste Gorgias Encyclopedic Dictionary of the Syriac Heritage: Electronic Edition. Gorgias Press (kontsulta data: 2025-11-01).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]