Santimamiñeko bultzagailua
Santimamiñeko bultzagailua | |
---|---|
Jatorria | |
Sorrera-urtea | Duela 14.000 urte inguru - Madeleine aldia |
Aurkikuntza lekua | Santimamiñe |
Aurkikuntza data | 1923 |
Aurkitzailea edo asmatzailea | Jose Migel Barandiaran, Enrique Eguren eta Telesforo Aranzadi |
Ezaugarriak | |
Materiala(k) | hezurra |
Dimentsioak | 1 (![]() ![]() |
Deskribapena | |
Honen parte da | Euskal Herriko historia 100 objektutan |
Kokapena | |
Lekua | Bizkaiko Arkeologia Museoa |
Bilduma | Bizkaiko Arkeologia Museoa |
Santimamiñeko bultzagailua hezurrarekin egindako bultzagailu bat da, Madeleine aldian egina. Bizkaiko Santimamiñe kobazuloan aurkitu zen. Dekoratutako pieza bat da, orein baten buruarekin alde batean, eta gurutze formako irudiekin beste aldean.
Kobazuloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kortezubiko Santimamiñeko koba Bizkaiko historiaurreko benetako ikurra da, hala bertan bisonte eta zaldien Madeleine aldiko santutegia dagoelako, nola aspaldi aurkitu zutelako. 1916an ume talde bat zulotzarrean sartu eta pinturak aurkitu zituen; handik gutxira oso argi geratu zen kobazuloan bertan hainbat okupazio-maila adierazten zirela. 1918 eta 1926 urteen artean euskal arkeologiaren aitzindari Telesforo Aranzadi, Jose Migel Barandiaran eta Enrique Egurenek hondeaketak egin zituzten.
Bultzagailua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bultzagailua 1923 urtean egin ziren indusketa lanetan aurkitu zuten. Hari eusten zion topea kokatuta zegoen muturra baino ez da artatu. Orein adarrez eginda dago eta bertan grabatu batzuk identifika daitezke: izar itxurako bi zeinu eta beste figura bat, identifikatzeko zailagoa, animalia baten burua izan litekeena, beharbada zaldi bat. Pieza txikia da, 8 zentimetro luze eta zentimetro bateko diametrokoa.
Haren funtzionamenduaren oinarria oso erraza zen: berariazko funtsa palanka eragina zen, eusteko euskarri baten bidez xabalina bat jaurtitzeko erabiltzen zena. Jaurtigaiarekin lortzen zen distantziaren faktorerik behinena indar fisikoa zen eta, horrekin batera, bultzagailuaren gainean xabalina orekan edukitzeko trebezia.
Mekanismoa oso sinplea izan arren, abantaila asko ekarri zituen bere aurreko ehiza sistemekin erkatuta, ordu arte erabiltzen zituzten lantzak jaurtitzeko aukera bakarra besoaren indarra zelako. Alde batetik, saihestu egiten zen ehiztariaren eta animaliaren arteko aurrez aurreko borroka, hil nahi ziren animalia batzuen kasuan oso arriskutsua zelako. Beste alde batetik, distantzia batetik ehizan egiteko aukera ematen zuen eta, horren ondorioz, aurretiaz jokatzekoa. Hau da, ez zen beharrezkoa animaliarengana hainbeste hurbiltzea eta, beraz, animaliak ez zuen hain erraz gizakiaren presentzia igartzen eta ehiztariek errazago izaten zuten animalia horiek ehizatzea.[1]
Europako Izotz Aroan zehar hasierako bultzagailu horiek Solutre Aldia (gutxi gorabehera duela 17.000 urte) izenarekin ezagutzen den kulturaren azken faseetakoak izan ziren, baina asko ugaritu ziren Madeleine Ertainean (duela 14.000 urte); orduan dekoratu ere egiten zituzten, benetako arte lanak sortuz. Ezin da esan ez zituztela horren aurreko uneetan erabiltzen, edota aztarnarik utzi ez duten gai galkorrak erabiliz egiten ez zituztenik (zurezkoak); beraz, ezin dugu erreminta horren jatorri zehatzik eman.

Paleolitikoko bultzagailu gehienak Frantziako Pirinioetako kobetan aurkitu dituzte eta, toki horretan baino gutxiago, Dordoina eta Erdialdeko Europan. Kantauri Itsasoko ertzean aurkikuntzak oso gutxi izan dira. Santimamiñekoaz gain, El Castillo, La Garma edo El Mirón kobetan aurkitu direnak azpimarratu behar dira.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) deia. (2010-07-06). «El Arkeologi Museoa exhibe "el propulsor de Santimamiñe"» Deia (kontsulta data: 2025-05-18).