Edukira joan

Santos Cerdán León

Wikipedia, Entziklopedia askea
Santos Cerdán» orritik birbideratua)
Santos Cerdán León
lehendakari

2020ko martxoa - 2022ko urtarrila
Beatriz Corredor - Maria Luisa Carcedo

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2019ko abenduaren 3a -
Barrutia: Nafarroa
Hautetsia: 2019ko azaroko Diputatuen Kongresuko hauteskunde orokorrak

Espainiako Diputatuen Kongresuko diputatua

2019ko maiatzaren 14a -
Barrutia: Nafarroa
Hautetsia: 2019ko apirileko Espainiako hauteskunde orokorrak

Nafarroako parlamentari

2015eko ekainaren 17a - 2019ko ekainaren 18a
Hautetsia: Nafarroako Parlamentuko IX. legealdia

Nafarroako parlamentari

2011ko ekainaren 15a - 2015eko ekainaren 16a
Hautetsia: Nafarroako Parlamentuko VIII. legealdia
Bizitza
JaiotzaMilagro1969ko maiatzaren 4a (56 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
BizilekuaSoto del Realgo espetxea
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria
Lantokia(k)Madril
KidetzaNafarroako Alderdi Sozialista
Sinesmenak eta ideologia
Alderdi politikoa Espainiako Langile Alderdi Sozialista

Twitter: santicl Edit the value on Wikidata

Santos Cerdán León (Milagro, Nafarroa Garaia, 1969ko maiatzaren 4a) nafar politikari ohia da. PSOEren kide gisa Milagroko zinegotzia (1999-2015), Nafarroako parlamentaria (2011-2019) eta Espainiako diputatua (2019-2025) izan zen, harik eta Koldo auzian nahasita egoteagatik dimisioa eman eta bere ibilbide politikoa eten behar izan zuen arte. Auzi hori dela-eta 2025eko ekainaren 30ean deklaratu zuen lehenbizikoz Espainiako Auzitegi Gorenean, eta Cerdanek akusazio guztiak ukatu zituen arren, epaileak kartzelara bidali zuen zuzenean, bermerik gabe, eroskeria, talde kriminal bateko kide izatea eta influentzia trafikoa egotzita[1].

PSOEren nafar adarrean, PSN alderdian alegia, zenbait kargu organiko izan zituen; bertzeak bertze, antolakuntza idazkaria izan zen. 2017an Madrilerako jauzia ematen hasi zen, Pedro Sánchezek PSOEren primarioetan parte hartzeko beharrezkoak ziren abalak biltzeko eskatu ziolarik. Sánchezek primarioak irabazi zituen eta 2018an Espainiako lehendakari bilakatu zen, eta Santos Cerdán alderdian goi karguak hartzen hasi zen: Pablo Iglesias Fundazioko lehendakaria, lurralde koordinazioko idazkaria eta antolakuntza idazkaria izan zen.

Cerdán Pedro Sánchezen konfiantzazko gizona izan zen kontu garrantzitsu anitzetan: PSOEko idazkari nagusia lehendakaritzara eraman zuen Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioan, EAJrekin negoziatu zuen; Nafarroako aldaketa politikoa gauzatzeko sukalde lana egin zuen EH Bildurekin; eta Amnistia legea negoziatu zuen Puigdemontekin, Waterloon (Belgika)[2].

2025eko ekainaren 12an, Guardia Zibilaren txosten baten berri izan ondoren, non José Luis Ábalosekin eta haren aholkulari ohi Koldo Garcia Izagirrerekin izandako elkarrizketak erregistratu baitzituzten, errepideetako esleipenen truke ustez komisioak kobratzeari buruz[3], alderdian zituen kargu guztien dimisioa aurkezteko eta diputatu akta uzteko asmoa iragarri zuen[4].

Ondorioak PSN-n

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santos Cerdanek dimisioa eman eta hurrengo egunean, Cerdanen auziarekin zerikusia zuela ukatu zuen PSNk. "Alderdi garbia eta zintzoa gara", adierazi zuen Ramon Alzorriz idazkariordeak[5]. Hala ere, hiru egun geroago, ekainaren 18an, Alzorriz bera hedabideen aitzinera agertu zen idazkariordetzan eta Nafarroako Parlamentuko bozeramailetzan dimisioa emana zuela komunikatzera[6].

Kontua da ekainaren 10ean Guardia Zibilak sei orduko miaketa egin zuela Servinabar enpresaren egoitzan, Iruñean[7]. Servinabar 2000 SM 2024ko urtarrilean egin zen ezagun, Nafarroako Gobernuak Belateko tunelak zabaltzeko obrak esleitu zizkiolako. Aldi baterako enpresa elkarte bateko kide gisa aurkeztu zen Servinabar, Acciona eta Oses Construcciones enpresekin batera. 2023ko abenduan adjudikatu zen obra, eta 2024ko urtarrilaren 23an izenpetu zen 73 milioi euroko kontratua[7].

Miaketa haren ondoren eta legez kanpoko komisioak kobratu izan zituela zioten informazioak zabaldu eta gero eman zuen dimisioa Santos Cerdanek. Hurrengo egunetan, zenbait hedabidek zabaldu zuten Cerdanek Servinabar enpresaren %45eko partaidetza zuela. Eta Alzorrizen bikotekideak enpresa horretan 2021etik 2024ra lan egin zuenez, Alzorrizek erabaki zuen alderdi barneko kargua eta Parlamentuko bozeramailetza utzi behar zituela; parlamentari soil gisa jarraituko zuela ere erran zuen.

Dena dela, Servinabarraren jabetzaren inguruko kontua ez dago batere garbi, ekainaren 19an Antxon Alonso Egurrola enpresaburu elgoibartarrak prentsa ohar bidez gezurtatu baitzuen Cerdanek enpresa horretan partaidetzarik zuenik. Alonsoren azalpenen arabera, Alonso litzateke administratzaile bakarra. Era berean, Alonsoren hitzetan, Guardia Zibilaren txostenak ez dio enpresari leporatu "inolako delituzko ekintza zehatzik"[8].

Ikerketa batzordea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2025eko uztailaren 3an, Nafarroako Parlamentuan, azken lau legealdietan Nafarroako Gobernuak eginiko eta finantzaturiko herri lanak ikertzeko batzordea eratu zuten. Haren helburua zen argitzea ea irregulartasunik egon ote den Cerdan auzian aipatu diren enpresei adjudikaturiko lanetan. Lehen saioan, batzordea gidatuko zuen mahaiko kideak izendatu zituzten: EH Bilduko Irati Jimenez izanen zen lehendakaria, UPNko Pedro Gonzalez lehendakariordea eta Geroa Baiko Blanca Regulez idazkaria[9].

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]