Sarasate pasealekua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Artikulu hau Iruñeko pasealekuari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Saratsate (argipena)».

Pablo Sarasate pasealekua

Bandera Pamplona.svg Iruñea, Bigarren Zabalgunea
Sarasate Pasealekuan-irotzabal.jpg
Sarasate pasealekuaren ikuspegia, atzealdean Foruen monumentua eta Nafarroako jauregia daude.
Herrialdea
Probintzia
 Euskal Herria
 Nafarroa
Pablo Sarasate pasealekua hemen kokatua: Euskal Herria
Pablo Sarasate pasealekua
Pablo Sarasate pasealekua
Pablo Sarasate pasealekua hemen kokatua: Nafarroa Garaia
Pablo Sarasate pasealekua
Pablo Sarasate pasealekua
Pablo Sarasate pasealekua hemen kokatua: Iruñea
Pablo Sarasate pasealekua
Pablo Sarasate pasealekua
Koordenatuak: 42° 48′ 55.11″ N, 01° 38′ 41.80″ W / 42.8153083°N,1.6449444°W / 42.8153083; -1.6449444Koordenatuak: 42° 48′ 55.11″ N, 01° 38′ 41.80″ W / 42.8153083°N,1.6449444°W / 42.8153083; -1.6449444

Sarasate pasealekua, ofizialki Pablo Sarasate pasealekua, Nafarroako Iruñea hiriburuko (Euskal Herria) pasealeku ezaguna da, Alde Zaharra eta Bigarren Zabalgunearen artean kokatzen da. Iruindarren artean Valentzia pasealekua (modu herrikoian Paseo Balentzi) bezala ere oso ezaguna da. Izena Pablo Sarasate musikari iruindarraren omenez darama.

Hiri honetako bilgune, manifestapen eta topagune garrantzitsuenen kokalekua ere izan ohi da.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alde Zaharra, Bigarren Zabalgunea eta Lehen Zabalgunearen artean dago.

Pasealeku honetako ekialdeko muturrean Foruen monumentua, Nafarroako jauregia, Gazteluko plazaren sarbidea, Baleztena etxea, Banco de España eraikina eta San Ignazio etorbidearen hasiera daude, erdialdean San Nikolas eliza eta Posta Bulego Nagusia, eta mendebaldeko muturrean Nafarroako Parlamentua.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroan Iruñeko harresiaren hegoaldeko zatia pasealeku honen zenbaki parea duten etxebizitza lerroan zehar igarotzen zen, hots, Iruñeko Alde Zaharraren alboan dagoena, San Nikolas eliza harresi horren zati zelarik. Honenbestez, gaur egun Sarasate pasealekua dagoen gunea harresitik kanpo gelditzen zen, hau da, hiritik kanpo.

Sarasate pasealekua eta Gazteluko Plazaren izkinako plaka Baleztena etxean.

Hortaz, XVI. mendean, Nafarroako konkista jazo eta gero, harresi modernoak eraiki zirenean (gaur egun ikusgai daudenak) gune hau jada aipatutako harresi horien barnean gelditu zen. Hiriaren barnean zegoen zuhaitzez osatutako eremua zen, Takonera parkearen antzera hiritarren aisialdi lekua (izan ere, garai hartan gaur egungo Sarasate pasealekuaren gunea Takonera eremuaren zati zen).

Gune hau ez zen XIX. menderarte gaur egun ezagutzen dugun pasealekua bilakatuko. Hasiera batean Valentzia pasealekua izena jaso zuen (eta ofizialki, iruindar eta nafar euskaldunzar edo adineko ugarik oraindik Paseo Balentzi izenez deitu ohi dute). Izendapen honen zergatia Jose Joaquin Arazuri mendiku eta historilariak azaldu zuen: XIX. mendean Prudencio Valencia iruindarrak alboko Lindatxikia kalean hirian nahiz Nafarroako herrietan ospe handia zuen eskribau despatxua omen zuen, eskribau lanbide hau edozein motako administrazio gestioak burutzeko nahi eta nahiezko lanbidea zen, bai eta leku hartara bertaratzen ziren askoren erreferentzia nagusia ere. Halere, 1908an alboko San Nikolas kalean jaiotako Pablo Sarasate musikaria hiltzean, Iruñeko Udalak plazari nazioartean aski ezaguna zen iruindar artistaren izena jartzea erabaki zuen. 1974ean, denbora labur batez, pasealekuari Valencia pasealekua gisa berrizendatzea erabaki zen, baina laisterrera izen ofiziala biolinjole ospetsuaren izendapena izatera itzuli zen.

Eraikin eta monumentu nabarmenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nafarroako jauregia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako jauregia»

Nafarroako jauregia Nafarroako Gobernuaren egoitza da eta pasealekura begira duen atari nagusia, gainontzeko eraikina bezala, XIX. mendean estilo neoklasikoan eraiki zen. Halere, bertan ikusgai dauden Nafarroako bi erregeen irudiak (Antso Nagusia eta Antso Indartsua) eta frontoiaren Nafarroaren alegoria (bi nafar izaerak: menditarra eta erriberarra) XX. mendekoak dira. Arkupeko eskuinaldeko zutabeetan oraindik 1937an Espainiako Gerra Zibilan jasandako hegazkin bonbardaketa baten ondorioz jasandako kalteen aztarna ikus daiteke.

Banco de España eraikina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Banco de España eraikina (Iruñea)»
Pasealekuaren alde batean dagoen Banco de España eraikina.

Banco de España eraikina pasealekuaren ekialdean eta 1. zenbakian, Nafarroako jauregia eta Foruen monumentuaren alboan, eta San Inazio etorbidea hasten den lekuan dago. 1925-1927 artean eraiki zen eta Jose Astiz eta José Yarnoz Larrosaren lana da. Erakunde ofizialen bultzadaz burututako eraikina zenez estilo klasikoa (1920eko hamarkadan teoria novecentistak nagusi zirenez erakundeek heuren eraikin eta egoitzetan hura erabili ohi zuten) eta proportzio orekatuak ditu, Nafarroako jauregiaren neoklasiko estiloaren isladaz. Zati noblea pasealekura begira dagoen frontiseko lau zutabe eta pilastrez nabarmentzen da. Diputazioaren jauregiaren doriar ordena erabili beharrean multzo honek joniar ordena erabiltzen duenez, jauregia baina itxura arinagoa du. Arbelezko mansardak frantziar burgesiaren arkitekturarekin lotzen du.

Posta Bulego Nagusia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Posta Bulego Nagusia (Iruñea)»

1921an Joaquín Pla arkitektoak diseinatu eta eraiki zuen. Harri eta adreiluz eginiriko eraikin neoklasiko dotore bat da. Sarasate pasealekua eta Vinculo kalearen arteko izkinan dago.

Foruen monumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Foruen monumentua»

1903an altxatu zen Foruen monumentua Nafarroako askatasunaren ikur da. Gamazadaren ondoren herritarren diru laguntzaz eraiki zen (Espainiako Ogasun ministroa zen Germán Gamazok Nafarroako errejimen fiskala deuseztu nahi izan zuen, Nafarroa osoan horren erabaki horrn aurka eta Foruen aldeko erantzun erraldoia piztu zen, azkenean hori eta beste zenbait arrazoiengatik ez zen erabaki hori ezarri). Monumentuaren goialdean Nafarroa irudikatzen duen andere handi batek eskuan Foruak ditu, eta beherago, Lana, Bakea, Justizia, Autonomia eta Historia irudikatzen dituzten bost figura daude. Foruen defentsari buruzko bost plaka ere badauzka. Bi euskaraz (haietako bat iberiar hizkiz idatzia) eta hiru gaztelaniaz.

San Nikolas eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «San Nikolas eliza (Iruñea)»
San Nikolas eliza, Sarasate pasealekura begira dagoen eraikinaren irudia.

XII. mendean San Nikolas eliza eliza-gotorlekua mezak eman eta alboko Nabarreria eta San Zernin burguetatik defendatzeko gotorleku militar izateko ere eraiki zen. Sarasate pasealekuaren iparraldeko etxebizitzen lerroan dago. Gaur egungo eraikina XIII-XIV. mendeen artean eraikia izan zen, gainera XIX. mendeko gehigarriak ditu. Hainbat dorre izan ditu baina gaur egungoa 1924. urtekoa da.

Nafarroako Parlamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Nafarroako Parlamentua»
Nafarroako Parlamentuaren eraikina Sarasate pasealekuaren mendebaldean dago.

Nafarroako Parlamentua pasealekuaren mendebaldean dago eta 1892an Justizia Jauregi gisa eraiki zen, 1996. urterarte funtzio hori betez. Gaur egun, eta 2002tik aurrera aurrealdea zaharberritu ondoren Nafarroako Parlamentuaren egoitza da. Zati nagusia nagusiki harriz bakarrik egina dago eta klasizismora hurbiltzen da, aldiz, bigarren mailako frontisak eklektizismora hurbiltzen dira. Nahiz eta gaur egun erabilpen berria izan, eraikinak teilatuan garai batean Justizia Jauregia zeneko Justizia (balantzarekin) eta legearen taulen alegoriak mantendu ditu.

Erregeen estatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarasate pasealekuaren erdialdeko gunean Nafarroako erregeak irudikatzen dituzten harri zuriz egindako sei estatua daude, jatorriz 1750-1753 bitartean egin ziren eta proiektu baten arabera Madrilgo Errege Jauregian (Sortaldeko Jauregia) jarri behar ziren apaindurak ziren, baina azkenean gauzatu ez zenez XIX. mendean Iruñeko Udalak eskuratu eta bertan jarri zituen. 1972an ordurarte Iruñean zeuden bi estatua Nafarroako erregeak irudikatzen zituzten beste biren truk Madrilera itzuliarazi ziren: Fernando VI.a Espainiakoa eta haren emazte Barbara Braganzakoaren estatuak itzularazi eta Filipe III.a Nafarroakoa (Joana II.a Nafarroakoaren senarra) eta Gartzea IV.a Ramirez nafar erregeen estatuak ekarri ziren.

Azken bi estatua hauek pasealekuan dauden guztietan oinarrian heuren izena daramaten bakarrak dira. Gainontzeko lau estatuen nortasuna ezezaguna da.

Baleztena etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Baleztena etxea»

1840ean Nazario Karrikiri nafar abeltzainaren bizilekua izateko eraiki zen. 1852an eraikina Baleztenatarrek erosi zuten. Familia honetako senide nabarmenena Ignacio Baleztena Azkarate abokatu karlista eta euskaltzale izan zen.

Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipalaren egoitza eta etxebizitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Iruñeko Aurrezki Kutxa Munizipalaren egoitza eta etxebizitzak»

1934ean eraikia izan zen eta Joaquin Zarranz arkitektoak diseinatu zuen, Sarasate pasealekua eta García Castañón kalearen arteko izkinan dago.

Inguruko kaleak, etorbideak eta plazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1 Iparraldetik (Alde Zaharra):

2. Hegoaldetik (Lehen Zabalgunea eta Bigarren Zabalgunea):

Jada ez dauden eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarasate pasealekuan dagoen Gartzia IV.a Nafarroakoaren estatua.
  • Gaur egun Banco de España eraikina dagoen lekuan lehenbiziko Errukietxea egon zen, 1692an txiro eta behartsuei laguntza ematen zien hiri erakundea. Eraikin hura 1702-1706 artean eraiki zen.
  • Aurrekoaren alboan eta gaur egungo Banco de España eta San Inazio etorbideko etxebizitza batzuk dauden lekuan Gurdien Osatua zeritzona zegoen, ostatua eta bidaiarien zerbitzuleku garrantzitsua. 1931an Eskolapioek eraikina okupatu eta erabilera akademikoa eman zioten, nahiz eta hau dnbora laburrez izan, heuren egoitza gaur egun Iruñeko Bigarren Zabalgunean dagoen Eskolapioen eraikinera lekualdatu baizuten.
  • Artzain Etxea pasealekuaren erdialdeko zatian zegoen. Hirira lan bila zetozenen ostatu zen, aurretik aipatutako Gurdien Osatuak baina kategoria gutxiago zuen.
  • Bainuetxea Sarasate pasealekua eta gaur egungo Binkulo plazaren artean zegoen. Hirugarren Karlistaldian kaltetu eta erautsitako San Lorentzo elizako harriekin eraiki zen. 1854ean inauguratu eta 1922an biltegi izatera igaro zen.
  • Pasealekua eta Zitadela kalearen arteko izkinan hasiera batez Magdalena auzoa utzi zuten emakumezko Karmeldar Oinutsiak bizitzen jarri ziren etxebizitzak zeuden. Heuren egonaldia laburra izan zen, behin-betiko Oinutsien kalean ezarri ziren arte. Handik urte batzuetara kokaleku honetan San Joan de Dios Ospitalea eta 1855ean erautsi zen San Martin Koartela egon ziren. Handik ahamar urtera Altzugarai Etxea eraiki zen, hain zuzen ere, 1914. urterarte Nafarroan Espainiako Gobernadore Zibilek zuten egoitza.
  • El Vínculo izeneko udal eraikina pasealekuaren erdialdera eta zenbaki bakoitien etxebizitzen lerroan zegoen, eraikinaren atzealdea gaur egungo Binkulo plazara begira zegoen. 1918an Espainiar Estatuak kokalekua Iruñeko Udalari Posta eta Telegrafo etxea eraikitzeko laga zion, gaur egun ere hiriko posta bulego nagusia bertan egoten jarraitzen du.

Azpiegiturak eta garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sarasate pasealekuan Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren honako linea hauek eskeintzen dute:

Línea Ibilbidea Ordutegia Maiztasuna Oharrak
TUCPamplona12.GIF Ermitagaña - Mendillorri 06:30 - 22:30 10´
TUCPamplona15.svg Sarasate Pasealekua - Zizur Nagusia 06:30 - 22:25 12´ - 15´ 12´ jendetza-orduetan.
TUCPamplona16.GIF Aitzoain - Noain - Beriain 06:26 - 22:28 12´
TUCPamplonaN2.svg Sarasate Pasealekua - Barañain Gauez 20´ - 30´
TUCPamplonaN4.svg Sarasate pasealekua - Aitzoain - Berriogoiti Gauez 40´- 50´
TUCPamplonaN7.svg Sarasateko Pasealekua - Nafarroa Beherea etorbidea Gauez 15´- 30´
TUCPamplonaN9.svg Sarasate pasealekua - Orkoien Gauez 2 orduoro
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sarasate pasealekua
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Iruñea