Sare bikain

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sare bikaina
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaFungi
KlaseaAgaricomycetes
OrdenaAgaricales
FamiliaCortinariaceae
GeneroaCortinarius
Espeziea Cortinarius praestans
Gillet, 1876
Mikologia
 
orriak himenioan
 
txapel ganbila
 
himenioa adnatua da
 
hanka biluzik dago
 
mikorrizak eratzen ditu
 
jangarria da

Oharra: ez fidatu soilik orri honetan ematen diren datuez perretxiko bat identifikatzeko orduan. Inolako zalantzarik izanez gero, kontsultatu aditu batekin.

Sare bikaina (Cortinarius praestans) Cortinariaceae familiako onddoa da.[1] Jangarri bikaina, baina Euskal Herrian ez da kontsumitzen, ez baita oso ezaguna. Tamaina eta ezaugarriak direla eta , nahastezina da. Cortinarius generoan tamaina handiena hartzen duena da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kapela: 8 eta 20 cm arteko diametrokoa, arre-gorrixka edo marroi-ardo kolorekoa, distiratsua eta ez oso likatsua hezetasunarekin. Haragitsua, sendoa, globo itxurakoa, ganbila, ondoren hemisferikoa, ertza errezel orokorraren mintz hondarrez bat eginda oinean, kolore zurikoa edo lila zurbilekoa, azkenean ildaskatua.

Orriak: Estu, sabeldunak, zabalak, itsatsiak edo ez oso dekurrenteak, hasieran morexka-zurbilak eta azkenik arre-herdoil kolorekoak.

Orri dekurrenteak: Hanka ukitzeaz gain, beherantz jarraitzen duten orriak.

Hanka: Sendoa, betea, erraboilduna, goialdean mehetua. Kolore zuria du eta erreflexu moreak goialdean, Errezela sendoa eta zurixka du, eta isla lilak ditu.

Haragia: Lodia, trinkoa eta zuria kapelarena, oinarena lila zurbilez tindatua, usain eta zapore onak eta atseginak ditu.[2]

Etimologia: Cortinarius hitza, gortinatik dator, gortina eta guzti, errezelaren hondakin bereizgarriak direla eta. Praestans epitetoa latinetik dator eta nabarmena esan nahi du. Bere tamaina handiagatik.

Jangarritasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jangarri bikaina, Cortinarius onenetako bat.[3]

Nahasketa arriskua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Cortinarius variecolor delakoarekin, baina hau txikiagoa da eta larru ustel usaina du. Cortinarius praestans espezieak, gaztea denean, Boletus pinicola onddoaren antz handia du, baina honek ez du ez orririk ez gortinarik. [4]

Sasoia eta lekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uda bukaeran eta udazkenean, batez ere kare-lurrak dituzten hostoerorkorren basoetan. Gehien pagadietan ikusten da. Urria da; hala ere , ugaria da irteten den lekuetan.[5]

Banaketa eremua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ohikoa da mendebaldeko Europan, batez ere Ingalaterran eta Frantzian.

Espeziearen egoera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aranzadi Elkartearen arabera, sare bikaina desagertzeko arriskuan dauden onddoen eusko-kantauriar Zerrenda Gorrian dago.[6] Azken urteotan mikologia adituek onddo batzuen beherakada kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela ohartarazi dute. Adituen esanetan, egoera honek hainbat eragile ditu, tartean klima aldaketa, pestiziden erabilera eta bilketa masiboak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskal Herriko perretxiko eta onddoak, 2013, 2014, 2016, 2017, Fernando Pedro Pérez, Kultura Saila, Eusko Jaurlaritza  •   Bizkaiko Perretxiko eta Onddoak, A.D.E.V.E., 2012  •   Euskalnatura  •   Euskal Herriko Onddoak. 5 tomos, Luis García Bona, Kriselv, 1987  •   Catálogo micológico del País Vasco, Aeranzadi, 1973  •   Mendizalearen Hiztegia [mikologia], Ostadar Mendi Taldea.
  2. (Gaztelaniaz) Mendaza, Ramon, Diaz, Guillermo. (1987). Guia fotografica y descriptiva 800 especies a todo color. Iberduero, 453 or. ISBN 84-404-0530-8..
  3. (Gaztelaniaz) Palacios Quintano Daniel. (2014). Disfrutando con las setas. Leitzaran, Grafikak S.L. Andoain, Gipuzkoa, 368 or. ISBN 978-84-617-0196-4..
  4. (Gaztelaniaz) Kutxa Fundazioa Sozial eta Kulturala. (1992). Euskal Herriko perretxikoak. Litografía Danona s. coop.ltda, 45 or. ISBN 84-7173-211-4..
  5. (Gaztelaniaz) Cetto, Bruno. (1987). Guia de los hongos de Europa. Ediciones Omega, S. A. Barcelona, 213 or. ISBN 84-282-0253-6 (T.I). ISBN: 84-282-0538-8 (O.C.)..
  6. Zerrenda Gorria, Aranzadi Zientzia Elkartea

}

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]