Sartutako espezie

Biogeografian, sartutako espeziea, kanpoko espeziea, espezie aloktonoa edo espezie exotikoa eremu berri batean sartzen den espezie ez-natiboa da. Espezie hauek eremu berrietara sartzeko mekanismoari antropokoria esaten zaio; mekanismo hau gizakiek organismoak garraiatzean oinarritzen da, nahi gabe zein nahita, eta horren bidez espeziea leku berri batean finka daiteke (edo ez). [1][2] Sartutako espezieek sartu diren ekosistema kaltetu dezakete, beste espezie batzuen nitxo ekologikoa aldatuz.
Espezie bat kaltegarria bada, hau da, ekosistema naturalen konposizioan, egituran edo prozesuetan aldaketa handiak eragiten baditu eta jatorrizko dibertsitate biologikoa arriskuan jartzen badu (espezie-dibertsitatea, populazio barneko dibertsitatea edo ekosistema-dibertsitatea), orduan espezie inbaditzaile esaten zaio. Hala ere, sartutako espezieek ez dute zertan beti kaltegarriak izan, zenbait kasutan onura batzuk ere ekar baititzakete. Alde batetik, espezie hauek ekonomiari lagun diezaiokete, adibidez, egurra, elikagaiak edo bestelako baliabideak eskaintzen dituztelako. Bestetik, ekosistemen funtzionamendua hobetzen lagun dezakete, hala nola lurzorua egonkortuz edo bestelako espezieei bizileku emanez.
Sartutako espeziak kontrolik gabe azkar zabal daitezke eta ekosistema naturalak kaltetu ditzakete; beraz, kontrola eta kudeaketa egokia funtsezkoak dira oreka ekologikoa mantentzeko eta jatorrizko espezieen dibertsitatea babesteko. Ohiko metodoak kontrol kimikoak (pestizidak edo herbizidak), fisikoak, mekanikoak (ehiza, mozketa, hesiak edo arrantza), biologikoak (naturako etsaiak erabiltzea), eta prebentzioa eta monitorizazioa (espezie berriak sartzea saihestea eta zaintza etengabea) dira. Horrela, sartutako espezieen eragin positiboak aprobetxa daitezke, eta kalte posibleak saihestu.
Espezie-sarrera motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espezieen sarrerak nahi gabe edo nahita izan daitezke. Nahitako sarrerak gizakiek espezieak nahita sartzen dituztenean gertatzen dira, espezie horiek onurak ekar ditzaketelakoan. Ustekabekoak, berriz, gizakien mugimenduen ondorio sekundarioak dira. Espezie bat sartu ondoren, gizakien ekintzarik gabe ere ondorengo zabalkuntza gerta daiteke.
Nahitako / berariazko sarrerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gizakiek nahita eskualde berrietara garraiatutako espezieak bi modutara arrakastaz finka daitezke. Lehenengo kasuan, espezieak modu apropos batean askatzen dira hauek eskualde basatian finkatzeko. Zenbait kasutan, espezieak giro berrian sartzean zein espezie finkatuko den aurresatea zaila da; hasieran espezieek arrakasta izan ez badute, gizakiek behin eta berriro egiten dituzte espezie horien sarrera-saiakerak, ingurune berrian espezieak finkatzea lortzeko. Kasu horietan argi dago sartutako espezieen finkapena gizakiak erraztu duela.
Bigarren kasuan, eskualde berrietara garraiatutako espezie batzuek gatibutasunetik ihes egiten dute eta populazio basatiak sortzea lortzen dute. Hudoa modu honetan sartutako espezie inbaditzailearen adibide bat da, zeina Txileko herrialdean nahita sartu zen. Animalia honek kalte handiak eragin ditu ekosisteman, hala nola, untxia eta oiloa kaltetuak izan dira (baita nahita sartutako zenbait espezie ere).
Espezieak nahita sartzeko arrazoi nagusia etekin ekonomikoa da. Nekazaritza edo abeltzaintzako helburuetarako sartutako landare eta animalien adibide ugari daude. Landareen artean arroza, garia, artoa eta soja horien adibide nabarmenenak dira; animalien artean, aldiz, behiak, ardiak, ahuntzak, zaldiak, oiloak, txakurrak eta katuak. Sartutako eta inbaditzaile bihurtu diren espezieen adibide batzuk honako hauek dira: oso moldakorra den eta ingurune askotan naturaliza daitekeen etxeko erlea (Apis mellifera), Australian sartutako untxiak, Ameriketako Estatu Batuetara elikagai-iturri gisa eramandako Asiako karpa, Asian proteina-iturri gisa sartutako sagar-ikatzak, Alaskan larru-industriarako azeriak, egurraren industriak Hego Amerikara, Australiara eta Zeelanda Berrira eroandako Monterreyko pinuak (Pinus radiata)...
Beste espezie batzuk aisialdirako (ehizarako eta arrantzarako) sartu dira, hala nola, izokinak eta amuarrainak. Ambystoma tigrinum salamandra Estatu Batuetan sartu zen arrantzaleek beita gisa erabil zezaten, eta orain Kaliforniako espezie endemikoa den Ambystoma californiense mehatxatzen ari da. [3][4]
Horrez gain, animalia exotikoen merkataritza sartutako espezieen iturri handia izan da. Etxe-animalia gisa hobetsitako espezie exotikoek habitat eskakizun orokorragoak eta banaketa geografiko zabalagoak izaten dituzte. [5] Beraz, maskota horiek inguru berri batean askatzen direnean, nahita edo nahi gabe, litekeena da bizirik irautea eta naturan populazio ez-autoktonoak ezartzea. Espezie inbaditzaile bihurtu diren animalia exotiko ezagunenak papagaiak, igelak, ur-dortokak eta iguanak dira.
Landareei dagokienez, espezie asko lorezaintzarako erabiltzen dira, eta horien artean aipagarriak dira arrosa-landareak, tulipak, geranioak eta krabelinak. Beste adibide batzuk Europatik Estatu Batuetara eta Kanadara sartu zen Astigar zorrotza eta hainbat herrialdetan ondo finkatutako txikoria-belarra dira. [6]
Azken urteotan, lehiakiderik gabeko plagak kontrolatzeko espezie exotikoak erabiltzen hasi dira. Ekintza hori kontrol biologiko edo izurriteen kudeaketa integratua da. Kontrol horren adibide ezagunena Harmonia axyridis marigorringo espeziearena da, landare-zorriak kontrolatzeko erabiltzen dena. Sartutako espezieek eskaintzen diguten beste konponbide bat espezieen berrezarpena da, hau da, tokian tokiko desagerpena jasan duten espezieak berriro sartzea, gatibutasunean hazitako edo oraindik presente dauden beste eskualde batzuetako espezieen bidez. [7]
Ustekabeko sarrerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ustekabeko sarrerak espezieak giza bektoreen bidez garraiatzen direnean gertatzen dira. Adibidez, itsasontzietan garraiatuak izatearen ondorioz, hiru arratoi-espezie mundu osoan zehar zabaldu dira, eta espezie inbaditzaile bihurtu dira. Itsas espezie asko ere beste eskualde batzuetara iritsi dira itsasontziek erabilitako lasta-uretan eramanez, ondoren baztertua izan dena. Horren adibide da Dreissena polymorpha (zebra-muskuilu gisa ezagutua), munduko toki askotan zabaldu den espezie inbaditzaile bihurtu dena. [8] Beste adibide bat Trachylepis atlantica sugandila da, Fernando de Noronha uhartera iritsi zena Afrikatik baltsa batean garraiatua.
Aurreko paragrafoetan aipatutako kasu guztiak inbaditzaile bihurtu diren espezie sartuen adibideak dira. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea sartutako espezie gehienak ez direla inbaditzaile bihurtzen. Adibidez, Coccinellidae familiaren 179 espezie inguru sartu dira Estatu Batuetan; 27 inguru naturalizatu dira, eta horietatik, sei baino gutxiago inbaditzaile bihurtu dira.[9]
Sartutako gaixotasun exotikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historian zehar sartutako gaixotasunen hainbat kasu egon dira. Muturreko kasu baten adibidea europarren etorrerarekin Amerikara iritsi zen baztanga da, jatorrizko biztanleriaren galera handia ekarri zuena.
Badira ustekabean sartu eta inbaditzaile bihurtu diren landare-gaixotasunen kasuak ere, hala nola, gaztainondo amerikarraren gaitzak eta zumarraren grafiosia, Ipar Amerikako basoak suntsitu dituztenak.
Euskal Herrian sartutako espezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskal Herrian hainbat espezie exotiko sartu dira gizakiaren jardueren ondorioz. Espezie horietako batzuk ingurumen-baldintzetara ondo egokitu dira. Hori dela eta, espezie autoktonoen gainetik nagusitzen dira eta biodibertsitatean eta ekosistemen orekan eragin negatiboak sortzen dituzte. Adibidez, Ameriketatik sartutako bisoi amerikarra eta karramarro gorria, zeintzuek Euskal Herriko espezie autoktonoak (bisoi europarra eta ibai-karramarroa) ordezkatzen ari diren. [10][11] Asiako liztorra kasualitatez sartu zen adibide bat da, erleak harrapatzen dituena eta erlezaintzan arazo handiak eragiten dituena. Landareen kasuan eukaliptoa eta akazia beltza aipagarriak dira, biak Australiatik ekarrita, papergintzarako eta egur eta lur finkapenerako. [12]
Irletan sartutako espezieak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Uharteak dira inbaditzaile bihurtzen diren sartutako espezieen arazoak aztertzeko modurik onena. Kontinenteetako biotetatik isolatuta egoteagatik, uharteetako komunitate biologikoak eta ekosistemak oso sentikorrak izan daitezke beste espezie batzuen sarrerak eragindako aldaketekiko. Sarritan, sartutako espezie berriaren predatzailerik ez dago; beraz, hauek erraz heda daitezke eta eskuragarri dauden nitxo ekologikoak bete ditzakete.
Beste arazo bat uharte txikietako hegazti autoktonoek hegan egiteko gaitasuna galdu izana da, predatzaileen presentziarik ez egotearen ondorioz gerta daitekeena. Ahalmen honen galeraren ondorioz, harrapari baten sarrerak hegazti autoktono horien desagerraraztea ekar dezake. Rallidae familiako kideetan, adibidez, kopetazurietan hegan egiteko gaitasuna galtzeko joerak desagerpen kopuru neurrigabea eragin du.
Uharteen berriztapen ekologikoaren azterketa kontserbazio-biologiaren barruko espezialitate gisa garatu da. Espezialitate hori sartutako espezieak, batez ere, inbaditzaile bihurtu direnak edo izan daitezkeenak, desagerrarazteaz arduratzen da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Barber, M Craig; Rashleigh, Brenda; Cyterski, Michael J. (2015-04-01). «Forecasting fish biomasses, densities, productions, and bioaccumulation potentials of mid-atlantic wadeable streams» Integrated Environmental Assessment and Management 12 (1): 146–159. doi:. ISSN 1551-3777. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Chacón, Eduardo; Saborío R., Guido. (2006-12-01). «Analisis taxonómico de las especies de plantas introducidas en Costa Rica» Lankesteriana 0 (0) doi:. ISSN 1409-3871. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Naylor, Rosamond L.; Williams, Susan L.; Strong, Donald R.. (2001-11-23). «Aquaculture--A Gateway for Exotic Species» Science 294 (5547): 1655–1656. doi:. ISSN 0036-8075. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Riley, Seth P. D.; Bradley Shaffer, H.; Randal Voss, S.; Fitzpatrick, Benjamin M.. (2003-10). «HYBRIDIZATION BETWEEN A RARE, NATIVE TIGER SALAMANDER (AMBYSTOMA CALIFORNIENSE) AND ITS INTRODUCED CONGENER» Ecological Applications 13 (5): 1263–1275. doi:. ISSN 1051-0761. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Gippet, Jérôme M. W.; Bertelsmeier, Cleo. (2021-03-22). «Invasiveness is linked to greater commercial success in the global pet trade» Proceedings of the National Academy of Sciences 118 (14) doi:. ISSN 0027-8424. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Foster, Jennifer; Sandberg, L. Anders. (2004-04-01). «Friends or Foe? Invasive Species and Public Green Space in Toronto» Geographical Review 94 (2): 178–198. doi:. ISSN 0016-7428. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ (Ingelesez) Campbell-Palmer, Róisín; Rosell, Frank. (2010-09-29). «Conservation of the Eurasian beaver Castor fiber: an olfactory perspective: Conservation of the Eurasian beaver» Mammal Review 40 (4): 293–312. doi:. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ Cohen, Andrew N.; Carlton, James T.. (1998-01-23). «Accelerating Invasion Rate in a Highly Invaded Estuary» Science 279 (5350): 555–558. doi:. ISSN 0036-8075. (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ «KEY TO NORTH AMERICAN ANT GENERA BASED ON THE WORKER CASTE» Ants of North America (University of California Press): 1–52. 2019-12-31 (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ «Espezie Exotiko Inbaditzaileak (EEI) - araba - instancia WEB» araba (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ «Landare eta animalien inbasioa» Argia (kontsulta data: 2025-11-06).
- ↑ (Gaztelaniaz) r01e00000ff26d46687a470b8a86a04237242b34f, r01e00000ff26d468d9a470b8b31b8fd84a0d5db3. (2016-02-06). «Manual para la gestión de la Avispa asiática (Vespa velutina)» www.euskadi.eus (kontsulta data: 2025-11-06).