Sasi-Neron

Wikipedia, Entziklopedia askea
Neron enperadorearen eskultura.

Neron erromatar enperadoreak bere buruaz beste egin ondoren, 68ko ekainean, Faon bere libertoaren villatik gertu, zenbait sasi-Neron agertu ziren 69ko udazkenaren eta Domiziano enperadorearen erregealdiaren artean[1]. Aditu gehienek, Neronen bizpahiru iruzurgile egon zirela diote. Agustin Hiponakoak, Neron Nero Redivivusen elezaharra bezala ezagutzen zen bere garaira itzuliko zenaren sinesmen herrikoiaz idatzi zuen[2]. Dokumentatutako hiru sasi-neronez gain, Suetoniok Neron zenaren izenean igorritako ediktu inperial batzuk aipatu zituen, bere jarraitzaileak adoretu zituztenak eta berehala itzuliko zirela agindu zutenak bere etsaiez mendekatzeko.

Neronen biziraupenaren sinesmena, neurri batean, bere heriotzaren lekuaren kokapen zalantzagarriari egotz dakioke, Suetonioren arabera, Galbaren Izelo libertoak enperadorearen gorpua ikusi eta honen berri bere jaunari eman zion arren. Neroni ere ukatu egin zitzaion enperadore herrikoiei eta familia inperialeko kideei ematen zitzaien ehorzketa liluragarria, eta horrek nahigabe eta susmo txarrez utzi zitzakeen maite zuten plebeioak. Gainera, ez zen Augustoren Mausoleoan lurperatua izan Julio-Klaudiar leinuaren gainontzeko enperadoreekin batera, baizik eta Pintzioko hilobi batean, Enobarbo familiaren hilerrian. Neron hil ondorengo ospeak, plebeioen artean, bere hilobian loreak uztera inspiratu zituen.

Neron pertsonifikatu zutenentzako beste inspirazio iturri bat, bere erresuma Ekialdean berreskuratuko zela iragartzen zuten profezien zirkulazioa izan zen. Bertsio batek Jerusalemen berpiztuko zela adierazten zuen. Profezia hauek, Neronen karta astralarekin erlazionatuak izan dira, interpretatzen denaren arabera, bere ondarearen galera eta Ekialdean berreskuratu izana adierazten zuelarik[3]. Baliteke Tazitok profezia horiek izatea buruan, hil ondoren Neroni buruz zeuden zurrumurruei buruz idatzi zuenean, bizirik iraun zuenaren sinesmenari lagunduko zioten testuak. Uste denez, Neronen itzulerak, Apokalipsiaren egilea inspiratu ahal izan zuen, Piztia izeneko arerio eskatologikoari buruz idatzi zuenean, hil ondoren zauritua izan zena, eta, ondoren, mirakuluz osatu zena[4]. Piztiaren zenbakia, 666[5] eta 616 artean aldatzen dena eskuizkribuaren arabera, batzuek, Neronen izenaren letren zenbakizko balio bezala identifikatu dute[6]. Neron, funtzio honekin, Isaiasen Igokundean eta orakulu sibilinoen liburu batzuetan ere esplizituki agertzen da. Profezia hauen eta beste batzuen ondorioz, denbora luzez, Neron Antikristoa zela pentsatu zen. Sasi-Neronen arrakasta laburraren eta Neron literatura eskatologikoan sartu izanaren ondorioz, bere itzulera hurbilaren sinesmenak mendeak iraun zituen.

Lehen iruzurtia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen sasi-Neron 68ko udazkenean edo 69ko neguaren hasieran agertu zen Akaia erromatar probintzian, Grezia modernoan. Neronek duela gutxi Grezia bisitatu zuen (66-67 urteen artean) bere Panheleniar Jokoetan parte hartzeko[7], iruzurtiak jaso zuen babesaren zati bat azal dezakeena. Tazitok, fenomenoa, greziarren sinesmen eta izaera gatazkatsuari egotzi zion, itxuraz, atsekabetzen zutenak. Iruzurtia, Tazitoren arabera, Pontoko esklabo bat edo Italiako liberto bat zen. Historialariak ez du askorik adierazten iruzurtiaren karreraren hasierari buruz, armadako desertoreen segizio bat berarekin bildu eta itsasora joan zela izan ezik[8].

Iruzurtiaren segizioa, ekaitz batek eraman zuen Kitnosera, Zikladetako uharte txiki bat, polis izateko moduko komunitate bakar bat zuena. Ustez, han aritu zen pirateria lanetan. Kitnos piraten ohiko basea bezala ezagutzen zen beti. Sasi-Neronek ere Italiara zihoazen erromatar soldaduak deitu zituen. Galbak, Neronen oinordekoak, ziuraski, Kalpurnio Asprenasi eman zion iruzurgilea atxilotzeko lana, Galazia eta Panfilia probintziako gobernari kargua hartzearen ordainetan. Sasi-Neronek bere jarraitzaileak limurtu nahi izan zituela zioten ontzi-kapitainek emandako informazioarekin, Asprenasek bere soldaduei agindu zien ontzia erasotzeko eta iruzurtia hiltzeko, eta iruzurtiaren burua bidali zuen Asiako bira batean, eta gero Erromara.

Bigarren iruzurtia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren sasi-Neron Titoren erregealdian agertu zen. Terentzio Maximo izeneko asiar bat zen, Neronek bezala, liraren doinuan kantatzen zuena. Gainera, enperadore zenaren antza zuen. Jarraitzaile asko irabazi zituen Eufrates ibaitik Partiaraino. Beranduago, Partiara ihes egin zuen, eta bere erregearen babesa lortzen saiatu zen, Armeniara itzultzeko, ordainsaria zor ziola argudiatuz. Artaban II.ak, Partiako erregeak, Titoren aurka haserre, Erromara itzularazteko prestaketak egin zizkion, baina Terentzio Maximo exekutatua izan zen bere benetako nortasuna ezagutarazi zenean[9].

Terentzio Maximoren bizitzan oinarrituta, Lion Feuchtwangerrek Der falsche Nero izeneko eleberri historikoa idatzi zuen, 1936an argitaratua.

Hirugarren iruzurtia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hirugarren sasi-Neron heriotza eta 20 urtera agertu zen, Domizianoren erregealdian. Partiarren babesa izan zuen eta ia konbentzitu zituen berarekin batera gerra bat hasteko. Lindsey Davisek The Third Nero eleberria idatzi zuen gertakari honetan oinarrituta[10].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Champlin, Edward. (2003). Nero. Cambridge, Mass. : Belknap Press of Harvard University Press ISBN 978-0-674-01192-2. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  2. Gallivan, P. A.. (1973). «The False Neros: A Re-Examination» Historia: 364-365..
  3. Molnar, Michael R. "Greek Astrology as a Source of the Messianic Portent." Ancient World 29 (1998): 139-150.
  4. (Ingelesez) «Nero’s Afterlife Part II: Nero Redivivus» The Classical Association in Northern Ireland 2020-04-19 (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  5. Ap 13:18
  6. Sanders, Henry A.. (1918). «The Number of the Beast in Revelation» Journal of Biblical Literature 37 (1/2): 95–99. doi:10.2307/3259148. ISSN 0021-9231. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  7. Bradley, K. R.. (1978). «The Chronology of Nero's Visit to Greece A.D. 66/67» Latomus 37 (1): 61–72. ISSN 0023-8856. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  8. Diodoro Sículo, Siglo 1o a J. C.; Tácito, Cayo Cornelio; Bracciolini, Poggio; Blavis, Tomas de. (1481). Bibliothecae historicae lib. I-VI [i.e.: I-V sive Historiae priscae (latine). ] Venetiis : Thomas [de Blavis] alexandrinus (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  9. «Cassius Dio — Epitome of Book 66» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).
  10. Davis, Lindsey. (2017). The third Nero ; or, Never say Nero again. ISBN 978-1-4736-1342-3. PMC 982984246. (Noiz kontsultatua: 2021-06-07).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]