Saudi Arabia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Saudi Arabiako Erresuma
المملكة العربية السعودية
(Al-Mamlakah al-'Arabiyah as-Sa'udiyah)
Bandera Armarria
Goiburua: لا إله إلا الله، محمد رسول الله
"Lā ʾilāha ʾillā l–lāh, Muḥammadun rasūlu l–lāh"
(Ez da jainkorik Jainkoa baino, Muhammad da Jainkoaren Mezularia)
Ereserkia: Aash Al Maleek
Hiriburua
eta hiri handiena
Riad
Hizkuntza ofiziala(k) Arabiera
Herritarra saudiarabiar[1]
Gobernua Monarkia absolutua / Teokrazia
 -  Erregea Salman
 -  Printzea Muqrin
Finkapena
Azalera
 -  Guztira 2,149,690 km2 (13.)
 -  Ura (%) 0,7
Biztanleria
 -  2014 zenbatespena 30.770.375 (41.)
 -  Dentsitatea 12,3 bizt./km2 (216.)
Dirua Riyal (SAR)
Ordu-eremua UTC (UTC+3)
Aurrezenbakia 966
Internet domeinua sa

Saudi Arabia[1], ofizialki Saudi Arabiako Erresuma (arabieraz: المملكة العربية السعودية‎, Al-Mamlakah al-Arabiyah as-Sa'ūdiyah) Ekialde Hurbileko estatu bat da, Arabiar penintsulako handiena. Mugakide ditu Jordania ipar-mendebaldean, Irak ipar eta ipar-ekialdean, Kuwait, Qatar, Bahrain eta Arabiar Emirerri Batuak ekialdean, Oman hego-ekialdean eta Yemen hegoaldean. Herrialdearen mendebaldean daude islamaren lekurik santuenak: Meka eta Medina. Hiriburua Riad da. Monarkia atzerakoia da; emakumeek debekatua dute gidatzea, eta gizonezko tutore baten baimena behar dute edonora joateko.[2] Ez dago emakumerik Saudi Arabiako parlamentuan; emakumeen soldata gizonenaren bostena da; Saudi Arabiak inoiz ez du emakumerik bidali joko olinpikoetara; neskek debekatua dute kirolik egitea eskola publikoetan.[3]

Nikab zapia daraman saudiarabiar emakumea.

Euskal Herria baino ehun aldiz handiagoa, egungo mugak Abd al-Aziz ibn Saud erregearen agintaldian finkatu ziren (1932). Hegoaldeko mugak direla eta, Saudi Arabia eta Yemen, Oman eta Arabiar Emirerrien arteko liskarrak ugari izan dira.

Hiri nagusiak, Riadez gainera, Abqaiq, Anayza, Burayda, Damman, Dharan, Djeddah, Hufuf, Medina, Meka, Ras Tanura eta Taif dira.

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau eskualde natural ditu:

  • Mendebaldeko kostaldeko ordoki hareatsua, Hedjaz mendilerrotik Ipar Yemeneraino ipar-hegoalde luzatzen dena.
  • Erdialdeko basamortu-mendiek osaturiko Nedjid lurraldea, hainbat oasiz hornitua. Haren ekialdean dago Riad, Saudi Arabiako hiriburu modernoa.
  • Hassa lurraldearen alderik handiena hartzen duen 500 km-ko ordokia, Persiako golkoko itsasertzeraino zabaltzen dena.
  • Nedjd-ek banatzen dituen bi basamortu handi: Nafud Handia, iparraldean; Rub al-Khali hegoaldean, Yemen eta Omango lurretan ere sartzen dena.

Lau lurralde nagusi horiei, baterako ustiapenaz balia daitezkeen bi alde neutral erantsi behar zaizkie: Irakekin bata (7.000 km2) eta Kuwaitekin bestea (5.800 km2).

Hidrologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur-ibilguak (arabieraz wadi) galdu egiten dira hareetan eta sakonuneetan. Wadi garrantzitsuenak Al Rumma (Anayza eta Burayda, Nedjd), Al Dawassir (Rub al-Khali), Al Sirhan (Jordaniako mugan, iparraldean) eta Hamdh (Medina - Itsaso Gorria) dira. Ur-hornidurak leku berezia hartu du betidanik Arabiako gobernuaren kezka nagusien artean (itsas ura gezatzeko lantegiak Dhiba eta Wajh hirietan; ureztatze-lanei begira, eguzki-energia ekoizteko proiektu berezi bat dago Riad hiriburuan).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abd al-Aziz ibn Saud, Saudi Arabiako lehen erregea.

Saudi Arabiako egungo mugak 1932. urtekoak dira, Abd al-Aziz ibn Saud erregeak (1902-1953) ezarriak. Wahhabien sektako partaidea zen: Koran liburu santuaren irakurketa hertsi eta murritzena egiten duen dotrina horren arabera, ez da bidezkoa berrikuntza eta aldakuntzei ekitea. Halaz ere, gatazka zibilei amaiera emateaz gainera, nomadak leku jakinetan finkatzea bultzatu eta aginpide zentral indartsua ezarri zuen. Petrolioa aurkitu eta gero eskuratu zituen dirutza ikaragarri handiez baliatuta, erabateko kudeatze patriarkal eta autoritarioa bideratu zuen bere erreinaldian.

Saud semea eta ondorengoak gobernu-, administrazio- eta banka-sistema modernoa antolatu eta, nazioarteko harremanetarako, zerbitzu diplomatikoa eratu zuen. Sistema judizialak ez zuen aldaketarik izan, ordea. 1964an, haren anaia Faisal izendatu zuten errege, Arabiako egoera larria izaki, Saudek eginiko diru-xahutze izugarriak medio. Autoritarioa eta anaia baino zuhurragoa izaki, esklabotza kendu zuen, baina ez zuen inolako konstituziorik aldarrikatu nahi izan. Kontserbadorea, bortizki zapaldu zituen haren kontrako aurkakotasun txikienak ere, eta aurre egin zion, adore biziz, sozialismo arabiarraren eraginari. Egipto eta Siria nahiz Irakeko Baathen panarabismoari Estatu Batuen aldera lerratutakoen panislamismoa kontrajarri zion. Nasserren aurka agertu zen Yemengo gerra zibilean (1962-1970). Arabiako penintsulako balio kontserbatzaileen zaindari, Hego Yemengo erregimen ezkertiarra kontrolatu eta Dhofar-eko (Oman) gerrilla aurrerakoiari bidea eragotzi zion, ingelesen laguntzaz. Iloba batek hil zuen 1975ean.

Khaled anaiordea zazpi urtez aginpidean egon ondoren, Faisalen anaia Fahdek hartu zuen agintea (1982). 1978an, Saudi Arabiak eten zituen Egiptorekiko harremanak, eta finantza-laguntzarik gabe utzi zuen, israeldar eta egiptoarren arteko hitzarmenen ondoren. Oro har, ordea, saudiarabiarren politika ez zen aldatu: diktadura gogorra barnealdean eta Estatu Batuen interes inperialisten zerbitzari leiala nazioartean. 1990-1991. urteetan, Saudi Arabia izan zen Estatu Batuek eta mendebaldeko potentziek izan zuten zerbitzaririk zintzoena, Kuwait inbaditu zuen Irakeko armadaren aurkako gerran.

Banaketa administratiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Saudi Arabiaren banaketa administratiboa»

Saudi Arabia 13 probintziatan[4] (mintaqah idariyya) banaturik dago. Era berean, probintziak 118 gobernazioetan (manatiq idāriyya, منطقةإدارية, ) banaturik daude eta, hauek, azpigobernazioetan (markaz). hamahiru probintzietako hiriburuek estatus berezia dute: udalerriak (amanah) dira, alkate (amin) bat dutenak.

Zbk. Probintzia Hiriburua
Saudi Arabiako probintziak
1 Al Jawf Al Jawf
2 Iparraldeko muga Arar
3 Tabuk Tabuk
4 Ha'il Ha'il
5 Medina Medina
6 Al Qassim Buraida
7 Mekah¡ Meka
8 Riad Riad
9 Ekialdeko probintzia Dammam
10 Al Bahah Al Bahah
11 Asir Abha
12 Jizan Jizan
13 Najran Najran

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beduino nomaden jarduera ekonomikoa gamelu-, ardi- eta ahuntz-aziendetan oinarritzen da. Behi- eta asto-azienda askoz ere murritzagoa da. Arabiako zaldiak desagertzear daude, ehiztariek ia erabat kalitu dituzten basamortuko basabereak bezala. Laborantza, bestalde, ur-eskasiaren mende dago: gizakiak berak ureztatu behar izaten ditu lursailak (fruta-arbolak eta, batez ere, oasietako datilondoak; labore eta barazki urriak; kafea, hegoaldean, eta goma arabiarra).

Riad hiriburua, gauez.

Meatze urriak, industria eskasa eta eskulangintza oso zabalduta dagoela, Saudi Arabiako aberastasun handiena petrolioa da, ezbairik gabe: 1933. urtean aurkitu zutenetik, Arabia izan da munduko petrolio-ekoizle handienetakoa, Ekialde Hurbileko lehenengoa. Aramco konpainiak (Arabian American Oil Company) ustiatzen du, monopolioan, Arabiako petrolio ia guztia (gobernuak, akzioen % 60). Berak eraiki zuen Tapline oliobidea (Trans-Arabian Pipeline), Saudi Arabia, Jordania, Siria eta Libanon barrena, Mediterraneoa jo arte (Saida). Petrolioa garraiatzen da, orobat, Persiako golkora (Ras Tanura eta Bahrein uhartedia) eta Itsaso Gorrira (Djeddah hiriko findegiak). Wahhabien erlijioaren hertsiak guztiz bakarturik utzi zuen Saudi Arabia, estatuak petrolioari esker jasotzen baititu diru-sarrera guztien % 80.

Merkataritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Petrolioari esker betiere, aldeko merkataritza-balantzea du Saudi Arabiak. Petrolio eta datilak esportatzen ditu, baina zernahi motatako produktuak inportatzen ditu mendebaldeko herri kapitalistetatik. Arabiarrek hiri santuetara egiten dituzten erromesaldiek osatzen dute turismo-jarduera nagusia.

Garraiobideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Persiako golkoa eta Itsaso Gorria lotzen ditu bide nagusiak, Riad hiriburuan barrena (1.200 km). Beste errepide batzuk zabaltzen dira mendebaldean nahiz ekialdean. Burdinbide bakarrak Riad eta Persiako golkoaren ertzean dagoen Damman hiria lotzen ditu.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Saudi Arabia Aldatu lotura Wikidatan
Asiako herrialde eta lurraldeak    (Nazio Batuen azpi-eskualdeka)

Erdialdeko Asia
Map Central Asia.PNG

AfganistanErrusiaKazakhstanKirgizistanUzbekistanTadjikistanTurkmenistan

Asiako Ekialdea
(Asia-Pazifikoa)

Map-World-East-Asia.png

Hego KoreaIpar KoreaJaponiaMongoliaTxina

Hego-mendebaldeko Asia
Ekialde Hurbila
Map world middle east.svg

Arabiar Emirerri BatuakArmeniaAzerbaijanBahrainEgiptoGeorgiaIranIrakIsraelJordaniaKuwaitLibanoOmanQatarSaudi ArabiaSiriaTurkiaYemen

Hego-ekialdeko Asia
LocationSoutheastAsia.PNG

BruneiEkialdeko TimorFilipinakIndonesiaKanbodiaLaosMalaysiaMyanmarSingapurThailandiaVietnam

Hegoaldeko Asia
Map-World-South-Asia.png

BangladeshBhutanIndiaMaldivakNepalPakistanSri Lanka

Beste entitate
politiko batzuk

PalestinaTaiwan