Saudi Arabiako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Riad arabiar finantzen zentroa da.

2018an Saudi Arabiako ekonomia munduko 19. handiena izan zen.

Saudi Arabiako ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritu izan da, baina petrolio industriaren garapenaz gero –eta batez ere 1973tik aurrera, petrolioaren salneurriaren gorakada handiaz gero–, askotariko industria eta azpiegituren hobekuntza bultzatu du gobernuak. Aldaketa, beraz, izugarria izan da, eta oso urte gutxitan egin da gainera. Eragozpen nagusia langile aditurik edo behar bezala prestaturik ez izatea izan da. XX. mendearen azkeneko urteetan nekazaritzak eta arrantzak langileriaren % 48 hartzen zuen, merkataritzak eta zerbitzuek % 37, eta industriak % 14. Nekazaritzari izugarrizko garrantzia ematen zaio Saudi Arabian, denbora luzean herrialdea elikagaiak inportatzera behartua egon delako. Atzerritik joandako teknikari eta langile asko nekazaritza bultzatzeko proiektuetan ari dira lanean. Batez ere garia, sandiak, datilak eta tomatea egiten dira.

Saudi Arabiako petrolio industria 1938an hasi zen, Arabian-American Oil Company-k (Aramco) bultzatuta, petrolio hobi emankorrak aurkitu zirenean Dammam-en. Hasieran, Estatu Batuetako lau konpainia ziren Aramcoren jabeak, baina 1974az gero, saudi gobernuak hartu zuen konpainiaren kontrola. Saudi Arabiak munduko petrolio erreserba (250.000 milioi upel) eta produkzio (3.000 milioi upel urtean) handienetakoak ditu, eta munduko lehen esportatzailea da, eta, hori dela eta, herrialdeak pisu handia du Petrolio Esportatzaileen Erakundean (OPEP). 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu zuenean, asko handitu zuen bere produkzioa. Petroliorik gehiena herrialdearen ekialdean ateratzen da, kostatik gertu, Persiako golkoan. Petrolioa merkatu nagusietara zabaltzeko, oleoduktu bat egin zen (1950ean bukatua) ekialdeko petrolio eremuetatik Mediterraneoa itsasertzeraino (Sidon, Libano), eta beste bat (1980 ondoren bukatua) Itsaso Gorriraino (Yanbu al Bahr). Nolanahi ere, petrolio gehiena petrolio-ontzietan garraiatzen da, Persiako golkoko portuetatik. Petrolioaz gainera, gas naturala ere produzitzen da. XX. mendearen azkeneko hamarraldian 31.800 milioi metro kubiko gas produzitzen ziren urtean. 1975ean Saudi Arabiako gobernuak bost urteko programa bat prestatu zuen, petrolioaren diru sarrera ikaragarriak baliatuz, ekonomia aurreratzeko. Orduan sektore petrokimikoa bultzatu zen batez ere, eta gas naturala eta petrolio ustiategiak eraiki ziren horretarako; altzairu eta zementu lantegiak ere egin ziren, plangintza hura aurrera eramateko behar zen azpiegituraren eraikuntza errazteko. 1980-1985 bitartean beste plangintza bat prestatu zen, industria alorrak zabaltzeko –petrolio findua, konposatu petrokimikoak, plastikoak, elikagai prozesatuak, jantziak, ongarriak eta zementua–, eta 1985-1990 bitartean beste bat, aurrerabiderako, baina azken horrek ez zuen arrakasta handirik izan, petrolioaren prezioak –eta, beraz, diru sarrerak– behera egin zuelako.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]