Schuman Adierazpena

Wikipedia, Entziklopedia askea
Adierazpena Quai d'Orsay auzoko Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioaren egoitzan egin zen

Schuman Adierazpena Robert Schuman Frantziako Atzerri ministroak 1950eko maiatzaren 9an emandako hitzaldiari deitzen zaio. Adierazpenaren arabera, Europaren batasunak munduko bakea ekar dezake, lorpen konkretuen bidez. Europako Batzordeak, Adierazpena Europar Batasunaren (EB) jaiotza dela aitortzen du. Hain zuzen, Alemaniako eta Frantziako (eta atxiki zitzaizkiekeen beste herrialde batzuetako) ikatzak eta altzairuak administrazio bateratuaren menpe jartzea proposatzen zuen, hau da, 1951n sortutako Europako Ikatz eta Altzairuaren Erkidegoa izango zena.

1985eko Milaneko Gailurrean, Europako Kontseiluak, maiatzaren 9an Europaren Eguna izendatzea hitzartu zuen Schuman Adierazpena ospatzeko.

Adierazpenaren zatia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikitekan bada UEUren liburu batetik ateratako testu zatia: Schuman Adierazpena
Liburu osoa: Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009
«

Munduko bakea babestuko bada, mehatxatzen duten arriskuen araberako ahalegin sortzaileak egin beharko dira.

Harremanak baketsuak izan daitezen, ezinbestekoa da Europa antolatu eta biziak zibilizazioari eskain diezaiokeen laguntza. Orain dela hogei urte baino lehenagotik izan da Frantzia Europa batuaren aldeko txapelduna, bakearen zerbitzuan aritzea izan da beti haren funtsezko helburua. Europa ez da eraiki, eta gerra bat izan dugu. Europa ez da kolpe batean egingo, ezta eraikuntza orokor baten bidez ere; ekintza zehatzen bitartez egingo da eta ekintza horiek egitezko elkartasuna sortuko dute batez ere. Alemaniaren eta Frantziaren arteko mendeetako aurkaritza desagertzea eskatzen du Europako nazioen batasunak: lehenengo eta behin Frantziarengan eta Alemaniarengan izan behar du eragina hasitako jarduerak.

Helburu horrekin, Frantziako gobernuak proposatzen du berehala jokatzea puntu mugatu baina erabakigarri bati dagokionez.

Frantziako gobernuak proposatzen du Frantziak eta Alemaniak ekoizten duten ikatz eta altzairu guztia Goi Agintari komun baten ardurapean uztea, Europako beste herrialde batzuek ere parte hartu ahal izango duten erakunde ireki baten ardurapean. Ikatz- eta altzairu-ekoizpena komunean jartzeak berehala segurtatuko du garapen ekonomikorako oinarriak ezartzea, Europako Federaziorako lehenengo etapa, eta aldatu egingo du aspalditik gerrarako armak fabrikatzen aritu diren —beroriek izan dira biktimarik iraunkorrenak— lurraldeen etorkizuna.

Horrela sortuko den ekoizpenaren elkartasunak erakutsiko du pentsaezin ez ezik ezinezko bihurtzen dela Frantziaren eta Alemaniaren arteko gerrarik gertatzea. Batasun ekonomikoaren benetako oinarriak ezarriko ditu ekoizpen-unitate indartsu hori ezartzeak; parte hartu nahi duten herrialde guztiei irekia izango da, eta bere baitako herrialde guztiei aukera emango die industria-ekoizpenerako oinarrizko gaiak baldintza berdinetan hornitzeko.

»

[1]. Testu osoa irakurtzeko Wikisourcen duzu eskuragarri


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Martínez Rueda, Fernando; Aizpuru Murua, Mikel. (2011). Gaur egungo munduaren historia, 1945-2009. Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 9788484383345..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]