Edukira joan

Sedes sapientiae

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sedes sapientiae
Madonna and Child (en) Itzuli

Sedes sapientia edo Jakituriaren Tronua (latinez: sedes sapientiae) Andre Mariaren deboziozko titulu ugarietako bat da, tradizio katolikoan. Eliza Katolikoak ohoratzen du adbokazioa ekainaren 8an.

Forma bereizgarria duten ikono eta bereziki eskulturak egin dira, madonna tipologia bat, izen honekin identifikatuak: Maria tronu batean eserita dago Jesus Haurra altzoan duela. Kristau askok Kristo ikusi zuten jakituria edo jakintzaren sinbolo gisa, eta hortaz, Mariaren altzoa bera, jakituriaren eserleku edo tronu bihurtzen da, eta Maria bere ere tronu bikoitz batean dago.[1]

Madonna mota hau Khora tou Akhoretou ("Edukiezinaren edukiontzia") prototipo bizantziarrean oinarritzen da, XI. mendearen hasierako aipuak daudelarik. Irudi goiztiar bat, garai hartakoa, Alemanian Matilde Gurutzera esmalteetan aurki daiteke, bizantziar inspirazioko lana. Ondoren, adibide eskultoriko sorta zabal batean agertu zen, eta Mendebaldeko Europan margotutako irudietan, 1200. inguruan eta hortik aurrera.

Irudikapen tipikoetan, tronuaren egitura-elementu batzuk agertzen dira, heldulekuak eta aurreko hankak baino ez badira ere. Ama Birjinaren oinak, maiz, oinak jartzeko aulkitxo baxu baten gainean pausatzen dira; tunika eta gainjantziz jantzia egon ohi da, eta gainjantziak estal diezaioke burua edo bestela koroa eraman. Haurra ezkerreko belaunaren gainean dago eseria edo magalean bestela, zentratua eta frontalki, eta gehienetan liburu bati eusten dio eskuarekin.[1]

Tipo ohikoenarekin guztiz bat egiten duen adibidea, Otxobikoa (Nafarroa Garaia) eta 13. mendekoa: Maria tunika, gainjantziz eta koroaz; tronua agerian alboetatik; Jesus bedeinkazioa egiten eta liburuari eusten.

Zabalkunde handiena 13. eta 14. mendeetan izan zen, Mendebaldeko Europan. Geroago, mota horretako eskultura gotikoak esplizituago identifikatzen dira Salomonen Tronuarekin, Biblian honela aipaturikoarekin: " Sei maila zituen errege-aulkiak; bizkarraldea biribila zuen eta jarlekuaren alde banatan besoak. Besoen ondoan bi lehoi zeuden zutik" (I Erregeak 10: 18–20 - II Kronikak 9: 17–19an ere aipatua)[2]. Honen ondorioz, oinetan bi lehoi agertzen ziren tipologia bat garatu zen, eta Salomonen tronua ere esan ohi zaio irudi tipo honi.[1]

Aro gotikoa amaitzean, tradizio honetatik eratorritako irudiak sarri egin zituzten primitibo flandestarrek hala nola Jan van Euckek Luccako Madonna margolanean. 16. mendean Loretoko Andre Mariaren Letaniaren barruan sartu zuen kontzeptua elizak.[3]


Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

12. mendetik ohikoak dira era honetako eskulturak Euskal Herrian. Nafarroan eredu bat garatu zen Iratxeko adibide baten ondoren, non Mariak altzoaren erdian duen haurra ez duen eskuekin ukitzen. Iratxeko irudi hori eta beste batzuk gainera zilarrez apaindu zituzten, adibidez Iruñeko Katedraleko Andre Mariaren irudi nagusia.[4]

Nafarroako zenbait irudi bikain Iruñeko Elizbarrutiko Museoan gordetzen dira, zur polikromatukoak erromanikoak direnak. 12. mendeko zaharrenetako batzuetan, hala nola Iharnotz, Eristain edo Zilegietakoan irudi hieratiko zurruna dute pertsonaiek, baina ondorengo lanek ikuspegi humanistagoa daukate. Aro gotiko horretako adibideak dira Meotz, Bezkitz, Urritzelki edo Zarikietakoak.[5]

Iruñeko Katedraleko museoko bilduma (guztiak ez dira zehatz Sedes sapientiae, baina bai gehienak).

Araban nabarmentzen da Esklabotasunaren Ama Birjinaren irudia, 13. mendearen amaieran, zeinak estiloa markatu zuten berritasun batzuk zituen, Georg Weise adituraren arabera: besteak beste, amak ohikoan bezala, fruta bati eusten dio ezkerrarekin Jesusek, eskumakoaren bedeinkapena egin bitartean.[6] [7]

Beste hainbat Andre Mari ezagun ere tipologia honetakoak dira, hala nola Estibalizko Andra Maria, Eunateko Ama Birjina, Arantzazuko Amaren irudia, Antiguako Andra Mari (Lekeitio) eta Tuterako Andre Mari Zuria.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Seat of Wisdom» artikulutik itzulia izan da, 2025-07-29 data duen 1303122311 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2025-07-29 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c González Hernando, Irene. “La Virgen trono en el Occidente Medieval” en VÉLEZ CHAURRI, José Javier, ECHEVERRÍA GOÑI, Pedro Luis, MARTÍNEZ DE SALINAS, Felicitas (ed.); Estudios de Historia del Arte en memoria de la profesora Micaela Portilla, 2008, Diputación Foral de Álava, Vitoria-Gasteiz, pp. 35-44, ISBN 9788478217182.. (kontsulta data: 2025-09-03).
  2. (Grezieraz) Ορθόδοξες φωτογραφίες και εικόνες - Εικόνες της Υπεραγίας Θεοτόκου/ΠΑΝΑΓΙΑ η Χώρα του Αχωρήτου. Rel.gr.
  3. Rotan, S.M., Johann. «Mary, Seat of Wisdom» Marian Library (University of Dayton).
  4. «VITORIA-GASTEIZ. | Arte románico en Navarra.» www.vitoria-gasteiz.org.es (kontsulta data: 2025-09-03).
  5. (Gaztelaniaz) Fernández-Ladreda Aguadé., Clara. (2011-10-26). «Un recorrido por la escultura mariana medieval: las Vírgenes del Museo Diocesano de Pamplona» Cátedra de Patrimonio y Arte Navarro (kontsulta data: 2025-09-03).
  6. «articulo-32961-3984CR» www.suitesubastas.com (kontsulta data: 2025-09-03).
  7. George Weise, Spanische plastik aus sieben jahrhunderten, Reutlingen, Gryphius-Verlag, 1927, II/1, pp. 83-86.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]