Seidun napolitar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Seidun napolitarraren adibidea, Do Maiorren, lehenengo alderantzikatzean (Fa, La bemol, Re bemol). Ikusten den bezala, subdominantezko eginkizuna izango luke. Honen ebazpena V. graduan izango litzateke, non La bemola bederatzidun minorra den.

Seidun napolitarra edo akorde seidun napolitarra subdominantearen gainean eratu ohi den akordea da, hirudun minorra eta seidun minorra dituena (do tonalitatean, fa-la-re litzateke)[1]

Seidun napolitarra eskala batean bigarren gradu gutxituan (beraz, tonikarekiko bidun minorra) osatutako hiruko maiorra da. 'Napolitar' izaeraren jatorria zehaztea zaila den arren, unibertsalki onartua dago izena. XVIII. mendean lehenengo alderantzikatzean erabiltzen zen batez ere, hortik 'seiduna' kontsideratzea. XIX.mendetik aurrera, oinarrizko alderantzikatzean erabilita ere, "seidun" deitzen jarraitzen zaio. Izan ere, eztabaidagarritzat jo daiteke "bigarren gradu gutxituan oinarritutako" deskribapen hori.

Seidun napolitarra hiruko maiorra da eta, hortaz, ez da berez akorde disonantea. Disonante izateko sentsazio hori testuinguru harmonikoak ematen dio, tonikarekiko bitarte kromatikoa dela eta.

Nahiz eta eskala minorretik datorren eta honetan maizago erabiltzen den, askatasunez erabiltzen da modu maiorrean ere bai. Akorde honek subdominante-joera sendoa dauka eta gehienetan dominante baterantz doa. Baxua bikoiztea da gomendagarriena, gradu tonala baita.

V. gradura ebazteko, hirudun minorreko jauzia beherantz nabarmentzen da. Akordearen bostuna, eskala nagusiaren seiduna, alegia, hurrengo harmonian mantenduz gero, bederatzidunezko akordea emango luke.

Dirudienez, seidun napolitarraren asmatzailea Giaccomo Carissimi izan zen, 1656an Jephte oratorioaren konposatzailea. Anna Cazurra kataluniar musikologoak Introducció a la música: de l'antiguitat als nostres dies (eusk.: 'musikarako sarrera: antzinatik gaur egun arte') bere liburuan dioenez, Carissimiren lan hau lehendabizikoa izan liteke, non seidun napolitarra agertzen den.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Euskalterm: [Musika Hiztegia] [2012]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Armonía, Walter Piston

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]