Selknam

Wikipedia, Entziklopedia askea
Selknam edo Ona

Selknam playa 1930.jpg


Selknam talde bat hondartza batean 1930ean
Biztanleak guztira
294 Suaren Lurraldean
Biztanleria nabarmena duten eskualdeak
Hizkuntza
Selk'nam hizkuntza
Erlijioa
Animismoa
Zerikusia duten beste giza taldeak
Haush, Tehueltxe, Teushen


Selk'nam edo ona amerindiar herri bat da, XX. mendearen hasierara arte Suaren Lurraldeko uharte handiaren iparraldean eta erdialdean bizi zena, Amerikako kontinentearen hegoaldeko muturrean, Argentinan eta Txilen.

Jatorrian, lurreko nomadak, ehiztariak eta biltzaileak ziren. XX. mendearen hasierako genozidio baten eta mende bat baino gehiagoz iraun zuen transkulturazio-prozesu baten ondoren, uhartearen zati argentinarrean bizitzen jarraitzen duten selknamak erabat akulturatuta daude.

Pueblos indígenas de la Patagonia Austral.svg

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Selknam», «Selk'nam», «Shelknam» edo «dewak» tehueltxen aldetik jasotzen zuten izena da (gertuko tribuak eta selknamekin lotutakoak), «ona» hitza berriz, yagan hizkuntzatik dator.

«Ona» izena, uhartearen hegoaldean bizi izan ziren yaganen hitz batetik dator, honen esanahia, iparraldeari erreferentzia egiten dio. Honela, Uharte Handiari Ona-sin ("iparralde-herrialde") eta Beagle kanalari Ona-Shaga ("iparralde-kanal") deitzen zieten. Lola Kiepjak, "Selk'nam tradizioan bizi izan zen azken pertsonatzat" hartu zena, "ona" ingelesezko hitz bat zela uste zuen, bera bizi zen erreserban argazkiak ateratzeko iristen ziren noizbehinkako turista ingelesek hitz hau erabiltzen baitzuten berari buruz hitz egiteko.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aonikenken gertuko ahaideak ziren (tehueltxak edo patagoiak ere deituak), Patagonian bizi zirenak, Magallaes itsasartearen iparraldean. Haiekin antz handia zuten fisikoki, hizkuntzaz eta ohiturez. Gizonezkoak altuak ziren, 1,80 metroko batez besteko neurrikoak, gihartsuak, mardulak, sorbalda zabalekoak, azal beltzaranekoak eta bizkortasun handikoak, eta horrek ehizean arrakasta izatea ahalbidetzen zien. Emakumeak baxuagoak ziren. Irlaren iparraldean sortu ziren, gaur egungo Txilen, eta haushak XIV. mendetik aurrera hego-ekialdera desplazatu zituzten indarrez.

Niños Selknam.jpg

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere tradizioen eta ebidentzia linguistiko eta geologikoen arabera, lehen selk'namak (eta hauekin lotura estua duten haushak) hegoaldeko Patagoniako tehueltxeak izan ziren, Suaren Lurraldeko uharte handian ezarri zirenak.

Selknam eta haushek uhartea bi herri kanoerorekin partekatzen zuten (itsas nomadak): kawésqarrak eta yaganak, egitura fisiko, hizkuntza eta ohitura oso ezberdinekoak. Selknamak, nagusiki, uhartearen iparraldean eta erdialdean bizi ziren, haushak, hegoekialdean zeuden bitartean, Mitre penintsulan, europarrekin harremana izan zuten garaian. 1520an Fernando de Magallaeseko espediziokoek ikusi zituzten arren, bere izena daraman itsasartea aurkitu zuenean eta lurraldearen izena eragin zuten indigenen suteak ikusi zituenean, europarrekin erregistratutako lehen kontaktu pertsonala, Pedro Sarmiento de Gamboak 1580an protagonizatu zuena izan zen.

Geroago, noiz behinkako kontaktuek 1880ko hamarkadaren hasiera arte jarraitu zuten, Julius Popper bezalako urre bilatzaileak, salestar apaiz eta estantziero handiak iritsi ziren arte, Argentina eta Txilek emandako lur emakidekin. Ordurako, 4000 eta 5000 selknam arteko biztanleria zegoela kalkulatu da. Ardien hedapenak kolonizazioaren aurkako erresistentzia selknamaren hasiera suposatu zuen, hesiak suntsituz eta ardiak lapurtuz edo hilez. Etxalde jabe handiek "indiar ehiztariak" kontratatu zituzten, gehienak britainiarrak, familia indigenak hil edo harrapatzeko. Salestarrekin egindako akordio baten ondorioz, 1890eko hamarkadaren erdialdean misioetara deportatzeko politika bat hasi zuten, non gaixotasun exogenoek eta, bereziki, tuberkulosiak selknam gehienak suntsitu zituzten.

1883an abeltzaintza-ustiapena hasi zen, Txileko gobernuak lehen etxaldeak partikularrei emanez, eta 1887an meatzariak urre bila iritsi ziren uhartearen iparraldeko sektorera. 1888an Salestar misio bat ezarri zen Dawson uhartean indigenak ebanjelizatu eta zibilizatzeko asmoz. 1891n biztanleria 2.000 pertsonara murriztu zen. 1893an La Candelaria Salestar Misioa ezarri zen, 1921etik aurrera Río Grande hiria izango zena, hau ere zibilizazio eta indigena populazioaren ebanjelizatze grinarekin.

1895ean, estanzieroak akordio batera iritsi ziren Dawson uharteko Salestar misioarekin, libera esterlina bat ordainduko zieten misioan zegoen indigena bakoitzeko. Urteen poderioz, 800 selknam baino gehiago iritsi ziren Dawson uhartera, eta gehienak hil egin ziren egoneko bizitzaren eta gaixotasunen ondorioz. 1974an, Angela Loij hil zen, gaztetan bizimodu nomada ezagutu zuena, Suaren Lurraldeko uharte handian, Rafaela Ishton komunitatea eratuz.

1999ko ekainaren 2an Virginia Choquintel hil zen, azken selk'nam purua (aita eta ama selk'namak zituen ), bere herriko ohiturekin bizi ez zen arren.

Hizkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selknam familia. 1916ko argazkia.

Selknam hizkuntza chon familiakoa da, tehueltxe hizkuntza eta haush hizkuntza ere barnean hartzen dituena, azken hau selk'nametik hurbilago dago tehuelche baino. Selk'nam-haushek chon hizkuntzen adar australa osatzen du, Suaren Lurraldean eta Magallaes itsasartearen inguruko Patagoniako eremuetan hitz egin ziren hizkuntzak. Chon familiaren eta Hego Amerikako beste hizkuntza batzuen arteko harremanak ez daude batere argi. Autore batzuen ustez, gününa këna chon hizkuntzekin lotuta egongo litzateke, beste batzuen ustez, berriz, pano-takana familiarekin harremana izango luke. Selk'nam hitz batzuek argi eta garbi adierazten dute beste chon hizkuntzekiko ahaidetasuna:

  • Eguzki: Krenn
  • Ilargi: Kre'
  • Gau: Qawq'n
  • Egun: Kerren
  • Gizon: Ch'óon
  • Emakume: Na'
  • Bat: Sóos
  • Bi: Sóoke
  • Hiru: Sawken
  • Lau: Konè-sóokèy
  • Bost: Kessmarey

Kultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurralde eta gizarte-antolaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selknam gizonak ehizan. Irudiaren ezkerrean, bertako txakurrak ikusten dira, ehizaldian laguntzeko erabiltzen zirenak.

Selk'nam-ak bi talde handitan banatuta zeuden: batetik, Suaren Lurraldearen iparraldeko lautadetako tribuak, kururo eta ñandu ehiztariak zirenak, eta bestetik, uhartearen hegoaldeko zonalde menditsuenekoak. Selknamen antolaketaren oinarria familia zen: aita, ama eta seme-alabak, baina lurralde bera okupatzen zuten senideak ere sartzen ziren familian, haruwenh izeneko gizarte unitatea osatuz. Unitate hauek, oso ondo mugatutako lurraldetan ezartzen ziren, hauen mugak, inguruko haruwenhek errespetatzen zituztenak.

Klan patrilinealak osatzen zituzten (3 edo 4 belaunaldi izan zitzaketen familiak), 40 eta 120 kide artean, ehiza lurralde baten gaineko kontrola zutenak. Gizonek beste klan batzuen emazteak hartzen zituzten. Normalean monogamoak ziren, poligamia zabaltzen hasia zen arren. Ohikoa zen bi ahizpa edo gehiagorekin ezkontzea, edo alargun batekin eta bere alabarekin. Leviratoa ere erabiltzen zen, hau da, anaiaren alarguna oinordetzan hartzeko ohitura.

Suaren Lurraldea uharte bat denez, espazioa bere zatien arabera antolatua izan zen, selknamen antolaketa sozialaren oinarria izan ziren haruwenhen bidez. Haruwenh bakoitza patrilinear leinu exogamiko eta patrilokalen arabera antolatu zen, eta bere mugak tradizioak finkatzen zituen.

Haruwenh bakoitza, espazio fisiko zehatz bat zen, non, baliabideak, ehizaren eta bilketaren bidez lortzen zituzten, selknamen bizitza nomadari laguntzen zion elikagai bilaketa konstante bat mantentzera behartzen zuena. Familiek espazioak errespetatzen zituzten eta salbuespenez egoera berezietan partekatzen zituzten, hala nola, hain ospakizunak (hasierako zeremonia), elikagai eskasia, ezkontzak, etab.

Selknamen bizitza nomada Patagonia eta Pampako ehiztarienaren antzekoa zen. Kide bakoitzak ondo zehaztutako betebeharrak zituen: gizonak ehizatu eta armak egiten zituen, emakumeak etxeko lanak egiten zituen, haurrak zaintzen zituen, eta etxebizitza garraiatu eta instalatzen zuen. Kultura honek mundu espiritual zabala zuen, hain bezalako zeremonietan adierazia, hastapeneko errituala, non nerabeei beren ordena soziala gordetzeko joera zuten zenbait sekretu erakusten baitzitzaien: patriarkatua. Bidaietan hondartutako balea bat aurkitzen bazuten edo arriskuan bazeuden, ke seinaleak erabiltzen zituzten taldeen artean komunikatzeko.

Etxebizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julius Popperrek lapurtutako selknam objektuak.

Selknamek kawi izeneko bi etxebizitza mota eraikitzen zituzten, bata zirkuluerdi-formakoa eta bestea kono formakoa. Lurrean iltzatutako makilez eraikitzen zituzten, eta horiekin egitura bat osatzen zuten animalien larruz estalita.

Erlijioa, mitoak eta elezaharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selknamek gizonezkoen iniziazio erritoak ospatzen zituzten, non zaharrek sekretu tribalak gazteei edo klóketenei adierazten zizkieten. Erritu iniziatiko hori h'ain deitzen zen; 18 urte inguruan egina, gazteei helduen kategoria ematen zien. Errituak, emakumeek, izpirituz mozorrotuz, gizonak nola menderatzen zituzten kontatzen zuen mito batean oinarritzen ziren, eta Eguzkiak, inpostura nola deskubritu zuen, eta emakume guztiak, bere emazte Ilargia izan ezik, erailak izan ziren, eta, ordutik, gizonek, engainua bereganatu zutela eta, berau irudikatzen jarraitzen zutela, emakumeak menderatzeko. Kanpoko behatzaile askori gorputzeko pinturak atentzioa eman badiezaieke, are gehiago harritu zituzten lekukoak gazteek jasaten zituzten froga oso gogorrek, bereziki erresistentzia fisikoari buruzkoak.

Temáukel, mundua ordenatuta mantentzen zuen naturaz gaindiko entitate handi baten izena zen, eta munduaren jainko sortzailea Kénos edo Quénos deitzen zen. Eguzkiak eta ilargiak, Krenn eta Kreen izena zutenak, garrantzi handia zuten eurentzat, eguzkia, ilargiaren senarra zelarik, eta, bere atzetik, zigortzera zihoana, baina inoiz harrapatzera iritsi gabe. K'aux ere aipa daiteke, tribu bakoitzeko kideen ordena eta jarrera onak zaindu zituen pertsonaia mitologiko bat, eta lege guzti-guztiak selknamei irakatsi zizkiena, eta nork, bere iloba Táiyinekin batera, Táita izpiritu krudela garaitu zuena.

Xamanek, xo'on deituak, ehiztariei laguntzen zieten eta gaixotasunak sendatzen zituzten. Beren boterea, hildako xamanen izpirituengandik jasotzen zuten, ametsetan agertzen zitzaizkienak. Hildakoei azaletik lurperatzen zitzaien eta familiak alde egiten zuen eta euren gauzak erretzen zituzten, hildakoa lurrean ahaztu behar baitzen. Selknamek, heriotzaren ondoren, jainko guztien aurrean judizio zerutiar batera eramaten zituztela uste zuten. Jainkoek, hildakoa bere erresuman sartzea eta betiereko bizitzaz gozatzea nahi ez bazuten (jokabide txarragatik edo legeren bat hausteagatik), zigortu egin behar zituzten infernuetara eramanez, non infernuetako, kaoseko eta jarrera txarreko jainkosak, Xalpen deituak, betierekotasun osoan sufrimendua eta mina sentiarazten zion. Selknamek, gainera, Xalpen jainkosa, bere jainko gerlariengana, Shoortengana, jotzen zuela uste zuten, bere kaos eta suntsipen planak gauzatzeko.

Jantziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hotza arintzeko, selknamak larruz estaltzen ziren eta guanako-larruzko zapatak janzten zituzten.

Selknamak guanako, azeri edo kururo larruekin estaltzen ziren lepotik belaunetaraino, eta oinak ere bai. Ilea kanpora begira erabiltzen zuten eta chonhkoli deitzen zioten. Kapa horren azpian, gizonek ez zeramaten beste jantzirik, eta emakumeek jantzi bat erabiltzen zuten genitalak estaltzeko. Mokasinak erabiltzen zituzten, guanakoaren gorputz-adarretako larruz egindako oinetakoak, ilea kanporantz josita. Ehizaldian, gizonek guanako-larruzko triangelu bat eramaten zuten kopetan lotuta, asmo magikoekin.

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guanakoa animalia ugaria da Patagonian.

Selknamak hegaztiez, guanakoez eta tucutucusez elikatzen ziren, kostaldeko haruwehneko biztanleek itsas produktuen bilketarekin osatzen zutena, hala nola hondartzan aurkitzen zituzten itsaskiak edo hondartutako balearen bat, eta basoko fruituez, kalafatea eta chaurarenak kasu.

Elikagaien bilaketa zen bere eguneroko bizitza. Janaria lortzea gizonen egitekoa zen, arkua eta gezia erabiltzen trebeak ziren, beharrezkoa zena guanakoa ehizatzeko. Emakumeek etxea zaintzen zuten, itsaskiak jaten zituzten goseak behartzen bazituen, eta, lekualdaketetan, dendak larruzko poltsetan eta ihi saskietan kargatzen zituzten, tresna eta oraindik ibiltzen ez ziren seme-alabekin batera.

Lanabesak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Selknam herriak egindako armak eta tresnak, Fernando Cordero Rusque Udal Museoan ikusgai

Selknamek harrizko, hezurrezko eta zurezko erremintak egiten zituzten. Bere arma nagusiak arkua eta geziak ziren. Habaila eta arpoia ere erabiltzen zituzten. Zantzuak daude k.a. 6000 inguruan jada selknam ehiztariek boleatzaile esferikoak erabili zituztela ehizatzeko eta lanabesak elikagaiak manipulatzeko.

Selk'nam genozidioa Suaren Lurraldean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artikulu nagusia: «Selknam genozidioa»

Lehen kolonizatzaileek Suaren Lurraldeko Uharte Handia zapaldu zutenean, ona etniaren amaiera hasi zen, 20 urtetan bertako gehienak hil zirelarik. Hori, neurri handi batean, sarraski espedizioak egiten zituzten argentinar eta atzerritarrek osatutako "indiar ehiztari" taldeek eragin zuten.

Gorputzeko pintura oso garrantzitsua zen hain zeremonian eta eguneroko bizitzan aurpegiko pintura erabiltzen zen. Gorputz-pinturaren erabilerak bi helburu zituen: alde batetik, gorputza klimaren zurruntasunetik babesten zuen, eta, bestetik, apaingarri bat zen, animo-egoera islatzen zuena.

Indiar ehiztariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Julio Popper bere "ehizaldi" batean. Bere oinetan, hildako ona bat dago. Argazkia Popperrek Juarez Celman presidenteari oparitutako album batekoa da.

Julio Popperrek hainbat liskar izan zituen selknamekin, eta "kobratutako piezekin" argazkiak atera zituen. Ingeles, eskoziar, irlandar eta italiar langileburu eta peoiak "indiar ehiztariak" izan ziren. Adibidez, Mac Lennan edo "chancho colorado", José Menéndez Menéndezen etxaldearen administratzailea, libra baten prezioa jarri zutenak barrabilen eta bularren truke, eta libra erdi haurren belarri bakoitzeko.

1880ko 4000 selknametatik 500 baino ez ziren geratzen 1905 inguruan. Ordurako, sarraskia ia amaitu zen. Ondoren geratu ziren gutxi horiek, kanpotik sartutako gaixotasunengatik hil ziren.

Presentzia modernoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enriqueta Gastelumendi (1913-2004) Selknam herriaren azken oinordeko zuzenetako bat izan zen, ama selknam eta aita euskaldunaren alaba.
Azken selknamak 1896an, Puerto Harrisen, Dawson uhartean.

1980ko hamarkadaren inguruan, bizitza nomada ezagutu zuten 9 pertsona inguru geratzen ziren: Pacheco, Francisco Minkiol — 1916an Río Gallegosen jaioa —, Federico Echelaine — 1905ean jaioa —, Luis Garibaldi Honte — 90 urte, Suaren Lurraldeko Uharte Handian jaioa —, Segundo Arteaga eta Rafaela Ishton Martínez. Anne Chapmanek Rosaria Imperial eta Alfredo Rupatini ere aipatzen ditu. Hizkuntzaren ezagutza-maila aldatu egiten zen kasu bakoitzean, nahiz eta ziurrenik XXI. mendeko bigarren hamarkadarako ez den inor bizirik geratuko hizkuntza hori jatorrizko hiztun gisa hitz egiten duenik.

1996ko abenduaren 12an Argentinako Indigenen Gaietarako Institutu Nazionalak pertsona juridikoa aitortu zion Ushuaiako Rafaela lshton komunitate indigenari, selk 'nam herrikoa. 2004-2005 aldiko Herri Indigenen Inkesta Osagarriak (ECPI), Argentinako 2001eko Biztanleria, Etxe eta Etxebizitzen Errolda Nazionalaren osagarri denak, emaitza hau eman zuen: ona herriaren lehen belaunaldian, Argentinan 696 pertsona zeudela (horietako bat ere ez zen bizi komunitate indigenetan), horietatik 391 Suaren Lurraldeko probintzian, Antartikan eta Hego Atlantikoko Uharteetan, 114 Buenos Aires hirian, 24 Buenos Aires Handian, eta 191 gainerako herrialdeetan. 2010eko Argentinako Biztanleria Erroldaren arabera, 2761 selknam zeuden herrialde osoan, horietatik 294 Suaren Lurraldean, Antartikan eta Hego Atlantikoko Uharteetan. Txilen Covadonga Ona Komunitatea sortu zen 2012an, Selk'nam Chile Korporazio bezala legez onartua 2015ean, Estatuari 2020an herriaren onarpena eskatu ziona. Helburua "selknam herriko kideak biltzea, kultura suspertzea, hizkuntza, ohiturak eta zeremoniak indartzea eta urratutako beste herri batzuekin elkarlanerako aliantzak sortzea" da. Santiago hiriburuan Selknam Rugby taldea sortu zen omenaldi gisa 2019an.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Onak: Suaren Lurraldea. 1910 Autorea: Carlos R. Gallardo
  • Bascopé Julio, J. (2010). "El oro y la vida salvaje en Tierra del Fuego, 1880 - 1914", Magallania 38: 2, 5-26.
  • Esteban Lucas Bridges (1952). El último confín de la Tierra. Buenos Aires - Argentina: Emecé Editores S.A.
  • Esteban Lucas Bridges (1935.). Argentina Austral 73: 33-39.
  • Casali, Romina (2008). "Contacto interétnico en el norte de Tierra del Fuego: primera aproximación a las estrategias de resistencia Selknam", Magallania, 36: 2, 45-61.
  • Chapman, Anne (1973). "Angela Loij, la ultima selk'nam", Journal de la Société des Américanistes 62, 232-234.
  • Chapman, Anne (2002, 2a ed.). Fin de un mundo. Los selknam de Tierra del Fuego. Santiago: Taller Experimental Cuerpos Pintados.
  • Alberto María de Agostini (1956). Treinta años en Tierra del Fuego. Buenos Aires - Argentina: Ediciones Preuser.
  • Fresia Barrientos M. (2005). Pueblos originarios de Chile. Santiago - Chile - Universidad Academia de Humanismo Cristiano. ISBN 956-7382-09-3.
  • Juan Belza (1974). cta Indiorum. Texto original de un misionero salesiano anónimo. 1914. Karukinka 9: iii-xii.
  • Thomas Bridges (1897). An account of Tierra del Fuego (Fireland), its natives and their languages. 1897. Document held by the Royal Geographical Society.
  • Gusinde, Martin. (2009). El mundo espiritual de los selknam. . Santiago: Comunidad Ser Indígena.
  • Harambour, Alberto (2016). Viaje a las colonias. Memorias de un ovejero escocés en Malvinas, Patagonia y Tierra del Fuego (1878-1898). Trad. Mario Azara y A. Harambour. Santiago: DIBAM-Centro de Investigaciones Diego Barros Arana.
  • Harambour, Alberto (2015). "El ovejero y el bandido. Trayectorias, cruces y genocidio en dos relatos de viaje británicos en Tierra del Fuego (década de 1890)", Anales de Literatura Chilena 16: 24, 163-182. http://analesliteraturachilena.letras.uc.cl/images/N24/A09.pdf
  • N. Bryson. The great ceremonies of the Selk'nam and the Yamana. A comparative analysis. En Patagonia. Natural history, prehistory and ethnography in the uttermost end of the world, C. McEwan, L. Borrero y A. Prieto (Eds), pp. 82-109. British Museum Press, Londres. British Museum Press, Londres.
  • C. Gallardo (1910). Los onas.. Zagier y Urruty, Buenos Aires.
  • Penazzo, Nelly Iris y Guillermo Tercero Penazzo (1998?). Wot'n (Documentos del genocidio Ona). Buenos Aires: Arlequín de San Telmo.
  • N. García Canclini (1986). La producción simbólica. Teoría y método en sociología del arte. Siglo XXI, México D. F.
  • Prieto, Alfredo (2011). Arquería de Tierra del Fuego. Santiago, Cuarto Propio.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]