Serafin Basauri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Serafin Basauri
Serafin-basauri.jpg
Bizitza
Jaiotza Eibar1935eko apirilaren  29a (84 urte)
Herrialdea  Gipuzkoa, Euskal Herria
Lehen hizkuntza euskara
Hezkuntza
Heziketa Armeria Eskola
Jarduerak
Jarduerak aktibista eta industria-peritua
Kidetza Euskadi Ta Askatasuna
Euskaltzaindia

Serafin Basauri Arteaga (Eibar, Gipuzkoa, 1935eko apirilaren 29a) euskaltzale gipuzkoarra da. Eibarko Legarre auzoan jaio zen. Aita Axpekoa zuen eta ama Apatamonasteriokoa, baina Serafin eta bere hiru anai-arrebak Eibarren jaio ziren, gurasoek Legarre gainean eraikitako "Mirasol" etxean. Inguru horretan bizi izan zituen Serafinek bere haurtzaroa eta gaztaroa.

Lehenengo eskola Udaletxeko monjetan izan zuen. Gero, 7 urterekin Frontoizarreko eskolan nazionalean ibili zen eta, ondoren, Isasiko Corazonisten ikastetxean. Fraileetako ikasketak amaituta, 12-13 urterekin Armeria Eskolara joan zen.

Handik irtenda, GAC enpresan hasi zen lanean, baina Alfa lantegiari lotuta igaro ditu bere lan-urterik gehienak.

Gaztetatik euskararen munduan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Umetatik ezagutu zuen giro politiko eta euskaltzalea etxean bertan. Aita sozialista zuen, eta euskalduna; ama abertzaleagoa eta euskaltzaleagoa. Etxean euskarazko liburu bat ere bazeukan amak, eta liburu horrek eragin handi-handia izan zuen Serafinengan. Batez ere Arrese Beitiaren "Ama euskerearen azken agurrak" olerkiak hunkitu zuen eta horrek piztu zuen euskaltzaletasuna bere barruan.

Euskararen munduan Juan San Martinen eskutik sartu zen 1953. urte inguruan. Klub Deportiboan taldetxo bat sortu zuen San Martinek, mendirako zaletasuna ardatz hartuta. Mendia eta politika oso lotuta zeuden garai hartan, eta baita euskaltzaletasuna ere. Gerora, Klub Deportiboan euskarazko klaseak ematen hasi zen Imanol Laspiurrekin batera. Ondoren, Ekin sortu zen, eta euskal kultura bultzatzeko eta zabaltzeko zerbait egiten hasi behar zela pentsatu zuten. Hango kide batzuen haritik sortu zen ETA taldea eta Basauri ere bertan sartu zen. 1961an kartzelaratu egin zuten ETAren aurka egindako lehenengo sarekadan.

1950. hamarkada iluna izan zen, etsipenez betea, baina erdi-ezkutuan bazen ere, lanean aritu zen eibartar euskaltzale talde bat, Serafin tartean zela. Klandestinitatean sartu zirenean oso zail ikusten zuten orduko egoera aldatzea, baina bai uste zuten euren burrukarekin euskara eta euskal mundua hobetzeko aukera izango zela. "Zer lortuko juagu? Burrukan egin, behintzat, euskerian alde!". Talde hartako hiru pertsonaia nagusien artean (Basauri, Laspiur eta San Martin), euskarak eta hizkuntzak toki handia bete izan du beti, horixe zen aurrera egiteko giltza eta arrazoia.

1950. hamarkadako iluntasunaren ostean, 1960. hamarkadan itxaropenerako tarte bat sortzen hasten da. Euskara kalera irtetzen hasten da, euskal jaiak sortzen eta ugaritzen dira... Serafin ere mugimendu horretan murgiltzen da hamarkada osoan, euskarazko klaseak ematen eta, batez ere, alfabetatzeko programak. Euskaraz idazten irakasten zuten, testuak landu, hitzaldiak antolatu, eta abar. Garai hori izan zen Serafinek kulturgintzan gehien disfrutatu zuena. 1960ko hamarkada itxaropen sasoia izan zen.

Garai horretan, gainera, Eibarko Ikastola ere sortu zen. Serafin Basaurik 1966. urtean hartu zuen ikastolaren ardura eta hainbat kargu eta lan burutu zituen 1972. urtera bitartean. Oso urte garrantzitsuak izan ziren Ikastola jaioberri txikia benetako ikastola bihurtzeko: legeztatu egin zen, lokalak lortu ziren, irakasleak eta ikasleak ugaritu egin ziren… Guzti horren motor nagusietako bat Serafin bera izan zen, eta lan horren ondorioz sortu zen Mogel ikastola 1973. urte inguruan.

Orain ere bizi-bizi lanean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteotan ere euskararen alde lanean jarraitu du. Azken 20 urteotan Eibarko Udaleko Euskararen Mintegiko kide izan da eta Udalak kaleratutako hainbat liburutan Serafinen eskua dago ("Eibarko aditza", "Eibarko deklinabidia" edo "Eibarko Hiztegi Etnografikoa", esate baterako). Herri hizkerak jasotzen lan egin duen Badihardugu elkarteko presidente ere izan da, eta Ohorezko Presidente da une honetan. Eta bere azkenengo lana Eibarko Hiztegi Digitala da, une honetan azken ukituak jasotzen ari dena, besteak beste Serafin Basauriren lanari esker. Euskaltzain urgazle ere bada.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Eibarko aditza (1998)
  • Eibarko deklinabidia (1999)
  • Eibarko Hiztegi Etnografikoa (2003)