Sexuari loturiko herentzia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Genetikan, sexuari loturiko herentzia kromosoma sexualetan kokatutako geneek eragiten dutena izaten da. Jakina denez, gizakiarengan eta animalia gehienetan bi kromosoma sexual daude: X eta Y, pertsonaren sexua erabakitzen dutenak (gizakiarengan, XX emea eta XY arra). Aspalditik jakiten da badirela sexu batean azaltzeko joera handiagoa duten karaktere batzuk. Honen zergatia sexuari loturiko herentzia da.

Y kromosoma X kromosoma baino txikiagoa denez, sexuari loturiko geneak ia beti X kromosoman daude, homologorik ez duen zatian. Dakigunez, karaktere guztiak gutxienez bi genek edo alelok mugatzen dituzte, Y kromosoman homologorik ez duten X kromosomaren geneek izan ezik. X kromosoman dauden gene horiek bakarrik agertuko dira beti gizonezkoen genotipoan, gene homologorik ez dutelako Y kromosoman.

Emeen kasuan, aldiz, sexuari loturiko herentziaren geneek bi alelo dituzte, bi kromosoma sexualak berdinak direlako (XX). Azpirakorrak direnean, gene horiek homozigosian besterik ez dira fenotipoan agertuko.

Sexuari loturiko herentziak ez du Mendelen legeak betetzen. Horren arrazoia aipatutakoa izaten da, hots, X kromosoman dauden gene gehienek ez dutela homologorik Y kromosoman.

Hainbat gaixotasunen oinarri genetikoa sexuari loturiko herentzian datza. Esaterako, hemofilia, daltonismoa, gazteen glaukoma edo giharren distrofia, besteak beste. Gizonezkoek gaixotasun horiek pairatuko dituzte beraiei lotutako genea baldin badute. Emakumezkoek, aldiz, gaixotasuna hartzeko probabilitate gutxiago dute, alelo pare bat dutelako eta gene gaiztoa eduki arren -azpirakorra bada- ez dute heterozigosian gaitzarik garatuko.


Geneen transmisioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hemofiliaren geneen transmisioak sexuari loturiko herentziaren eredua jarraitzen du. Eredu horrek hemofilia ez ezik, gainonetzeko sexuari loturiko herentziaren bidez hartutako gaitzentzat ere balio du.

Hemofiliaren geneak bi alelo ditu, X kromosoman daudenak: normala (XH) eta hemofilikoa (Xh). Alelo normala gainartzailea da, eta hemofilikoa azpirakorra.

Balizko konbinazioak hauek dira:

  • XH XH : emakume normala, ez hemofilikoa
  • XH Xh : emakume eramailea, ez hemofilikoa
  • Xh Xh : emakume hemofilikoa (oso urria)
  • XH Y : gizon normala, ez hemofilikoa
  • Xh Y : gizon hemofilikoa

Emakumezko eramaileak azpimarratu behar dira. Hemofilikoak ez izan arren, seme-alabak baldin badituzte gaitza transmititu egingo diote mutilen erdiari:

XH Xh x XH Y = XH XH (normala) + XH Y (normala) + XH Xh (eramailea) + Xh Y (hemofilikoa)

Gene gaiztoa eramaten duten emakumeak osasuntsuak dira, heterozigotoak direlako, baina gene gaiztoa duten gizonezkoak hemofilikoak dira, gene homologorik ez dutelako.