Edukira joan

Shōwa aroko japoniar gerra-krimen

Wikipedia, Entziklopedia askea
Bizirik ehortzitako txinatar zibilak.

Shōwa aroko japoniar gerra-krimenak japoniarren inperialismoaren garaian (XIX. mendearen amaieratik 1945 arte, batez ere Shōwa aroko lehen hamarkadetan) japoniarrek egindako gerra-krimenak dira. Garai hura izendatzeko, beste termino batzuk ere erabiltzen dira, hala nola “asiar holokaustoa” edo “japoniar gerra-basakeriak”.[1][2][3]

Anitz herrialdetako historialari eta gobernuek Japoniako Armada inperiala eta Japoniar Itsas Armada Inperiala XX. mendearen lehen erdian milioika zibilen eta gerra-presoren aurka egindako krimenen erantzuletzat hartu dituzte.[4][5][6][7]

Xuzhou, Txina, 1938an. Soldadu japoniarrek hildako zibil txinatarren gorpuz betetako lubakia.

Adiera zabalean, gobernu batek edo militarrek herrialde etsai bateko zibil edo borrokalariekiko erakusten duten eskrupulurik gabeko jokabide gisa definitzen dira gerra krimenak. Japoniar inperialismoaren garaian (hots, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte) horrelako ekintzak leporatu zaikie Japoniako Inperioko militarrei, Ekialde Urrunean eta Ozeano Bareko mendebaldean zibilen edo gerrako presoen aurkako Giza Eskubideen hainbat urraketa, alegia. Jokaera horrek goia jo zuen Bigarren Txina-Japonia gerratean (1937-1945) eta Asiako eta Ozeano Bareko kanpainetan, Ekialdeko Asia Handiko gerratean (1941-1945).

Nazioarteko eta Japoniako zuzenbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniar Inperioak Genevako Hitzarmenak izenpetu ez zituen arren —1949tik gerra-krimenen definizio onartuen oinarrian daude—, krimen horiek nazioarteko zuzenbidearen eta Japoniako zuzenbidearen beste alderdi batzuen pean daude. Adibidez, japoniarrek egindako anitz krimen japoniar kode militarraren aurkakoak ziren, baina ez ziren gerra-kontseiluetara eraman, kode horrek eskatzen duen bezala. Japoniak izenpetutako nazioarteko akordioak ere urratu zituen Inperioak, Versaillesko Ituna barne, hala nola arma kimikoen erabileraren debekua, eta Hagako lehen konferentzia (1899) eta bigarrena (1907), gerrako presoen babesaz. Japoniar gobernuak Briand-Kellogg Ituna ere izenpetu zuen (1929) eta, hala, haren ekintzak bakearen aurkako krimen gisa jazar zitezkeen, Tokioko epaiketetan “A klaseko” gerra-kriminalak jazartzeko ezarri zen prebentzioa. “B klaseko” gerra-kriminalei gerra-krimenak ohiko adieran leporatu zitzaizkien, eta “C klasekoak” Gizateriaren aurkako krimenen errudunak izan ziren. Gerra amaitutakoan, japoniar gobernuak Potsdamgo adierazpenako baldintzak ere (1945) onartu zituen. Hain zuzen ere, haren 10. artikuluan, bi gerra krimen mota aipatzen ziren: bata, nazioarteko zuzenbidearen urraketa, hala nola gerrako presoen tratu txarrak; bestea, «Japoniako herriaren baitako joera demokratikoen» eta bertako askatasun zibilen aurka egitea. 

Japonian, japoniar gerra krimenak terminoak Ekialde Urrunerako Nazioarteko auzitegi militarrak —Tokioko Epaiketa izenaz ere ezaguna— jakin zituen kasuak baino ez ditu kontuan hartzen, Ozeano Bareko Gerra amaitutakoan. Auzitegiak, ordea, ez zituen auzitara eraman bigarren mailako ofizialei edo esperientzia gutxiagoko militarrei egotzitako gerra krimenen akusazioak: horiek, Asia-Ozeano Barean banatutako beste hiri batzuetan bananduta kudeatu ziren. Japoniako legeak ez ditu kriminal gisa definitzen gerraosteko epaiketetan zigortutakoak, japoniar gobernuek epaiketa horien amaieran emandako epaiak onartu zituzten arren, baita San Frantziskoko itunaren ondorioak ere (1952): itunak auzitegiaren legezkotasuna ez jasotzeari egotz dakioke. San Frantziskoko itunaren bidez, Japoniak gerra-krimenen berri izan behar izan zituzten auzitegien epaiak onartu balitu, epai horiek helegitea sor zezaketen eta Japoniako auzitegiek boteretik kendu, eta hori onartezina izanen zatekeen nazioarteko mundu diplomatikoarentzat. Egun, japoniar legelariak Tokioko Auzitegiaren egoera juridikoaz ados daude: haren arabera, gerra osteko epaiketen ondorioz inor exekutatzea edo espetxeratzea bidezkoa da, baina ez du inolako harremanik japoniar zigor kodearekin.

Garaia eta lekuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniatik at, gizarteek tokian tokiko erreferentzia aldiak darabiltzate japoniar gerra krimenetarako. Hala, 1910ean Japoniak Korea anexionatutakoan, askatasun zibilen ezabaketa eta korear herriaren esplotazioa etorri ziren. Hori zela eta, korear batzuek japoniar gerra-krimenak esamoldea erabiltzen dute 1910etik 1945era bitarteko aldian zuzenean jazo ziren gertaeretarako. Horren aldean, Mendebaldeko Aliatuek ez zuten gatazkarik izan Japoniarekin 1941 arte eta, beraz, iparramerikarrek, australiarrek eta europarrek pentsa dezakete japoniar gerra-krimenak 1941 eta 1945 artekoak direla. Japoniar gerra krimenak ez dira beti japoniarren kontua bakarrik izan: Japoniak inbaditutako edo okupatutako Asiako edo Ozeano Bareko herrialde bakoitzean, gutxiengo txikiak izan ziren japoniar armadarekin kolaboratzeko edo, are gehiago, bertan jarduteko, hainbat arrazoi zirela kausa, hala nola zailtasun ekonomikoak, hertsapena edo Mendebaldeko potentzien, beste etnien edo erlijioen ezinikusia (jatorri txinatarreko herritarrak, Birmaniako menditarrak edo beste uharte batzuetakoak, hala nola Ekialdeko Herbeheretako Indietakoak).

Nazioartean Japoniako subiranotasunaren menpeko gisa aitortutako herrien aurka egindako ekintzak ezin dira gerra krimentzat hartu. 1945 baino lehen Korea edo Formosa bezalako herrialdeen gaineko de iure subiranotasun japoniarra nazioarteko akordioek onartzen zuten, Shimonosekiko itunak kasu (1895) eta Japonia eta Korearen arteko anexio itunak (1910). Hala ere, itun horien legezkotasuna zalantzan jartzen da: bertako biztanleei ez zitzaien galdetu, japoniarren inbasio eta okupazioekiko erresistentzia armatua egon zen eta gerra zibiletan ere gerra krimenak egin daitezke.

Japoniar kultura militarista eta inperialismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kultura militaristak, batez ere Japonia inperialaren garaian, eragin handia izan zuen japoniar militarren gidaritzan Bigarren Mundu Gerraren aurretik eta bitartean. Aurreko mendeetan, samuraiei irakatsi zitzaien ez jartzeko nagusiei zor zieten obedientzia zalantzan, eta, hala, Tokugawa shogunerriaren kolapsoaren eta Meiji berrezarkuntzaren ondoren, enperadorea leialtasun militarraren objektu sinboliko bihurtu zen, samuraien aurreko nagusi ziren daimyoen ordez.

XIX. mendearen bukaeran, Inperioaren aroa deituriko garaian, Japoniak, munduko beste potentzien ondorioz, inperio bat eraiki zuen helburu horri modu oldarkorrean bilatuz. Beste potentzia inperialekin gertatzen zen bezala, kultura japoniarrak gero eta gehiago eboluzionatu zuen nazionalismo chauvinista baterantz XIX. mendearen amaieratik hurrengo mendea arte. Japoniar nazionalismoaren sorrera, neurri batean, estatu-sintoismoa hartu eta irakaskuntzan sartzearen ondorio izan zen. Sintoismoak enperadorea jainkozko esentziakotzat zeukan, Amaterasu eguzkiaren jainkosaren ondorengotzat joa zelako. Horrek aukera ematen zuen enperadoreari eta haren ordezkariei baldintzarik gabeko obedientziaren eskakizuna justifikatzeko.

Japoniak Lehen Txina-Japonia Gerran (1894-1895) lortutako garaipenak munduko potentzia mailara igotzea ekarri zuen. Beste potentzia nagusiek ez bezala, Japoniak ez zuen Genevako hitzarmena sinatu –bertan gerrako presoekiko giza tratua xedatzen da– Bigarren Mundu Gerra amaitu baino lehen. Hala ere, militar japoniarrek Errusia-Japonia Gerran (1904-1905) edo Lehen Mundu Gerran (1914-1918) mendebaldeko presoei (errusiarrak edo alemaniarrak) emandako tratua beste armadek beren presoekin agertzen zutenaren parekoa zen.

1930 eta 1940ko hamarkadetako gertaerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Shōwa enperadorea <i>Shirayuki</i> zamalkatzen, 1938ko abuztuan egindako ikuskapen militar batean.

Nisshō Inouek ultranazionalismoaren eta budismoaren sintesia egin zuen eta, 1932an, hilketa politiko batzuen bultzatzailea izan zen: horrek militarrei estatu-egituraren egituraz jabetzeko bidea ireki zien. 1930eko hamarkadaren bukaeran, Japonian militarismoa agertzeak antzekotasunak sortu zituen, gutxienez azalean, japoniar kultura militarraren, adiera zabalean, eta Alemania naziko eliteko militarren artean, hala nola Waffen-SSena.[8]

Hala ere, Japonian ez zen Einsatzgruppen naziak bezalako sarraski-kanpainetan zehazki aritzeko unitate militarrik edo poliziarik sortu, ezta populazio zibilentzako sarraski-esparrurik ere. Horrela, gerra-krimenen eragile bakarrak izanik, Armada inperialeko unitate gehienak eta Itsas armadako tropak beren homologo militar alemaniarrak baino engaiatuago geratu ziren hedatu ziren leku guztietan.

Japoniak Tokkō polizia sekretu eta politikoa ere zuen eta Kempeitai eta Tokkeitai izeneko bi polizia militar, hirurak ere Sicherheitdienst eta Gestapo nazien parekoak, herrialde anexionatu edo okupatuetan egindako gehiegikerien ondorioz.

Europako diktaduretan bezala, basakeria irrazionala, gorrotoa eta beldurra ohiko bihurtu ziren Japoniak okupatutako lurraldeetan. Porrota zein enperadorearenganako atxikimendu eskas gisa hautematen ziren hutsegiteak sarritan zigor fisikoez zigortzen ziren. Armadan, ofizialek eraso egin eta jipoitu egiten zituzten berien agindupeko gizonak eta horiek, modu berean, berdin jokatzen zuten hierarkiaren beheko mailetakoekin. Horrexen ondorioz, gerrako presoen kanpamentuetan beheko mailetako presoak traturik txarrenak jasaten zituzten. Bushido desbideratu baten gogorkeria, japoniar etnozentrismoarekin batera, bere fase inperialista modernoan, zibilekiko eta gerrako presoekiko basakerien ondorio izan zen. 1937an Txinaren aurkako eskala handiko kanpaina militarra hasi ondoren, japoniar soldadu egindako milaka hilketa-, tortura- eta bortxaketa-kasu beren ofizialei nahita ahaztu zaizkiela dirudi eta, oro har, zigorrik gabe geratu dira. Horrelako jokabideak behin eta berriz gertatu ziren Ozeano Bareko gerran zehar.

1930eko eta 1940ko hamarkadetan japoniar armadak eragindako pairamen handia dela kausa, Hirugarren Reicheko armadarekin alderatu da usu 1933-1945 aldian. Chalmers Johnson historialariak idatzi zuen:

«Ez du zentzurik zehazteak Ardatzeko bi erasotzaileetatik zeinek, Alemaniak edo Japoniak, izan zuen jarrera ankerrena Bigarren Mundu Gerran martirizatu zituzten herriekin. Alemaniarrek sei milioi judu eta hogei milioi errusiar (hau da, sobietar herritar) hil zituzten; japoniarrek gutxienez 30 milioi filipinar, malaysiar, vietnamdar, kanbodiar, indonesiar eta birmaniar sarraskitu zituzten, eta horietatik gutxienez 23 milioi txinatar etnikoak ziren. Bi herrialdeek konkistatutako herrialdeak eskala monumentalean arpilatu zituzten, nahiz eta Japoniak gehiago lapurtu zuen, eta denbora-tarte luzeagoan, naziek baino. Bi konkistatzaileek milioika pertsona esklabo bihurtu eta lan behartu gisa ustiatu zituzten eta, japoniarren kasuan, fronteko tropen prostituta gisa (bortxaz}. Nazien eskuetan gerrako preso bazinen, Erresuma Batua, AEBak, Australia, Zeelanda Berria edo Kanadakoa (baina ez Errusiakoa), gerratik bizirik ez irteteko aukera % 4ko zen; aldiz, japoniarren eskuetan zeuden gerrako presoen heriotza-tasa % 30etik gertu zegoen».[9].

Hilketa masiboak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

R. J. Rummel Hawaiiko Unibertsitateko politika zientzietako irakaslearen arabera, 1937 eta 1945 artean japoniarrek «hiru eta hamar milioi pertsona artean hil zituzten, itxuraz sei milioi txinatar, indonesiar, korear, filipinar eta indotxinatar, besteak beste, mendebaldeko gerrako presoak barne. «Demozidio» hori, haren esanetan, porrot moralean zegoen estrategia politiko eta militar baten ondorio izan zen, aukera eta ohitura militar baten ondorio, baita kultura militarraren ondorio ere». Haren esanetan, inbasioaren ondorio zuzenak, Txina soilik aztertuta, 1937 eta 1945 artean 3,9 milioi txinatar, batez ere zibilak, zuzenean sarraskitu zituen Shōwa erregimenaren politiken ondorioz, eta 10,2 milioi zibil hil ziren inbasioarekin zerikusia zuten zeharkako kausengatik.[10]

Garai hartako gertakaririk ezagunena Nankingo sarraskia da (1937-1938), Ekialde Urrunerako Nazioarteko auzitegi militarraren ikerketen arabera, japoniar armadak 260.000 zibil eta gerrako preso sarraskitu zituenean. Herbert P. Bix-ek, Mitsuyoshi Himeta eta Akira Fujiwara-ren lanak aipatuz, uste du Hiru denen politikak (三光作戦 Sankō Sakusen, txineraz 三光政策 Sānguāng Zhèngcè, "Dena hil, dena kiskal, dena arpila"), Japoniar armada inperialak Txinan 1942 eta 1945 artean erabilitako lur kiskaliaren estrategiak, Hirohitok berak onartua, 2,7 milioi zibil txinatarren heriotzaren errudun izan zela. Txinan egindako gerra krimenen artean, Hunango Changjiao-ko sarraskia nabarmentzen da: 1943ko maiatzaren 9 eta 12 artean, 30.000 zibil baino gehiago sarraskitu zituen Shunroku Hata[11] jenerala buru zuen japoniar espedizio talde batek.[12][13]

1945aren hasieran, jendetza hilketa horiek areagotu egin ziren japoniar armadak okupatutako lurralde guztietan: Manilan edo Hong Kongen, baina baita Okinawan ere.

Talde-bortxaketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniarren kontrolpeko lurraldeak populazio okupatuen aurkako sexu-bortizkerien uhinen eraginpean egon zitezkeen. Hala, Nankingo sarraskian, japoniar ofizialek beren mendekoei hiriko emakume txinatarrak bortxatzen eta torturatzen utzi zieten, errepresalien beldurrik gabe. Kalkuluen arabera, 20.000 -80.000 emakume bortxatu zituzten gerrako pasarte horretan. Adam Jones politologoak gatazka horretan gertatu ziren bortizkeria sistematikoak deskribatu zituen "bortxaketaren adibide okerrenetako bat, genozidio-arma gisa".

Giza esperimentuak eta gerra bakteriologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniar unitate militar bereziek Txinan zibilekin eta gerrako presoekin esperimentuak egin zituzten. Maltzurrenetako bat 731. Unitatea izan zen. Biktimei anestesiarik gabeko bibisezkzioak eta anputazioak egin zizkieten eta arma biologikoak probatzeko erabili, beste esperimentu batzuekin batera: ez zen anestesia-baliabiderik erabili, esperimentuen emaitzak alda zitzakeelakoan. Zenbait biktimari, bestalde, animalia-jatorriko odola injektatu zitzaien.


«Izozte-hozkadaren tratamendua garatzeko, presoak kanpoan ur izoztuan sarrarazi eta besoak hotzaren eraginpean uztera behartzen zituzten. Orduan, besoak aldizka urez bustitzen zitzaizkien, guztiz izoztu arte; ondoren, anputatzen zitzaien. Medikuak prozesua berriz egiten zuen biktimaren besoaren behealdetik sorbaldaraino. Bi besoak erabat anputatutatutakoan, medikuek hanketan gauza bera egiten zuten, burua eta enborra bakarrik geratu arte. Orduan, biktima izurriteari eta beste patogeno batzuei buruzko esperimentuak egiteko erabiltzen zen»".[14]

GlobalSecurity.org-ren arabera, 731. Unitateak bakarrik egindako esperimentuek 3.000 heriotza eragin zituzten. Gainera, «dozenaka mila, agian 200.000 txinatar ere hil ziren izurri bubonikoaren, koleraren, antraxaren eta beste gaixotasunen ondorioz», gerra biologikoa zela kausa.

Gizakiekin egindako esperimentazio kasurik ezagunenetako bat Japonian bertan gertatu zen. US Air Forceko eskifaia bateko hamabi kideetatik bederatzi, gutxienez, bizirik irten ziren 1945eko maiatzaren 5ean Kyushun B-29 bonbardatu zutenean. Bonbaketariaren pilotua Tokiora bidali zuten galdeketa egitera, eta gainerakoak Fukuokako Kyushuko Unibertsitateko Anatomia sailera; han bibisekzioan erabili zituzten edota hil. 1948ko martxoaren 11n, hogeita hamar lagun, tartean hainbat mediku, gerra krimenen berri izan behar zuen auzitegi aliatu baten aurrean agertu ziren. Kanibalismoari zegozkion karguak bertan behera utzi zituzten, baina 23 pertsona bibisekzioa eta anputazio justifikatu gabekoengatik errudun jo zituzten: bost heriotza zigorrera kondenatu zituzten, beste bost bizi osorako kartzelara eta gainerakoei, espetxealdi laburragoak ezarri. 1950ean, Japoniako gobernadore militar Douglas MacArthur jeneralak heriotza-zigor guztiak barkatu zituen eta kartzela-zigor gehienak nabarmen murriztu. AEBko tropek alde egin eta hurrengo urteetan, japoniar gobernuek —jadanik inplikatutako jendea zuten— gainerako kriminalak askatu zituzten. Unibertsitatearen esparruan bibisekzioarengatik kondenatutako guztiak 1958an libre zeuden .[15]

2006an, Akira Makino, Japoniar Itsas armada inperialeko ofizial mediku ohiak adierazi zuen Filipinetan 1944ko abendutik 1945eko otsailera bitartean 30 preso zibil ingururi bibisekzioa egiteko agindua eman ziotela, entrenamenduaren parte gisa. Egin behar izan zuen kirurgian anputazioak sartzen ziren, eta biktimak emakumeak eta haurrak ziren.[16]

Arma kimikoen erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yoshiaki Yoshimi, Kentaro Awaya, Seiya Matsuno eta Yuki Tanaka historialarien arabera, Shōwa enperadoreak agindu zehatzen bidez (rinsanmei) arma kimikoen erabilera baimendu zuen Txinan. Adibidez, 1938ko abuztutik urrira Wuhango inbasioan, enperadoreak 375 aldiz baimendu zuen gas toxikoen erabilera, Versaillesko Ituneko 171. artikuluaren, itsaspeko eta gas itogarrien gerrateko erabilpenari buruzko Ituneko V. artikuluaren, eta Nazioen Ligak maiatzaren 14an onartutako ebazpen baten aurka egonagatik ere, Japoniak gas toxikoen erabilera gaitzesten zuena. Japoniako armadak 1930ean ziape-gasa erabili zuen Taiwango Wushe matxinadan.[17][18]

2004an Yoshimi eta Yuki Tanakak australiar artxibo nazionaletan aurkitutako dokumentuen arabera, 1944ko azaroan australiar eta herbeheretar presoekin gas toxikoak probatu zituzten Kai uharteetan.[19]

Gerraren amaieran, 90.000 arma kimiko inguru utzi ziren Txinako lurraldean 90 kokaleku baino gehiagotan, Arma kimikoak debekatzeko erakundearen arabera. 1997an Txinak eta Japoniak Arma kimikoak debekatzeko Nazio Batuen konbentzioa izenpetu zuten. Bi urte geroago, bi herrialdeek memorandum bat izenpetu zuten: Japonia engaiatu zen Txinan utzitako arma kimiko guztiak induskatzeko eta suntsitzeko behar ziren funtsak, ekipamendua eta langileak emateko.[20]

Arma horiek, ondoren, induskatu, berreskuratu eta Txinako behin-behineko biltegietan gordetzen dira. 2014ra arte itxaron behar da Japoniak Haerbaling-en (Dunhua hirian) eraikitako arma kimikoen suntsiketa planta bat abandonatutako munizio stock handiena neutralizatzen hasteko, Txinako eta Japoniako eskulan batekin. 60.170 arma suntsitu ziren 2022ko ekainean.[20]

Gosete saihesgarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde okupatuetan, baliabideak japoniar militarren mesedetan desbideratzeak eragindako heriotzak ere gerra krimentzat hartzen ditu jende askok. Hegoaldeko Asian –bereziki 1945eko gosetea Indotxina frantsesean (egungo Vietnamgo lurraldean) eta Ekialdeko Herbeheretar Indietako ekialdean (egun, Indonesian), arroz-ekoizle handien artean baitzeuden–, milioika zibil hil ziren 1944-1945ean saihets zitekeen gosetearen ondorioz.

Gerrako presoen torturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Leonard G. Siffleet sarjentuaren exekuzioa Aitapen, Ginea Berrian, 1943ko urriaren 24an.

Japoniar indar armatu inperialek beren presoen aurkako tortura asko erabili zuten, normalean inteligentzia militarrari zegokion informazioa azkar lortzeko. Torturatutako presoak maiz exekutatu egiten zituzten gero.

Uno Sintarok, Txinan jardun zuen japoniar armadako ofizialak, zera adierazi zuen: «Informazioa lortzeko funtsezko bideetako bat presoen galdeketa zen. Tortura ezinbesteko beharra zen. Biktimak hiltzea eta lurperatzea horrexen jarraipen naturala da. Hori agerian geratzea nahi ez duzulako egiten duzu. Sinetsi egin nuen, eta horrela jokatu, konbentzituta nengoelako zertan ari nintzen. Geure eginbeharra irakatsi ziguten bezala egiten genuen. Geure herria salbatzeko egin genuen. Geure arbasoekiko ditugun ondorengo gisako betebeharrengatik. Gudu-zelaian inoiz ez dugu kontsideratu txinatarrak gizakiak zirenik. Irabazlea zarenean, galtzaileek benetan miserableak dirudite. Yamato etnia (hau da, japoniarra) goi mailakoa zela ondorioztatu genuen».[21]

Gerra ostean, 148 japoniar gerra-krimenez kondenatu zituzten auzitegi aliatuek. Gradurik altuena Hong Sa Ik teniente jenerala izan zen, Asiako hego-ekialdean presoen kanpamentuak antolatzeaz arduratu zena.

Tokioko Auzitegiko gerra krimenetarako Australiako atalak bildutako txosten idatzi eta lekukotasun ugarik, William Webb fiskalak aztertuak (geroago, epaile buru izan zen), erakusten dute japoniarrek Asiako edo Pazifikoko hainbat lekutan gerrako preso aliatuen edo populazio zibilen aurkako kanibalismo ekintzak egin zituztela. Kasu batzuetan, ekintza horiek aliatuek Japoniako hornidura lerroetan egindako erasoen gorakadaren eta ondorengo gosetearen ondorioz japoniar soldaduek jasandako heriotzen eta gaixotasunen ondorio izan ziren. Hala ere, Yuki Tanaka historialariaren arabera, «kanibalismoa, askotan, ofizialen agindupean jarduten zuten konpainia osoek egindako jarduera sistematikoa zen». Ekintza horiek hilketarekin lotuta egoten ziren. Adibidez, havildar (sarjentuaren baliokide da) Changdi Ram-ek,ak Indiako gerrako preso zen, 1944ko azaroaren 12an Kempeitaik ("Polizia militarra") pilotu aliatu bati burua moztu ziola adierazi zuen. «Zuhaitz baten atzetik ikusi nuen: japoniar batzuek besoen, hanken, aldaken eta ipurmasailen haragia moztu eta beren auzoetara eramaten. Puxka txikietan moztu eta frijitu zuten».[22][23]

Kasu batzuetan, haragia bizirik zeuden pertsonengandik jasotzen zen: Indiako beste gerra-preso batek, lance naik (kaporalaren baliokide da) Hatam Ali-k (geroago, Pakistango hiritarra izan zen), Ginea Berrian bizi zela adierazi zuen: “Japoniarrak presoak aukeratzen hasi ziren, eta soldaduek egunero preso bat hiltzen eta jaten zuten. Nik neuk ikusi nuen hori, eta soldaduek ia ehun preso hil eta jan zituzten leku hartan. Geratzen ginenok 80 km-ra zegoen beste leku batera eraman gintuzten, eta han hamar preso hil ziren gaitzak jota. Leku hartan, japoniarrak presoak aukeratzen hasi ziren berriro, jateko asmoz. Aukeratuak txabola batera eramaten zituzten: han, haragia hartzen zieten, oraindik bizirik zeudela. Ondoren, zanga batera botatzen zituzten, eta bertan hiltzen ziren azkenean».[24]

Kanibalismoagatik kondenatu zuten goi mailako ofizialetako bat Yoshio Tachibana (立花芳夫, Tachibana Yoshio) teniente jenerala izan zen. Beste hamaika soldadu japoniarrekin batera, AEBko Itsas armadako hegazkinlariak exekutatzeagatik eta Chichi-jimako gertakarian gutxienez horietako bat jateagatik epaitu zuten 1944ko abuztuan. Tachibanaren aginduz, lepoa moztu zieten. Zuzenbide militarrak eta nazioartekoak kanibalismoari buruzko xedapen zehatzik ez zutenez, hilketagatik eta "ehorzketa ohorezkoa ukatu izanagatik" epaitu zituzten. Tachibana heriotza zigorrera kondenatu zuten eta 1946ko irailaren 24an exekutatu.[25]

Preso australiarrak eta herbeheretarrak Thailandiako Tarsau kanpalekuan, 1943an.

Japoniar indar armatuek zibil asiarrei eta gerrako presoei ezarritako lan behartuak ere heriotza ugari eragin zituen. Zhifen Ju, Mitsuyoshi Himeta, Toru Kibo eta Mark Peattie bezalako hainbat historialarik elkarrekin egindako ikerketa baten arabera, hamar milioi zibil txinatar baino gehiago mobilizatu zituen Kôa-inek (Asia ekialdeko garapen agentzia) bortxazko lanerako.[26]

Kongresuko liburutegiaren arabera, Javan lau eta hamar milioi romusha artean (japonieraz, "eskulangileak") japoniar militarrek lan egitera behartu zituzten. Langile horietatik 270.000 inguru Asiako hego-ekialdeko beste eskualde batzuetara bidali zituzten japoniarrek. Azkenean, 52.000 baino ez ziren Javara itzuli, eta horrek aditzera ematen du heriotza tasa % 80koa izan zela. 180.000 zibil eta 60.000 gerra-preso inguru heriotzaren trenbidea eraikitzera esleitu zituzten, Thailandia eta Birmania lotzeko eta haietako 98.000 baino gehiago hil ziren lanek iraun zuten bitartean. Preso horietako batzuen patua kontatzen du Ernest Gordon beteranoak, eta haren memoriak pantailara eraman dituzte.[27]

Bestalde, Akira Fujiwara historialariaren arabera, Hirohito enperadoreak berak berretsi zuen 1937ko abuztuaren 5eko direktiba batean Txinako gerrako presoei tratamendua emateko nazioarteko zuzenbideak (Hagako hitzarmenak) ezartzen dituen mugak kontuan ez hartzeko erabakia. Dokumentu berean, Estatu Nagusiko ofizialei ere zehazten zitzaien jada ez zela bidezkoa "gerra-preso" terminoa erabiltzea. Bestalde, Genevako hitzarmenak salbuetsi egiten zituen sarjentu gradua edo esku-lan handiagoa zuten gerra-presoak eta ezartzen zuen lan bat egin behar zuten presoek anoa gehigarriak jaso behar zituztela, baita premiazko beste elikagai batzuk ere; baina garai hartan Japonia ez zen Genevako hitzarmenaren sinatzailea, eta japoniar indarrek ez zuten aplikatu.

Kontsolamenduko emakumeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontsolamenduko emakume terminoa (慰安婦 iantu) edo kontsolamendu militarreko emakume (従軍慰安婦 jū-gunianfu) eufemismo bat izan zen, Japoniako burdel militarretan prostitutak izendatzen zituena: geroago esklabotza salaketak sortu zituen. Bortxaz kontsolamenduko emakume bilakatu ziren emakumeen kopurua eztabaidagai da. Iturri batzuek diotenez, modu birtualean kontsolamenduko emakume guztiek onartu zuten prostituta izatea edota ordainduta zeuden, baina beste batzuek Japoniako armadaren eta bertako emakumeen errekrutatze behartuaren arteko lotura frogatzen duten ikerketen berri eman zuten.

1992an, Yoshiaki Yoshimi historialariak bere ikerketetan oinarritutako dokumentuak argitaratu zituen Defentsa ikasketetarako institutu nazionaleko artxiboetan. Kôa-in bezalako erakunde inperialen eta kontsolamendu establezimenduen artean lotura zuzena zegoela zioen. 1993ko urtarrilaren 12an Japoniako hedabideetan Yoshimiren aurkikuntzak argitaratu zirenean, hunkigariak izan ziren, eta Gobernua, Kato Koichi kabineteburuaren idazkariak ordezkatuta, gertaera horietako batzuk egun berean aitortzera behartu zuten. Urtarrilaren 17an, Koreara egindako bidaia batean, Kiichi Miyazawa lehen ministroak barkamen formalak aurkeztu zituen biktimek jasandako sufrimenduengatik. Uztailaren 6an eta abuztuaren 4an, Japoniar Gobernuak bi adierazpen argitaratzen zituen: hor onartzen zuen «garai hartako eskaera militarrari erantzuteko kontsolamendu establezimenduak» ezarri zirela, «Japoniako armada, zuzenean edo zeharka, parte hartzen ari zen kontsolamendu establezimenduak ezarri eta kudeatzen eta emakume kontsolatzaileak bertaratzen», eta emakumeak «kasu askotan beren borondatearen aurka errekrutatu zituzten, engainu edo hertsapen bidez».

Hainbat teoria daude jatorrizko herrialdearen araberako kontsolamenduko emakumeen banaketari buruz. Iturri batzuek diote emakume gehienak jatorriz japoniarrak zirela, baina beste batzuek, Yoshinik barne, diote 200.000 emakume inguru prostituitzera behartu zituztela, gehienak jatorri korearrak edo txinatarrak eta Filipinak, Taiwan, Birmania, Herbehereak, Australia eta Ekialdeko Indietako beste herrialde batzuetakoak[28],[29],[30]. Gerratean kontsolamenduko emakumeen kopuruaren kalkuluak bizirik atera zirenen lekukotasunek berresten dituzte[31]. 2007ko martxoan, Shinzo Abe Japoniako lehen ministroaren adierazpen batek nazioartean hizpide izan zen gai horretaz. Abe-k adierazi zuen ez zela Japoniako indar armatuek ezarritako esklabutzarik egon eta Gobernuaren 1993ko adierazpenen erabilgarritasuna zalantzan jarri zuen. Biktima ohi askok haserrea adierazi zuten iruzkin horien ondoren, tartean Yong-soo Lee korearra.survécu[31]. [32],[33].

Tomoyuki Yamashita jenerala (eskuinetik bigarrena) izan zen Yamashitaren urrea izenaz ezagutzen den arpilaketaren produktua ezkutatzearen arduraduna. 1945eko urriaren 29tik abenduaren 7ra bitartean epaitu zuen Manilan AEBko batzorde militar batek, Manilako sarraskiari eta Singapurren aurretik izandako beste gertaera batzuei buruzko akusazioetan oinarrituta. Heriotza zigorra ezarri zioten. Kasu horrek aurrekari bat sortu zuen, ofizial komandanteek gerra krimenengatik zuten erantzukizunaz eta Yamashita aurrekari izenaz ezagutzen da. Auzitan jarri da presazko epaiketa horren zilegitasuna.

Historialari askok argudiatzen dute japoniar militarren bortizkeria erabat lotuta zegoela arpilatzearekin. Adibidez, Yamashitaren urreari buruzko liburu batean, Ekialdeko Asia Handiko kooparotasun esferan harrapaketaren produktuen gordailu sekretuak jorratzen dituena, Sterling eta Peggy Seagrave-k argudiatzen dute lapurreta eskala handi batean Yoshio Kodamaren moduko yakuzako kide gangsterrek edo Showa enperadorearen soldatapeko ofizial militarrek antolatuta zegoela: enperadoreak produktu horietako gehienak gobernura joatea nahi zuen. Seagravetarrek diotenez, Hirohitok bere anaia izendatu zuen horretarako, Yasuhito Chichibu printzea, Kin no yuri ("Urrezko lilia", enperadorearen haiku kutunetako baten arabera) izeneko operazio sekretu bat zuzen zezan.

Gerraosteko erreakzioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokioko epaiketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Potentzia aliatuek bultzatutako Tokioko epaiketek akusatu asko gerra-krimenen erruduntzat jo zituzten, batez ere lehen ministro ohiak (inoiz hautatu gabeak) Koki Hirota, Hideki Tōjō eta Kuniaki Koiso. Buruzagi militar asko ere erruduntzat jo zituzten. A klaseko gerra kriminaltzat errdun jotako bi lagunek gerra osteko Japoniako gobernuetan paper bat jokatu zuten. Mamoru Shigemitsu Kanpo arazoetako ministro izan zen gerrateann zein gerraosteko Hatoyama gobernuan eta Okinori Kaya Finantza ministro izan zen gerraten eta, berriro, Hayato Ikedaren gobernuan. Hala ere, ez zuten lotura zuzenik japoniar indar armatuek egindako gerra krimenekin, eta atzerriko gobernu bakar batek ere ez zuen eragozpenik jarri kargua hartu zutenean.

Showa enperadorea eta gerran esku hartu zuten familia inperialeko kide guztiak, hala nola Yasuhito Chichibu printzea, Yasuhiko Asaka printzea, Tsuneyoshi Takeda printzea, Naruhiko Higashikuni printzea eta Hiroyasu Fushimi printzea, Douglas MacArthurrek prozesamendu kriminaletik salbuetsi zituen. Hainbat historialarik kritikatu dute erabakia. John W. Dowerren arabera, Nurenbergeko eta Tokioko kartak jantzi eta shôwa erregimenaren ankerkeriak dokumentatzen eta publikatzen lan egin zuten japoniar ekintzaileek ere "ezin dute defendatu enperadorea gerrarako erantzukizunetik salbuesteko erabaki estatubatuarra eta, ondoren, Gerra Hotzaren gailurrean, Nobusuke Kishi geroko lehen ministroa bezala akusatutako gerra kriminal ultraeskuindarrekin askatzeko eta eta hari lotzekoa". Herbert P. Bix-en aburuz, "Mac Arthurrek Hirohito gerra-kriminal gisa epaitzetik salbatzeko hartutako neurri zinez apartekoek eragin iraunkor eta guztiz distortsionatzailea izan zuten japoniarrek gerra galduari buruz zuten ulermenari dagokionez".[34][35]

Shiro Ishii eta bere ikerketa unitate bakteriologikoetako kide guztiei ere erabateko immunitatea eman zien Douglas MacArthurrek[36].

Beste epaiketa batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokioko epaiketez gain, 1945 eta 1951 artean Asiako eta Ozeano Bareko beste hiri askotan ere langile japoniarren esku egon ziren gerra krimenengatiko beste epaiketa batzuk. 5.600 japoniar inguru auzipetu zituzten 2.200 epaiketa baino gehiagotan. Epaitegietako buru ziren epaileak AEBetakoak, Txinakoak, Erresuma Batukoak, Australiakoak, Herbehereetakoak, Frantziakoak, Sobietar Batasunekoak, Zeelanda Berrikoak, Indiakoak eta Filipinetakoak ziren. 4.400 japoniar baino gehiago jo zituzten erruduntzat, eta mila ingururi ezarri zieten heriotza zigorra. Akusatu gehien eragin zituen epaiketa 93 japoniarri buruzkoa izan zen, Ambongo guduaren ondorengo Lahako sarraskian 300 gerra-preso aliatu baino gehiago berehala exekutatzeaz akusatuak.

Desenkusa ofizialak eta eztabaidak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikuspuntu juridikoa eta morala bereiztea komeni dela uste du Japoniako Gobernuak. Beraz, Japoniak nazioarteko zuzenbidea eta itunik ez duela urratu defendatzearekin batera, Japoniako gobernuek ofizialki onartu dute japoniar armadak eragindako sufrimendua, eta maiz desenkusatu dira. Adibidez, Tomiichi Murayama lehen ministroak 1995eko abuztuan adierazi zuen Japoniak «bere nagusitasun eta eraso kolonialagatik, kalte eta sufrimendu latzak eragin zituela herrialde askotako herrientzat, batez ere Asiako nazioetakoentzat», damu sakonen sentimendua» agertu zuen, eta «barkamen zintzoa» aurkeztu. Era berean, 1972ko irailaren 29an, Kakuei Tanaka Jjponiar lehen ministroak adierazi zuenez, "Japoniako aberria biziki jabetzen da Japoniak iraganean Txinako herriari gerratek eragin zion kalte larriaz, eta biziki aurpegiratzen dio bere buruari".[37]

Hala ere, desenkusa ofizialak maiz eskastzat jo dituzte krimen horietatik bizirik irten diren askok edota hildako biktimen senideek. Desenkusa ofizialaren auzia eztabaidagarria da, japoniar gerra krimenengatik atsekabetuta dauden jende askok argudiatzen baitu ez dela ekintza zehatzetarako desenkusarik aurkeztu edota Japoniar Gobernua damua edo alhadura adieraztera mugatu dela. Zenbaiten esanetan, herrialde batzuetan komunikabideek trabatu edo ezkutatu egiten dituzte Japoniak adiskidetzeko egindako ahaleginak, Japoniaren laguntza eskuzabalak gorabehera, batez ere Estatuak herrialdeko hedabideak kontrolpean dauzkanean, izan formala edo soilik faktikoa. Horrek japoniarren aurkako sentimendua[38] isla lezake.[39][40]

Japonian, batzuen esanetan, lehen ministroa edota enperadorea dogeza egin dezaten eskatzen da, hots, belaunikatu eta burua lurrera makurtzea –Asiako Ekialdeko gizarteetan barkatzeko eskatzeko modu oso formala; hala ere, Japonia ez dago, antza, halakorik egiteko prest–. Batzuek Willy Brandt kantzilerraren adibidea aipatzen dute: 1970ean, Varsoviako ghettoko heroien monumentuaren aurrean belaunikatu zenean, desenkusa eta adiskidetze ekintza sendo eta eraginkor baten adibide gisa, nahiz eta denak ez egon ados.[41][42]

Brandten ekitaldia adibide gisa aipatuta, John Borneman Cornelleko antropologia irakasleak adierazi du «desenkusa batek truke ez-materiala edo sinboliko hutsa adierazten duela eta, horren bidez, errua egin duenak pertsona gisa duen estatusa jaisten duela». Gaineratu du, behin horrelako desenkusak aurkeztuta, kaltetuak barkatu egin behar duela, eta adiskidetzea bilatu; bestela, desenkusak ez du inolako eraginik. Alderdi kaltetuak hainbat arrazoirengatik atzera bota ditzake desenkusak, eta horietako bat adiskidetzea saihestea da, «zauriaren memoria bizirik mantenduz, ukatzeak elkarren arteko gizatasun baieztapena eragozten duelako, biktima iraunkor izaerari atxikitzen zaion boterea instrumentalizatuz». Beraz, batzuek argudiatzen dute herrialde batek Japoniak planteatutako kontziliazio-keinuak onartzeko duen errezeloa izan litekeela herrialde horrek uste duelako Japonia ez dela behar adina jaitsi desenkusa zintzoak aurkerteko. Bestalde, beste batzuek diote herrialde horrek adiskidetzea baztertzeko hautua egiten duela, Japoniaren gainean nolabaiteko boterea ezartzeko modu bat izango litzatekeen biktima izaera iraunkorra bermatze aldera.

Kalte-ordainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Uste zabalduta dago Japoniako Gobernuak ez zuela onartu kalte-ordainak emateko legezko erantzukizuna, eta, ezezko horren ondorio zuzen gisa, ez ziela kalte-ordainik eman gerran egindako basakerien biktima indibidualei. Zehazki, Giza Eskubideen eta Emakumeen Eskubideen aldeko hainbat elkarte garrantzitsuk argudiatzen dute Japoniak beti duela erantzukizun moral edota legal bat biktima indibidualei kalte-ordainak emateko, bereziki militar japoniarrek herrialde okupatuetan erroldatutako eta kontsolamenduko emakume gisa ezagutzen diren sexu-esklaboei.

Japoniako Gobernuak ofizialki onartu ditu gerra krimenen biktimei kalte-ordainak emateko eskaerak, Potsdamgo adierazpenak ezarritakoaren arabera. Kalte-ordain horien xehetasunak alde biko itunen bidez konpondu dira kaltetutako herrialdeekin, Ipar Korearekin izan ezik, Japoniak Hego Korea soilik onartzen duelako Koreako penintsulako gobernu bakar gisa. Mendebaldeko aliatuen gerrako presoen kasuan, kalte-ordainak Gurutze Gorriak eman zizkien biktimei. Japoniak guztira 4.500.000 libera esterlina ordaindu zituen. Asiako hainbat herrialdetan, ordea, arrazoi politikoengatik edo Japoniak oso gutxi ordainduta utzi zituzten, gehien-gehienetan, kalte-ordain eskaerak. Hala ere, herrialde kaltetuetako gobernuek ez zituzten sarritan biktimatzat hartu. Beraz, Asiako biktima indibidual askok ez zuten inolako kalte-ordainik jaso.

Hortik aurrera, Japoniar Gobernuaren jarrera da kalte-ordain gehiagoren eskaerak eskubidedunek dagozkien gobernuen aurrean aurkeztu behar dituztela. Horren ondorioz, Japoniako epaitegietan aurkeztutako banakako kalte-ordain eskaera guztiek porrot egin zuten. Halaxe gertatu zen, besteak beste, Erresuma Batuko gerrako preso ohi batekin: porrot egin zuen japoniar gobernua auzitara eramateko saiakeran, kalte-ordaintzat ordainketa osagarria lortze aldera. Horren ondorioa izan zen, ordea, gerora Erresuma Batuko gobernuak kalte-ordain gehigarria eman ziela Erresuma Batuko gerrako preso ohi guztiei. Salaketak izan ziren Japonian, nazioarteko hedabideek soilik jakinarazi zutelako aurreko gerrako presoak kalte-ordainak eskatu zituela, eta argitu gabe utzi zuten, berez, japoniar gobernuak aurrez ordaindutakoaren kalte-ordain osagarria eskatzen zuela.

Eskaera gutxi batzuk ere iritsi dira AEBko epaitegietara, baina guztiak atzera bota dituzte. Hego Korearekin izandako negoziazioetan, japoniar gobernuak proposatu zuen Koreako biktimei kalte-ordain indibidualak ordaintzea, Mendebaldeko gerra presoekin gertatu zen bezala. Koreako gobernuak, aldiz, Japoniak ordainketa orokor bat egitea eskatu zuen, eta hala egin zen. Horrela ordaindutako dirua garapen ekonomikorako erabili zen. Koreako gobernuak ez zuen negoziazio horien edukia 2004ra arte ezagutarazi, Japonian ospe publikokoak diren arren.

Txinako eta Taiwango gobernuek kalte-ordainak dirutan jasotzeko erreklamazioak bertan behera utzi dituztenez, batzuek argudiatzen dute kalte-ordainak emateko erantzukizun morala edota legala gobernu horien eskuetan geratzen dela orain. Kritika horiek azpimarratzen dute, halaber, gobernu horiek erreklamazioak alde batera utzi bazituzten ere, Japoniako jabetza kolonialak euren mesederako transferitzea onartzen zuten itunak sinatu zituztela. Beraz, okerra litzateke argudiatzea gobernu horiek ez zutela Japoniatik inolako kalte-ordainik jaso, gobernu horiek aukera izan baitzuten biktimei kalte-ordainak banan-banan emateko, transferentzia horien produktuei esker.

Kontsolamenduko emakumeei inolako erantzukizunik aitortzen ez bazaie ere, Japoniak 1995ean Asiako emakumeen funtsa ezarri zuen, gerran prostituitzera behartu zituztela argudiatzen duten pertsonei konpentsazio ekonomikoak ematen dizkiena. Erakundea gobernuak sortu bazuen ere, ikuspuntu juridikotik fundazio independente gisa eratu zen. Funtsaren jarduerak eztabaidagarriak izan dira Japonian, bai eta emakume haietaz arduratzen diren nazioarteko erakundeen artean ere. Batzuek diote funts hori bat datorrela ondoz ondoko japoniar gobernuek beren erantzukizunei aurre egiteari etengabe uko egitearekin; beste batzuek, berriz, uste dute japoniar Gobernuak aspaldi bete zituela banakako biktimekiko betebeharrak, eta orain biktima horiek beren mende dituzten gobernuen akatsak zuzentzera mugatzen dela.

Tarteko kalte-ordainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Tarteko kalte-ordain” terminoa industria-instalazio guztiak (batez ere instalazio militar-industrialak) lekualdatzeko eta herrialde aliatuei esleitzeko aplikatu zen. Operazio hori aliatuen okupazio indarren begiradapean egin zen. Berresleipen hori “bitartekaritzat” jo zuten, ez ziolako kalte-ordainen likidazioari azken punturik jartzen. Hori aldebiko itunen bidez konpondu zen. 1950ean, berriz esleitutako instalazioak 43.918 makinaria piezatakoak ziren, artean 165.158.839 yenetan baloratuak. Banaketa honela banakatu da: Txina, % 54,1; Herbehereak, %11,5; Filipinak, % 19; eta Erresuma Batua, % 15,4.

Kalte-ordaina, San Frantziskoko Itunaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasoz haraindiko japoniar aktiboetan oinarritutako kalte-ordainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsasoz haraindiko japoniar aktiboek Japoniako gobernuak, sozietateek, erakundeek eta herritarrek herrialde okupatuetan dituzten aktibo guztiak dituzte helburu. San Frantziskoko Itunaren 14. klausularen arabera, indar aliatuek aktibo horiek guztiak konfiskatu zituzten, Txinan zeudenak izan ezik, 21. klausularen xede izan baitziren. Uste da Koreak 21. klausulatik eratorritako eskubideak ere balia zitzakeela.

Japoniako atzerriko aktiboak 1945ean
Herrialdea / Eskualdea Yenetan (JPY)
Korea 70.256.000.000
Taiwan 42.542.000.000
Ipar-ekialdeko Txina 146.532.000.000
Iparraldeko Txina 55.435.000.000
Erdialdeko eta hegoaldeko Txina 36.718.000.000
Beste 28.014.000.000
Denera 379.499.000.000
1945eko balioa: 15 JPY = 1 USD

Gerrako preso aliatuentzako kalte-ordainak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Frantziskoko Itunaren 16. klausulak zehazten zuen Japoniak bere ondasunak eta Aliatuen edozein herrialderekin gerran zeuden herrialdeetan edo herrialde neutral edo asimilatuetan zeuden herritarren ondasunak Gurutze Gorriari transferitu behar zizkiola: hori saltzeaz eta irabaziak gerrako preso ohiei eta haien onuradunei banatzeaz arduratuko zen. Klausula horren ondorioz, japoniar gobernuak eta herritarrek 4.500.000 libera esterlina ordaindu zizkioten Gurutze Gorriari. Hala ere, Linda Goetz Holmes historialariaren arabera, Japoniako gobernuak erabilitako diruaren zati handi bat ez zen Japoniako funtsetatik etorri, baizik eta AEBko, Britainia Handiko eta Herbehereetako gobernuek emandako eta 1945ean Yokohama Specie Bankuan gordetako laguntza-funtsetatik.

Japoniak okupatutako lurralde aliatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itunaren 14. klausulak zehazten zuen Japoniak potentzia aliatuekin negoziatuko zuela, Japoniak haien lurraldeak okupatu eta japoniar indarren ondorioz kalteak jasan bazituzten, herrialde horiei kalte horiengatik damu-domaik emateko.

Hala, Filipinek eta Vietnamgo Errepublikak kalte-ordainak jaso zituzten 1956an eta 1959an. Birmania eta Indonesia ez zeuden itunaren jatorrizko izenpetzaileen artean baina, geroago, aldebiko itunak izenpetu zituzten, San Frantziskoko Itunaren 14. klausularen arabera. Azken ordainketa 1976ko uztailaren 22an egin zen Filipinetan.

Japoniak 1941etik 1945 arte okupatutako herrialdeentzako kalte-ordainak
Herrialdea Kopurua, JPYetan Kopurua, USDetan Itunaren data
Birmania 72.000.000.000 200.000.000 1955eko azaroaren 5
Filipinak 198.000.000.000 550.000.000 1956ko maiatzern 9
Indonesia 80.388.000.000 223.080.000 1958ko urtarrilaren 20
Vietnam 14.400.000.000 38.000.000 1959ko maiatzaren 13
Denera 364.348.800.000 1.012.080.000

Eztabaida Japonian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniatik kanpo oso zabalduta dagoen sentimendu baten arabera, Japonian errezeloa dago gertaera horiei buruz hitz egiteko edota gerra krimenak izan zirela onartzeko. Haatik, garai inperialeko gertaera polemikoak komunikabideetan argi eta garbi eztabaidatzen dira: alderdi politiko eta mugimendu ideologikoek jarrera nahiko ezberdinak dituzte. Japonia Alemaniatik eta Austriatik desberdintzen du Japonian gai horrekiko hitz egiteko askatasunaren mugarik ez egoteak: Alemanian, Austrian eta Europako beste herrialde batzuetan, berriz, Holokaustoa ukatzea zigor-arloko arau-hauste gaitzesgarria da. Beste era batera esanda, ezeztapen-hitzak ohikoak dira Japonian, eta japoniar hezkuntza-sistema publikoko eskola-liburu askotan ere agertzen dira.

1970eko hamarkadara arte, eztabaida horiek interes txikiko gaitzat hartzen ziren komunikabideetan. Japoniako hedabideetan, erdian eta ezkerrean markatutako iritzi politikoak ageri dira gehien egunkarietan; eskuineko iritziak, berriz, aldizkarietan batez ere. Gerra-krimenei buruzko eztabaidak, funtsean, aldizkari tabloideetako editorialetan gordetzen ziren: Amerika inperialista erorarazteko eta enperadorearekiko gurtza berpizteko deiak pornografiarekin batera zeuden. 1972an, Txinarekiko harremanen normalizazioa gogoratzeko asmoz, Asahi Shinbun egunkari liberal handiak Txinako gerra-krimenei buruzko artikulu batzuk argitaratu zituen, Nankingo sarraskia barne. Horrek atea ireki zien ordutik etenik izan ez duten eztabaidei. 1990eko hamarkada jotzen da gai horiek benetako munta hartu zuten garaitzat eta, beraz, Nankingo sarraskia, Yasukuni santutegia, kontsolamenduko emakumeak, eskola-historiako liburuen zehaztasuna eta Tokioko epaiketen baliozkotasuna bezalako gorabeherak eztabaidagai izan ziren, baita telebistan ere.

Japoniar legelariak Japoniako indarrek teknikoki nazioarteko zuzenbidearen urraketarik egin ez zutelako kontuan bat datozenez, Japoniako eskuineko elementu askok jarrera hori erabili zuten argudiatzeko gerra krimenen epaiketak garaileek emandako justizia baten ondorio zirela. Gerra krimenez konbentzituta dauden pertsonak "Shōwaren martiriak" (昭和殉難者 Shōwa Junnansha) direla uste dute: Shōwa Hirohitoren erregealdiari esleitutako izena da). Interpretazio horri gogor egiten diote aurre Japoniako talde bakezaleek eta ezker politikoak. Lehen, talde horiek saiatu ziren argudiatzen epaiketek oinarri legal jakin bat zutela, dela Genevako hitzarmenaren arabera (Japoniak izenpetu zuen, baina ez berretsi), dela zuzenbidearen edo nazioarteko adostasunaren kontzeptu mugagabe baten arabera. Bestela, argudio hori ere eman zuten: epaiketek oinarri juridiko baliagarririk ez izan zezaketen arren, bidezkoak ziren, eta hori bat dator Mendebaldeko eta Asiako gainerako herrialdeetako herritarren iritziarekin.

XXI. mendearen hasieran, Japoniaren iragan inperialarekiko interesa berreskuratu zenean, eskuin berriaren eta ezker berriaren zigilua batera jaso zuen talde baten interpretazio berriak sortu ziren. Talde horrek azpimarratzen du Japoniako indarrek egindako ekintza asko, tartean Nankingo gertakaria (Japonian, Nankingo sarraskia terminoa ez da inoiz erabiltzen), japoniar kode militarraren urraketak izan zirela. Hortaz, gerra osteko japoniar gobernuak gerra krimenak epaitzeko auzitegiak eratu izan balitu, akusatutako asko erruduntzat jo eta Japoniako kode militarrean ezarritakoa betez exekutatuko zituztela uste da. Beraz, porrot moral eta legal horiek militarrei eta japoniar gobernuari egoztekoak dira, konstituzioak bere gain jartzen zituen betebeharrak bete ez zituztelako.

Eskuin eta ezker berriek ere uste dute Aliatuek ez zutela Japoniaren aurkako gerra deliturik egin, Japoniak ez zuelako Genevako hitzarmena izenpetu eta, irabazle gisa, eskubide guztiak zituztelako Japoniak hainbat itunen bidez onartu zuen kalte-ordain mota bat eskatzeko. Hala ere, logika bera oinarri hartuta, eskuin/ezker berriek uste dute gerrilla jardueraren susmopean zeuden txinatarren hilketa guztiz legezkoa eta baliozkoa izan zela, baita Nankinen hildako batzuentzat ere, adibidez. Halaber, Txinako biktima zibil asko nazionalista txinatarren lur errearen politikaren ondorio direla uste dute. Horrelako taktikak erabiltzea legezkoa dela argudia daitekeen arren, politika horrek eragindako heriotzetako batzuk Japoniako armadari egozten zaizkiola uste dute eskuin/ezker berriek, akats baten ondorioz. Era berean, uste dute japoniar gobernua auzitara eramaten saiatu zirenek, kalte-ordainak jasotze aldera, ezin zutela kausa juridiko edo moral batean oinarritu. Eskuin/ezker berriek ere ez dute hain begi onez ikusten korearrek biktima-estatusa izatea, Japoniak anexionatu aurretik Korea Qing Dinastiaren basailu zelako eta, haren arabera, japoniarren kolonizazioa, zalantzarik gabe gogorra izan arren, aurrerapen bat zelako aurreko boterearekin alderatuta, Giza Eskubideei eta garapen ekonomikoari dagokienez. Kantōgun (Guandongeko armada izenaz ere ezaguna) gutxienez partzialki erruduna zelako argudioa ere aurreratzen dute. Nahiz eta Kantōgun, izenez, Japoniako goi agintearen mende egon zen garai horretan, bere aginteak autonomia esanguratsua zuen, 1928an Zhang Zuolin hiltzeko konplotean izan zuen inplikazioak erakusten duen bezala, baita Mudkengo gertaerak ere (1931), 1932an Mantxukuoren sorrera ekarri zuena. Gainera, garai hartan, Japoniako goi agintearen politika ofiziala gatazka Mantxurian mugatzea zen, baina goi aginteari desafio eginez, Kantōgunak Txina bera inbaditu zuen, Marco Polo zubiko gertakaria aitzakiatzat hartuz. Hala ere, japoniar gobernuak porrot egin zuen, istilu horien arduradun ziren ofizialak epaitegi martzialera eraman ez zituenean, baina Txinaren aurkako gerra ere onartu zuen eta tartean egon ziren askok promozioak jaso zituzten (Nankingo sarraskian parte hartu zuten ofizial batzuk, kasu). Beraz, gobernua militarrak arlo hartan bahitua zelako argudioak ez dirudi oso sinesgarria.

Hirohitoren hutsegite horien erantzukizun pertsonalaren auzia eskuin berriaren eta ezker berriaren arteko talka-puntu bat da.. Ofizialki, Meiji enperadorearen garaian onartutako konstituzio inperial berriak botere osoak ematen zizkion enperadoreari. Bere 4. artikuluak honakoa agintzen zuen: “Enperadorea inperioaren burua da, subiranotasunetik eratorritako eskubideak biltzen ditu bere baitan eta Konstituzio honetan ezarritakoaren arabera erabiltzen ditu” eta 11. artikuluak “Enperadoreak Armadaren eta Itsas Armadaren aginte gorena gauzatzen du”.

Akira Fujiwara historialariaren ustez, gerra ostean egindako mito (shinwa) bat da enperadoreak, ardura organo gisa, kabinetearen erabakiak irauli ezin zituela dioen tesia. Beste batzuek diote Hirohitok nahita moldatu zuela bere erregealdia Erresuma Batuko monarkia konstituzionalaren irudira, eta beti onartu izan dituela goi aginteak lortutako erabakiak eta adostasunak. Ikuspegi horren arabera, porrot moral eta politikoa, funtsean, Japoniako goi aginteak eta kabineteak osatzen dute —horietako kide gehienak, ondoren, Tokioko epaiketan A klaseko gerra-kriminal gisa kondenatuak izan ziren—, familia inperialeko kideak izan ezik, hala nola, Yasuhito Chichibu, Yasuhiko Asaka, Naruhiko Higashikuni, Hiroyasu Fushimi eta Tsuneyoshi Takeda printzeak.[43]

Berrinterpretazio eztabaidagarriak Japoniatik at

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Japoniatik kanpo finkatutako ekintzaile batzuk ere japoniar inperialismoaren berrinterpretazio polemikoak ematen saiatzen dira. Adibidez, Hego Koreako ofizial ohi eta eskuineko iruzkingile Ji Man-Won-en ikuspegiak hizpide izan dira Korean eta beste herrialde batzuetan: Japonia goraipatu zuen Korea modernizatzeagatik, eta honako hau adierazi sexu-esklabo bihurtutako emakumeez: “Bigarren Mundu Gerran soldadu japoniarren kontsolamenduko emakumeak edo sexu-esklaboak izan zirela dioten atso gehienak iruzurtiak dira”. Korean, horrelako baieztapenak iraingarritzat, belzgarritzat eta ukatzailetzat jotzen dira, baina tentsio politikoetatik sortzen dira Korea edo Txina bezalako herrialdeetan, mugimendu demokratikoen eta finkoen artean: japoniarren historia erabiltzea, edo japoniarren aurkako sentimenduari laguntzea tresna baliagarria da bi aldeentzat.

Ondorengo ikerketak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gerra kriminal naziekin lotutako ikerketetan bezala, ikerketa eta behaketa ofizialak egiten ari dira oraindik. 1990eko hamarkadan, Hego Koreako gobernua Japoniako armadarekin kolaboratuz aberastu omen ziren zenbait gizabanakori buruzko ikerketak egiten hasi zen. Hego Korean ere, Gerra Hotzaren giro politikoan, pertsona asko edota haien bazkide eta gurasoak japoniarrekin elkarlanean pilatutako foruekin eragina lortzeko gai izan zirela diote, eta gerra krimenei buruzko ikerketak estaltzen edo saihesten lagundu zutela, haiek ere auzitan ez jartzeko. Lankidetza-urteetan eratu ahal izan zituzten diru-sarrerei esker, beren familietako kideak goi-mailako hezkuntza eskaini ahal izan zieten. Gobernuz kanpoko erakundeek eta partikularrek ere ekin diote beren ikerketei. Adibidez, 2005ean, Hego Koreako kazetari independente Jung Soo-woong-ek Japonian aurkitu zituen 1895ean Choson-go Myeongseong (Min erregina, Koreako azken enperatriza) enperatrizaren hilketan parte hartu zuten pertsonen ondorengo batzuk. Hilketa Ozeano beltzaren elkarteak gauzatu zuen, agian japoniar gobernuaren eskariz, enperatrizak Korean japoniarren eragina murrizteko saiakeretan parte hartu zuelako. Jung-ek haien desenkusak erregistratu zituen.

Ikerketek aurrera segitzen dutenez, frogen berri aldizka ematen da. Japoniako gobernuak nahita suntsitu zituen Koreako emakume kontsolatzaileei buruzko txostenak. Zenbaitek Japoniako inbentario liburuak eta gudu zelaietan lan egiten duten pertsonen koadroak aipatzen dituzte baieztapen horren froga gisa. Adibidez, zerrendan agertzen zen izenetako bat kontsolamenduko emakume batena zen, japoniarrek prostituitzera behartu zutela adierazten zuena. Erizain gisa katalogatuta zegoen. Hori gertatzen zen beste dozena bat emakumerekin gutxienez: argi baitzen kontsolamenduko emakumeak zirela, eta ez erizainak edo idazkariak. Egun, zerrenda horietan agertzen diren ehunka izen aztertzen ari da Hego Koreako Gobernua.[44][45][46]

Korearen okupazio japoniarrari buruzko informazio mingarria lortzea zaila izaten da. Izan ere, japoniar gobernuak nazioarteko kritika larriak eragin zituzten gertaera asko estali zituen. Korearrek, berriz, maiz adierazi dute Japoniako Armada inperialak gizakiekin egindako esperimentuekiko ezinikusia; izan ere, esperimentu makabroetan, nitrogenoari buruzko probetan edo arma biologikoak garatzeko programetan (ikus 731. Unitatea eta Shiro Ishii), pertsonak erabili ziren giza lagin gisa. Lekukotasun argi eta asaldagarriek bizirik iraun badute ere, Japoniako Estatuak asko gezurtatzen ditu, baita egun ere.[47][44][45]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Ralph Blumenthal, «The World: Revisiting World War II Atrocities; Comparing the Unspeakable to the Unthinkable», The New York Times, 1999ko martxoaren 7a (kontsulta: 2008ko uztailaren 26an).
  2. World | Scarred by history: The Rape of Nanking. 1997ko abenduaren 13a..
  3. Sanger, David. (1992ko urriak 22). Japanese Edgy Over Emperor's Visit to China. ..
  4. Japanese War Criminals World War Two. ..
  5. Japanese War Crimes. .
  6. Kafala, Tarik. (2009ko urriak 21). What is a war crime?. .
  7. Bibliography: War Crimes. Sigur Center for Asian Studies, George Washington University..
  8. Pierre Lavelle. (2005eko azaroa). Bouddhisme et terrorisme dans le Japon ultranationaliste. La Conjuration du Sang. ..
  9. (en) Chalmers Johnson, «Looting in Asia» [artxiboa], LRB-n, 2013ko azaroak 20 (kontsula: 2016ko urtarrilaren 3an)
  10. China's Bloody Century. ..
  11. 日军侵华第二大惨案:厂窖惨案一天屠杀一万人(图). 2005eko abuztuak 28..
  12. Chang, 102. or.
  13. George Hogg britainiarrari buruzko Les Enfants de Huang Shi filma, zinema aretoetan 2008ko martxorako aurreikusia, 1938tik 1945 artekoa da eta, besteak beste, Sankō sakusenen basakeriak agertzen ditu.. .. The Long March of a Forgotten Hero.
  14. Byrd, Gregory Dean, General Ishii Shiro: His Legacy is that of a Genius and Madman, or. ? (PDF dokumentua), [1]
  15. (Ingelesez) The Denver Post, 1995eko ekaina, Gary K. Reynolds-ek aipatua, 2002, U.S. Prisoners of War and Civilian American Citizens Captured and Interned by Japan in World War II: The Issue of Compensation by Japan (Library of Congress).
  16. BBC Japanese doctor admits POW abuse 2006ko azaroaren 26an jaitsia, 12:52 GMT
  17. (Ingelesez) Yoshimi and Matsuno, Dokugasusen kankei shiryô II, Kaisetsu 1997; Tanaka, Bulletin of Atomic Scientists, octobre 1988, "Poison Gas, the Story Japan would like to Forget".
  18. Report documenting how Japan used chemical weapons during Second Sino-Japanese War found for first time. ..
  19. Japan tested chemical weapons on Aussi POW: new evidence, http://search.japantimes.co.jp/member/nn20040727a9.html
  20. a b Progrès dans la destruction des armes chimiques abandonnées par le Japon en Chine. 2022ko irailak 19..
  21. Haruko Taya Cook & Theodore F. Cook, Japan at War 1993 ISBN 1-56584-039-9, p. 153
  22. (Ingelesez) Tanaka, Hidden horrors: Japanese War Crimes in World War II, Westview press, 1996, p.127.
  23. (Ingelesez) Lord Russell of Liverpool (Edward Russell), The Knights of Bushido, a short history of Japanese War Crimes, Greenhill books, 2002, p. 236.
  24. ’’Ibid.’’, 121. or
  25. Case No. 21 Trial of General Tomoyuki Yamashita[, United States Military Commission, Manila, (1945eko urriarem 8a-abenduaren 7), and the Supreme Court Of The United States (Judgments Delivered On Txantiloi:4th February, 1946). Part VI] (Retrieved on 18 décembre 2006); Jeanie M. Welch, "Without a Hangman, Without a Rope: Navy War Crimes Trials After World War II", International Journal of Naval History, v.1, No. 1, 2002ko apirila, 5-6. orr.
  26. Zhifen Ju, Japan's Atrocities of Conscripting and Abusing North China Draftees After the Outbreak of the Pacific War, 2002
  27. Library of Congress, novembre 1992, "Indonesia: World War II and the Struggle For Independence, 1942-50; The Japanese Occupation, 1942-45"; kontsulta: 2009ko urtarrilaren 15
  28. Sarah Soh. (2001eko maiatza). Japan's Responsibility Toward Comfort Women Survivors. .
  29. Yoshiko Nozaki. (2005eko abuztuak 1). The Horrible History of the "Comfort Women" and the Fight to Suppress Their Story. ..
  30. US Congressional Resolution Calls on Japan to Accept Responsibility for Wartime Comfort Women. 2006ko apirilak 25..
  31. a b U.S. Congress backs off rebuking wartime Japan - Americas - International Herald Tribune. 2006ko urriak 15..
  32. No Comfort. 2007ko martxoak 6.
  33. Le combat de Lee Yong-soo, ancienne "esclave sexuelle" au service de l'armée impériale japonaise. 2007ko martxoak 6.
  34. John W. Dower, Embracing Defeat, 562. or.
  35. Bix, Hirohito and the Making of Modern Japan, 2000, 585. or.
  36. Hal Gold, Unit 731 Testimony, 2003, 109. or.
  37. Joint Communiqué of the Government of Japan and the Government of the People's Republic of China. 1972ko irailak 29..
  38. Abiola Lapite. (2005eko apirilak 1). Japan-Bashing: Opium of the Chinese Masses. ..
  39. [« China seeks an apology from Japan for actions committe China Seeks an Apology from Japan for Actions Committed During World War II. ] 1998ko abenduak 1..
  40. Joseph Kahn. (2005eko apirilak 1). If 22 Million Chinese Prevail at U.N., Japan Won't. ..
  41. Freeman, Laurie A., Japan's Press Clubs as Information Cartels, Japan Policy Research Institute, 1996ko apirila: Hego Koreako presidenteRoh Tae Woo-k 1990ean Japoniara egindako bisitaren berri ematen du; hor, japoniar kabineteko idazkari Ozawa Ichirok hau esan omen zuen: "Iraganaz hausnartu dugulako ari gara ekonomikoki Korearekin lankidetzan. Beraz, harez geroztik beharrezkoa al dugu eskuen eta belaunen gainean are gehiago makurtuta jarri eta are gehiago ahuspeztea?". Haren adierazpenari «dogeza hatsugen» (ahuspezteari buruzko adierazpena) esaten zaio.
  42. Willy Brandt's Silent Apology - Facing History and Ourselves. .
  43. Fujiwara, Shôwa tennô no jû-go nen sensô, Aoki Shoten, 1991, 122. or.
  44. a b Korean WWII sex slaves fight on. 2005eko abuztuak 9..
  45. a b Japan Boiled Comfort Woman to Make Soup. ..
  46. Military Record of 'Comfort Woman' Unearthed. ..
  47. Nurse Reveals Wartime Atrocities Buried Beneath Quiet Tokyo Neighborhood. ..
  • (en) Wendy Barnaby, The Plague Makers: The Secret World of Biological Warfare, Frog Ltd, 1999 (ISBN 1-883319-85-4, 0-7567-5698-7 eta 0-8264-1258-0).
  • (en) C. A. Bayly eta T. Harper, Forgotten Armies. The Fall of British Asia 1941-5, Londres, Allen Lane, 2004.
  • (en) David Bergamini, Japan's Imperial Conspiracy, William Morrow, New York, 1971.
  • (en) Iris Chang, The Rape of Nanking: The Forgotten Holocaust of World War II, New York, Perseus Books LLC, 1997, 290 or. (ISBN 0-465-06835-9).
  • (en) Taya Haruko Cook eta Theodore F. Cook, Japan at War: An Oral History, New Press, 1993 (ISBN 1-56584-039-9) (Bigarren Mundu Gerrako japoniar bizirauleei egindako elkarrizketa bilduma; haietako batzuetan, beraiek zerikusia izandako gerra-krimenak deskribatzen dira).
  • (en) John W. Dower, War without Mercy: Race and Power in the Pacific War, New York, Pantheon, 1987, 399 or. (ISBN 0-394-75172-8).
  • (en) Stephen Endicott eta Edward Hagerman, The United States and Biological Warfare: Secrets from the Early Cold War and Korea, Indiana University Press, 1999 (ISBN 0-253-33472-1).
  • (en) Hal Gold, Unit 731: Testimony, Charles E Tuttle Co., 1996, 256 or. (ISBN 4-900737-39-9).
  • (en) Stephen Handelman eta Ken Alibek, Biohazard: The Chilling True Story of the Largest Covert Biological Weapons Program in the World--Told from Inside by the Man Who Ran It, Random House, 1999 (ISBN 0-375-50231-9 eta 0-3853-3496-6).
  • (en) Meirion Harries eta Susie Harries, Soldiers of the Sun: The Rise and Fall of the Imperial Japanese Army, New York, Random House, 1994, 569 or. (ISBN 0-679-75303-6).
  • (en) Robert Harris eta Jeremy Paxman, A Higher Form of Killing: The Secret History of Chemical and Biological Warfare, Random House, 2002, 2002, 301 or. (ISBN 978-0-8129-6653-4 eta 0-8129-6653-8).
  • (en) H. Sheldon Harris, Factories of Death : Japanese Biological Warfare 1932-45 and the American Cover-up, London/New York, Routledge, 1994, 297 or. (ISBN 0-415-09105-5 et 0-4159-3214-9).
  • (en) Paul Kratoksa, Asian Labor in the Wartime Japanese Empire: Unknown Histories, M.E. Sharpe and Singapore University Press, 2005 (ISBN 0-7656-1263-1).
  • Jean-Louis Margolin, Violences et crimes du Japon en guerre : 1937-1945, Hachette Littératures, 2009 (ISBN 978-2-01-279454-2 et 2-01-279454-8).
  • (en) Aryeh Neier, War Crimes: Brutality, Genocide, Terror and the Struggle for Justice, New York, Times Books, Random House, 1998.
  • (en) Laurence Rees, Horror in the East, British Broadcasting Company, 2001.
  • (en) Edward Russell, The Knights of Bushido : A Short History of Japanese War Crimes, Greenhill Books, 2006 (ISBN 1-85367-651-9).
  • (en) Peggy Seagrave et Sterling Seagrave, Gold Warriors: The Covert History of Yamashita's Treasure, Verso Books, 2003 (ISBN 1-85984-542-8).
  • (en) Kazuko Tsurumi, Social Change and the Individual: Japan Before and After Defeat in World War II, Princeton (New Jersey), Princeton University Press, 1970, 441 or. (ISBN 0-691-09347-4).
  • (en) Peter Williams, Unit 731: Japan's Secret Biological Warfare in World War II, Free Press, 1989 (ISBN 0-02-935301-7).
  • (en) Masahiro Yamamoto, Nanking: Anatomy of an Atrocity, Praeger Publishers, 2000, 352 or. (ISBN 0-275-96904-5, online irakurgarria da). Nankingo sarraskiaz Iris Changek idatzitako liburuaren ukapena.

Ikus-entzunezko baliabideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Minoru Matsui, Japanese Devils, 2001. Armada Inperialeko beteranoei egindako elkarrizketak biltzen dituen dokumentala
  • Japanese War Crimes: Murder Under The Sun, The History Channel, A & E Home Video, 2000. Bideo-dokumentala

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]