Edukira joan

Shaymin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Shaymin
Pokémon unibertsoa
Argitalpena
Ageri den obrak
Datu biografikoak
Sexuagender unknown (en) Itzuli
Garaiera20 cm

Shaymin (シェイミ Shaymin japonieraz) Pokémon frankiziako izakia da, landare motakoa. Pokémon mitikoa da[1], eta frankizia horretako bideojokoen laugarren belaunaldian agertzen da lehen aldiz.

Shayminek ez du eboluziorik, baina itxuraz aldatzeko gai da.

Shayminek izen berbera du edozein hizkuntzatan. Izenaren jatorria hiru iturritatik etor liteke: mandarin txinerazkoxiè (eskertasun), japonierazkoharinezumi (triku) eta herbreerazko שמים shamayim (zeru).

Shaymin itxuraz aldatzeko gai da. Bi forma ditu:

  • Oinarrizko itxura edo Lurreko Itxura (Land Forme ingelesez; ランドフォルム Lur forma japonieraz): Shayminek trikuaren eta lore-sorta baten antza du. Azal zuria du, eta, arantzen ordez, belar berdea du bizkarrean. Loki bakoitzean, grazidea bat du, Pokémon munduan norbaiti esker ona erakusteko oparitzen den lore arrosa. Horrexegatik, Shaymin eskertasunaren Pokémona dela esan ohi da. Hanka potxoloak ditu, eta beti du irribarrea aurpegian. 0,2 metro garai da, eta 2,1 kg-ko pisua izan ohi du. Itxura honetan, Shaymin landare motakoa da, eta Pokémon txikienetarioa, mota horren baitan.[2]
  • Zeruko Itxura (Sky Forme ingelesez; スカイフォルム Zeru forma japonieraz): Bertsio honetan, Shayminen gorputza lirainagoa da, eta txakur antz handiagoa du. Gorputzaren eta buruaren artean lepo luzea agertzen zaio, eta hanka luzeagoak ditu. Hori dela eta, bizkorragoa da bertsio honetan. Bizkarraldean zuen belarra burura igaro eta gandor formakoa bihurtzen da. Hanketan ere agertzen zaio belarra. Belarri zuri zapalak ditu, hego itxurakoak. Lurreko Itxurako lorea izan ordez, lepoan zapi itxurako lore-hosto gorria du. 0,4 metro garai da, eta 5,2 kg-ko pisua izan ohi du. Itxura honetan, Shaymin landare/hegalari motakoa da.

Zeruko Itxura hartu ahal izateko, egunean zehar grazidea batekin egin behar du topo. Gauean zehar, Lurreko Itxurara itzuliko da. Halaber, oinarrizko itxura hartuko du berriro izoztuz gero, Pokémon Haurtzaindegira joanez gero edo Pokémon Bankuan utziz gero.

Shayminek ikasitako trebeziak desberdinak dira itxura batean edo bestean. Dena den, itxura batean trebezia bat ikasiz gero, eta beste itxura hori ez bada gai trebezia bera ikasteko, itxura aldatuta ere, ez du trebezia ahaztuko.[3]

Shaymin oso lotsatia da, eta belar eta lore artean ezkutatzen da. Aurkitua izan ez dadin, bere buruaren inguruan kiribiltzen da, sastraka itxura hartzeko. Hartara, oso zaila da Shaymin topatzea, baita asko hurbilduta ere.

Shayminek lurra ongarritu dezake, airean dauden toxinak purifikatzen baititu. Horrela, basamortu idorrena ere lore-baratze eder bihur dezake. Buruko grazideei esker egiten du purifikazioa. Gainera, Shayminen trebezia nagusiak aireko toxinak baliatzen ditu aurkariaren defentsa murrizteko. Xurgatutako substantziak duen toxikotasunaren arabera, Shayminen erantzuna nahiko kaltegabea edo suntsitzailea izan daiteke. Bestalde, Shayminek xurgatutako substantzia kutsagarria bada eta ez baditu toxina guztiak garbitzen, Shaymin ondoezik senti daiteke.[4]

Badirudi Shaymin maitasunez besarkatuz gero eta ingurukoen esker ona sentizen badu, bere gorputza lorez estaltzen dela erabat. Arriskua sentitzen duenean, aldiz, lore guztiak ezkutatzen ditu.

Zeruko Itxura duenean, ez da oinarrizko itxuran bezain lotsatia; ausartagoa da eta bere buruarekiko segurtasun handiagoa du.

Lore zelaietan egoten da. Negu luze eta gogorra igaro ostean, jendeak zeruari esker ona adieraztean, Shaymin agertzen da, zelai ihar guztiak lorez betetzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Pokémon singular» WikiDex (kontsulta data: 2025-02-03).
  2. (Gaztelaniaz) «Shaymin» Pokémon Wiki (kontsulta data: 2025-02-04).
  3. (Gaztelaniaz) «Shaymin» WikiDex (kontsulta data: 2025-02-03).
  4. (Ingelesez) «Shaymin» Pokémon Wiki (kontsulta data: 2025-02-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]