Shi Yang

Wikipedia, Entziklopedia askea
Shi Yang

Bizitza
JaiotzaGuangdong, 1775
HerrialdeaQing dinastia
HeriotzaPortuguese Macau (en) Itzuli, 1844 (68/69 urte)
Familia
Ezkontidea(k)Zheng Yi (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerakpirata
IMDB: nm5080543 Edit the value on Wikidata
Shi anderearen untzidiaren ikur gorria.

Shi Yang (Kanton, Txina; 1775 - ibidem; 1844) emakumezko pirata txinatar ospetsua izan zen.[1] Historiako flota piratarik handienetako bat zuzendu zuen XIX. mendearen hasieran. Hainbat izenez ezagutu izan da: Ching Shih (Ching anderea), Zheng Shi (Zheng alarguna) Shih Shiang Gu, Madame Ching, Hsi Kai, Shih Yang, Kai Ching Yih edo Ching Yih Saou, Ching Yih Saoa, Cheng I Sao eta Xheng Yi Sao. Shi Yang bere jatorrizko lehen izenaren (石陽) pinyin forma egokia da, 21. mendeko lanen batzuetan hobetsia[2].

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shi Yang prostituta izan zen Kanton hirian Zheng Yi piraten kapitainarekin 1801ean zuen ezkondu aurretik. Ezkondu eta gutxira, Zheng Vietnameko matxinada batean borrokatu zen bere untzidiarekin, eta gerra hartan rol inportantea hartu zuen emazteak. Vietnamen, besteak beste, Zhang Bao izena zuten mutil bat adoptatu zuten. Zheng-ekin bi haurren ama ere izan zen Shi.

Piraten konfederazio handia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zheng eta Shik sei talde pirata elkartu zituzten konfederazio batean 1805ean, eta senarra 1807an hil zenean enbata batean; konfederazioaren kontrola lortzeko maniobra egin zuen Shi alargunak: bera buru bilakatu zen, eta untzidi partaide handiena zen Bandera Gorriko buruzagi Zhang Bao seme adoptatua izendatu zuen. Gerora honekin ezkondu egin zen.

Une horretan, 400 itsasontzi eta 70.000 marineleko talde bat kontrolatu zuen. Garai hartako Qing dinastiaren gobernua oso ahuldua zegon 19. mendearen hasieran, Loto Zuriaren gerra gainditu berritan. Ondorioz, Txinako hegoaldeko kostaldean kontrol erabatekoa zuten Shi Yangen piratek, eta Kanton hirian garatzen zen nazioarteko merkataritzarekin ere sartu ziren: eraso eta bahiketak izan ziren, baina era berean ordaindutako salbakondutu sistema bat ere ezarri zuten, zeinarekin untzi komertzial britainiarrek (eta beste herrialdeetakoek) aseguru moduko bat ordain zezaketen erasorik ez jasateko. Hain zen profesionala sistema, non halako babesa zuen ontzi batean lapurreta eginez gero, Shi Yangen konfederazioak lapurtutakoa itzultzera behartzen zituen pirata errudunak, kalteordainak gehituz gainera.

Inperioaren erantzuna eta Shi Yangen errendizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jiaoqing enperadorearen indarrak ezgauza izan ziren urte batzuez egoera kontrolatzeko. Britainiarren eskaintza militarra jaso zuen Txinako inperioak, baina enperadoreak uko egin zion horren. Azkenean estrategia bikoitz batekin menderatu zituzten Shi Yang eta bere piratak: batetik, lurreko eta kostako patruila militarrekin, untzidi pirataren lerro logistikoak eten zituzten, janaria eta lehengaiak lortzeko zailtasunak ezarriz. Bestalde, amnistia politika oso leuna agindu zuten: errendituz gero, marinel zein buruzagi piratek barkamena oso erraz lor zezaketen, untziak utzi eta lehorrean bizi eta lan egiteko aukera ematen zitzaielarik (edo itsasoan jarraitzekotan, untzidi inperial ofizialean sartuta).

Shi Yang berak onartu egin zuen amnistia eta 1810eko otsailean errenditu zen pertsonalki Kantongo ordezkari inperial Bailing-en aurrean. Zhang Baok aste batzuen buruan berdina egin zuen. Zhang Bao itsasoko ofizial miltarra bihurtu zen, eta Shi Yang andereak apostu-etxe bat antolatu zuen Kanton hirian, non gizarte bizitzan rol ezaguna eta baketsua izan zuen 1844an hil zen arte.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Ching Shih, la reina pirata china» historia.nationalgeographic.com.es 2020-08-29 (Noiz kontsultatua: 2022-11-30).
  2. Platt, Stephen R.,. Imperial twilight : the opium war and the end of China's last golden age. (First edition. argitaraldia) ISBN 978-0-307-96173-0. PMC 991536004. (Noiz kontsultatua: 2020-07-08).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]