Sinapsi

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Sinapsi kimikoaren eskema neurona baten axoi eta beste neurona baten dendritaren artean.

Sinapsia bi zelulen arteko nerbio-bulkadaren transmisiorako lotura interzelularra da. Bi neuronen artekoa edo neurona bat eta zelula efektore baten artekoa izan daiteke.

Nerbio-bulkada bi modutan transmititu daiteke: sinapsi elektrikoz edo sinapsi kimikoz. Sinapsi elektrikoa nexu motako loturen bidez gertatzen da eta gutxitan ematen da ugaztunetan. Sinapsi kimikoak, ugarienak, neurotransmisore bidezkoak dira.

Sinapsi kimikoan hiru osagaiek parte hartzen dute:

  • Osagai aurre-sinaptikoa. Neurotransmisorea eduki eta jariatzen duen neuronaren aldea da, normalean axoiaren muturra, botoi sinaptikoak. Bertan besikula sinaptikoak daude, neurotransmisoreez beteta mutur osoan banandurik. Neurotransmisorea exozitosiz jariatzen da bitarte sinaptikorantz nerbio kinada botoi sinaptikora heltzen denean. Besikulei asoziaturiko aktina eta miosinazko firuek exozitosia errazten dute.
  • Bitarte edo gune sinaptikoa. 20-30nm-tako gunea da, beste bi osagaien artean dagoena. Dentsitate gutxiko matrize bat agertzen da bertan, sinapsian parte hartzen duten bi zelulen muturren arteko lotura errazten duena.
  • Osagai post-sinaptikoa. Osagai aurre-sinaptikoak askatutako neurotransmisoreentzat hartzaile espezifikoak daude hemen. Neurotransmisoreak hauetara lotzean, hartzaileekin erlazionatutako ioi erretenak zabalduko dira zelula mintzaren iragazkortasuna handituz. Neurotransmisoreak neurona post-sinaptikoaren mintza despolarizatzen badu, sinapsi kitzikatzailea izango da eta hiperpolarizatu egiten badu, sinapsi inhibitzailea.

Sinapsien sailkapenerako irizpide desberdinak erabil daitezke. Batzuetan sinapsian parte hartzen duen osagairen arabera egiten da eta beste batzuetan erabilitako neurotrasnmisorearen arabera.