Sindikalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Sindikalismoa Sindikatuen mugimendua da; sindikatuen gizarte-dotrina. Ekoizpen bideak antolaturiko langile taldeen kontrolpean edukitzearen aldekoa den dotrina ekonomikoa eta politikoa. Sindikalismoak langileriaren interesak gordetzea eta haien alde egitea du helburu. Sindikatuen higikundea industria iraultzaren ondorioz sortu zen, produkzio modu kapitalistak ezarritako lan baldintzei erantzun gisa. Ideologia politiko desberdinen eraginez multzo horietan laburbildu daitezkeen sindikalismo joerak sortu izan dira: sindikatu anarkosindikalistak, estatuaren ordez gizartean oinarrizko talde izango liratekeen sindikatuak ezartzearen aldekoak; komunistak, sindikatuak langileriaren diktadura ezartzeko tresnatzat hartzen dituztenak; sozialistak, ekoizpen bideak sozializatzearen aldekoak; kristauak, enpresaren baitan langileen eta enpresarien arteko elkarlana bultzatzearen aldekoak; eta Estatu Batuetan diren sindikatuak, sindikatu korporatibista deituak, sistema kapitalista onartzen dutenez, lanbide bereko langileak elkartzea beste helbururik ez dutenak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendearen hasiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikalismoaren sorrera eta langile higikundearen lehen urratsak batera izan ziren. Langile elkarteak Erresuma Batuan, industria iraultza hasi zen herrialdean alegia, sortu ziren XIX. mendearen hasieran. Beste hainbat herrialdetan gertatu zenaren antzera, langileak elkartzearen kontrako legeak izan ziren han ere, 1799. urtean indarrean ezarri zen Combination act izenekoa esate baterako, 1820. urtean parlamentuak indargabetu zuena.

Sortzez txikiak izan ziren langile taldeak elkartuz, laster sortu ziren Trade unions izenekoak. 1834. urtean sortu zen, lehen sindikatu modernotzat hartzen den Grand National Consolidated Trade Unions izenekoa. Britainia Handiko Trade Unions edo sindikatuak beren erakunde politikoa den Talde Laboristaren bidez ahalegindu dira legeak eta arauak sozializatzen. Elkarte horiek sakonki eragin zuten Europa osoan zehar; hala nola Frantzian, XIX. mendearen lehen erdialderako jadanik nabaria zen trade unions horien eragina. Alemanian sindikatuak 1860 ondoren hasi ziren indartzen. 1875. urtean Gothako kongresua izan zen arte, ordea, ez zen sortu benetako sindikatu organizaziorik. Espainiari dagokionez lehen langileen elkartea Bartzelonan sortu zen 1839. urtean; hurrengo urtean onartu zen halaber, ehungintzako langileen beste elkarte bat.

XIX. mendearen erdialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraiolarien greba Parisen 1891an.

XIX. mendearen erdialdera asko indartu zen Frantziako eta Erresuma Batuko langile elkarteen arteko elkarlana, eta horren lekuko izan zen, 1862. urtean Londresen Industria Erakusketa Unibertsala aitzakitzat harturik bi herrialdetako langileen artean izan ziren bilerak. Elkarlan horren fruituz sortu zen Nazioarteko Langileen Elkartea. Elkarte horrek 1866. urtean Genevan izan zuen batzarrean onartu ziren sindikatu higikundea eta higikunde horrek izan duen tresnarik eraginkorrena: greba.

Urteak joan ahala industrializazioaren hazkuntzarekin batera indartsu hazi zen sindikalismoa. XIX. mendearen azken alderako, Industria Iraultzaren bigarren fasea gertatu zenerako alegia, langile asko biltzen zituzten, eta greba bortitzetan erakusten zuten zenbaitetan beren indarra. Garai hartan sortu ziren Europako zenbait herrialdetan garrantzi handiko konfederazio nazionalak: Trade Union Congress (TUC) Ingalaterran (1874), Unión General de Trabajadores (UGT) Espainian (1888), eta Confédération Générale du Travail (CGT) Frantzian (1895), besteak beste.

Frantzian, gerora, CGT zelakoak, hainbat banaketa izan zituen bere baitan, besteak beste, izen bera hartu zuen komunista joerako sindikatu bat, Force Ouvrière (FO) sindikatu sozialdemokrata, eta Confédération Française des Travalileurs Chrétiens (CFTC) erakunde katolikoa sortu baitziren. Espainian 1910. urtean joera anarkistako Confederación General de Trabajadores (CGT) sortu zen; geroago bi talde nagusitan banatu zen: Confederación Nacional del Trabajo (CNT), joera anarkistakoa, eta Unión General de Trabajadores (UGT), joera sozialistakoa. Francoren garaiko nazionalsindikalismoak bere sindikatua antolatu zuen, Central Nacional Sindical izenekoa, sindikatu bertikala. Franco hil ondoren desagertu egin ziren haiek, eta zenbait sindikatu berri legezkotu ziren. Egun UGT eta 1960ko hamarkadan sorturiko Comisiones Obreras dira Espainiako sindikatu nagusiak.

Sindikalismoa Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1864tik aurrera (I Internazionalaren sorrera) Frantziako eta Espainiako estatuetan gorpuztu ziren erakundeen zabalpenaren ondorioz sortu zen Euskal Herriko mugimendu sindikal modernoa, eta beraz Espainiako langile mugimenduari oso loturik hasi ziren lehen langile erakundeak Hego Euskal Herrian hazten eta berebat gertatu zen Ipar Euskal Herrian Frantziako langile erakundeei dagokienez.

Hego Euskal Herrian, Lehen Internazionalean biltzen ziren anarkistek eta sozialistek (1870-1872. urteetan banatu ziren anarkistak eta sozialistak) ez zuten eragin berezirik izan 1886ra arte. Urte hartan egokitu zen Bilbon Facundo Perezagua sozialista espainiarra eta hilabete batzuren jardunaren ondoren sortu zuen Euskal Herriko lehen elkarte sozialista. 1888an jaio zen Unión General de Trabajadores sindikatua Espainiako Estatuan eta 1889an eratu zen II. Internazionala]], nazioarteko langile elkarte marxista soila.

1890ean Bizkaiko (Bilbo eta meatze aldea) lehen greba orokorra izan zen, zortzi orduko lan-egunaren eta langileak bizigaiak leku jakin batzuetan erostera behartzen zituen agindua kentzearen alde, besteak beste. Hogeita hamar mila langilek hartu zuten parte greba horretan eta handik aurrera langile erakundeak zabaldu ziren, Partido Socialista Obrero Español alderdiaren eta U.G.T. sindikatuaren bitartez, Hego Euskal Herriko beste hiru hiriburuetara eta industria-gune batzuetara, Eibarraldera bereziki. Mugimendu sozialista Bizkaira joandako langile etorkinen giroan sendotu zen batez ere eta Eibar aldekoak izan ziren ideia sozialistak onartu zituzten langile jatorriz eta hizkuntzaz euskaldunak.

Mugimendu anarkistak ez zuen arrakastarik izan Hego Euskal Herrian, bai, ordea, Espainiako Estatuko beste lurralde askotan, Katalunian batez ere. Bestalde, XX. mende bukaerako urteetan hasi ziren zabaltzen langile erakunde katolikoak, elizako hierarkiak bultzatuak (Leon XIII.a aita santuaren Rerum novarum entziklikaren ondoren, 1893). Erakunde horiez baliatu zen oligarkia eta burgesia erakunde marxisten hazkundeari aurre egiteko. Izan, langile erakundeak baino, gizarte laguntzarako elkarteak izan ziren gehiago, eta Gasteizen eta Iruñea aldean zabaldu ziren bereziki. 1911. urtean Confederación Nacional de Trabajadores (CNT) sindikatu anarkista sortu zen Hego Euskal Herrian (Bilbon. 1910ean sortu zen Espainiako Estatuan), baina eragin txikia izan zuen, oro har, sozialisten aldera.

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1911. urtean sortu zen Bilbo aldean Solidaridad de Obreros Vascos - Euzko Langillien Alkartasuna sindikatu nazionalista, Euzko Alderdi Jeltzaleari lotua. Gerora (1933) ELA-STV deitu zen sindikatua marxisten ideietatik urrun sortu zen, ideologia katoliko abertzaleak eman zion oinarria, baina beste langile elkarte katolikoek ez bezala, oligarkiaren aurkako joera garbia erakutsi zuen, Euskal Herriko burgesiaren, langileriaren eta ekonomia tradizionalari loturiko sektoreen arteko batasuna defendatu zuen arren.

Sindikatu abertzalea euskal jatorriko langileen artean zabaldu zen bereziki hasierako urteetan. 1918-1920 bitartean biziki hazi zen UGT Hego Euskal Herrian. 1921ean alderdi sozialista hautsi eta alderdi komunista sortu zen, Bizkaiko buruzagi batzuk buru (Facundo Perezagua, Dolores Ibarruri). Halaz ere, UGTn jarraitu zuten komunista gehienek. Handituz zihoan, halaber, ELA, baina neurri txikiagoan. 1923-1930 bitartean, Primo de Riveraren diktadurapean, UGT sindikatuak legearen barnean jarraitu zuen, eta ELAk bere jardunean jarraitu zuen.

Errepublika garaian, ELA oso hazi zen eta sindikatu nagusi bihurtu zen Bizkaian eta Gipuzkoan, UGTren ondoren. CNT ere hazi zen, baina besteak askoz ere gutxiago, eta langile elkarte katolikoak indartsu bultzatu zituzten bazter oro espainiar eskuindarrek eta faxistek, benetako eragina Nafarroan eta Araban baizik izan ez zuten arren. 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, frankistek sindikatu faxista ezarri zuten eta guztiz galarazi ziren ordura arteko sindikatuak.

UGT, ELA eta CNT sindikatuek jardunean segitu zuten erbestetik eta ezkutuan eta 1960. urtetik aurrerako urteetan langile erakunde berriak sortu ziren Hego Euskal Herrian: ETAko Langile Fronteari eta, oro har, ezker abertzale berriari loturiko batzordeak, eta Espainiako Estatuan zabaldu ziren Comisiones Obreras izeneko erakundea, neurri handi batean Espainiako Alderdi Komunistari lotua. 1977an, Espainiako estatuaren erreforma politikoaren hasieran, langile sindikatu ugari azaldu ziren Hego Euskal Herrian eta gaurko egunean lau sindikatu korronte nagusi daude: bi abertzale, ELA-STV eta LAB eta bi espainiar sindikatu: UGT eta Comisiones Obreras. ELA-STV da Hego Euskal Herriko sindikatu nagusia.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]