Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Sindikatu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Grebalarien aurkako espainiar gobernuko tropen karga Bilbon, Areatzako zubian, 1911ko irailean egindako greban[1][2].

Sindikatu bat kideen interesak babesten dituen elkarte mota bat da; bereziki, beren lanbide-, ekonomia- eta gizarte-interes komunen alde egiteko, langileek osatzen duten elkartea da.

Etimologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatu hitza antzinako grezierazko Συνδηκου –sindikou– hitzetik dator, eta epaiketa batean beste norbait babesten zuen pertsona izendatzeko erabiltzen zuten terminoa.

Gaur egunean ere sindiko erabiltzen da talde edo komunitate batek bere interesak babesteko edota bere izenean aritzeko aukeratzen duen pertsona izendatzeko.

Kontzeptua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatua, besteren konturako, soldatapeko, industria edo zerbitzuetako langileen erakundeei esaten zaie gehienetan. Badaude, ordea, bestelako sindikatu motak ere, hala nola nekazari eta abeltzain sindikatuak, ikasle sindikatuak, e.a.

Norbere konturako langileen eta profesionalen elkarteak izendatzeko ez da askotan sindikatu hitza erabiltzen (garraiolarien edo medikuen kasuan bai, adibidez, baina ez beti), eta enpresaburuen elkarteak izendatzeko, ugazaben elkarte edo patronal erabili ohi da.

Azken garaian, bestalde, lanik gabeko pertsonen –langabetuen eta pentsiodunen– babesak eta parte-hartzeak hausnarketa sakonak eragiten ditu erakunde hauen egituran eta funtzionamenduan.

Sindikatuek, orokorrean, sindikalismoaren printzipioei jarraitzen diete eta enplegatzailearekin edota estatuarekin izan ditzaketen gatazketan, langileen eskubideak babesteko eta aldarrikapenak aurrera eramateko jarduten dira, eremu ezberdinetan eta hainbat ekimenen bitartez (eskaera edo aldarrikapena egin, auzia jarri, negoziazio kolektiboa, mobilizazioa, greba, e.a.).

Enplegatzailearen aurrean, beren afiliatuen izenean edo langile multzoen izenean, soldata eta lan baldintza hobeen alde negoziatu edota borroka egin dezakete (lanaldia, oporraldia, mediku-babesa, erretiroa, e.a.) edota, elkartearen ideologia eta praktikaren arabera, beren klase interesen alde ekin botereen aurrean (pentsio sistemak, pobreziaren aurkako politikak, gobernu- edota ekonomia-sistemaren ingurukoak, e.a.).

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalak[3], Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunak[4] eta Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunak[5] pertsona orok duen sindikatuak sortzeko eta haietara afiliatzeko eskubidea babesten dute, baita sindikatuek, legediaren arabera, estatuaren eta enplegatzailearen esku-sartzerik gabe, oztoporik eta murrizketarik gabe, jarduteko duten eskubidea ere.

Askatasun sindikala oinarrizko eskubidea da Espainiako legedian, 1978ko Konstituzioaren 28.1 artikuluaren arabera[6]. Abuztuaren 2ko, Sindikatu-askatasunari buruzko 11/1985 Lege Organikoak[7] artikulu honen lege garapena egiten du. Frantzian, bestalde, Konstituzio Kontseiluak langileen elkartzeko eskubidea babesten du, 1884ko maiatzaren 21eko Sindikatu Profesionalak Sortzeari buruzko Legeak arautu baitzuen eskubide hori. Lan Kodearen L2131-1 eta ondorengo artikuluetan zehazten da eskubidea [8].

Sindikatuak eta sindikatuetako partaideak, ostera, oso jazarriak izan dira garai askotan nahiz mundu osoan zehar eta, gaur egun ere errepresioak dirau[9][10].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta egitura eta helburuetan ezberdintasun nabarmenak egon, langileen antolakuntzari dagokionez, gremioa aipatu ohi da sindikatu modernoaren aitzindari gisa. Europan, Industria Iraultzaren aurretik, gremioek arlo ezberdinetako artisauak biltzen zituzten, neurri batean ekoizpena eta lanbidearen irakaskuntza kontrolpean mantentzeko asmoz.

XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendearen hasieran, ekonomia, gizarte eta teknologia eraldaketek langileek beren lanaren gainean zuten kontrolaren zati oso handi bat galtzea eragin zuten; zentzu askotan, babesik gabe geratu ziren langileak enpresaburu kapitalisten mendean (ikus, alienazioa). Kapitalismoa hedatu ahala, bizi ahal izateko bere lan ahalmena saltzea beste aukerarik ez zuen gizartearen parte handi batean, lan eta bizi baldintza oso gogorrak orokortzen ziren herrialde askotan: lanaldi luzeak, bizirik iraute hutsezko soldatak, segurtasun eta higiene falta, gaixotasun latzak, istripu larriak, heriotza goiztiarrak, e.a.

Egoera horri aurre egiteko, lantokietako langile eta artisau ezberdinak bilduko zituzten “elkarri laguntzeko elkarteak” edota “erresistentzia elkarteak" sortzen hasi ziren, esaterako, lanik gabe edo gaixo zeuden pertsonei laguntzeko edota lan baldintza hobeen alde ekiteko.

Garapen horrekin batera, langile mugimendu sortu berriak politikan ere eragiteko beharra ikusi zuen, eta, gizarte egoera aldatzea helburu zuten teoria sozialista ezberdinak tarteko, gaur egun oraindik ere mantentzen den ezkerreko pentsamenduarekiko eta talde politikoekiko askotariko loturak sortu ziren. Mugimendu sindikala ulertzeko bi ikusmolde ezberdin jarri ziren aurrez aurre: tradiziozko gremioena bata, defentsiboa eta murriztua; eta bestea, langile guztiak, gizonak eta emakumeak, batzea helburu zuen ikuspegia, gizartearen ordena aldatzeko bultzadak gidatutakoa.

XIX. mende hasieran langileen elkarteak debekaturik zeuden eta, beraz, sindikatu modernoaren hastapenak gehienbat klandestinoak izan ziren, legearen eta boterearen aurka eratutakoak. Geroago elkarte horiek nolabaiteko tolerantzia lortzen hasi ziren XIX. mendearen bukaeran zuzenbide sindikala ezartzen hasi arte.

1824an, Erresuma Batua izan zen langileen elkartze eskubidea aitortu zuen lehenengo herrialdea, ez tirabirarik gabe, eta 1871-1875 artean langileen elkarte hauek legeztatzen zituzten legeak onetsi zituen (Trade Unión Act). Sindikatuen eredua Europara eta mundura zabaltzen hasi zen garai horretarik aurrera.

Nazio eta herrialde bakoitzaren historiak eragin zuzena izan du gaur egungo sindikatuen kopuruan, indarrean, ezarpenean, jardunbidean eta ideologia ezberdintasunetan, besteak beste.

Sindikatuen funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sindikatuek, bazkideekin bildu ostean, informatu eta erabakiak hartzen dituzte hauek ordezkatuz, soldata eta lan baldintzen inguruan (soldata, oporrak, lizentziak...), lan kontratu kolektiboari toki eginez.

Sindikatuen helburua bere kiden ongizatea da; hau da, segurtasun, higiene... baldintza onak lortzea, batasuna eta negoziazio gaitasunaren bitartez, enplegatzaile eta langileen arteko dialogoa sustatuz. Langileen askatasuna dute sindikatuz aldatzeko, afiliatzeko, desafiliatzeko, antolatzeko eta abarretarako.

Sindikatuei kritika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Liberalismoaren zenbait sektorek, aktibitate sindikala esfera ekonomikoaren erregulazioaren kontrakoa aurkitzen dute. Diotenez, pribilegioak eskeiniko lizkieke sindikalizatutako langileei, sindikalizatuta ez daudenekin alderatuta. Argumentu honekin, enplegatzaile batzuk sindikalizazio eza ezartzen dute, langileen izan beharko luketen askatasuna moztuz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Miguel (2015-06-19), «Landaburu: La huelga de Bilbao.- 1911», Landaburu, http://landaburumiguel.blogspot.com.es/2015/06/la-huelga-de-bilbao-1911.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .
  2.   Getxo, Memorias De (2012-10-18), «MEMORIAS DE GETXO: LA HUELGA DE 1911 EN BIZKAIA», MEMORIAS DE GETXO, http://getxosarri.blogspot.com.es/2012/10/la-huelga-de-1911-en-bizkaia.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .
  3. "Pertsona orok du, norbere interesen alde egiteko, sindikatuak eratu eta sindikatuko kide izateko eskubidea". Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala, 23. atala, 4. artikulua (NBE, 1948).
  4. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, 22. artikulua (NBE, 1966).
  5. Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Ituna, 8. artikulua (NBE, 1966).
  6. Espainiako Konstituzioa, 28.1 artikulua (EAO, 1978).
  7. Abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoa, Sindikatu-askatasunari buruzkoa, (EAO, 1985).
  8. Txantiloi:Frantsesez  «Code du travail | Legifrance», www.legifrance.gouv.fr, https://www.legifrance.gouv.fr/affichCode.do?cidTexte=LEGITEXT000006072050. Noiz kontsultatua: 2018-04-10 .
  9. (Ingelesez)  «Annual Survey of Violations of Trade Union Rights - International Trade Union Confederation», www.ituc-csi.org, https://www.ituc-csi.org/annual-survey-of-violations-of,271.html?lang=en. Noiz kontsultatua: 2018-03-16 .
  10. (Gaztelaniaz)  «La reforma laboral abre la veda de la represión contra delegados sindicales», eldiario.es, https://www.eldiario.es/catalunya/eldiarideltreball/reforma-laboral-represion-delegados-sindicales_6_312228795.html. Noiz kontsultatua: 2018-03-18 .