Edukira joan

Sintashta kultura

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaSintashta kultura

Motakultura arkeologiko
Geografia
JatorriaHegoaldeko Uralak

Sintashta kultura, Sintashta-Petrovka kultura edo Sintashta-Arkaim kultura bezala ere ezaguna, Brontze Aroko kultura arkeologiko bat da, Ekialdeko Europa eta Erdialdeko Asiaren mugetan, K.a. 2.100 eta 1.800 urteen bitartean datarua Eurasiako iparraldeko estepan. Kulturak bere izena Errusiako Txeliabinsk oblasteko Sintashta (Sintaxta) aztarnategi arkeologikoari zor dio.

Sintashta kulturaren jatorria Kordoi-zeramikako kulturatik ekialdera migratu zuen populazio batean du jatorria, antzinako ADNa aztertuz 2015eko ikerketa batek azaldu bezala. [1]

Sintashtako lehen kokalekuak K.a. 2.100 urtean azaldu ziren, klima-aldaketa garaia batean, Kazakhstango estepa idorra hotzagoa eta lehorragoa bihurtu zenean. Ural eta Tobol ibaien inguruko lautada zingiratsuak, lehen neguko babesleku gisa erabiltzen zirenak, gero eta garrantzitsuagoak bihurtu ziren biziraupenerako. Presio horien pean, Poltavka eta Abashevoko abeltzainak ibaiaren haraneko gotorlekuetan kokatu ziren behin betiko, muino gaineko kokapen defendagarriagoak saihestuz. [2]

Sintashtako kultura materialak Abashevo kultura berantiarraren eragina ere erakusten du. Kultura hori Sintashta eskualdearen iparraldeko baso-estepa eremuan kokatutako Kordatutako Zeramika kulturako kokalekuen multzo bat da, haiek ere nagusiki abeltzaintzara emandako herria.

Hortaz, Sintashta kultura bi aurreko kulturen elkarreraginetik sortu zen, Poltavka kulturaren eta Abashevo kulturaren artean. Erlazio estuak ditu halaber Andronovo kulturarekin.

Kultura materiala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abashevo kultura lehenago tribuen arteko gerra endemiko batek markatuta zegoen jada [2]; eta Sintashta garaian estres ekologikoak eta baliabideen lehiak areagotu ziren eta gotorlekuen eraikuntza eskala handira hedatu zen. Aldi berean teknika militarrean berrikuntzak gertatu ziren, funtsezkoena gerra-gurdiaren asmakuntza. Ezagutzen diren lehen zalgurdiak Sintashtako hilobietan aurkitu dira, eta herri hura hautagai sendotzat hartzen da teknologia honen jatorrirako, antzinako gerretan paper garrantzitsua izan zuen teknologia izan zelarik [3]. Tribuen arteko lehia areagotzeak Sintashtako ehorzketetan ikusten diren sakrifizio neurrigabeak ere azal ditzake, arerioek elkar gainditzen saiatzen baitziren kontsumo nabarmeneko ekintzetan, Ipar Amerikako potlatch tradizioaren antzekotzat jotako ohituran.

Sintashtako artefaktu mota tipikoak dira lantza puntak, hiru lobuluko gezi puntak, zizelak eta ardatz-zulo handiko aizkorak. [4] Sintashta hilobi asko armez hornituta daude, baina geroago zalgurdiarekin lotutako arku konposatua ez da agertzen. Sintashta aztarnategietan adar eta hezur aurkikuntzak aurkitu dira, arkuen parte edo osagarri gisa interpretatuak (heldulekuak, gezi puntak, arku puntak...); baina ez arku konposatuen elementu konplexuagoak. Harriz edo hezurrez egindako gezi puntak ere aurkitu dira, eta ez metalezkoak. Gezi motzak zituzten, 50 eta 70 cm luzerakoak, eta arkuak berak ere laburrak izan zitezkeen horren arabera.

Sintashtako kokalekuak nabarmenak dira bertan egiten zen kobre meatzaritzaren eta brontze metalurgiaren intentsitateagatik, eta hori ezohikoa da estepako kultura baterako. [5] Inguruko meategietako kobrezko meak Sintashtako kokalekuetara eramaten ziren kobrezko gaiak eta artsenikoz osatutako brontzezkoak ekoizteko. Hau eskala industrialean gertatzen zen: Sintashtako, Arkaimgo eta Ust'ek aztarnategietan induskatutako eraikin guztiek labeen eta hondakinak zituzten.

Sintashtako metal gehiena Erdialdeko Asiako Baktria-Margiana multzo arkeologikoko (BMAC) hirietara esportatzeko zen. Sintashtaren eta BMACen arteko metal merkataritzak lotu zuen estepa eskualdea Ekialde Hurbileko antzinako zibilizazioekin: Iran eta Mesopotamiako inperioek eta hiri-estatuak merkatua eskaintzen zuten metalentzat. Merkataritza-bide horiek osatu zitelarik, geroago zaldiak, gurdiak eta, azkenean, indo-irandar hiztunak estepatik Ekialde Hurbilera joateko bidea bilakatu ziren. [2]

Hizkuntza ugariren jatorrizko taldea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

21. mendean zabaldua dago teoria indo-irandar hizkuntzen jatorria dela Sintashta kultura, eta hizkuntza indo-europarren zabalkundean garrantzi berezia duela. Proto-indoeuroparren kultura taldea Yamnaya izan zela (Pontoko estepan) ebidentziaz hornitzen doalarik, haren lehen banaketa eta adarretako bat Kordoi-zeramikako kultura izan zela uste da. Eta Europako erdialdeko eta iparraldeko kultura zabal horretan du jatorria Sintashtak, ekialderanzko migrazio batean, zeina genetikoki ere frogatu den.

Allentoft-en arabera (2015), Sintashta kultura, gutxienez partzialki, Kordadun Zeramika kulturatik eratorria izan liteke.

Kordoi-zermakikako kulturaren populazio haren bidaian, Europa erdialde edo ekialdetik, hizkuntza balto-eslaviarren hiztunen arbasoak une batean banatu zirela uste da, horrek azalduko lukeelarik hizkuntza horien (eslaviarren zein baltikoen) eta indo-irandarren arteko ahaidetasuna, beste talde indoeuropar batzuen artekoa baino hurbilagokoa.

Sintashta kulturako jendeak proto-indoiranieraz hitz egiten zuela uste da, indoirandar hizkuntza familiaren arbasoa. Neurri batean paradoxikoa suertatu da ikustea indo-irandarren jatorria Errusian, Uraletan, dagoela. Identifikazio hau datu genetikoetan eta kulturaletan oinarritzen da. Rig-vedaren ataletan, hizkuntza vedikoan idatzitako antzinako indoirandar ereserkiak eta testu erlijioso proto-indikoak daude kodetuta, eta haietan Sintashta kulturaren hileta-erritualen antzekoak daude, arkeologiak agerian utzi duen bezala. [2]

Hortaz, Uraletako herri haiek zabaldu ziren ikaragarri, bi multzotan: irandar hizkuntzak batetik eta indo-ariar taldea bestetik. Tartean geratzen da nolabait Nuristango hizkuntzen multzoa [6]. Sintashtarren hegoalderanzko bi ardatzetako hedapen handian izan zezakeen eragina beren zalgurdiaren teknologia eta kultura militarrak. Era berean, metalurgiaren merkataritzak bideak ireki zituen, gero hiztunak ere hedatzeko. Izatez, irandar / indiar hizkuntzen eta herrien banaketan Iran mendebaldean eta India ekialdean egonagatik, indiar hizkuntzen lehen aztarnetako bat Mesopotamia iparraldean dago, Anatoliako ertzean kokatua zegoen Mitanni erresuman. Han hurrita hizkuntza (gero galdua) erabiltzen eta idazten zen, baina testuetan jatorri indo-ariarreko izenak eta zalditeriari buruzko hitzak agertu dira.[6]

Sintashta kulturatik abiatuta, herri haiek migrazioei ekin zieten Anatolia, India eta Iranera . [2] K.a. 9. mendean Irandar hizkuntzen mendebalderanzko mugimendu bat ere nabaritzen, Pontoko esteparen ingurura, non eszitiarrak eta ahaide zituzten beste herri batzuk garai historikoetara iritsi ziren. [7]

Era berean, eragina izan zen halaber Eurasia iparralderantz ere. Batetik, badaude hizkuntza-ebidentzia batzuk fino-ugriar eta indo-irandar hizkuntzen arteko elkarrekintzaren inguruan. [8] Bestetik, Sintashtarekin antzekotasun kultural asko detektatu dira Eskandinaviako Brontze Aroan ere.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, portugesezko wikipediako «Cultura de Sintashta» artikulutik itzulia izan da, 2024-03-01 data duen 67559740 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-03-01 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. ↑ (Ingelesez) Allentoft, Morten E.; Sikora, Martin; Sjögren, Karl-Göran; Rasmussen, Simon; Rasmussen, Morten; Stenderup, Jesper; Damgaard, Peter B.; Schroeder, Hannes et al.. (2015-06-11). «Population genomics of Bronze Age Eurasia» Nature 522 (7555): 167–172.  doi:10.1038/nature14507. ISSN 0028-0836. (kontsulta data: 2026-06-27).
  2. 1 2 3 4 5 Anthony, David W.. (2007). The horse, the wheel, and language: how bronze-age riders from the Eurasian steppes shaped the modern world. Princeton University Press ISBN 978-0-691-05887-0. (kontsulta data: 2026-06-27).
  3. ↑ Kuznetsov, P. F.. (2006). «The emergence of Bronze Age chariots in eastern Europe» Antiquity 80 (309): 638–645. ISSN 0003-598X. (kontsulta data: 2026-06-27).
  4. ↑ Rawson, Jessica. (2015). «Steppe Weapons in Ancient China and the Role of Hand-to-hand Combat» (PDF) The National Palace Museum Research Quarterly 33 (1): 49. (kontsulta data: 4 de fevereiro de 2018).
  5. ↑ Anthony, David W.. (2009-08-31). Hanks, Bryan K. ed. «The Sintashta Genesis: The Roles of Climate Change, Warfare, and Long-Distance Trade» Social Complexity in Prehistoric Eurasia (Cambridge University Press): 47–73.  doi:10.1017/CBO9780511605376.005. ISBN 978-0-521-51712-6. (kontsulta data: 2026-06-27).
  6. 1 2 Spinney, Laura. (2025). Proto: How one ancient language went global. Bloomsbury Publishing USA ISBN 978-1-63973-259-3. (kontsulta data: 2026-06-27).
  7. ↑ Beckwith, Christopher I.. (2011). Empires of the Silk Road: a history of Central Eurasia from the Bronze Age to the present. Princeton University Press ISBN 978-0-691-15034-5. (kontsulta data: 2026-06-27).
  8. ↑ Kuzʹmina, E. E.; Mallory, J. P.. (2007). The origin of the Indo-Iranians. Brill ISBN 978-90-04-16054-5. (kontsulta data: 2026-06-27).
  9. ↑ Kaliff, Anders; Oestigaard, Terje. (2020). The great Indo-European horse sacrifice: 4000 years of cosmological continuity from Sintashta and the steppe to Scandinavian skeid. Uppsala Universitet ISBN 978-91-506-2832-6. (kontsulta data: 2026-06-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]