Siria (eskualdea)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Siriako eskualdea edo Siria Handia (batzuetan Siria-Palestina edo Sortaldea literatura modernoan, eta Sham islamiar literaturan eta arabiera tradizionalean) Mediterraneoaren ekialdean, Eufrates ibaiaren mendebaldean, Arabiar desertuaren iparraldean eta Taurus mendilerroaren hegoaldean kokatzen den eskualdea da. Arabierazko forma klasikoa Sham da, arabieraz: الشام‎‎ash-Shām, eta batzuetan frantziar influentzia dela eta, Cham ere izendatua izan da.

Historian zehar eskualdeak herri ezberdinen kontrola izan du, Antzinako Egipto, Kanaan, Asiria, Babilonia, Pertsia, Antzinako Grezia, Antzinako Erroma, Bizantzio, sunitar kalifa-herri arabiarrak, xiitar Fatimitar Kalifa-herria, gurutzadak, aiubiarrak, mamelukoak, otomanoak, britainiarrak eta frantziarrak.

Mugak ere oso aldakorrak izan dira historian zehar, eta azken aldiz definitu ziren Siriako Erresuma Arabiarraren proklamazioarekin eta ondoren Frantzia eta Britainia Handiaren mandatuarekin. Eskualdea Lehen Mundu Gerraren ostean banatu zen, Libano Handia, Siriar mandatu estatuak, Palestinar mandatua eta Transjordaniarekin. Siriar mandatu estatuak gutxinaka batu ziren eta gaur egungo Siria sortu zuten, 1946tik aurrera independentea. Garai honetan Siria Handia berriro sortzea eskatzen zuten hainbat pentsalari nazionalistek.