Siriako historia

Wikipedia, Entziklopedia askea

Siriako historia zibilizazioaren jaiotzarekin hasten da, Eufrates ibaiaren inguruetan hasi baitziren lehenengo gertakari historikoak. Mesopotamiako eta Egiptoko zibilizazio handiak sortu zirenean, bien arteko zubi izan zen Siriako lurraldea. Lurralde hori herri askoren menpean egon zen: kanaandarrak, aramearrak, hebrearrak, asiriarrak, babiloniarrak, pertsiarrak, greziarrak, armeniarrak, erromatarrak, nabatearrak, bizantziarrak, arabiarrak eta, neurri batean, gurutzatuak ere bai. XVI. mendean otomandarrek menderatu zuten herrialdea.

Antzinatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eblako aztarnen ikuspegi bat
Siriako probintzia erromatarren garaian

Siria Munduko zibilizaziorik zaharrenetako jaiolekua zela frogatu du arkeologiak. 1975ean aurkitutako Ebla hiriaren inguruan inperio semitiko handia eratu zen, zein K. a. 2500 eta K. a. 2400 bitartean Itsaso Gorritik, egungo Turkiara eta Irakera hedatzen zen. Eblako hizkuntza familia semitikoan idatzitako lehena da adituen ustetan. Izan ere, Eblako jauregian Antzinateko agiritegirik zaharrenetakoa eta handienetakoa aurkitu zen. Buztinezko 17.000 taula baino gehiago dauzka, non industria, diplomazia, salerostea, artea eta nekazaritza diren hizpide nagusiak. Ebla ezaguna zen bi industria mota zela eta: alde batetik, zur, boli eta perlen lanketaz; eta, bestetik, zetaz. Gaur egun ere industria horiek, Eblako ohiturari jarraiki, ekoizpen garrantzitsua daukate.

Indusitako beste hiri inportanteak Mari, Ugarit eta Dura Europos dira. Marin jauregiak, tenpluak eta muralak aurkitu ziren. Hortaz, kulturalki eta komertzialki hiri garatua izan zen. Ugariten gizakiak izan zuen lehen alfabetoa kausitu zen.

K. a. 2000. urte ingurutik aurrera, hurrenez hurren, kanaandarrak (feniziarrak barne), amorriarrak, hurritak, aramearrak (hebrearrak barne) eta Itsasoko herriak iritsi ziren. K. a. XIII. mendean, gizalditako guduen ondoren (Kadesheko gudua, K. a. 1270 inguruan), egiptoarrek eta hititek lurraldea banatu zuten. Guduak eta izanagatik, kostaldeko hiriek oso urte oparoak izan zituzten, hasi iparraldeko Ugarit hiritik (kultura kosmopolita baten eta lehen alfabetoaren sorlekua) eta hegoaldeko Palestinako kanaandarren hirietaraino, Mizenas, Mesopotamia eta Egiptoko zibilizazioen ekarriekin. Geroago, Asiriako eta Babiloniako inperio handiek Siriako erreinu askeak, banan-banan, suntsitu zituzten: K. a. 732an Damasko, Tiro K. a. 573an. K. a. 539an Ziro II.a Babilonaz jabetu zenean, Siria Pertsiako satrapia bilakatu zen. K. a. 333an Alexandro Handiak konkistatu zuen; hura hil zenean (K. a. 323), Alepo Seleuko I.a Nikator jeneralaren mendean geratu zen. Seleukotarrek Damasko kendu zieten Egiptoko lagidei, eta Antiokosen ezarri zuten hiriburua.

Simeon Estilita eliza, Alepotik hurbil, zutik dagoen eliza zaharrenetako bat da.

K. a. 64. urtean, erromatarrak lurraldean sartu zirenean, Erromatar Inperioaren probintzia bilakatu zen Siria. Kristautasunaren historian ere, Siriak garrantzi handia izan du. Paulo Tarsokoa, gerora San Paulo izango zena, Damaskorako bidean kristautu zen. Aurkitu den lehen eliza kristaua Dura Europosen zegoen. 330. urtean Inperioa zatitu zenean, Konstantinoplaren mende geratu zen. Erromatarren eta partiarren erdibidean egon zen, eta geroago, Bizantzioko Inperioaren eta sasandarren artean. Khosro I.a sasandar enperadoreak Antiokia hartu zuen 540an, eta kanpora egotzi zituen antiokiarrak. 611n, berriro, sasandarrek Antiokia konkistatu zuten, baina, 622tik aurrera, Heraklio enperadorearen konkistek eraginik, atzera egin behar izan zuten, eta Siria, atzera, Bizantzioren mende geratu zen. Baina VII. mendeko arabiarren hedapenak Siria izan zuen helburu nagusietako bat, eta 636an, Jarmuk ibaiaren ertzean bizantziarrak menderatu ondoren, Siria arabiarrena izan zen.

Islamiar Aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

VIII. mendeko Omeiatarren Mezkita, Damasko

Musulmanek 636an konkistatu zuten Damasko. Muawiyah I.a, Siriako enperadore arabiarra, inperio sortu berriaren aginpidea eskuratzeko borroketan irabazle atera zen, eta, kalifa izendaturik, Damaskon ezarri zuen hiriburua, eta 661-750 bitartean Omeiatar inperioaren erdigunea izan zen; hortik Iberiar penintsula eta Erdialdeko Asiaren tarteko lurrak gobernatzen ziren. 750. urtean, arabiar kalifen Abbastar dinastia Omeiatar dinastiari nagusitu zitzaion, eta harrezkero, kalifa herriaren hiriburua Bagdad izan zen, Damaskoren kaltetan, Siria kalifa herriaren probintzia bat besterik ez zela.

X. mendean Alepoko hamdaniarrek ez zioten Bizantzioren erasoari aurre egiterik izan. Geroago, turkiar seleukotarrek Damasko eta Jerusalem hartu zituzten (1076-77). Leku santuak musulmanen mendetik askatzera egindako gerra joanaldietan (1099-1291) europar gurutzatuek Mediterraneo itsasoaren kostaldea hartu zuten, baina barnealdeko hiriek, Damasko eta Alepo, musulmanen eskuetan jarraitu zuten. 1291n, egiptoar mamelukoek kristauak behin-betiko egotzi zituzten Mediterraneotik; halaber, sortaldetik sartu, eta 1300ean Damasko hartu zuten mongolak egotzi zituzten. Hurrengo bi mendeetan, Tamerlan (Timur Lang) mongolaren inbasioa bitartean izan ezik (1400-01), nolabaiteko bakean bizi izan ziren mamelukoen mende.

Baina 1516. urtean, turkiar otomandarren inperioa hedatzean, Selim I.a sultanak mamelukoak menderatu eta Siria hartu zuen. Turkiarrek Lehen Mundu Gerra arte gorde zuten lurraldea, Mehmet Ali eta Ibrahim Paxa aita-seme egiptoarren mendean egon zen urteetan izan ezik (1831-1840). Izan ere, Egiptoko agintariek Siria hartu zutenean hasi zen herrialdearen modernizazioa, baina Europako estatu nagusiek lurraldea Otomandar Inperioaren eskuetan uztera behartu zituzten egiptoarrak. Hala ere, Siria, sartaldeko kulturetara zabalik egon zen.

Arabiarren iraultza. Siria Frantziaren administraziopean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantziaren administraziopeko Siriaren banaketa

XX. mendearen hasieran, Damaskon, Beiruten eta Palestinan arabiar abertzaletasuna piztu zen. Lehen Mundu Gerran otomandarrek sarraskitu zituzten bertako kristauak (Armeniar genozidioa eta Asiriar genozidioa); Deir ez-Zor izan zen heriotzaren martxen jomuga nagusia[1]. 1916an, Arabiako Otomandar Inperioa Frantziaren eta Britainia Handiaren artean banatzea hitzartu zen (Sykes-Picot hitzarmena). 1918an, Arabiar Iraultzako armadak, britainiarrek lagundurik, Damasko hartu zuen.

1920ko martxoan, Damaskoko Nazio Kongresuak Faysal I.a emirra Siriako Arabiar Erresumako izendatu zuen, baina Frantziak ez zuen erregetza onartu. Faysalen erreinaldia 1920ko uztailean bukatu zen, Frantziako armada Sirian Nazioen Ligako mandatua indarrean ezartzera sartu zenean. Uztailaren 23an, Frantziako armadak Siriakoa garaitu zuen[2].

Frantziaren menpeko urteetan, sentipen nazionalista areagotu ahala, matxinadak bortizki erreprimitzen ziren. Nolanahi ere, ekonomiak gora egin zuen eta, azpiegituren aldetik, herrialdea modernizatu zen.[2] Lau barruti autonomotan zatitu zuten lurraldea: Damasko, Alepo, eta alawiarren eta drusoen lurraldeak.

Bigarren Mundu Gerrako Frantziaren porrotarekin batera (1940), Siria Vichyko gobernuaren menpe geratu zen, harik eta 1941eko uztailean Erresuma Batuak eta Frantzia Askeak herrialdea hartu zuten arte. Georges Catroux jeneral frantsesak, Frantzia Askearen izenean, lurraldearen burujabetasuna agindu zien siriarrei, baina tropak bertan geratu ziren. Bigarren Mundu Gerra amaitu zenean, Frantziako gudarosteak uko egin zion lurraldea uzteari, baina azkenik, NBEren aginduz, 1946ko apirilean, Frantzia eta Britainia Handiko armadak Siriatik joan ziren.

Siriaren burujabetasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Adib Shishakli presidentea.

Etnia eta erlijio aniztasuna, eta gizarte mailen arteko alde handiak zirela eta, estatu berria ez zen oso egonkorra. Agintarien artean, Damaskoko burgesia Saudi Arabiaren politika panarabiarraren aldekoa zen, eta Alepokoa, berriz, Iraken aldekoa. Israelgo estatuaren sorrerari jarraitu zitzaion 1948ko Gerran galtzaile atera izanak Siriako gobernuarekiko aurkakotasuna areagotu zuen. 1949an, hilabete gutxiren buruan, hiru estatu kolpe izan ziren, eta 1951ko azaroan, Adib Shishakli koronelak aginpide osoa eskuratu zuen.[3]

Bai Erresuma Batuak bai Ameriketako Estatu Batuek laguntza handia eman zioten Adib Shishakliri. Horrela, Palestinako gatazka amaitzea espero zuten. AEBek 1948ko Arabiar-Israeli Gerrako palestinar errefuxiatuak Sirian kokatu nahi zituzten. Horretarako, AEBak 400.000.000 dolar ordaintzeko prest agertu zen 1952an, 500.000 palestinar Jazira lautadan kokatuz gero.

Siriako ezkertiarrek, Arabiar Alderdi Sozialistak eta Baath Alderdiak, gogor kritikatu zuten horrelako akordioa, palestinarren bueltatzeko eskubidea saltzen ari zelakoan. Aipatutako bi alderdiek bat egitean, Shishaklik Mendebaldeko eskaintzei muzin egin behar izan zien. Beste estatu kolpe baten bidez, 1954ko otsailean Shishakli boteretik kendu zuten.[3] Hala ere, armadaren barneko desadostasunek herrialdearen desegonkortasuna eragiten zuten. 1956ko Suezko krisialdiaren ostean, Gamal Abdel Nasser Egiptoko presidentearen lidergoak Egiptorekin bat egitearen aldeko korrontea sortu zuen Sirian. Honela, 1958ko otsailaren 1ean, Arabiar Errepublika Batua sortu zen.

Baath Alderdia agintean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hala ere, batasuna ez zen luze irautekoa. Estatu kolpe baten ondoren, 1961eko irailaren 28an, Siriak independentzia berreskuratu zuen. Eziraunkortasunak jarraitu zuen, berriz, harik eta 1963ko martxoaren 8an, Siriako armadako hainbat ofizial ezkertiarrek boterea hartu zuten arte, Baath Alderdi Arabiar Sozialistaren egitasmoei jarraiki.

Aurreko hilabetean Irakeko Baath alderdiak hango boterea bereganatu zuen. Siriako gobernu berriak Egiptorekin eta Baathek kontrolatutako Irakekin federazioa osatzeko aukeraz hausnarketa egin zuen. Hitzarmena 1963ko apirilaren 17an sinatu bazen ere, alderdien arteko desadostasunak areagotu ziren hurrengo hilabeteetan, eta federazioa ez zen gauzatu. Horrez geroztik, Siria eta Irak bat egitearen alde jardun zuten bi herrialdeetako Baath alderdiek. Baina 1963ko azaroan Irakeko gobernua boteretik kendu zuten.

1964ko maiatzean, Amin Hafiz presidenteak demokratizazioaren aldeko erreformak abian jarri zituen, baina 1966ko otsailaren 23an, alderdi bereko hainbat armada ofizialek estatu golpe bat eman zuten. Amin Hafiz espetxeratuta, behin-behineko konstituzioa bertan behera geratu zen. Gobernu horrek, Egiptorekin batera, 1967ko ekaineko Sei Eguneko Gerra egin zion Israeli. Gerra horretan Siriak, hego-mendebaldean, Israelekin muga egiten duen Golango goi-ordokia (Golango Gainak) galdu zuen, Israelen alde. Nazio Batuen bitartekaritzaz su-etena izenpetu zuten arren, gerra egoerak urte askotan iraun zuen. Porrota zela eta, Siriako gobernua ahuldu zen; 1970eko azaroaren 13an, Hafez al Assad defentsa ministroak estatu kolpe bat emanda, lehen ministro kargua hartu zuen. Siriako lehendakari hautatu zuten 1971, 1978, 1985 eta 1992. urteetan.

Hafez al Assad, 1973ko Yom Kippur Gerran, Golango frontean.

1973an, Yom Kippur Gerran, Golango Gainak berreskuratzen saiatu zen Siria alferrik. Horrezkero, Siria eta Israelen arteko mugan, salbuespenak salbuespen, su-eten iraunkorra indarrean dago. 1976an, Libanoko gobernuak eskatuta, Siriako armada Libanon sartu zen, hango gerra zibila baretu nahian. Siriak borrokatzen ari ziren taldeak bildu zituen Taif Hitzarmena sinatzeko. 1990eko urriaren 13an gerra zibila bukatutzat jo zen arren, Siriako armadak Libanon jarraitu zuen 2005eko apirilaren 26 arte. Izan ere, Rafik Al-Hariri Libanoko Lehen Ministroaren hilketa (2005eko otsailaren 14) zela eta, Siriaren kontrako protestak hedatu ziren Libanon[4].

Iran-Irak gerran (1980-1988) Siriako gobernuak Iranen alde egin zuen. 1990-1991n, nazioarteko gudarosteekin batera, Iraken aurka borrokatu zen Persiako golkoko gerran. 1991eko hauteskundeetan Hafiz al-Asad hautatu zuten berriz ere presidente, botoen %99,98rekin. Hala ere, harena zen hautagai zerrenda bakarra. Egun batzuetara, giza eskubideen nazioarteko erakundeek eskatuta, Siriako gobernuak barkamena eman zien Anaia Musulmanak taldeko kide ziren 2.800 preso politikori. 1992. urtean gobernuak heriotza zigorra deuseztatu zuen, eta baimena eman zien lau mila juduri herrialdea uzteko.

1993an Palestinaren Askapenerako Erakundea eta Israelen arteko bake akordioak izenpetu zirenenean, lurralde hartarako bake hitzarmen orokorraren kontra egin zuen Siriak; bestalde, elkarrizketekin jarraituko bazuten, Israelgo gudarosteek lurralde okupatuak uztea eskatu zuen Siriak. Handik gutxira, al-Asad lehendakariak lurralde okupatuak askatzeko bide gisa indarkeria onartzen zuela adierazi zuen; Estatu Batuetako gobernuak adierazpen horren kontrako jarrera tinkoa izan zuen. Lurralde hartako bake prozesuan izan ziren lehenengo elkarrizketetan, Siriak ez zuen parte hartu; elkarrizketa haietan erabaki zen Palestinak autonomia mugatua izango zuela, batetik, eta, bestetik, Israelen eta Jordaniaren arteko hitzarmenak izenpetu ziren.

1994an al-Asaden semea hil zenean, zalantzak sortu ziren haren ondorengoa zein izango ote zen. 1995ean, Siriaren eta Israelen arteko negoziazioetan, Golango goi-ordokia ez zitzaion Siriari itzuli, izan ere, Tel Avivek ordoki hartan mantendu nahi baitzuen bere gudarostea. 1996an al-Asadek arabiar herrialdeen bilera batean parte hartu zuen Israelekin negoziazioak bideratzeko estrategia komun bat hartzeko. 1997an Estatu Batuek Iraken kontra gudarostea bidaliko ote zuten arriskuaren aurrean, Damaskok harremanak estutu zituen Bagdadekin turkiar-israeldar aliantzaren kontra egitearren. Aliantza berri horrek zekarren arrisku militarraren aurrean, Siriaren eta Iraken arteko segurtasun gaiei buruzko elkarrizketetan parte hartzea erabaki zuen Iranek.

Barneko oposizioa gorabehera, Hafez Al Assad presidente karguan zegoela hil zen 2000ko ekainaren 10ean. Hilabete bat geroago, haren seme Bashar al-Assad aukeratu zuten presidente, hautagai bakarreko erreferendum baten bidez. 2011 baino lehen, Siriako biztanleriaren % 25ak nekazaritza zuen jarduera nagusi. Industria estatuaren eskuetan zegoen hein handi batean, eta herritarren % 20 ziharduen bertan. Artean, Siria larrialdi egoeraren pean zegoen legez eta, bertan, eskubide asko murriztuak zituen. Halaber, alahuiten komunitateak presentzia oso handia zuen armadako estatu nagusian eta segurtasun indarretan. Hafez Al Assadek ekonomia liberalizatu zuenean, batez ere haren ingurukoei egin zien mesede, hala nola Rami Majluf, herrialdeko sektore ekonomiko erabakigarrien inbertitzaile nagusi bihurtua.[5]

Gerra zibila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Siriako Gerra Zibila»

XXI. mende lehen hamarkadan, biztanleriaren % 20-25 langabe zegoen, eta % 30 pobrezian, batez ere gazteak. 2006tik, lehorte batek gogor astindu zuen herrialdea, eta landa inguruneetako herritar ugarik, 1,5 milioi pertsonak, hiri inguruetara jo zuen aukera berrien bila. 2011ko udaberrian, Arabiar Udaberria deitutako errebolta piztu zenean, altxamendu baterako osagai guztiak elkartu ziren. Deraa herrian, ikasle batzuek errejimenaren kontrako aldarriak egin zituzten; segurtasun indarrek haien kontra jo, atxilotu eta torturatu egin zituzten. Horren berria herrialde osora zabaldu eta manifestazio gehiago egin ziren hainbat hiritan, oro har baketsuak. Aldiz, Bashar al-Assaden indarrek errepresioa areagotu egin zuten herritar protestarien kontra, haien kontra tiro eginez.[5]

Manifestazio eta errepresio dialektika 2011 osoan luzatu zen. Turkiatik uztailaren 31n egindako bideo batean, Siriako Armada Librearen sorrera iragarri zen, herritarren kontra tiro egiteari uko egiten zioten militarrek osatua. 2012ko udarako, Alepoko auzo xumeen kontrola hartu zuen, Siriako bigarren hirian. Aldi berean, Herri Babeserako Unitate kurduak indartsu egin ziren Siria iparraldeko beren lurraldeetan eta, orotara, Siria iparraldea al-Assaden kontrolpetik kanpora geratu zen. Errejimena errepresiotik ekintza militarizatura pasa zen, tankeak, hegazkinak eta helikopteroak erabiliz eta oposizioko indarren eremuak bonbardatuz. 2012 eta 2013an, al-Assaden oposizioko indarrak Siria iparraldeaz eta ekialdeaz jabetu ziren. Errejimenak orduan arma kimikoak erabiltzeari heldu zion, bereziki Guta ekialdean, Damasko kanpoaldean, 2013ko abuztuaren 21ean.[5]

Siriako Armada Askea kohesioa eta baliabideak galtzen hasi zen eta haren lekua muturreko talde armatu jihadistek hartu zuten, hala nola Ahrar al-Sham, Yeish al-Islam, al-Nusra Frontea (Al Kaidaren adar siriarra), besteak beste; horiek Qatar, Turkia eta Saudi Arabiaren finantzaketa zuten. Gainera, talde jihadista horiek pertsona boluntario ugari erakarri zituzten aldameneko eta Europako estatuetatik. Koiuntura horretan, Estatu Islamikoak (Daesh ere deituak) ordu arteko indar oreka hautsi zuen, Irak mendebaldean eta Siria ekialdean gailenduz eta Kaliferri baten sorrera aldarrikatuz. 2014ko irailetik aurrera, Daeshen kontrako koalizio bat eratu zen AEB buruan zuela, Europako armada nagusiak ere tartean, baina baita Qatar, Saudi Arabia, Jordania, etab. Bada, 4.000 eraso egin zituzten 2014tik 2016ra. Gainera, Herriaren Babeserako Unitate kurduak zituzten aliatu. 2017ko urrirako kurduek Al Raqa hartu zuten, Daeshen Siriako hiriburua.[5]

Alabaina, Errusiak al-Assad babesten zuen, NBEn adibidez, eta koalizio bat antolatu zuen haren alde, horretarako Daeshen kontra ari zirela adieraziz: Hezbola eta Iranekin aliatu zen. Era horretan, gobernuaren indarrek arnas hartu zuten berriz, galdutako puntu estrategikoak berreskuratuz. Turkia beste eragile erabakigarri bat zen, ehunka kilometro baitzituen mugakide Siriarekin, eta jihadistei gerra eremuetara joateko bidea zelaitu zien. Errusiarekin bat egin eta armada eraman zuen gerra eremuetara, esanak esan de facto kurduen kontra, kontrolpeko lurraldeetan eskualde autonomo bat eratu baitzuten.[5] 2018an, turkiarrek Afrin herria hartu zuten eta 2019an, AEBko tropek erretreta egin zutenean, turkiar indarrek beste eraso militar bati ekin zioten kurduen kontra. Ondorioz, al-Assaden indarrek eta aliatuek herrialdearen erdia baino gehiago zuten mendean 2020ko apirilean. Ordurako milioi erdi pertsona hil ziren, sarraskiak, gerra krimenak eta gizateriaren kontrako krimenak ere tartean, batez ere Siriako gobernuaren indarrek eta Daeshek gauzatuak. Zazpi milioi siriarrek deserriko bidea hartu zuten, alegia, herritarren heren batek, batez ere estatu mugakideetara.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Suny, Ronald Grigor; Muge Gocek, Fatma; Naimark, Norman M.. A Question of Genocide: Armenians and Turks at the End of the Ottoman Empire. Oxford University Press, books.google.es (Noiz kontsultatua: 2017-01-04).
  2. a b Report of the Commission Entrusted by the Council with the Study of the Frontier between Syria and Iraq. (Noiz kontsultatua: 2013-07-08).
  3. a b (Ingelesez) «Adib al-Shishakli | Syrian military officer» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2021-05-01).
  4. Milaka pertsona elkartu dira Beiruten Rafik Hariri omentzeko Berria.eus
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Siria: 10 años en guerra - El revés de los mapas - Ver el documental completo» ARTE (Noiz kontsultatua: 2020-12-24).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]