Edukira joan

Slop

Wikipedia, Entziklopedia askea
"Jesukristo otarraina" The Guardianek slop adibide gisa erabilia.

Slop hitza neologismo bat da, adimen artifizial sortzaileak sortutako eduki kaskarra definitzeko. Hala nola spam-a e-postaren munduko zaborra dela esan izan den, AA sistemekin sortzen den eduki asko ere zabortzat jotzeko termino bat da slop-a.

Kantitatea kalitatearen gainetik lehenesten duten adimen artifizialeko ereduek sortutako edukiaren ugaritze masiboa izendatzeko sortu zen terminoa. Eduki horiek, alferrikako informazioko plataformak betetzeaz gain, kalitatezko edukietarako sarbidea oztopatzen dute, erabiltzaileek bilaketa-motorretan eta sare sozialetan edo Interneteko informazio iturrietan duten konfiantzan oker eraginez.[1]

Terminoak ez luke barne hartuko adimen artifizialarekin sortutako edozein eduki, baizik eta giza ikuskapenik gabe automatizatua izan dena eta nolabait monetizazioa helburu duena, webgune batera egindako bisitak puztu, jarraitzaileak erakarri, edo beste era batean sormenez eta gizakien lanaren bidez edukiak sortu beharrean, alternatiba erraz batera jo denean.[2]

Terminoaren lehen zabalkundea Simon Willison garatzaileari egozten zaio, Tech Times hedabidearem arabera.[2] Geroago, Alex Hern eta Dan Milmok idatzitako The Guardian egunkariko artikulu batean gehiago hedatu zen. Euskaraz 2025en ikusi izan da hitzaren aipu zehatz bat,[3] baina fenomenoaren deskribapenak ikusi dira lehenagotik, slop hitza erabili ez arren.[4] [5]

Hern eta Milmok bereziki SPAM fenomenoarekin lotu zuten slop-a: hala nola posta elektronikoko postontzietan eduki gogaikarri pilatzen den, slop-a ere pilatzen doa Internet orokorrean, eta bien hazkundearen motiboa ez da erabiltzaileen premia eta kontsultei erantzuteko balio duelako, baizik eta arreta masiboki desbideratzeko gauza direlako, monetizazio helburuekin.[6] Slop edukien hazkundeak eraman du jende asko pentsatzera, adimen artifizialeko sistemak hauek hutsalak direla, edukiak automatikoki sortuz, testuak zein irudiak izan, edozein emaitza ematen dutelarik, erabiltzaileei ahaleginak eta denbora xahutzeko baizik ez dutela balio.[1]

Slop adibidek dira adimen artifizialarekin sortutako liburuak, aurretiazko berrikuspenik gabe, informazio kaltegarriarekin argitaratuak eta zabalduak izan daitezkeenak; adibidez, onddoen gidak argitaratu dira, espezie ez jangarriak eta are hilgarriak direnak gomendatzen dituztenak.[1] Adibide horrek agerian hartzen du arriskutsua dela AAz sortutako edukiak ez gainbegiratzea, erabiltzaileen bizitza arriskuan jar baitezakete, edo oso informazio okerrez hornitu gutxienez.[7] Beste adibide batzuek automatikoki sortutako albiste faltsuak edo betegarri hitsak dira, biralki zabalduz klikak sortzea dutenak helburu (edo desinformazioa zabaltzea ere), eta baita irudi faltsuak edo zentzugabeak, hala 'Shrimp Jesus'-en kasu birala, Jesukristo otarraina.[1]

Euskal Herrian ikusi izan dira horrelako adibideak albisteak sortzen, adibidez Noticias taldeko egunkarietan. "Euskarazko hitz zailena" edo "Gipuzkoako herri itsusiena" adimen artifizialeko txatbot bati galdetu, hark edozer erantzun, eta horixe argitaratu (zartagina omen hitz zailenetakoa euskaraz, adibidez).[8] 2024ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen kanpainan, PPk euskal txapelaren inguruko adimen artifizialeko irudi absurdoak pilatzen zituen bideo bat atera zuen adibidez.[5]

Adimen artifizialaren gehiegikeriak eta slop eduki horren sorkuntzak elikatzen ari dira 2020ko hamarkadan batzuek «Internet zonbi» esan izan dutena, 404 Media hedabideko Jason Koebler teknologian adituaren esanetan. Sare sozialak bilakatu dira espazioak non robotak, gizakiak eta auskalo ze kontu klase nahasten diren, "konexio sozial gutxi dagoen web ingurune desastroso bat eratzeko". "Internet apurtuaren teoria" ere antzeko terminoetan definitu izan da.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, katalanezko wikipediako «Slop» artikulutik itzulia izan da, 2024-11-27 data duen 34285937 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-11-27 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b c d Hern, Alex; Milmo, Dan. (2024-05-19). «Spam, junk … slop? The latest wave of AI behind the ‘zombie internet’» The Guardian ISSN 0261-3077..
  2. a b Lacort, Javier. (2024-06-16). Internet nos trajo la palabra 'spam'. La IA nos trae la palabra 'slop'. .
  3. Txerren. (2025-01-09). «Ikasle slop-rock genero musikala jaio da» Mastodon.eus (kontsulta data: 2025-01-10).
  4. a b Rojas, Joxe. (2024-10-19). Apurtuta | teknopata.eus. (kontsulta data: 2025-01-10).
  5. a b Sustatu. (2024-04-02). «Txapel politiko zuzenak, artifizialak eta tipografikoak» sustatu.eus (kontsulta data: 2025-01-10).
  6. Hoffman, Benjamin. (2024-06-11). «First Came ‘Spam.’ Now, With A.I., We’ve Got ‘Slop’» The New York Times ISSN 0362-4331..
  7. Knibbs, Kate. «AI Slop Is Flooding Medium» Wired ISSN 1059-1028..
  8. Sustatu. (2024-07-24). «"Adimen artifizialaren eragin negatiboa" borrokatzeko, EAEko hedabideei laguntza (gehiena erdarazkoei)» sustatu.eus (kontsulta data: 2025-01-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]