Snowboard

Snowboarding | |
---|---|
Autoritate nagusiak | -Nazioarteko Ski Federazioa (FIS) -Munduko Snowboard Federazioa |
Sorrera | 1965 |
Olinpikoa noiz | 1988 |
Paralinpikoa noiz | 2014 |
Sorrera tokia | E.E.U.U (Michigan) |
Kategoria | |
Neguko muturreko kirola | |
Materiala | |
Elur-ohola, fijazioak, botak, kaskoa, betaurrekoak... |
Snowboard, elur-surf, elurretako surf edo elur-ohola neguko kirol bat da. Kirol modalitate hau bi hankak taula bati loturik elurrez estalitako malda baten gainetik irristatzean datza. Bere izena ingelesetik dator (snow -elurra- eta board -ohola-). Skateboard eta surf teknikak konbinatzen ditu. 1960 eta 1970eko hamarkadetan sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan eta 1988ko Neguko Olinpiar Jokoetatik aurrera kirol olinpikoa bilakatu zen[1]. 2014an Neguko Kirol Paralinpikoei batu zitzaion Sochi-n. Kirol hau praktikatzen duena gidari[2] (edo rider ingelesez) izena jasotzen du.
Modalitate nagusiak hauek dira: jaitsiera askea (edo freeride), gizakiak egokitu gabeko malda batetik jaistean datzana; estilo askea (edo freestyle), akrobaziak egitean datzana eta snowboard alpinoa, pista edo eremu zapaldu batetik jaistean datzana. Lehiaketaren kasuan, modalitate nagusiak hauek dira:
- Estilo askeko jaitsiera (edo slopestyle): estilo askearen barneko modalitate bat.
- Jauzi handia (edo big air).
- Hodi erdia (edo half pipe): hau hodi erdi formako pistan jauziak eta akrobaziak egitean datza.
- Krosa (edo cross): oztopoekin eta eremu irregularrarekin egindako pistatik lasterketa.
- Eslaloma (edo slalom): zirkuitu batetik sigi-saga jaistea ahalik eta azkarren.
Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Snowboard modernoa 1965ean sortu zen Sherman Poppen-ek, Muskegoneko (Michigan) ingeniari batek, bere alabentzako jostailu bezala bi eski hartu zituenean; eski horiek batu eta soka batekin albo batetik lotu zituen, bere alabek taulan mantendu eta aldapak jaitsi bitartean kontrola izateko. Horri “snurfer” (snow eta surfer hitzetatik) deitu zioten. Alaben lagunen artean hain ezaguna egin zenez, Poppenek ideia manufakturatzera eraman zuen, Brunswik Corporation delakora, eta hurrengo hamarkadan zehar milioi bat snurfer saldu zituen.
1968ko Otsailean Poppenek Michiganeko eski pista batzuetan lehen snurfing lehiaketa antolatu zuen, zeinak herrialdeko jende asko erakarri zuen. Horietako batek, Tom Sims-ek, ohol zati baten goiko aldean tapiz zati bat itsatsi eta aluminiozko xafla mehe batzuk jarri zizkion beheko aldean. 1970eko hamarkadako erdialdean komertzializatzeko taulak egiten hasi ziren[3].
1977an, Jake Burton Carpenter, Vermonteko jatorrizkoa zena, Michinganeko snurfing txapelketan ikuslegoa harritu zuen berak diseinaturiko euskarri batzuekin, hauek hankak taulara hobeto finkatzeko sortu zituen. Urte berean, Burton Snowboards fundatu zuen, Vermont-eko Londonderry hirian. “Snowboard” berriak zurezko xaflekin eginak zeuden, malguak ziren eta uretako eskien hanka euskarriak zituzten. Hasieran oso jende gutxik erosten zituen bere prezio altuarengatik, baina gaur egun munduko ekoizle handiena da kirol honetan.
70 eta 80ko hamarkadetan gero eta ospetsuagoa egiten hasi zen elur-surfa, Dimitrije Milovich, Jake Burton, Tom Sims eta Chuck Barfoot (Gnu Snowboard markaren fundatzailea) bezalako aitzindariekin. Hauen diseinu, mekanismo eta ekipamendu berriak ezagutzera eman ziren, zeintzuk kirol hau garatu izan duten eta gaur egun oraindik ezagutzen diren[4].
Nazioarteko Snowboard Federakuntza (ISF, bere ingeleseko siglak, International Snowboard Federation), mundu mailako txapelketak antolatzeko eta kudeatzeko sortu zen 1990an. 1998an Japoniako Nagano hirian ospatutako Neguko Olinpiar Jokoetan kirola modalitate olinpikoa bilakatu zen. Karine Ruby frantziarra izan zen modalitate honetan domina olinpiko bat lortu zuen lehen emakumea, eta Ross Rebagliati[5] kanadiarra lehenengo gizona. 2012. Urtean Nazioarteko Batzorde Paralinpikoak jakinarazi zuen 2014an gizonentzako zein emakumeentzako frogak barneratuko zirela neguko para-olinpiadetan, para-snowboard bezala izendatu zena. Honi esker, lehendabiziko aldiz elur-surf para-olinpikoa agertu zen Sochin, Errusian.[6].
Gaur egun mundu guzitan zehar ikusi daitezke snowboard txapelketa nagusienak komunikabideetan; hala nola, neguko X jokoak (Winter X Games), Air &Style, US Open, eta Joko Olinpikoak.
Modalitateak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jaitsiera askea (freeride)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Modalitate hau snowboard kirolaren modalitate bat da, eta mendiko jaitsierak nahi den tokitik egitean datza, askatasun osoz. Honek elur-surfaren beste modalitate batzuk biltzen ditu beregan (jauzi eta trebetasunak edo estilo askea, jaitsierak...), baina era natural eta espontaneo batean eginak. Modalitate hau praktikatzeko moldatu gabeko mendiak igo behar dira, eta elurra “hauts” eran dagoelarik, aldapa malkartsuetatik jaitsi, bidean amildegiak, haitzak, zuhaitzak eta abar saihestu behar direlarik.
Estilo askea (freestyle)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Freestyle bezala ezagutzen da. Modalitate honek edozein akrobazia edo trikimailuren gauzatzea biltzen du, eta horretarako naturako elementuak edo gizakiak eraikitakoak (jauziak egiteko arrapalak, errailak, kutxak, paretak eta abar, jibs ingelesez[7]) erabiltzen dira. Modalitate honek aukera amaigabeak eskaintzen ditu sormenerako, eta akrobazia ugari tartekatzeko edo gauzatzeko. Modalitate honen barruan, zenbait diziplina bereizten dira:
- Jauzi-handia (big air): diziplina honetan gizakiak eraikitako arrapala handi bat erabiltzen da, espezifikoki horretarako bideratua, eta neurri eta forma ezberdinak eduki ditzakeena, baina orokorrean lur hartzearen eta arrapalaren artean 20 metro baino gehiago egoten dira. Hemen praktikatzaileak akrobazia honenak egiten saiatzen dira.
- Hodi-erdia (half pipe): Elurrez eraikitako hodi erdi formako eta pareta altuko egitura duen pista batean praktikatzen da, eta pista honek malda leun bat izaten du. Hodi horren barnean gidariak ahalik eta akrobazia gehien eta konplexuenak egiten saiatzen dira, hodi-erdiaren alboko bi ertzetatik jauzi eginez. Modalitate olinpikoa da.
- Estilo askeko jaitsiera (slopestyle): Pista batetik jaistean datza, zeinetan modulu eta jauzi egiteko arrapala ezberdinak kokatuta dauden; horietatik gidariak bere bidea hautatu behar duen (zein modulu erabili) eta akrobaziak egin behar dituen jaitsieran zehar. Diziplina olinpikoa da 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetatik.
- Akrobaziak (jibbing): Modalitate honetan kirolaria baranda eta kutxa edo modulu ezberdinetatik irristatzen da modu anitzetan.
Kros lasterketa (boardercross)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Modalitate honetan 4-6 lehiakidek hartzen dute parte. Elkarren aurka lehiatzen dute arrapalaz, goragunedun bihurgunez eta oztopoz beteriko zirkuitu batean. Modalitate olinpikoa da Turin-en ospatu ziren 2006ko Neguko Joko Olinpikoetatik aurrera.
Eslalom paraleloa[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Praktika hau aurrera eramateko sigi-saga egin behar da ateak deituriko eremu batzuetatik pasatuz (kolorezko mi makilez osatua; beti barrualdekoa motzagoa izaten da, kirolariaren inklinazioa errazteko). Lasterketa edo jaitsiera hau era indibidualean egiten da, baina paraleloan ere egin daiteke (bi pista berdin eta paraleloetatik lasterketa eginez).
Txapelketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lehen txapelketa ofiziala Coloradon (AEB) egin zen 1981ean. Hodi erdiko eta eslalom txapelketak Naganoko (Japonia) Olinpiar Jokoetan sartu ziren lehendabiziz Olinpiar Jokoetan. Kros lasterketa 2006ko Turingo (Italia) Olinpiar Jokoetan sartu zen lehendabiziz. Estilo askeko jaitsiera 2014ko Sochi-ko (Errusia) Olinpiar Jokoetan sartu zen lehendabiziz.
Mundu mailako elur-surfeko txapelketa nagusiak hurrengoak dira: Europako Air&Style, japoniar X-train Jam, Burton Global Open Series, Shakedown, FIS World Championships, urtero ospatzen den FIS Worl Cup, Winter X Games eta Winter Dew Tour.
Elur-surfa Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Espainiako Neguko Kirolen Federazio Erreala da (RFEDI gaztelaniazko sigletan, Real Federación Española Deportes De Invierno) estatuan dagoen erakunde ofizial nagusia elur-surfaren txapelketen kudeaketan, federatuen kudeaketan eta abarretan. Bertako web orri ofizialetan aurki daitezke Espainia mailan ospatzen diren txapelketak, federazio autonomikoak klubak, egutegiak, araudiak...
Autonomia Erkidego bakoitzak bere Federazioa du, Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan adibidez Negu Kiroletako Euskal Federakuntza (Federación Vasca Deportes de Invierno) da erakunde kudeatzailea; egoitza Bilbon kokatuta dago.
Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan modalitate hauek praktikatzeko eski pistarik ez egon, inguruan badaude eski alpinoko pista ezagunak, hala nola, Arette (La Pierre Saint-Martin, Frantzia), Valdezcaray (Ezcaray, Errioxa), Alto Campoo (Hermandad de Campoo de Suso, Kantabria), Astún ( Jaca, Huesca) eta abar.
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ (Ingelesez) Snowboarding. 2018-03-16 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ Gidari: izendapen hau aukeratu dugu elur-oholaren gaineran mugitzen den kirolariarentzat, alegia, snowboarding praktikatzen duen kirolaria izendatzeko. Ingelesezko rider hitzaren pareko bat bilatu nahi izan dugu.
- ↑ [http://www.mashf.com/snurfing%201968.htm «Muskegon Area Sports Hall of Fame - History of the Snurfer, Snurfing and the sport of Snowboarding - 1968»] www.mashf.com (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Ingelesez) «The Origins - FirstStoke - Your Board Sports Community» FirstStoke - Your Board Sports Community (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) Ross Rebagliati. 2018-03-05 (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).
- ↑ (Ingelesez) Para-Snowboard Included in Sochi 2014 Paralympic Winter Games. (Noiz kontsultatua: 17/03/2018).
- ↑ «What Are Jumping Jibs?» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2018-03-17).