Sobietar Batasuneko historia (1953-1985)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sobietar Batasunaren eragin eremuaren hedapenik handiena, Kubako Iraultzaren ostean (1959) eta Txinaren eta Sobietar Batasunaren arteko haustura baino lehen (1961).

1953-1985 bitarteko Sobietar Batasuneko historiak bi agintaldi nagusi hartzen ditu, Nikita Khrustxevena eta Leonid Brezhnevena, eta beste bi labur, Juri Andropovena eta Konstantin Txernenkorena.

Khrustxeven agintaldia Stalinen aroaren amaiera gisa hartzen da hainbat alderdiri dagokionez: masen izua desagertu zen, esaterako, nahiz eta indarrean iraun zuten Stalinek asmaturiko formula politiko eta ekonomikoek. Baina Khrustxeven agintaldia erreforma garaia ere izan zen, eta berrikuntza haiekin larridura sortu zitzaion burokrazia agintariari. Berrikuntza batzuk ez ziren uste bezain ongi atera, baina ekonomian zabalkunde aldia bizi zenez, oparotasunak ezkutatu zuen porrota.

Zabalkunde garaia Brezhneven agintaldian amaitu zen. Hark antzinako erakundeak eta formulak berreskuratu zituen; ez zen izan, askotan esan den bezala, estalinismorako itzulera, baina garrantzi handia izan zuten garai hartako joerek, eta erakundeak eta agintea zaharkituta gelditu ziren. Garai hartan Sobiet Batasuna nazioarteko potentzia handi izatetik ateratzen zituen etekinetatik bizi zen, nolabait esateko, baina bistakoa zen sobietar sistema usteltzen ari zela eta usteltze horrek krisi larria ekarriko zuela.

Khrustxeven erreformak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nikita Khrustxev 1963an.

Stalin hil ondoren Khrustxevek eskuratu zuen agintea, nahiz eta, itxuraz behintzat, bazen agintera iristeko hark baino aukera gehiago zuen hautagairik. Khrustxevek 1956an Alderdi Komunistaren XX. kongresuan eman zuen hitzaldian antzeman zen lehenengo aldiz Sobietar Batasunean aldaketak gertatuko zirela. Hitzaldi horretan, Stalinen gurtza eta haren garaian egindako garbiketa handiak kritikatu zituen; hala ere, ez zuen zalantzan jarri Stalinek 1930 inguruan hartu zituen ekonomia neurrien baliagarritasuna.

Khrustxeven gidaritzapean egindako berrikuntzak zirela eta, haren kontra jarri zen burokrazia agintaria. Aginpidearen goi mailetan tirabira asko gertatu ziren, “Alderdiaren kontrako taldearena” besteak beste, berrikuntzek agintariei eragiten zien larritasunaren ondorioz ia gehienak. Khrustxevek ordura arte baino jarrera toleranteagoa izan zuen eskakizun nazionalistei zegokienez, planifikazio sistemaren deszentralizazioa bideratu zuen eta lurraldez lurraldekako erakundeak antolatu zituen. Baina koordinazio arazoak zirela, batzuetan, eta berrikuntzak gauzatzeko neurri egokirik hartu ez zirela, besteetan, azkenean ezerezean gelditu ziren haren asmoak.

Nekazaritza berpizteko prozesua ere Khrustxevekin hasi zen, baina ez zuen arrakasta handirik izan. Dena dela, Khrustxev agintean egon zen hamarkadan ekonomiaren egoera nahiko ona izan zen; nazio errenta, esaterako, %65 igo zen 1958-1965 bitartean. Horrezaz gainera, herritarren gizarte eta lan egoerak onera egin zuen, asko ez bada ere. Khrustxeven agintaldiaren azken urteetan, ordea, zentralizazioaren aldeko neurriak hartu ziren berriro eta gastu militarrak gora egin zuen; ikertzaile batzuen ustez, neurri haiek izan ziren hurrengo urteetako krisi sakonaren lehenengo aztarnak.

Brezhneven garaiko geldialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonid Brezhnev 1967an.

1964ko urrian Khrustxev bere kargutik kendu ondoren, troika batek hartu zuen haren tokia: Brezhnev, Kosygin eta Podgorni ziren troikako kideak. Urteak aurrera egin ahala, ordea, Brezhnev nagusitu zitzaien gainerako biei. Hasiera-hasieratik gelditu zen agerian Khrustxeven erreforma saioek hondoa jo zutela eta burokrazia agintariarentzako lasaitasun eta sendotze aldia zetorrela. Agintaldi berria geldialdi gisa hartu zen; ezin esan daiteke Sobietar Batasuna atzera estalinismora itzuli zenik, baina egia da Khrustxevek politikan harturiko neurri liberalagoen ordez formula zaharrak erabili zirela berriro, atzera egite horren kontrako erresistentzia zibila, edo disidentzia, antolatu zen arren.

Brezhneven aroak hiru ezaugarri nagusi hauek izan zituen:

  • gerontokrazia sendotzea: ez ziren erakundeak eraberritu eta adin handiko politikariak jarri ziren haien buru;
  • zentralismoaren aldeko joera eta nazioen berezitasunak baztertzea; horren erakusgarri da “sobietar herri” esapidea sortu izana;
  • ekonomia hazkundearen beheraldia, 1965-1970 bitartean ekonomiaren hazkunde negatiboa ekarri zuena.

Hiru ezaugarri horiez gainera kontuan hartu beharrekoak dira beste hauek ere: erabakiak hartzeko orduan neurri irrazionalak erabili ziren eta zentralizaziorako joera hartu zen, ustelkeria zabaldu zen, ez zen nekazaritzaren etekinak hobetzeko ahalegin eraginkorrik egin, gizarte zerbitzuetarako inbertsioak murriztu ziren eta gastu militarrak, aldiz, oso handiak izan ziren. Egoera hura aldatzeko berrikuntzak egiteko beharraz eztabaidak egin ziren, baina azkenean ez ziren gauzatu.

Kanpo politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berlingo harresiaren eraikuntza, 1961.

Khrustxeven kanpo politikak hainbat kontraesan izan zituen. Batetik, Stalinek utzitako nazioarteko harremanen antolaketa onartu zuen, baina, bestetik, “bakezko elkarbizitza” lortu nahi zuen, bi blokeen arteko norgehiagoka alde batera utzi gabe. Khrustxeven garaian lan handia egin zen alor militarrean eta horri esker armategi nuklear handia osatu zuen Sobiet Batasunak. Mendebaldearekiko harremanak hobetzeko ahalegina egin zuen askotan, baina arazo ugari izan zituen, Berlingo eta Kubako krisien ondorioz besteak beste. Ekialdeko Blokearen baitan ere izan ziren tirabirak. Esaterako, 1956ko Hungariako Iraultza gertatu zuenean, Sobietar Batasunak eraso militarra egin zuen. Txinarekin zuen harremana okertu egin zen 1955-1960 bitartean, baina aldi berean onera egin zuten Indonesia, Egipto, Vietnam eta Indiarekikoek.

Afganistango gerra: afganiar mujahidinak 1987an.

Brezhneven garaian Sobiet Batasunaren eta Estatu Batuen arteko harremanetan gorabehera handiak izan ziren; batzuetan harreman hobea izan zuen, eta oso txarra, berriz, besteetan. Horrela, nahiz eta Varsoviako Itunak indarrez zapaldu zuen Pragako Udaberria, eta Vietnamgo Gerran Sobietar Batasuna eta Estatu Batuak elkarren etsai izan ziren arren, bataren zein bestearen arma nuklear estrategikoen kopurua mugatzeko hitzarmenak sinatu zituzten. Hitzarmen haien ondoren, ordea, Sobietar Batasunak ekinaldi militar gehiago egin zituen eta Hirugarren Munduan esku hartzen jarraitu zuen; adibidez, aliatuak egin zituen Portugalen mendekotasunetik askatu berri ziren kolonietan. Sobietar Batasunaren eta Txinaren artean ere tirabirak izan ziren 1969an, muga arazoak zirela eta. Dena dela, 1970eko hamarkadaren amaieran larriagotu egin ziren Sobietar Batasunaren kanpo gatazkak. Batetik, sobietar gudarosteak Afganistani eraso zion; bestetik, Estatu Batuek arma kopurua handitu zuten, euromisilak ezarri ziren eta Polonian Solidarnosc sindikatua sortu zen. Nazioarteko harremanetan, beraz, oso ondorio txarrak izan zituen Brezhnev aroak.

Sobietar krisia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sobietar sistemaren sakoneko krisiaren ezaugarriak 1970-1975 inguruan nabarmendu ziren guztiz. Kontuan hartu beharrekoa da krisi horrek hainbat alderditan zuela jatorria. Batetik, ez zegoen egokitasunik erakunde zaharkituen eta gizartearen artean, denboraren joanean garrantzi handiko aldaketak (urbanizazioa, industrializazioa, heziketa) gertatu baitziren gizartean; bestetik ekonomiaren hazkundea gero eta txikiagoa zen, eta horren ondorioz ezin ziren ase industriaren beharrak, ezin zen teknologia iraultzarik egin, herritarren kontsumo maila oso kaskarra zen, nekazaritzak etekin txikiak ematen zituen eta militarrek beretzat eskatzen zituzten hainbat ondasun.

Bestalde plangintza zentralizatuak eratzeko ardura zuten egiturek ekonomiaren gaineko kontrola galdu zuten. Indar iraultzaile, gerra edo zapalkuntzarako tresna eraginkorrik ezean, gizarteak bizitasuna galdu zuen. Gizartearen krisiaren ondorioz, demografia datu larriak bildu ziren: bizi itxaropenak behera egin zuen eta haurren heriotza tasa asko igo zen.

Egoera kaskarra zen Brezhneven garaian eta Brezhnev hil ondoren ere sobietar sistemak ez zuen hobekuntza handirik izan. 1982 eta 1985 bitartean Juri Andropov eta Konstantin Txernenko izan ziren Alderdi Komunistaren buruzagi, baina ez zuten politika ofizialean aldaketa aipagarririk egin. Sobietar Batasunak erreforma sakonak behar zituen, aspalditik bistan zegoen hori, baina egoera hura ez zen, bestalde, perestroikari behar bezala aurre egiteko egoerarik egokiena ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]