Sofistak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Antzinako Grezian, sofistak maisu profesionalak ziren. Irudian, garaiko gazte bat argizari gainean idazten (Douris margolaria, c. K. a. 500).

Antzinako Grezian, K. a. V. mendean hasita, sofistak, grekerazko σοφία (sophía) hitzetik (euskaraz, jakinduria), jatorrian hiritarren iritziz jakintsuak ziren (Sokrates, Zazpi Jakintsuak, esaterako) baino geroago terminoa maila altuko ikasleen maisu lanetan ibiltzen ziren haiek izendatzeko erabili zen. Maisu profesional hauen irakasgaiak denetarikoak ziren, baina politika arloan arrakasta lortzeko erabiltzen zen erretorikara zuzentzen zen gehienbat.

Pentsalari moduan euren ekarpena nabaria da etika, politika eta orohar gizarte eta giza-arazoetan. Literatura alorrean, prosa eta erretorikaren sortzaileak dira eta gramatika eta semantika alorretan aitzindariak. Ez ziren, ordea, arduratu kosmos edo munduaren sorreraz edo osaketaz, aurreko Miletoko eskolako filosofoak ez bezala eta horrela garaiko fisika eta metafisika alorretan garrantzi eskaseko pentsalariak dira.[1]

Hasiera batean, termino neutrala izan bazen ere, denboraren poderioz konnotazio negatiboak hartu zituen kategoria bat izan zen. Platonek, esaterako, sofistak gogor kritikatu zituen. Izan ere, K. a. IV. mendean, sofista izena epaiketetan edo politika arloan hitzaldiak emateko abilezia edo erretorika irakasten zuten pertsonei eman zitzaiela, arrazonamendu faltsuak erabiliz, erretorika hutsa justizia zein injustizia defendatzeko erabil zitekeenez, terminoa inongo etikarik gabe eta irabazi materialak lortzearren bere jakinduriaz baliatzen zirenei aplikatu zitzaien. [2]

Ez dago adostasunik sofisten taldean bildu beharreko pertsonaiei buruz. Protagoras, sofistetan lehenengoa eta garrantzitsuena, Gorgias, Hipias, Prodiko eta Antifonte zerrenda guztietan agertzen dira. Ia guztiek Kritias politikoa eta Trasimako, Alzifron eta Alzimadante retorikoak barnehartzen dituzte. Azkenik, beste batzuek Kalikles, Eutidemo eta Dionisodoro ere jasotzen dituzte, azken hauei buruzko datuak oso eskasak badira ere. Hipias ezik, denak joniarrak dira.[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) J. A. López Pérez: Historia de lal iteratura griega, 598. orrialdea.
  2. (Ingelesez)Sophists, The Internet Encyclopedia of Philosophy. 2009-10-30.
  3. (Gaztelaniaz) J. A. López Pérez: op. cit., 598-600 orrialdeak.