Solidago virgaureaAsteraceae familiako landare espezie bat da. Europa guztian hedaturik dago. Euskal Herrian ordea hareatzetan aurkitzen da eta bi populazio baino ez dira ezagutzen.
Generoaren Solidago izena latinezko solido hitzetik dator eta "denetarako balio duena" edo "sendatzeko balio duena" esan nahi du[2]. Espeziearen virgaurea izenak latinez "urrezko makila" esan nahi du, landarearen infloreszentziei egiten die erreferentzia.[3]
Errizoma horizontal laburra du, 14-64 mm luzerakoa, adarkatua eta hainbat sustrai dituena. Handik zurtoin tenteak ateratzen dira, 7-84 cm arteko luzera hartzen dutenak eta hostoz beteak. Oinarriko hostoak eliptikoak dira eta ertz zerratua dute. Erdiko nerbioa nabarmena da.[4]
Infloreszetziak zurtoinean zehar zabaltzen dira, guztira 15 kapitulu ere hartuz. Kapituluak horiak dira eta 7-8 mm luze dira. 6-12 lore liguladun dituzte eta inbolukru berdexka.[5]
Itsas mailatik hasi eta 3.000 metrotako altuerarainoko tokietan bizi da. Txilardiak, larreak, glerak, erreka ertzak, dunak, sasi arteko argiuneak eta hainbat baso mota (pinudi, artadi, harizti, pagadi) ditu bizileku.[4]
Euskal Herrian Solidago virgaurea L. subsp. macrorhiza azpiespeziea azaltzen da eta Zarauzko dunetan[6] eta Orioko hareatzan soilik aurkitzen dugu[7].Toki hartan uztaila eta iraila artean ikusten da loretan.
Euskal Herri osoan bi populazio soilik daude, Orion handiena eta Zarautzen murritzena. Orioko hareatzan urbanismo egitasmoek arriskuan jartzen dute espeziea.[7]
Landare honen atal guztiak erabiltzen dira, sustraiak ezik.[8]
Espezie hau mundu arabiarreako medikuntza sisteman erabilia izan zen. XV. eta XVI. mendeetan Europan agertu zen, zauriak hobetzeko. Astringentea, diuretikoa eta antiseptikoa eta beste propietate batzuk ere baditu.
Digestio-aparatuari dagokionez dituen taninoek astrigente bihurtzen dute eta beherakoa mozten du[8]. Larruazalean idorgarria eta orbaintzailea zaurietan eta ultzeretan, baina batzuetan dermatitisa eragin dezake.[8]
↑ abcPedro Ma Uribe-Echebarría, Iñaki Zorrakin, Juan Antonio Campos, Ángel Domínguez. (2006). Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Baskular Mehatxatua. Eusko Jaurlaritza - Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila, 113 or..