Edukira joan

Sometent

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sometenta edo somantena (katalanez: Sometent, so emetentetik eratorria, "soinua sortzen"; gaztelaniaz, katalanetik eratorria: somatén) izaera parapolizialeko erakunde katalan bat zen. Armadatik bananduriko autobabes militarrerako erakundea zen, batez ere gerra garaietarako sortua. 1978an Espainiako Senatuak deuseztu zuen, baina erakunde legala da Andorran.

Sometentaren aurrekariak Sagramental izeneko Erdi Aroko autobabesterako taldeetan aurki daitezke, Princeps namque izeneko Kataluniako usadioetan aipatzen direnak. Hala ere, Sometenta Jakue I.aren erregealdian instituzionalizatu zen, XIII. mendean.

1714an Karlos artxidukearen jarraitzaileek Espainiako Ondorengotzaren Gerra galdu ostean, Felipe V.ak Nueva Plantako dekretuak aldarrikatu zituen, horren ondorioz Gerran zehar Josep Moraguesek gidaturiko Sometenta deseginez. Hala ere, 1794an berriz ere antolatu zen Rosellóko Gerran (1793-1795) jarduteko. Iberiar Penintsulako Gerran (1808-1814) berriz ere antolatu zen Sometenta Roses, Bartzelona eta Tarragonan, frantsesen aurka egiteko.

1855ean lur-jabe handiek berriz eratu zuten Sometent Armat de la Muntanya de Catalunya izenarekin eta Pau, pau i sempre pau ("Bakea, bakea eta beti bakea") leloarekin. Lehen Errepublikarekin berriz ere deuseztu zuten, baina handik gutxira berriz antolatu zuten, Hirugarren Gerra Karlistan karlisten aurka egiteko. Handik aurrera, hainbatetan agintarien eta ultra-eskuineko taldeekin elkarlanean jardun zuten, esaterako hainbat grebaren aurka ekinez. 1931n, Bigarren Errepublikarekin, berriz ere deuseztu zuten, indar kontserbadoreekin lotura estua baitzuen, baina 1936an berriro ere eratu zuten; 1939an, Gerra Zibilaren amaierarekin, desegin zen.

1945ean Francoren erregimenak berriz ere antolatu zuen Somatén Armado izenarekin, orduan Kataluniara mugatu beharrean Espainiako Estatu osora zabalduz,[1] nagusiki gerrilla antifrankista edo makiaren aurka borrokatzeko.

1978an Espainiako Senatuak Sometenta deuseztu eta armak jasotzeko agindu zuen.[2]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Los somatenes o la represión camuflada» Cosas de Andalucía Abuztuaren 21a, 2008.
  2. (Gaztelaniaz) «Recogida de armas a los somatenes» El País Urtarrilaren 10a, 1978.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]