Edukira joan

Sonata-forma

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sonata-forma (sonata-allegro-forma edo lehen-mugimendu-forma ere deitua) musika forma mota bat da, orokorrean hiru atal nagusiz osatua dagoena: aurkezpena, garapena, eta berraurkezpena.[1] XVIII. mendearen erdialdetik aurrera (Klasizismoaren hasieran) oso erabilia izan da.

Gehien bat mugimendu anitzeko piezen lehen mugimenduan erabili ohi den arren, batzuetan ondorengo mugimenduetan ere erabiltzen da, bereziki azken mugimenduan. Desadostasun gutxi dago, maila handienean, formak hiru atal nagusi dituela: aurkezpen bat, garapen bat, eta berraurkezpen bat; hala ere, egitura orokor horren azpitik, sonata-forma zaila da eredu bakar batean biltzea. Sonata-formaren deskribapen estandarrarekin bat egiten ez duten lanek ere, askotan, egitura analogoak aurkezten dituzte, edo sonata formaren deskribapen estandarraren lanketa edo hedapen gisa azter daitezke.

Behin sonata-forma ezarri ondoren, "sonata" izeneko lanen lehen mugimenduen forma ohikoena bihurtu zen, baita musika klasikoko beste lan luze batzuena ere: sinfonia, kontzertua eta hari-laukotea besteak beste.

Eredu formalaren definizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sonata-allegro mugimendu bat hainbat ataletan banatzen da.

  • Atariko edo sarrera batekin has daiteke, oro har mugimendu nagusia baino motelagoa dena.
  • Aurkezpena da funtsezkoa den lehen atala. Aurkezpenak mugimenduaren lehen material tematikoa aurkezten du: motibo edo talde tematiko bat edo bi, askotan estilo eta tonalitate kontrajarrietan, trantsizio modulatzaile baten bidez konektatuta. Aurkezpena, normalean, itxierazko gai batekin edota kodetta batekin amaitzen da.
  • Aurkezpena garapen atalak jarraitzen du, non aurretik aurkeztutako material tematikoaren aukera harmoniko eta texturalak esploratzen diren.
  • Garapenaren ostean berraurkezpena hasten da, tonalitate nagusira itzulita material tematikoa beste behin aurkezteko. Bertan, aurreko ataletan beste tonalitate batzuetan zeuden gai edo materialak behingoz tonikan "ebazten" dira.
  • Mugimendua koda batekin amaitu daiteke, berraurkezpenaren azken kadentziatik haratago.

"Sonata-forma" terminoa polemikoa da, eta ia hasieratik engainagarri deitu izan diote aditu eta konpositoreek. Haren definitzaileek jatorriz aditzera eman zutenez, klasizismo eta erromantizismoko konpositoreek helburu zuten (edo izan behar zuten) molde finko bat omen zen. Dena den, gaur egun, sonata-forma musika analisirako eredutzat hartzen da, eta ez konposizio praktikatzat. Charles Rosenen eta antzeko teorialarien iritziz, hainbeste dira sonata-formaren bariazio eta aldaerak, non "sonata-formak" pluralean aztertu beharko bailirateke. Izan ere, musika klasikoko pieza askok ez dute guztiz hemen azalduko den sonata-formaren ikusmolde estandarrarekin bat egiten.

Aipatutako aldaera edo bariazio horien artean, honako hauek azter daitezke:

Erromantizismo garaian distortsio eta bariazio formalak hain orokortu ziren, ezen hemen deskribatzen den "sonata-forma" ez baita egokia askotan aplikatzen zaizkion egitura musikal konplexuak deskribatzeko (James Hepokoskik Mahler, Elgar eta Sibelius aipatzen eta aztertzen ditu, besteak beste).

Sonata-formarekin antzekotasunak dituzten Barrokoko forma bitar ugarien testuinguruan, sonata-forma hiru ezaugarri hauengatik bereiz daiteke:

  • bereizitako garapen-atal bat
  • lehen subjektuaren eta tonikaren aldibereko itzulera
  • bigarren subjektuaren berraurkezpen osoa (edo ia osoa)

Sonata-formaren eskema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sonata-formaren deskribapen estandarra hau da:

Atarikoa edo Sarrera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atariko atala hautazkoa da, edo gutxienekora murriztu daiteke. Zabalduz gero, oro har, atal nagusia baino motelagoa da, eta maiz dominantean jartzen du arreta. Aurrerago aurkezpenean azalduko den materiala izan dezake edo ez. Atarikoak mugimenduaren pisua handitzen du (Mozarten K. 465 "Disonantzia" Laukotean ikus daitekeen moduan, adibidez), eta, gainera, konpositoreari bere kabuz hasteko arinegia litzatekeen gai batekin hasteko aukera ematen dio, Haydnen 103. Sinfonian ("Errepika") bezala. Atarikoa normalean ez da aurkezpenaren errepikapenean sartzen: Beethovenen Pathétique horren kontraadibide posiblea da. Askoz geroago, Chopinek ere atarikoa errepikapenean sartu zuen bere Bigarren Piano Sonatan (Op. 35).

Zenbaitetan, atariko materiala jatorrizko tempoan berragertzen da aurrerago mugimenduan. Askotan, kodan ere gertatzen da hori; esate baterako, Mozarten Re maiorreko Hari boskotean, K. 593, Haydnen 103. Sinfonian ("Errepika"), Beethovenen 8. Piano Sonatan ("Pathétique"), edo Schuberten 9. Sinfonian ("Handia"). Batzuetan lehenago ager daiteke: Pathétique Sonatan garapenaren hasieran gertatzen da, eta Schuberten 1. Sinfonian berraurkezpenaren hasieran.

Haydnen Teklatu Sonata, Hob. XVI: G1, I
Lehen subjektua (Sol maior) eta kontrasubjektutik trantsizioa (Re maiorrera), 1–12 konpasak[2]: 136 
Bigarren subjektuaren hasiera (Re maior), 13–16 konpasak
Bigarren subjektuaren amaiera eta itxiera edo kodatxoa (Re maior), 17–28 konpasak
Garapena, 29–53 konpasak[2]: 138–139 
Garapenaren amaiera (birtrantsizioa), 54–57 konpasak[2]: 140 
Berraurkezpena, 58–80 konpasak[2]: 140–141 

Aurkezpenean mugimenduaren material tematiko nagusia aurkezten da. Atal hau, gainera, hainbat azpiataletan bana daiteke:

  • Lehenengo subjektua edo subjektu taldea – gai batez edo gehiagoz osatuta dago, guztiak tonikan. Salbuespenak badaude ere, pieza gehienek forma hori jarraitzen dute.
  • Trantsizioa edo zubia – atal honetan konpositoreak lehenengo subjektuaren tonalitatetik bigarrenarenera modulatzen du. Lehen taldea tonalitate maior batean badago, bigarren taldea normalean haren dominantean egongo da. Aldiz, lehenengo taldea tonalitate minor batean badago, bigarren taldea normalean erlatibo maiorrean egongo da.
  • Bigarren subjektua edo subjektu taldea – gai bat edo gehiago tonalitate ezberdin batean (normalean dominantean). Bigarren subjektuko materiala askotan lehen subjektukoarekiko ezberdina da erritmoari edo aldarteari dagokionez (askotan, lirikoagoa izan ohi da), eta piano dinamikaz adierazi ohi da.
  • Itxiera (edo itxiera-eremua) – bigarren subjektua amaitu ondorengo atzizkia da, tonalitate berria indartzen duena. Itxierak bigarren subjektu taldean entzundakotik bereizten den musika-materiala dakar, eta askotan material tematiko berria eta bereizia aurkezten du.

Aurkezpena errepikatu ohi da, batez ere klasizismoko eta erromantizismo goiztiarreko lanetan; gehienbat bakarkako edo ganberako lan eta sinfonietan, eta ez hainbeste kontzertuetan. Askotan, baina ez beti, lehen eta bigarren bukaerak erabiltzen dira aurkezpenaren azken konpasetan; lehenengoa aurkezpena hasi zen tonikara itzultzeko, eta bigarrena garapenerantz seinalatzeko.

Orokorrean, garapena aurkezpena amaitu den tonalitate berean hasten da, eta bere ibilbidean zehar tonalitate ezberdin askotan zehar mugi daiteke. Normalean aurkezpeneko gai bat edo gehiago izan ohi ditu, elkarren ondoan jarrita eta eraldatuta, baina material edo gai berriak ere izan ditzake. Materialaren zatiketa, sekuentziazioa eta hauek guztiak tonalitate urrunetara eramatea dira bertan jazotzen diren eraldaketa nagusienak, besteak beste.

Garapenaren luzera asko aldatzen da piezatik piezara eta garaitik garaira. Batzuetan nahiko laburra da aurkezpenarekin alderatuta (Gaueko serenata tixikiaren lehen mugimenduan, adibidez) eta beste kasu batzuetan nahiko luzea eta zehatza izan daiteke ("Eroica" Sinfoniaren lehen mugimenduan, adibidez). Klasizismoko garapenak laburragoak izan ohi dira, garai horretako konpositoreek simetria izugarri hartzen baitzuten aintzat, aro erromantikoan ez bezala, non garapen-atalek askoz garrantzi espresibo handiagoa hartzen duten. Hala ere, ia beti beste atalek baino ezegonkortasun tonal, harmoniko eta erritmiko handiagoa erakusten du. Kasu gutxi batzuetan, normalean kontzertu klasiko berantiarretan eta erromantiko goiztiarretan, garapenean bigarren aurkezpen bat azaldu daiteke, gehienetan tonikaren erlatibo minorrean dagoena.[3]

Garapenaren amaieran, musika normalean tonikara itzuliko da, berraurkezpena prestatzeko. Zenbaitetan subdominantera ere itzul daiteke, eta jarraian aurkezpenean egindako trantsizio bera burutu bigarren subjektu taldea tonikan egon dadin. Garapenetik berraurkezpenerako trantsizioa une erabakigarria da: lehen subjektu taldearen tonikarako itzulera prestatzen da.

Salbuespenen artean, Brahmsen Lehen Piano Sonataren lehen mugimendua dago. Mugimendua Do maiorren dago, beraz garapenaren amaieran Sol dominante-akorde zazpiduna da espero dena. Aldiz, Do dominante-akorde zazpiduna ekinez azpimarratzen du, berraurkezpena Fa maiorren hastera balihoa bezala, baina jarraian lehen subjektua Do maiorren itzultzen da berdin-berdin, ezer gertatu ez balitz bezala. Beste salbuespen bat Schuberten 9. Sinfoniaren laugarren mugimendua da, hau ere Do maiorren. Garapenaren amaieran Sol dominante-akordea luzatzen du, baina bat-batean lehen subjektua Mi bemol maior mediante bemolean hasten da.

Bereziki ohikoa den salbuespen bat dominantea erlatibo minorraren dominantearekin ordezkatzea da: honen adibide bat Haydnen Op. 54ko Hirugarren Hari Laukotearen lehen mugimendua da, Mi maiorren.

Nohizbehinka, berraurkezpenak hasiera faltsua izan dezake, non lehen subjektu taldearen irekiera-materiala garapena amaitu aurretik aurkezten den. Musikak tonikarantz modulatzen jarraitzen duenean sortzen den harridura efektu komiko edo dramatiko gisa erabil daiteke. Adibide bat Haydnen Op. 76ko Lehen Hari Laukotearen lehen mugimenduan gertatzen da, Sol maiorren.

Berraurkezpena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berraurkezpena aurkezpenaren errepikapen aldatua da, eta honetan datza:

  • Lehenengo subjektua edo subjektu taldea – normalean aurkezpeneko tonalitate eta forma berean izaten da.
  • Trantsizioa edo zubia – askotan aldatua azaltzen da, musika tonalitate berri baterantz bideratu behar baitu (tonikara, eta ez dominantera). Batzuetan material labur berri bat aurkezten du, bigarren garapena ere deitua.
  • Bigarren subjektua edo subjektu taldea – normalean aurkezpenean zeukan forma berdinean, baina orain tonalitate nagusian (tonikan). Honek batzuetan modua maiorretik minorrera aldatzea dakar, edo alderantziz, Mozarten 40. Sinfoniaren lehen mugimenduan gertatzen den bezala (K. 550). Maizago, ordea, tonalitate nagusiaren paralelo maiorrean berregituratzen da (Beethovenen 5. Sinfonian bezala, adibidez, non bigarren subjektu taldea Do maiorren berraurkezten den, sinfoniaren tonalitate nagusia Do minor izanda). Tonalitatea hemen modua (maiorra edo minorra) baino garrantzitsuagoa da; berraurkezpenak tonalitateen arteko oreka ekartzea baitu helburu, materialen modua aldatzen bada ere.

Berraurkezpen formaren salbuespenen artean, Mozart eta Haydnen lanak daude, lehen subjektu taldea garapenean luze landu ostean berraurkezpena zuzenean bigarren subjektu taldearekin hasten dutelarik. Bestalde, garapenean bigarren subjektu taldeko gairen bat tonika maior edo minorrean edota subdominantean luze landu bada, berraurkezpenean alde batera utzia izan daiteke. Horren adibide dira Mozarten Do minorreko K. 457 Piano sonataren hasierako mugimenduak, eta Haydnen Op. 77ko Lehen Hari laukotea, Sol maiorren.

Koda hautazkoa da klasizismoko lanetan, baina funtsezkoa bilakatu zen erromantizismoko lan askotan. Berraurkezpenaren azken kadentziaren ondoren, mugimenduak koda batekin jarrai dezake, ordura arte erabilitako materiala izango duena, eta askotan jatorrizko tonalitatean kadentzia perfektu batekin amaitzen da. Kodak asko aldatzen dira luzeran, baina, sarrerak bezala, ez dira klasizismoan, oro har, lanaren "argumentuaren" parte kontsideratzen. XIX. mendean kodak sonata formaren zati garrantzitsu eta funtsezkoak bihurtu ziren. Beethovenen 3. Sinfoniaren lehen mugimendua koda luze baten adibide da, baita Beethovenen 8. Sinfoniaren finalea ere, arraroki luzea dena.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «Hiztegi terminologikoak eta normalizazio-txostenak» www.euskadi.eus (Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia) (Noiz kontsultatua: 2025-03-02).
  2. a b c d ISBN 978-0-07-310188-0..
  3. Wingfield, Paul. (2008). «Beyond 'Norms and Deformations': Towards a Theory of Sonata Form as Reception History» Music Analysis 27 (1): 137–177.  doi:10.1111/j.1468-2249.2008.00283.x. ISSN 0262-5245..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]