Songbun
Itxura
Songbun (hangul:성분, sŏngpun), formalki chulsin-songbun (hangul: 출신성분, ch'ulsin sŏngpun), Ipar Koreako kasta sistema da, 1950eko hamarkadan indarrean jarri zena. Biztanle guztiak 51 azpi-kategoriatan banaturiko hiru gizarte klase handitan sailkaturik daude:[1][2]
- Lehen klasea, erdiguneko masek osatua, herriaren heroi eta haien ahaideena da, bereziki gerrako umezurtzak (asko ziren), eskola berezietan haziak. Pribilegiodun horiek Piongiangen bizi dira, eta harreman estuak dituzte agintariekin. Agintariak 40 kilometroko lurpeko tunelez loturik dauden luxuzko eraikin berezietan bizi dira; haiek bakarrik dute egiazko informazioa, eta gainerakoek propaganda besterik ez dute.
- Bigarren klasea erdigunearen inguruko masa da: nekazariak, langileak eta intelektualak, konpromiso politiko gabeak, baina erregimenariko guztiz leialak.
- Hirugarren klasean masa nahasiak edo beulsun daude: klase etsaiak, ihes egindakoen familiak, politikoki susmagarriak; unibertsitatea debekatua dute, eta ezin dira hiriburuan bizi. Egitura osatzeko, kontzentrazio eremu sare bat antolatu zen, jende asko, goseak nahiz bestela, hil zena. Legezko hilketak oso ohikoak ziren, inperialismoaren eta haren hegoaldeko morroiaren kontrako gerra etengabean baitzegoen herria beti.
Ipar Koreako gobernuak, ordea, hiritar guztiak berdinak direla dio, eta ukatu egin du familiako aurrekarien araberako bazterkeriarik dagoenik.[3]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2018/4/18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ The strange history of North Korea's Communists. bbc.com (Noiz kontsultatua: 2018-4-18).
- ↑ Robertson, Phil. North Korea's Caste System. hrw.org (Noiz kontsultatua: 2018-4-19).
- ↑ White Paper on Human Rights in North Korea, 2011. Korea Institute for National Unification, repo.kinu.or.kr (Noiz kontsultatua: 2018-4-19).