Sorgailu betavoltaiko

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sorgailu betavoltaikoa (pila betavoltaikoa edo bateria betavoltaikoa) bateria nuklear bat da zeinak korronte elektrikoa sortzen duen iturri erradioaktibo batek emititzen dituen beta partikulen (elektroien) bidez lotune erdieroaleak usatuz. Tritioa hidrogenoaren isotopo erradioaktiboa da iturririk ohikoena.

Energia nuklearreko iturri gehienek ez bezala, sorgailu betavoltaikoek ez dute erradiazioa baliatzen beroa sortu eta horren bidez energia elektrikoa ekoizteko. Bihurketa-prozesu ez-termala baliatzen dute, beta partikulek erdieroale bat zeharkatzen dutenean sortzen diren elektroi-zuloen bikoteak erabiliz[1].

Sorgailu betavoltaikoak oso egokiak dira potentzia txikiko tresna elektrikoak hornitzeko hala nola gorputzean inplantatzen diren gailu medikuak edo satelite espazial eta antzekoak.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorgailu betavoltaikoak 1970eko hamarkadan asmatu ziren[2]. Adibidez, hamarkada horretan erabilitako taupada-markagailuetako batzuk prometioan oinarritutako sorgailu betavoltaikoak zuten energia-iturria, baina bertan behera utzi ziren litiozko bateriak garatu zirenean merkeagoak baitziren[3].

Erabilera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorgailu betavoltaikoen erabilera nagusia espazioan gertatzen ari da teledetekzioan egiten duten sateliteetan. Izan ere, horrelakoek hamarkada baterako edo birako energia elektrikoa behar izaten dute.

Berriki proposatu izan da diamantezko bateriak egiteko baliatzea[4][5][6]. Izan ere, erreaktore nuklearretan erreakzio-abiadura kontrolatzeko baliatzen diren grafito-barretako karbono 12-a erradiaktiboa den karbono-14 isotopo bihurtzen da. Barrak erreaktoretik ateratzen direnean ahitu direlako, hondakin nuklear moduan gordetzen dira egun. Hori egin ordez grafitoari diamanteren egitura eman dakioke eta sorgailu betavoltaikoetan beta partikulen iturri moduan usatu.

Segurtasuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorgailu betavoltaikoek energia ekoizteko material erradioaktiboak baliatzen badituzte ere, beta partikulek energia txikia dute eta milimetro gutxi batzuen lodierako paretek geldiarazten dituzte. Hortaz, sorgailua ongi egina badago, ez du zertan erradiazio arriskutsurik emititu behar. Isuririk pasatuko balitz, arriskuak beste bateria-mota batzuetan (litiozko baterian etsenplurako) gerta litezkeen parekoak dira ingurumen- eta osasun-ondorioei dagokielarik.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Bourzac, Katherine. (2009). 25-Year Battery: Long-lived nuclear batteries powered by hydrogen isotopes are in testing for military applications. Technology Review, MIT, 17 Nov.
  2. «Review and Preview of Nuclear Battery Technology» large.stanford.edu (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
  3. (Ingelesez) Olsen, L. C.. (1973-12-01). «Betavoltaic energy conversion» Energy Conversion 13 (4): 117–127.  doi:10.1016/0013-7480(73)90010-7. ISSN 0013-7480. (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
  4. (Ingelesez) Bristol, University of. «diamond-batteries | Cabot Institute for the Environment | University of Bristol» www.bristol.ac.uk (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
  5. (Ingelesez) Bristol, University of. «'Diamond-age' of power generation as nuclear batteries developed» phys.org (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).
  6. IChemE. «Diamond battery made from nuclear waste» www.thechemicalengineer.com (Noiz kontsultatua: 2021-11-21).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]